Seymour Hersh kazetari ospetsuak artikulua idatzi du azalduz nola AEBetako Gobernuak planifikatu eta gauzatu zuen Nord Stream 1 eta 2 gasbideen lau hodietako hiru suntsitu zituen atentatua. Ezustekorik ez inorentzat.
Erabat zentzugabea zen eta ez zegoen nondik eutsi Estatu Batuetako Gobernuak eta mendebaldeko zenbait hedabidek saldu nahi zuten ipuina, Errusiari leporatuz bere azpiegitura nagusietako bat lehertu izana. Ofizialki esan zena izan zen ez zela atentatuaren egilea ezezagutzen, nahiz eta —operazioaren konplexutasuna ikusita— hori nazio gutxi batzuk burutu zezaketen. Eta nork izan dezake gasbide hau suntsitzeko interesa? Ikerketa ofizialek ez dute hori adierazten, baina Estatu Batuetako burgesiak eta bere estatu aparatuak Nord Streamekiko duten areriotasun handia ikusita, honen eraikuntzan parte hartu zuten enpresak zigortu eta errepresalia are handiagoekin mehatxatuz, ez dago oso bizkorra izan beharrik erruduna aurkitzeko.
Seymour Hersh kazetariari sinesgarritasuna kentzeko kanpaina
Atentatu honetan Estatu Batuek duten erantzukizuna ez bada harritzekoa, artikuluaren egilearen aurkako erasoen kanpaina ere ez. Estatu Batuetako Gobernuak Hershek idatzitakoa “erabat faltsua eta fikzio hutsa” zela adierazi zuen, eta komunikabide nagusiei gaia isilarazteko agindu zien.
Ezer berririk ez. 1969ko azaroan, Seymour Hershek aurreko urteko martxoan Vietnamgo My Laiko hilketa deskribatu zuen. Bertan 500 zibil baino gehiago erail zituzten soldatu estatubatuarrek, horietako asko haurrak eta emakumeak, eta azaldu zuen 12 urtetik beherako neskatoak nola taldean bortxatu zituzten eta modu basatian mutilatu zituzten. Estatu Batuetako Gobernuak dena faltsua zela adierazi eta Hershi antiamerikanismoa leporatu zion. Henry Kissingerren zuzendaritzapean, Etxe Zuriak gezurren kanpaina antolatu zuen Hershen aurka, baina kanpaina hori bertan behera geratu zen armadako argazkilari ohi batek Hershen kontakizunaren egiazkotasuna berretsi zuenean eta sarraskiaren argazkiak prentsari eman zizkionean.
Oraingo honetan, AEBetako Gobernuak badaki zein zaila den kalumnia kanpaina bat sinesgarri egitea. Nord Streamen aurkako boikotak eta Bidenek zein beste agintari iparramerikar batzuek egindako mehatxuek ez dute zalantzarik uzten. Ipar Amerikako petrolio enpresa handiek Europako herrialdeei gasa Errusiakoa baino lau aldiz garestiago salduz lortzen dituzten etekin apartek azpiegitura hori deuseztatzeko AEBk duen interesa berresten dute. Eta, hori gutxi balitz, Victoria Nuland Estatu idazkariordeak publikoki adierazi zuen Senatuan: «Ni ere pozik nago, eta uste dut Administrazioa ere pozik dagoela, Nord Stream 2 itsas hondoko metal zati bat dela jakitean."
Hori dela eta, Gobernu estatubatuarrak eta bere aliatuek nahiago izan dute Hershi ospea kentzeko lana bigarren mailako kazetariei enkargatzea, ustez aurrerakoiak diren batzuk barne, loroen antzera argudio berberak errepikatuz.
Hershi egozten zaio iturri anonimo batean oinarritu izana eta akats nimiño batzuk egin izana operazioan erabilitako ontzi eta hegazkinei dagokienean. My Lairen sarraskia munduari azaldu zionean jaso zituen deskalifikazio berberak dira, baina orain ustez “ezkertiarrak” diren kazetarietatik datoz, Antonio Maestre esaterako. Gizon honek La Mareatik Hershi “iturri irekiekin dokumentazioa, froga materialak edo parte hartu zuten operatiboen jarraipena” eskatzen dizkio. Irizpide hori aplikatuz, Vietnamgo sarraskiari buruzko informazioa ez zen inoiz argitaratuko. Estatu Batuetako armadak Abu Ghraibeko espetxean herritar irakiarrei egindako torturei buruz Hershek emandako informazioa ere ez zen argitara emango, ezta gaur egun kazetaritza ausartaren eta egiarekiko konpromisoaren eredutzat hartzen ditugun albiste asko ere.
