Langile eta herri boterea garatu kapitalismoarekin eta burokraziarekin amaitzeko
Pasa den urteko abenduaren 6an MUD koalizioan bildutako eskuin kontrairaultzaileak Venezuelako hauteskunde legislatiboak irabazi zituen. Urtarrilaren 5ean martxan jarri zen Batzar Nazionaleko 163 eserlekuetatik eskuinak 112ko gehiengoa dauka. MUD erabakitzen eta proposatzen ari den lehendabiziko gauzek erakusten duten bezala, garaipen hau heriotza arriskua da langileentzat eta herriarentzat. Azken 17 urteetan eskuratu diren eskubide eta lorpen guztiak mehatxatuta daude.
Hauteskunde porrotaren arrazoiak
Sektore burokratiko eta erreformistak abenduaren 6ko porrota masen errua izan dela diote. Herriaren traizioaz eta Chavezi egindako traizioaz hitz egiten ari dira. A zer zinismoa!! Horrelako adierazpenak egiten dituztenek ez daukate zerikusirik benetako iraultzailearekin, beraiek porrotean duten ardura gordetzeko bakarrik egiten dute. Abenduaren 6an botoa eman genuen langileak eta herritarrak izan gara aurreko 18 hauteskundeetan chavismoaren garaipena bermatu genuen berberak, behin eta berriro kalera atera ginenak iraultza defendatzera. Baina milioika pertsona nekatuta daude sozialismoa edo gerra ekonomikoa aipatzen dituzten diskurtsoez, burokratismoa eta ustelkeria daudela onartzen dituztenak barne, ondoren izurrite hauekin bukatzeko neurriak hartzen ez diren bitartean. Milioika dira nazkatuta eta haserretuta daudenak hitz jario parlamentarioekin eta eguneroko errealitatearekin kontraesanean sartzen diren adierazpen demagogikoekin: kapitalistek negozio handiak egiten jarraitzen dute dibisekin eta oinarrizko produktuekin, eta beren buruak sozialistatzat eta bolivartartzat aurkezten dituzten burokrata askok negozio hauetan hartzen dute parte. Nortzuk dira, orduan, iraultzaren benetako traidoreak?
Orain dela bi urte PSUVek udal hauteskundeak irabazi zituenean, zuzendaritzak nahiago izan zuen garaipena ospatzea, eta beste aldera begiratzea abisu garrantzitsu bat ematen zuten emaitzak aztertu beharrean. Une hartan, etxetresna elektrikoen, herraminten, arroparen eta beste produktu batzuen prezioak erregulatzea bezalako neurri mugatu eta partzialak jendea bozkatzera animatu zuen azken orduan (batzuen ustez ezkerrerantz joateko lehen pauso bat izan zitekeen). Hala ere, aurreko hauteskundeetan iraultzaren alde bozkatu zuten 2 milioi pertsona inguruk abstentziora jo zuten. Urte horretako presidentzialetan oposizioari botoa eman zioten beste 2 milioi bozka emaile ere abstenitu egin ziren. Orduan azaldu genuen bezala, datu haiek erakusten zuten gizartean zegoen ondoez sakonak abstentzioa puzten zuela, baina gobernuak egindako politikaren arabera botoak errekuperatu edo oposiziora joatea eragin zezakeela.
Baina beharrezkoak ziren neurri iraultzaileak ez ziren hartu, eta arazoak handitu egin dira maila jasanezinetaraino. Chavez inoiz bozkatu zuten milioika pertsona desilusionatuta daude orain. Lehen aldiz bozkatzen zuten gazte asko hauteskunde hauetan abstentziora edo MUD koalizioari botoa ematera joan dira. Gazte hauek ez zuten IV. Errepublika ezagutu, baina sozialismoaz eta justizia sozialaz hitz polit asko entzun dituzten bitartean inflazioa, oinarrizko produktuen eskasia, segurtasun falta, ustelkeria eta burokratismoa bizitu dituzte.
