Burgesiaren erasoen eta gezurren aurka, defendatu dezagun Venezuelako iraultza!
Martxoaren hasieran Venezuelako egoera AEBetako segurtasun nazionalarentzat "mehatxu" zela adierazi zuen Obamak. Egun batzuk beranduago, Europako Parlamentuak "errepresaliatu politikoak" askatzearen aldeko erresoluzio bat onartu zuen. Horrela aurkeztu zituzten komunikabideek ere hainbat estatu kolpe saiakeretan parte hartu duten Leopoldo Lopez eta Antonio Ledezma ultraeskuindarrak. Gertakari hauek erakusten dute inperialismoaren eta eskuin internazionalaren erasoaldiak gogortu egin direla Venezuelako iraultzaren aurka.
Nazioarteko kanpaina honetan parte hartzen dute, besteak beste, PP, PSOE eta EAJk. Ledezmaren emazteak Estatu espainiarrean egindako biran egin zioten lehen elkarrizketa FAESen egoitzan izan zen Aznarrekin. Gogoratu behar dugu honen gobernuak Hugo Chavezen aurkako estatu kolpea babestu zuela 2002an (EAJk bezala, bereziki Iñaki Anasagastiren bitartez). Ondoren Ana Botella, Cospedal eta Rajoyrekin bildu zen. PSOEko zuzendaritzaren jarrera ez da oso desberdina. Felipe Gonzalez buru belarri aritu da Lopez eta Ledezma kolpistak defendatzen. Eta nola ez, EAJ kanpaina honetara gehitu da. Pasa den apirilaren 14an Madrilgo kongresuan PP, PSOE, CiU eta UPyDrekin batera bozkatu zuen Venezuelako gobernuaren aurka eta kolpista hauen askatasunaren alde.
Beharrezkoa da PPk, PSOEk eta EAJk defendatu dituzten hauen ibilbide politikoa eta ekintzak ezagutzea. Antonio Ledezma bere garaian gobernuan egon zen Acción Democrática alderdiko diputatua izan zen. Gobernu hark Nazioarteko Diru Funtsaren (FMI) neurriak aplikatu zituen eta 1989ko otsailaren 27an “Caracazo” bezala ezagutu zen leherketa sozialaren errepresio odoltsua antolatu zuen. 3.000 gazte eta langile inguru erail zituzten. 2002ko apirilean Estatu kolpea babestu zuen, eta Chavez bahitu eta erailtzen saiatu ondoren, berme konstituzionalak berta behera utzi eta ezkerreko militanteak jazarri zituen. Estatu kolpe hura masen mobilizazio erraldoiak garaitu zuen. Ordutik hona, Antonio Ledezma konspirazio kolpistetan murgilduta ibili da, azkenekoa Jericoko ekintza.
Leopoldo Lopez Familia, Tradicion y Propiedad sekta faxistako militantea izan zen. Chacaoko alkatea izan zenean etxe kaleratzeak eta beste neurri neoliberal batzuk bultzatu zituen. Alvaro Uribe presidente ohi kolonbiarraren aholkulariez inguratu zen Venezuelan estrategia kontrairaultzaileak garatzeko eta bere hainbat kolaboratzaile prozesatuak izan dira narkotrafikoarekin eta paramilitarrekin izandako harremanengatik.
EAJren, PPren eta PSOEren zuzendaritzaren jarrera klaseko gorrotoa da. Venezuelako gobernuari egiten dizkioten erasoek ez dute zerikusirik eskubide demokratikoen defentsarekin. Kapital handiaren aginduak betetzen ez dituen gobernuarekin bukatu nahi dute kosta ahala kosta. Eskuinak eta sozialdemokraziak murrizketen politikak eta pribatizazioak nahi dituzte masa venezuelarrentzat eta latinoamerikarrentzat. Hau da benetako arrazoia!
Diktadura dago Venezuelan? Azken hamazazpi urteetan (iraultza hasi zenetik) Venezuela izan da hauteskunde gehien ospatu dituen herrialdea: hogei! Herriak behin eta berriz iraultza bolivartarra babestu du hauteskunde hauetan, eta oposizioak irabazi zuen bozketa bakarra (2007ko erreforma konstituzionalaren erreferenduma) onartu egin zuten Chavez eta bere gobernuak.
