Joe Bidenek ez du besterik aipatzen. Ukrainako gerrak dena hartzen du. Bistan da operazio honen buruan dagoena bera dela, eta ez Zelenski. Estatu Batuek bizi duten inflazioa eta krisi sozial gero eta larriagoa bigarren mailara igaro dira.

Inperialismo iparramerikarrak asko du jokoan gerra honetan, hots, munduko jendarme gisa duen posizioa. Ezin du porrot egin Errusia eta Txinaren arteko blokearen aurrean. Baina propaganda alde batera utzita, presidente estatubatuarraren irmotasun adierazpenak ez datoz bat etxean bere politikekin irabazten ari den sinesgarritasun falta eta ahulezia izugarriarekin.

«AEBk ezin du kanpoan indarra proiektatu, etxean ahula bada»

Gerra hasi eta egun gutxira egin zen batasunaren egoeraren eztabaida Bidenen guda harenga izan zen: «Mendebaldeak eta NATOk ez zutela erantzungo uste zuen. Hemen, etxean, zatituko gintuela uste zuen. Putin erratu egin zen. Zuen aurka goaz.» Erreplikaren ardura hartu zuen gobernadore errepublikanoak berriz superpotentziaren gainbehera aurpegiratu zion: «Afganistanetik egindako erretiratze desastrosoak (…) etsaiak adoretu zituen (…) AEBk ezin du kanpoan indarrik proiektatu etxean ahula bada (…) Gobernu ahul batek ezin du potentzia indartsurik zuzendu».

Diskurtso batekin ordea ezin da ezkutatu AEBek kanpo politikan jasandako porroten arrastoa, gainbehera ekonomikoa eta dagoen egoera sozial lehergarria, George Floyden erailketak eragindako mobilizazio historikoetan ikusi zena. Demokratek eta errepublikanoek badakite inperioaren urrezko egunak iraganeko kontua direla.

Bidenen onarpen maila 2021eko martxoan %61 izatetik urtebete geroago %40 izatera jaitsi da, Reutersentzat egindako IPSOS inkestaren arabera. Arrazoiak ezin ditu estali gerrako propagandak. Pandemia hasi zenetik (milioi bat hildako eragin ditu eta mila pertsona hiltzen dira egunero), langile klasea etengabe kolpatua izan da. Orain, ia berrogei urtetan aurrekaririk ez duen inflazioari egin behar dio aurre, martxoan %8,5eko zifra ofizialera iritsi dena; gasolinak %38 egin zuen gora urtebetean, energiak, oro har, %32, eta elikagaiek %8,8; alokairuak izugarri garestiak dira. Dagoeneko izugarriak diren desberdintasun soziala eta pobretze orokorra are gehiago areagotuko dira.

Programa sozialak esan nuen lekuan, aurrekontu militar errekorra diot


Esanguratsua da, propaganda belizista ikaragarria izan arren, Bidenek ez duela beste esku hartze inperialista batzuetan lortu zen babesa bereganatzen. Konparatu besterik ez dago egungo erantzun soziala klase agintariak Afganistanen erasoaldia abiaraztean lortu zuenarekin. Gaur egun, estatubatuarren apenas %26k uste du herrialdeak paper protagonista izan behar duela Ukrainako gatazkan.

Izan ere, gero eta handiagoa den deskonfiantza gertakari ukaezinek elikatzen dute. Non geratu dira Bidenen hitzak, eskubide sozialak defendatu eta herrialdea hobeto berreraikiko zuela ziotenak? Zer gertatu da Roosevelt berriarekin, nazioarteko ezker erreformistaren txaloak eta laudorioak jasotzen zituena eta mehatxu trumpista uxatuko omen zuena? Agindutako gutxieneko neurri sozialak onartzeko ere ez da gai izan, hain zuzen, Alderdi Demokratak berak aurka bozkatu duelako!