Nola garaitu estrategia kontrairaultzailea
Burgesiaren helburua Batzar Nazionaleko gehiengoa erabiltzea da gobernu bolivartarrari xantaia egiteko eta hau estutzeko. Neurri iraultzaileak alde batera uztea eta murrizketak egitera behartzea nahi dute, Maduroren gobernuaren oinarri sozialaren desgasteaz baliatuta Miraflores Jauregi Presidentzialerako asaltoa prestatzeko. Honetarako, beren interesen araberako taktika ezberdinak konbinatzen dituzte. Sabotaje ekonomikoa eta iraultzaren aurkako kanpaina mediatiko internazionala antolatzen dituzten bitartean, burgesiaren ordezkari batzuek elkarrizketarako eta negoziaziorako deia egiten dute. Hala ere, argi eta garbi dago zein den beren benetako aurpegia. Enpresariek dagoeneko eskatu diote Batzar Nazional berriari Etxebizitza Legea (besteak beste, etxe kaleratzeak debekatzen ditu), Prezio Justuen Legea edo Lanaren Legea (kaleratzeak zailtzeko neurri legalak biltzen ditu langileen aldeko beste hainbat aspekturekin batera) bezalako legeak eta lorpen iraultzaileak ezabatzeko. Batzar Nazionaleko presidente berria, Ramos Allupe, Batzarreko telebista kateko langileak kaleratzea planteatzera iritsi da hauek ideia chavistak dituztela argudiatuta. Honekin batera, Batzarreko Chavezen eta Bolivarren irudiak kentzea agindu du, oinarri iraultzailearen haserrea eta mobilizazio espontaneoak eraginez.
Iraultzaren aurkako gorroto errebantxista honez gain, MUDeko agintariek ez dute inolako alternatibarik herrialdea krisi ekonomikotik ateratzeko. Neurri handi batean beraien sabotajea izan da egoera hau eragin duena, baina bereziki sistema kapitalistaren krisi orokorra eta historikoki burgesia venezuelarrak izan duen izaera parasitarioa dira arduradunak. Batzar Nazionalean edo etorkizunean Mirafloresko Jauregira iritsita izango dituzten errezeta bakarrak murrizketak, erasoak eta errepresioa dira, beste herrialde latinoamerikarretan edo Europan langileek sufritzen dituzten berdinak edo okerragoak.
Oinarri iraultzaileetan ederki ulertzen da egoera hau, eta hauteskunde porrotak haserrea, kritika eta eztabaida sutsua piztu ditu. Abenduaren 6aren ondorengo egunetan langileen, militanteen eta oinarriko kolektibo iraultzaileen bilera eta batzar ugari antolatu ziren, kasu askotan modu espontaneoan. Sentimendu orokorra, burua makurtzetik urrun, erasoaldi kontrairaultzaileari aurre egiteko eta iraultzaren norabidea zuzentzeko antolatzea izan zen. Falta den bakarra programa iraultzaile bat duen zuzendaritza da, langile klasea bateratu eta mobilizatuko duena eta hau zapaldu guztien buruan jarriko duena.
Maila ekonomikoan, krisi ekonomikoak modu larrian areagotzen jarraitzen du (artikulu hau idazten den unean petrolio upela 27 dolarretara erori da), baina Gobernuaren proposamenak oraingoz Errentaren Zerga eta debito bankarioaren zerga berria sortzera mugatu dira. Honek ondasun handiei eragingo lieke, baina, hala ere, neurri hauek ez dira inolaz ere nahikoak. Gasolinaren prezioa igotzeko aukera ere planteatu da berriro ere, baina bankuen eta enpresa handien jabego pribatuak jarraitzen duen bitartean neurri honek prezioen igoera orokortua bakarrik eragingo luke.