Bitartean, Juan Manuel Santos presidente kolonbiarra askatasunaren eta demokraziaren eredu bezala aurkeztu nahi digute, milaka nekazari eta sindikalisten hilketaren arduradun nagusi dena. Gauza bera esan daiteke Mexikoko Peña Nietoren gobernuaz. Erregimen atzerakoi eta basatia da, narkotrafikoarekin fusionatuta dagoena, azken zortzi urteetan 70.000 hilketa eta 23.000 desagerketa baimendu dituena. Azkeneko kasu esanguratsuenetako bat Estado de Guerreron bizirik erretako 43 ikasleena da. Zer esan dute Urkullu, Rajoy eta Pedro Sanchezek gertakari hauei buruz? Ikasle hauen hilketa bero-bero zegoenean Urkullu Mexikon zen bertako enpresari handi eta mota guztietako "mafiosoekin" negozioak egiten. Horietako bat Peña Nieto presidentea izan zen. Hori bai, Urkulluk ez zuen txintik ere esan bizirik erre zituzten ikasleei buruz, inolako kexarik ez eskubide demokratikoei buruz!
Inperialismoa Venezuelatik kanpora! Botere politiko eta ekonomiko guztia langile venezolarrentzat!
Chavez hil eta Madurok hauteskunde presidentzialak irabazi ondoren, inperialismoak eta burgesia venezuelarrak iraultzaren aurkako erasoa gogortu dute. Alde batetik sabotaje ekonomikoa erabiltzen dute. Burgesia venezuelarra klase erabat parasitarioa da eta nahiago du dolarrarekin espekulatu, kanpoan merke erosi eta barruan garesti saldu, herrialdean ekoiztu beharrean. Honek inflazioa eta eskasia sortzen ditu. Sabotaje ekonomikoaren helburua masak desmoralizatzea eta iraultzaren oinarri soziala ahultzea da.
Bestetik, aurrekoarekin konbinatuz, bide kolpista dago. Azkeneko saiakera Jericoko ekintza izan zen. Antonio Ledezma berak antolatu zuen eta graduazio baxuko hainbat militar atxilotu zituzten. EAJ, PP eta PSOEk defendatzen dituzten "demokrata" hauek gobernua eraitsi nahi dute eta ez dute inolako arazorik langileak, ikasleak eta ezkerreko militanteak hiltzeko. 2014ko urriaren 1ean adibidez, sikario kolonbiarrek PSUVeko Robert Serra diputatua hil zuten. Serraren hilketari iraultzaren urte hauetan eskuinak eraildako ehunka langile eta nekazari gehitzen zaizkio. Hau da langile klaseak eta herri venezuelarrak izango dutena eskuinak garaitzen badu: beren aurkako mendeku faxista eta kriminala.
Beraz, beharrezkoa da Venezuelako iraultza defendatzea inperialismoaren erasoaldiaren aurka. Nicolas Maduroren gobernuaren erorketa Venezuelan diktadura faxista bat ezartzeko lehenengo pausoa izango litzateke. Noski, inperialismo estatubatuarra eta europarra demokrazia barniz bat ematen saiatuko lirateke. Hori egin dute Egipton Al Sisiren erregimen kriminalarekin edo erregimen ukrainar faxista berriarekin.
Funtsezkoa da Venezuelan benetan gertatzen dena kontatzea. Baina honekin batera, Venezuelako iraultzaileak defendatzen ari diren bezala, kolpismoaren arriskua eta sabotaje ekonomikoa garaitzeko oinarrizkoa da kapitalistak desjabetzea eta botere politiko osoa masek hartzea, estatu aparatuan dauden sektore atzerakoiak deuseztatuz. Bide honetan aurrera egiteko, iraultza osatzeko, beharrezkoa da estatu aparatuko eta PSUVeko burokrazia erreformistaren erresistentzia puskatzea, hau baita kontrairaultza kapitalista sostengatzen duen hanketako bat. Burokrazia ustel honek milaka negozio eta harreman ditu eskuinarekin eta kapitalistekin. Sozialismoaz, iraultzaz eta Chavezi buruz hitz egiten betetzen zaie ahoa, baina bitartean aberats eta milioidun bihurtzen ari dira eta herriaren gainetik jarri nahi dira iraultza gelditzeko eta honen porrota prestatzeko.
Inpunitaterik ez kolpistekin! Akordiorik ez burgesiarekin! Esperientziak erakusten du ez dagoela hirugarren biderik, iraultza ezin dela erdizka geratu. Gobernu bolivartarrak azken garaietan oposizioari egindako kontzesioek lortu duten gauza bakarra hau animatzea da. Iraultzak ikasgai honetatik ikasi behar du. Kolpista, ustel eta espekulatzaile guztiek espetxera joan behar dute. Baina, gainera, espekulazioarekin, ustelkeriarekin eta sabotaje ekonomikoarekin amaitzeko, eta herriak sufritzen dituen arazoak konpontzeko (inflazioa, eskasia, burokrazia...) kapitalistak desjabetu behar dira. Ekonomia eta Estatua langileen administraziope zuzenean egon behar dute. Horrela bakarrik da posible kontrairaultzaileak behingoz garaitzea eta sozialismoa errealitate bihurtzea.