Hori bai, orain ados daude aurrekontu militarrean aparteko inbertsio bat egitearekin, gerra finantzatzeko eta barne aparatu errepresiboa indartzeko. Defentsarako aurrekontua 31.000 milioi handituko da, 813.000 milioiko errekorrera iritsiz. Presidentearen hitzetan: «gure historiako segurtasun nazionaleko inbertsiorik handienetako bat da (...) munduko armada prestatuena, trebatuena eta hornituena izaten jarraituko dugula bermatzeko.»

Hori “etxe barruan” gerta daitekeenaren beldur esanguratsuaren adierazle ere bada. Poliziaren indarkeriarekin eta arrazakeriarekin, mugan migratzaileen jazarpenarekin eta abar amaitzeaz hitz egiten zuen Bidenek orain proposatzen duena da: 32.000 milioi dolar baino gehiago delinkuentziari aurre egiteko, 15.300 milioi gehiago Aduanetarako eta Mugako Babeserako, 8.100 Trumpen harresirako, 309 mugako segurtasun teknologiarako...

Zaila da ezberdintasunak aurkitzea politika honen eta Trumpen politikaren artean. Biden bere aurretik dago militarismoan, gerra komertzialean, nazionalismo ekonomikoan eta txobinismo erreakzionarioan. Gauza bera gertatzen da aberatsen aldeko politikekin, poltsikoak ederki bete baitituzte pandemiarekin eta orain gerrarekin. Burgesia iparramerikarrarentzat halako tamaina eta garrantzi estrategikoa duen gerra, gure klasearen izerdiaren eta odolaren kontura bakarrik ordain daiteke.

Langile klaseko gazteek ekintzara jo dute


Americans for Tax-Fairness txosten batek burgesiak eztanda sozial berri baten aurrean duen kezka ulertzen laguntzen duten datuak ematen ditu. Pandemiaz geroztik, herrialdeko hamar aberats handienek egunero mila milioi dolar gehiago zakuratzen dituzte:  bakoitzak 1.260 dolar segundoko. Ikerketaren arabera, norbanako horiek minutu batean irabazten dute urte oso batean Ipar Amerikako etxe batek irabazten duenaren batez bestekoa.

Arlo politikoan, etsaiarekin lankidetzan aritzea erabaki duen ezker batek masak albo batera utzi ditu, Ocasio-Cortezen, Sandersen edo AFL-CIOko buruzagien kasuan, presidentearen planen babesleak. Baina langile gazteak ere ekintzara jo du, U belaunaldia (union hitzetik hartua, sindikatua ingeleratik) deitu zaiona eta benetako mugarriak lortzen ari dena.

Dena aurka edukita ere, behetik auto-antolatuz, enplegu prekarioenetan garaipen garrantzitsuak lortzen ari dira. Statten Islandeko (New York) Amazonen lehen sindikatua sortu dute gazte hauek eta Jeff Bezos boteretsuari tanto ederra sartu diote. Starbucksen sindikatu bat sortzeko hamaika borroketan hamar garaipen lortu dituen belaunaldi bera da. Ez intimidazioek, ez kaleratzeek, ezta kanpaina antisindikalek ere, ez dituzte geldiarazi.

Oraindik gutxiengoa dira, baina haien garaipenen oihartzunak eta eragin sozialak eredu bilakatuko diren seinale dira. 2018an West Virginiako irakasleekin gertatu zen bezala. Floyden hilketaren ondoren poliziari aurre egin eta alarma egoera desafiatu zuten gazteek pandemiarekin argi ikusi dute euren bizitzak ez zuela ezer balio burgesiarentzat. Langile gazteak gudu erabakigarrien buru izango dira.

Litekeena da agintaldi erdiko hauteskundeek Trump Etxe Zurira hurbiltzea. Demokraten politikek helburu horretan laguntzen diote. Baina klase borrokak ez du etenik. Belaunaldi gazte honek bere kemena eta urte hauetan ikasitako guztia erakutsi du. Eginkizuna alternatiba iraultzaile bat eratzea da, aberatsen maniobren eta interesen aurrean kikilduko ez dena eta itunik egingo ez duena, benetako programa sozialista defendatuko duen erakunde borrokalari bat.