Badaude beste proposamen batzuk ere. Adibidez, “korporazio sozialistak” deitutakoak sortzea. Izen “polita” izan dezakeen arren, enpresa mixtoen (kapital publiko eta pribatua dutenak) garapena proposatzen du; edo Industriako Ministro berri Miguel Perez Abaden izendatzea, enpresari bolivartar autodenominatutakoen ordezkaria (erakunde patronalek ere gogotsu eman diote babesa izendapen honi, Fedecamaras kolpistak barne). Neurri hauek guztiak behar denaren aurkako norabidean doaz: harreman kapitalistak indartzen dituzte (eredu txinatarra jarraituz), ekonomia eta estatu sozialista bat eraiki beharrean.
Politika ekonomiko hauek amildegirantz daramate. Bankuen, lurren eta enpresen jabegoak kapitalisten eskuetan, eta Estatuak eta enpresa publikoek burokraziaren kontrolpean jarraitzen duten bitartean, iraultzak ez du aurkituko irtenbiderik aurrean dituen arazoentzat.
Gauza bera gertatzen da maila politikoan. Hauteskundeen ondoren oinarrietan dagoen giro kritikoari erantzun bat eman nahirik, Nicolas Madurok ministro gehienak aldatu eta parlamentu komunalaren garapena bezalako neurriak iragarri ditu. Teorian, parlamentu komunalean langile eta herri auzoetako komuna antolatuetako ordezkariek hartuko lukete, parte ondoren gobernuari proposamenak eramateko. Burgesiak gogor egin zuen neurri honen aurka helburua Batzar Nazional berria ez onartzea zela salatuz. Baina, orain arte behintzat, agintari bolivartarrek parlamentu komunalari buruz duten iritzia erakunde hau kontsultiboa bakarrik izatea da, eta ez langile eta herri boterea errealitate egingo duen benetako erakundea. Goitik datozen formula hauek, diskurtsoetatik haratago, ez dute asko balio mahai gainean dagoen mehatxu garrantzitsuari aurre egiteko. Batzar Nazional burges berriaren plan kontrairaultzaileak garaitzeko modu bakarra langileek eta herriak ordezkari iraultzaile, hautagarri eta ordezkagarrien batzar nazionala eratzea da, sufritzen ditugun arazoei irtenbidea emango eta Estatu burgesa bukatuko duen programa aplikatzeko.
Botere politiko eta ekonomiko osoa langileen eskuetan jarri behar da
Venezuelako iraultzak bi alternatiba bakarrik ditu: edo botere osoa, benetan eta berehala, langileen eskuetara igarotzen da, banka eta enpresa nagusiak desjabetuz eta ustelkerian oinarritzen direnak eta burokratak depuratuz, edo iraultza garaitua izango da. Eta ez gara ari hauteskunde porrot sinple bati buruz, maila altuagoko porrot bati buruz baizik. MUD koalizioa Miraflores Jauregira iristen bada, modu bakarra izango du bere programa aplikatzeko: langile klasea eta herria biolentziaz erreprimitzea.
Atzeranzko kontaketa hasi da. Posible da abenduaren 6ko hauteskundeetako emaitza txarra porrot erabakigarri bihurtzea saihestea, baina horretarako funtsezkoa da benetako programa sozialista defendatzea. Azken hauteskunde hauen ondoren, kaleetan izandako mobilizazioek, bilerek eta ospatu diren batzarrek erakusten dute eskuinak botoetan lortutakoak ez duela adierazten oraindik kontrairaultzaren aldeko babes sendo eta masiboa, sortu diren kontraesanek masen sektore garrantzitsuetan garatutako nekea eta ondoeza baizik. Hondamendi ekonomikoaren eta burokraziaren ustelkeriaz gain, bost milioi pertsonek garbi utzi genuen ez dugula onartuko iraganera itzultzea borrokarik egin gabe. Baina, gainera, MUD koalizioari botoa eman zioten milioika pertsonek beren arazoak konpondu nahi dituzte eta errekupera ditzakegu, baldintza batekin: kapitalisten eta burokraten boterearekin amaituko duen eta herritar hauen guztien beharrak aseko dituen benetako politika iraultzailea aplikatu.