Baina hori da Ukrainako gerran NATO bultzatzen duten lumadunen eta Washingtongo Estatu Departamentuak prestatzen duen ahia irensten ez dutenen arteko aldea.
Bestalde, iturriak argitzeko eskatzea gustu txarreko txantxa, edota are gehiago, morrontza lotsagarria erakustea da, ikusitakoak ikusita. Etxe Zuriak basakeriaz eta kontenplaziorik gabe jardun du Estatuko sekretuak eta krimenak agerian utzi dituztenen aurka, Julian Assange edo Chelsea Manningen aurka besteak beste.
Zein da Hershek azaldutakoaren garrantzia?
Sabotaje operazioaren garapenari buruzko xehetasunetatik haratago, bi gai oso garrantzitsuak dira Hershen artikuluan, eta Ukrainako gerran inperialisten arteko borrokaren izaera eta ondorioak argitzen laguntzen dute.
Lehenengoa, Nord Streamen atentatua, Errusiak Ukraina inbaditu baino askoz lehenago antolatzen hasi zela da, baita Errusia mugetan tropak biltzen hasi aurretik ere. 2021eko urtarrilean, Nord Stream 2aren eraikuntza amaitu baino bederatzi hilabete lehenago eta Bidenen kargu hartzearen bezperan, AEBetako Senatuak hura geldiarazteko neurriak eskatu zizkion presidente berriari.
Presioak presio, Alemaniako Gobernuak Nord Stream gasbidearekin aurrera jarraitzea erabaki zuen, nahiz eta funtzionamenduan sartzea etenda mantendu zuen. Egoera hori ez zitzaien gustatu AEBei. Bazekiten Alemaniak Errusiako gas merkearen erosketa eta mendekotasuna gehiago handituko zuela, eta harremanak sendotuko zituela, Errusiarekin ez ezik, baita Txinarekin ere, Ipar Amerikako inperialismoaren kaltetan. Washingtonek ezin zuen Europako influentzia borroka galdu, eta hori saihesteko behar zen guztia egingo zuen.
Horrenbestez, 2021eko abenduan, isilpeko elkarrizketa erronda bat hasi zen atentatua diseinatzeko, eta 2022ko ekainean hasi zen gauzatzen, urrunetik aktibatu zitezkeen lehergaiak jarrita, NATOk Baltikoko itsasoan urtero egiten dituen maniobrak aprobetxatuz. Errusiak Ukrainako gerra aldebakarrez hasi zuela eta AEBk eta NATOk aurretik ekintza erasokorrik egin ez zutela dioen falaziak hondoa jotzen du alde guztietatik.
Bigarren gakoa mendebaldeko bloke inperialista barnean dagoen interesen gatazkan datza. Nord Stream lehertu izanaren lehen kaltetua Alemania da, gasaren prezio altua dela eta bere industria itotzen ari baita. Bere iturriei buruz hitz eginez, Hershek azaldu du Estatu Batuetako Administrazioaren zati bat Europako bazkideekiko harremanari kalte egiten zioten ekintzen aurka zegoela, eta “izututa daudela Bidenek Europa hotzaren aurrean uztea erabaki duelako, irabaziko ez duen gerran babestu dezaten behartzeko”. Azken batean, NATOko kide eta bere aliatu nagusietako baten aurkako ekintza izan da, eta horrek auren arteko mesfidantza areagotuko du. Estatu Batuetako gobernuaren etsipena bistakoa da.
Argi dago Hershek erabilitako iturria Estatu aparatuko kupularen sektorearen parte dela eta zalantzak dituela Bidenen estrategiaren eraginkortasunaren inguruan. Gerra mugarik gabe luzatzen ari da eta aurreikuspenak oso txarrak dira Mendebaldearentzat. Zigorrek ez dute lortu Errusiako ekonomia ahultzea, eta, COVIDaren murrizketak kendu ondoren, Txinako ekonomia indartsu ari da aurrea hartzen mundu osoan. Hersh isilarazteak ez du errealitatea aldatuko.