Ezin da kontrairaultzaileekin negoziatu!

Venezuelako oposizio kontrairaultzaile faxistak eta honen atzean dagoen inperialismo iparamerikarrak iraultza bolivartarraren aurkako ofentsiba basatia jarri dute abian. Komunikabide burgesek, bai venezuelarrek bai mundu mailakoek, “alderantzizko mundua” aurkezten dute: herriari erasotzen dioten banda faxistak “ikasle errepresaliatuak” dira eta demokratikoki aukeratutako gobernua eta hau babesten duten herritarrak “erregimen errepresibo diktatoriala”.

 

 

 

Plan kontrairaultzailea hornidura ezarekin hasi zen eta oligarkia nazionalak eta hauen buru inperialistek babestutako banda faxisten ekintza kriminalarekin jarraitu du. Helburu nagusia Miraflores Jauregiko gobernura itzultzea da edozein delarik ere bidea. Azken hauteskundeetako porrotaren ondoren, demokrazia defenditzetik hurrun hau zapaldu egiten dute eta kaosa eta biolentzia erabiltzen dute negoziazioa behartzeko. Kontrairaultzaren bozeramaileen arabera, “herrialdearen zatiketarekin amaitu” nahi dute, baina benetan nahi dutena gobernuari beren programa kontrairaultzailea inposatzea eta azken urteetan langile klaseak eta herri mugimenduak lortu dituen konkistekin amaitzea da. Dauden gabeziek eta iraultza bolivartarra amaieraraino ez eramateak eragindako frustrazioaz baliaturik, herrialde barruko eta kanpoko oligarkiak historiaren ordularia atzeratu nahi dute eta prozesu iraultzaileari amaiera eman nahi diote. Zertarako? Venezuelako langileak, nekazariak eta herri masak zapaltzeko eta odolustutzeko baliatu zuten boterea berrezartzeko Washingtongo buruen aurrean belaunikatzen den gutxiengo baten onurarako.

Xantaia kontrairaultzailearen aurrean amorerik ez. Faxismoarekin ez da negoziatzen: Bankuen, La Polarren eta oinarrizko enpresen nazionalizazioa benetako langile kontrolpean

Kontrairaultzak denbora darama iraultzaren sektore erreformista eta burokratikoan oinarritu nahian mugimendu bolivartarrean zatiketak sortu eta iraultza desbideratzeko. Hauen xantaia onartzea, beraiekin negoziatzea, hondamendirako bidea da. Erabakigarriak diren ordu hauetan, argi eta garbi salatu behar dugu kontrairaultzaren ekintza, baina beharrezkoa da honekin batera "quinta columna" bezala ezagutzen den sektore burokratiko ustela ere depuratzea; azken honek Troiako zaldiak bezala jokatzen baitu mugimendu bolivartarrarenn barruan, eta bereziki une erabakiorrenetan. Hau da, esaterako, Vielma Mora Tachirako gobernadorearen kasua (PSUVeko hautagai bezala proposatu zutenean abangoardia iraultzaileak salatu zuen): opositoreen antzeko diskurtsoa erabili du hainbat gaitan eta Simonovis eta Leopoldo faxisten askatasuna defendatu du, nahiz eta hauek eskuinaren ordezkariak izan iraultzaren lerroak zatitzeko.

Oraingo ofentsibak arrakasta izan dezan eragozteko eta etorkizunean gehiagorik ez egoteko, kapitalisten, bankarien, lurjabe handien eta inperialisten aurka borrokatu behar da, hauek baitaude banda faxisten atzean. Horretarako neurri politiko eta ekonomiko sozialistak hartu behar dira, berehala beren boterearekin amaitzeko. Bankuak, Polar Taldea eta enpresa nagusiak desjabetu behar dira masen morala ahultzen duten hornidura ezari, inflazioari eta gainerako gabeziei erantzuna emateko. Oligarkiari ekonomia saboteatzeko erabiltzen dituzten ekoizpen baliabideak eskutik kenduta izango da posible masen morala errekuperatu eta faxistak garaitzea.