Erabat urgentea da benetako iraultza aurrera eramatea iraultzaren barruan. Burokratismoan eta ustelkerian erori eta herriak lortutako posizioetan atzera egin duten zuzendaritzek ezin dute borroka honen buruan jarraitu. Beharrezkoa da PSUV eta CSBTko sektore klasistek, UNETEko sektore iraultzaileek eta Frente Nacional de Lucha de la Clase Trabajadora erakundeak (FNLCT) emergentziazko plan bat antolatzea iraultzaren norabidea berreskuratzeko, langileek batzarrak eginez lantoki guztietan eta herri eta eskualde mailan, borroka programa eztabaidatzeko langile ordezkarien herrialde mailako bilkuran amaituz. Baina aldi berean, beharrezkoa da ezker iraultzailearen indarrak biltzea, mugimendu chavistan korronte marxista indartsu bat eraikitzea. Hau da CMR aurrera eramaten ari den eginkizuna.
Denok eraso puntura! Atzera pausorik ez! Antolatu CMRn eta egin borroka programa sozialistaren alde mehatxu kontrairaultzaileari aurre egiteko.
1.- Herriaren bizi baldintza duinak lortzeko: soldatak igo inflazioa adina edo gehiago. Bankaren, monopolioen, enpresa estrategikoen eta latifundioen berehalako desjabetzea, ez burokratikoki kudeatzeko, baizik eta langile klaseak zuzentzeko hautagarri eta etengabe ordezkagarri diren ordezkarien bitartez. Hauen soldata ez litzateke izango langile kualifikatu batena baino altuagoa.
2.- Kanpo merkataritzaren estatu monopolioa. Inportatzea beharrezkoa den produktu guztiak gobernuak erosi beharko lituzke zuzenean mundu merkatuan, eta ondoren banaketa egin benetan justuak diren prezioetan. Estatu monopolio horrek ezin du egon masen kontrolpean ez dauden funtzionarioen eskuetan, langileen eta herriaren administraziopean eta kontrolpean baizik.
3.- Dolar bakar bat gehiago ez kapitalistentzat. Dibisa guztiak herrialdea industrializatzera bideratu behar dira langileek eta herriak berak demokratikoki landutako plan sozialistaren bitartez.
4.- Espekulazioaren eta lapurretaren aurka: kartzela espekulatzaileentzat. Inplikatuta dauden enpresari eta burokrata guztiak desjabetuak eta katzeleratuak izan behar dira. Arazoaren arduradunak kondenatu eta ez honen ondorioak sufritzen dituen herria.
5.- Botere ekonomiko eta politiko osoa langileentzat! Burokrazia ustelari ez! Ekonomia eta Estatua langile klasearen eta herriaren zuzendaritzapean egon behar dira hautagarriak eta uneoro ordezkagarriak diren kontseiluen bitartez! Burgesiak kontrolatzen duen Batzar Nazionalaren aurrean, lantokietan eta auzoetan aukeratutako langileen, nekazarien eta soldaduen Ordezkari Iraultzaileen Batzarra, programa iraultzailea aplikatzeko. PSUVeko ustel eta burokraten depurazioa. Langileak zapaltzen edo erreprimitzen dituzten enpresariak eta norbanakoak iraultzaren alderditik kanpora.
6.- Kapitalismoa garaitzeko Amerika Latinako eta mundu osoko langile klaseari eta herriei deia ekintza iraultzailerako. Iraultza bolivartarrak langile internazionalismoaren eskutik lortuko du garaipena.
Informazio gehiago www.euskalherriasozialista.net web orrian
Venezuela A6: oposizio kontrairaultzailearen garaipena