Borrokak merezi du, borrokak balio du!

Iazko abenduan Txileko Kongresuak hezkuntza erreforma berria onartu zuen. 2011n milioika gaztek hasi zituzten mobilizazio erraldoiak izan dira neurri berri horren arrazoia. Txileko gazteen borroka eredugarri bihurtu da mundu osoko gazteriarentzat.

Zalantzarik gabe, bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleen eskaera nagusienetakoa unibertsitatea doakoa izatea izan da. Hainbat hilabetez indartsu mobilizatu ziren, itxialdiekin eta ehunka mila pertsonek osatutako manifestazioekin. Herrialde osoko kaleak hartu zituzten.

Orain arte, gazte gehienentzat ezinezkoa izan da unibertsitatera joatea, unibertsitate tasak ordain ezinak izan baitira langileen seme-alaba gehienentzat: urteko matrikulek batez beste 4.000 dolar balio zuten. Herrialde honetan, langile familietako sektore pobreenek, 275 dolar inguruko diru sarrerak dituzte hilabeteko; hau da, familia hauetako batek beren seme-alaba unibertsitatera bidali ahal izateko, familiako diru sarrera guztiak aurreztuz 15 hilabete behar zituen urte bateko matrikula ordaintzeko.

Milioika ikaslek antolatutako borroka hau oso azpimarragarria izan da. Gainera, gizartearen elkartasun handia lortu du, eta langileen sektore garrantzitsuetako borrokekin elkartu izan dira. Adibidez, kobre-meatzariekin: une hartan Pinocheten diktadura garaitik izandako greba garrantzitsuenak egiten ari ziren. Honi guztiari esker, ezkerreko hautagaiek presio handia jasan zuten. 2014an Michell Bachelet Gobernuko presidentziara iritsi zen, aurretik egindako promesa bati esker, besteak beste: lau urteko agintaldia bukatu baino lehen unibertsitatearen doakotasuna %70era iristea.

Txileko goi-mailako hezkuntza sistema, diktaduraren oinordeko zuzena

2015. urtera arte indarrean egon den unibertsitate eredua Pinocheten diktadurak sortutakoa eta ordutik mantendutakoa izan da. Unibertsitatea aldatzea beti izan da aldarrikapen sozial bat. Orain arteko sistema formalki Estatuak kudeatutakoa izan da, baina errealitatean sektore pribatuko hezkuntzak zuen gehiengoaren kontrola. 16 unibertsitate estatal bakarrik existitzen dira, eta bitartean 40 unibertsitate inguru daude. Hauen tartean, Consejo de Rectores de Universidades Chilenas deitutako erakundea dago. Honek, 25 unibertsitate tradizional biltzen ditu (80ko hamarkadako erreformak baino lehen sortutakoak), eta bertan unibertsitate estatalak eta pribatuak elkarbizitzen dira.

OCDE nazioarteko erakundearen arabera, Txileko unibertsitateak izan dira orain arte munduko unibertsitate matrikula garestienak zituztenak, bertako herritarren eros ahalmenarekin alderatuta. Egoera honen ondorioz, familia txiletarrek unibertsitate plazaren %75eko kostua hartu beharra zeukaten.

Harresi ekonomiko honek kanpoan uzten zuen sektore pobreenen gehiengoa. Aldi berean, zorpetze masiboa eta hipoteka unibertsitarioak eragiten zituen. Leporaino zorpetu beharra zeukaten euren seme-alabak unibertsitatera bidali nahi zituzten familiek. Hipoteka unibertsitario hauek erraz iristen ziren 20.000 dolarretara behin ikasketak amaitu ondoren, eta lanpostu bat aurkitu baino lehen. Bitartean, familia aberatsek ez zuten inolako arazorik beren seme-alabak unibertsitate onenetara bidaltzeko hauen errendimendu akademikoa oso zalantzagarria izan arren.

Aberatsen diktadura bukaerara heldu da unibertsitatean

Onartu berri den erreformak berehalako neurriak eragingo ditu: 2016ko martxotik aurrera, unibertsitate estatal batean edo “Consejo de Rectores” deitutakoaren pribatu batean matrikulatzen diren ekonomikoki zailtasun gehienak dituzten ikasleen %50ak (200.000 ikasle inguru) aukera izango du ikasturtea erabat dohain egiteko.

Lehen neurri hau areagotzen joango da datozen ikasturteetan, 2020an goi-mailako hezkuntza unibertsitarioa doakoa izatera iritsi arte. Gaur egungo Gobernuaren hitzen arabera, 2018an, berriro ere hauteskunde presidentzialak direnean, zailtasun ekonomiko handienak dituzten ikasleen %70a dohainik joan ahalko da unibertsitatera.

Kalitatezko unibertsitate publiko eta doakoa! Hezkuntza eskubide bat da, ez negozio bat!

Denbora honetan guztian, eskuina behin eta berriro saiatu da prozesu hau oztopatzen eta frenatzen, baina gazteriaren mobilizazio ikusgarriek eskuinaren maniobra guztiek baino askoz indar handiagoa erakutsi dute. Azkenean, Michelle Bacheleten gobernuak bere promesa bete behar izan du ikasleriaren mobilizazioen presioaren aurrean.

Berri hauek guztiak ospatu beharrekoak izan arren, beharrezkoa da jakitea eskuinak jarraitu egingo duela bere helburuekin: hezkuntza negozio bihurtzeko saiakera ez da amaituko. Baina zalantzarik gabe, Txileko adibideak erakusten du borroka dela gure eskubideak lortzeko modu bakarra, bai han, bai Euskal Herrian eta baita mundu osoan ere.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.