PRIk eta PANek zortzi hamarkadatan sostengatu duten erregimen politikoa amaitu da. Masa mexikarren aldaketa nahi irmoa adierazten du joan den uztailaren 1ean MORENAk eskuraturiko garaipen itzelak. Etapa politiko berri bat hasi da. Burgesiaren sostengua izan diren alderdiek porrot ikaragarria jasa dute, eta ezkerrerako biraketa nabarmena egon da langile klasearen, gazteriaren, nekazarien eta erdi mailako geruza garrantzitsuen artean.
Eskuinaren krisia
Orain dela bi hilabete erreakzioari emandako kolpearen ondoren, inork ezin du zalantzan jarri zapalduak gai ez garenik gure aldarrikapenak ezartzeko. Ustelkeriari, klientelismoari eta errepresioari esker azken 70 urtetan hegemonikoa izan den PRI ahalguztiduna zapaldurik geratu da. 2012ko hauteskundeetan 20 estatutan irabazi zuen eta 2018an bakar batean ere ez. PAN ultraeskuindarrak ere porrot gogorra jasan zuen, eta gainera barnean zatiketa handiak jasaten ari da. Bestalde, PRD agerian geratu da eta gogor zigortua izan da. Urteetan zehar amore emateak erregimenaren beste alderdi batean eraldatu dute.
Mexikoko burgesia zerbaitegatik berezia izan bada, funtsezko eskubide demokratikoekiko duen mespretxu handiagatik izan da. Pentsatzekoa zenez, ez diete uko egingo beren planei, eta mota guztietako mehatxuak eta maniobrak egiten ari dira ez dadin ezer aldatu. Trantsizio baketsuaz hitz egiten duten bitartean, kapitalisten agenda aplikatzeko presionatzen dute. Noizbehinka, AMLOk bere programako atal hori edo bestea betetzeak ekarriko lukeen kolapso ekonomikoaz ohartarazten dute. Beste batzuetan, berezkoa duten hipokresia agertuz, gobernuaren etorkizunaz negoziatzen saiatzen dira. MORENAko buruzagiak beldurtzeko eta limurtzeko politika zaharra erabiltzen dute, beren oinarri soziala utz dezaten. Eta horretan laguntzeko eskuin ustelenetik datozen hainbat hautagai dauzkate alderdian.
Borroka da garaipenaren giltza
Ezkerrerako biraketa masibo hori herri langilearen onurarako benetako eraldaketa batean gauzatu dadin gakoa borroka soziala da. Azpitik bultzatu ziren borroka, greba eta protesten zerrenda luzea izan zen uztailaren 1eko tsunamia eragin zuena, nahiz eta sindikatuetako eta MORENAko buruzagi askok pasibotasuna agertu. Milioika pertsonek hartu dute parte azken urteetan borroketan: 132 gazteen mugimendua, magisteritzako greba eta mobilizazioak, Maquiletako eta San Quintineko nekazarien paroak, narkoaren aurkako autodefentsen eztanda, gasolinazoaren aurkako martxak edo Mega proiektuen aurkakoak… Bereziki aipagarria izan zen Ayotzinapako 43 desagertuak direla eta piztutako protestak, gobernu hiltzaile baten aurkako samina leherrarazi baitzuen.
Hauteskunde hauetako emaitzek herria egoerarekin zein gogaiturik dagoen erakusten dute. Jasaten dugun indarkeriaren gorakada Mexikoko kapitalismoaren deskonposaketaren eta oligarkiaren politiken ondorio zuzena da. 30 milioi pertsonek baino gehiagok bozkatu zuten AMLOren alde amets gaizto honekin amaitzeko.
Ikasleak altxa dira
Iraileko lehen egunetan UNAMeko ikasleak, beste unibertsitate batzuetakoekin batera indar handiz altxa dira “porro” deituriko talde ultrak eta faxistak eskoletatik kanporatzeko. 39 eskola preparatorio eta fakultate baino gehiagok bozkatu dute demokratikoki asanblada masiboetan 24 eta 72 orduko paroak egitea.
Irailaren 5ean 100 mila ikasle kontzentratu ziren UNAMeko erretoretzaren aurrean. Mobilizazio horien eskakizunak erasoak salatzetik haratago joaten ari dira. Lehen garaipena gisa 18 erasotzaile kanporatzea lortu ondoren, mobilizazioak jarraitu egin dute arazoaren errora doazen aldarrikapenekin. Horrek argi uzten du hauteskundeen emaitzen oinarrian zegoen konfiantza eta borroka giroa eta nola kurtso hasieran esnatu den.
Herriak bakarrik salba dezake herria
Espektatiba oso handiak daude MORENAren hurrengo legegintzaren baitan. Hainbeste sufrimenduren ondoren, gauzak aldatzen hasteko esperantza dago. Era berean, AMLOk enpresarien sektorearekin duen gertutasunak susmoak sortzen ditu mobilizazioaren buruan daudenen artean. Hezkuntza Erreforma indargabetzearen promesa -hori da magisteritzako borrokaren aldarrikapen nagusia- Aireportu Berriaren eraikuntzaren inguruan posizionatzeari uko egitearekin batera etorri da.
Hurrengo aldian mugimenduak indartu egin beharko du. Langileen eta gazteen antolakuntza handitu beharra daukagu, eskola, kolonia eta lantoki guztietan ezkerreko alternatiba irmo bat altxatuz, kapitalista handien interesei aurre egiteko.