Gobernu bolivartarraren elkarrizketa herriaren oinarriarekin bakarrik izan liteke, langile eta herri kolektiboekin. Burgesiak, edozein elkarrizketa, denbora irabazteko eta eraso berriak prestatzeko bakarrik erabiliko du. Hain zuzen ere, 2002an gobernua elkarrizketa esakintzen aritu zenean, kapitalistak paro petroleroa antolatzen aritu ziren. Hori dela eta, Chavezek akatsa ez errepikatzeko erne egoteko esan zuen. Ezin da amesgaiztozko erregimena inposatu nahi dutenekin negoziatu; iraultza sozialista amaierara arte eraman eta kontrairaultza eta banda faxistak geldiaraziko dituen masengan oinarritu behar da.

Benetako sozialismoa behar da, ez iraganera itzuli! Ekintzara pasatu behar da!

Automotriz sektoreko SIDOReko, Aceites Dianako, zementu lantokietako, Bicentenario elikagai merkatuko eta beste hainbateko langileak behin eta berriz mobilizatu dira sabotaje kapitalistaren aurka, eta prozesu iraultzailean aurrera egiteko beren aldarrikapen eta proposamenak aurkeztu dituzte. Hala ere, eskaera hauek ez dira kontuan hartu eta sakabanaturik egon dira. Gainera, lan ikuskaritzak enpresarien alde aritzen dira sistematikoki. Hamarnaka enpresa publiko eta pribatuk gaindituta dituzte kontratu kolektiboak, eta bertako langileek lan eta soldata baldintza oso gogorrak jasaten dituzte. Une honetan betebehar garrantzitsuenetakoa borroka hauek elkartzea eta aldarrikapenei erantzun justua ematea da.

Sobera indar dago faxistak eta ezkutuan hauei aginduak ematen daudenak zapaltzeko. Abenduaren 8ko hauteskundeetan lortutako bost milioi botoek hala erakusten dute. Herriari bere ekimenak garatzeko aukera eman eta mobilizaziorako deia egin zaion guztietan honek baikorki erantzun du; gobernuak neurriak hartzeko erabakirik hartu duenean, esaterako azaroan espekulazioaren aurkakoa, herriak zalantzarik gabe babestu du. Zer ez litzateke pasatuko neurri hauekin aurrera jarraitu eta ekonomia osora hedatuko balira, kapitalistak desjabetuz eta kanpo merkataritzaren monopolioa herritarren eta langileen esku jarriz? Ez luke babesik izango langile klaseari eta komunitateei argi eta garbi (inolako balazta eta oztopo legarik gabe) sabotaje kapitalistaren aurkako borroka bere eskuetan hartzeko eskatuko balie auzoetan eta fabriketan espekulazioaren aurkako komite eta batzordeak sortuz eta saboteatzeko erabili diren edo itxi diren fabrikak hartuz? Bidea herria mobilizatzea, antolatzea eta, jakina, armatzea da; xantaia eta indarkeria faxistaren aurrean milimetrorik ere atzera ez egitea; arazo sozialak (hornidura eza, inflazioa…) konpontzea langile klasearen eta masa iraultzaileen aldarrikapenei erantzunez.

 

CSBT eta UNETE langile sindikatuetako agintariek borrokaren buruan jarri beharko lukete arestian aipatu dugun ekintza plana mahai gainean jarriz ofentsiba kontrairaultzailea garaitzeko, langile klasea batzeko eta gainerako zapalduekin elkartzeko. Faxismoaren eta gobernu bolivartarrari egindako sabotaje kapitalistaren aurkako borroka plan hau aurkeztu behar da, herriarekin elkarrizketatzeko deituz eta bere oinarri sozialetik aldenduko duen burgesiaren presio eta eskariei muzin eginez. Faxismoaren aurka modu masiboan antolatutako langile klaseak eta herriak eman diezaieke erantzuna burgesiak abian jarri duen erreakzioari eta sabotaje ekonomikoari. Gainera, plan honek zalantzarik gabeko beste pauso batekin loturik joan behar du: oraindik burgesa den egungo estatuaren egitura aldatzea —Chavezek zioen moduan—; eta uneoro hautagarri eta kengarri diren ordezkariak lituzkeen langile eta komunen batzordeetan oinarritutako estatuarekin ordezkatzea; masen kontrol demokratikopean egon eta sozialismorako trantsizioa antolatuko lukeen estatua alegia; ekonomia kapitalistaren kaosarekin amaitu eta langileen eta herritarren parte hartze zuzena lukeena.