Kolpistak garaitzeko, botere ekonomiko eta politikoa kendu behar zaie enpresariei eta burokratei eta langileen eta herriaren eskuetan jarri!

Donal Trumpen gobernu inperialistak eta Venezuelan duen Juan Guaidó txotxongilo ultraeskuindarrak Venezuelako herriaren aurkako ofentsiba kolpistarekin jarraitzen dute, Norvegian Madurorekin elkarrizketak hasi arren.

Trumpek hasi duen ofentsiba kolpista Europako Batasunak (EB) babestu du. Asko hitz egiten dute “Venezuelako herriaren sufrimenduaz”, baina AEBk eta EBk onarturiko zigorrek dagoeneko herrialdean dagoen krisi ekonomikoak gogor kolpatu dituen milioika gazte eta langile muturreko egoerara eraman dituzte.

Guaido “presidente legitimo” gisa onartzen eta blokeo ekonomikoko neurri kriminalak eta ofentsiba kolpista babesten duten 50 gobernu baino gehiagoren artean, Espainiako eta Portugalgo gobernuak nabarmentzen dira. PSOEko, Portugalgo PSko eta Europako hainbat alderdi sozialdemokratetako buruzagiak inperialismoaren planen konplize dira.

Trumpek Venezuelan dagoen egoera ekonomiko larria aprobetxatu nahi du (inposaturiko zigorrek eta blokeoek izugarri larritu dutena), bere interesentzat funtsezkoa den herrialde baten kontrola berreskuratzeko. Caracasen gobernu txotxongiloa ezarriz, Washingtonek kolpe latza emango lioke Txinari eta Errusiari, eta pauso garrantzitsua emango luke munduko petrolio erreserba handienak eskuratzeko eta kontinenteko agintea berresteko bidean. Gainera, Venezuelan muturreko eskuinak garaipena lortuko balu, hori Latinoamerika guztiko masak kolpatzeko erabiliko litzateke, geroz eta ezinegon sozial handiagoa eta mobilizazio indartsuagoak baitaude hainbat herrialdeetan gobernu atzerakoien murrizketa politiken aurka, Argentinan, Txilen, Perun edota Brasilen esaterako.

Hala ere, kontinente guztian dagoen egoera ezegonkorra, polarizazioa eta klase arteko borroka maila altua, Estatu Batuetan barne, oztopo objektiboa da kanpoko eskuhartze inperialista gauzatzeko. Venezuelan itsas armada sartzeak pilaturiko ezinegona leherrarazi lezake eta masa mobilizazioak eragin herrialdez herrialde.

Apirilaren 30eko eta maiatzaren 2ko estatu kolpe saiakeren porrotaren ondoren, ezegonkortasuna eragiten jarraituko dute kolpistek. Hiperinflazioak, zigorrek, sabotajeak, argi mozketek, etab. konbinaturik eztanda sozial bat edo sakeo bolada eta kaleko enfrentamendu biolentoak eragitea espero dute, armadako ofizialtasunaren barnean egoera aldatzeko eta beren aldeko kolpe militar baten aukera irekitzeko.

Gobernuak eta PSUVeko buruzagiek armada hausturarik gabe Madurorekin dagoela diote. Kupula militarraren babes osoa izango dutela espero dute, baina politika horrek iniziatiba atzerakoien eta inperialismoaren esku uztea dakar, eta agerian jartzen du gobernutik ez dagoela inolako estrategiarik, ez bada eskuineko oposizioarekin negoziaketa hipotetiko bat abiatzea. Ezer konponduko ez duen utopia latza.

Estatu aparatuaren barnean zatiketa eta kontraesan garrantzitsuak daude. Inteligentzia militarreko buruzagia den Figuera altxamendu saiakeran inplikaturik egotea, oso abisu serioa da. Gizarteak bizi duen polarizazio berbera dago armadan eta estatu aparatu barnean.

Botere guztia langileentzat eta herriarentzat atzerakoiei aurre egiteko!

Ofentsiba kolpista garaitzeko modu bakarra, masen indarra piztuko duen politika iraultzaile baten bidez da. Baina alternatiba sozialista bat defendatu beharrean, PSUVeko burokrazia eta Maduroren gobernua akordioetara iristen saiatzen ari dira behin eta berriz burgesia bizkarroiarekin, ustelkeria bultzatuz, hondoa jota dagoen kapitalismoa kudeatuz, langile mugimenduko eta ezkerreko sektore borrokalarienak eta kontzienteenak erreprimituz, inperialista txinatarren eta errusiarren altzora jauzi eginez, pribilegioak eta estatu boterearen kontrola bermatzeko.

Madurok eta egungo PSUVeko buruzagiek Estatu kapitalismo baten eredua hautatu dute, soldatetan eta eskubideetan murrizketak eginez, enpresa publikoetan eta pribatuetan milaka lanpostu suntsituz, enpresariei etengabeko kontzesioak eginez. Eta hori egin arren, ezin izan ditu saihestu ekoizpen aparatuaren hondoratzea, hiperinflazioa eta sabotaje inperialista.

Ez da egokia Venezuelan masak defendatzea akritikoki Maduro babestuz, Euskal Herriko ezkerreko sektore batzuk egiten ari diren bezala. Trump eta Venezuelako burgesia garaitzeko, borrokatzen duen ezkerraren lehen eginkizuna da Guaido eta oposizio inperialistaren helburuak eta izaera kriminala salatzea, baina Maduroren gobernuan edo kupula militarrean fidatu gabe. Beraien politikak izan dira herritarren desesperazioa eskuinari manipulatzea eta aurrera egitea baimendu dietenak.

Masen artean iraultzaren oroimenak duen babesa, dagoen sena eta kontzientzia askoz ere handiagoa da, gobernuak antolatzen dituen manifestazioek erakusten dutena baino. Herritarren aspirazioak eta berehalako beharrak jasotzen dituen zuzendaritza iraultzaile batekin eta sozialismoaren aldeko borroka programa batekin posible litzateke milioika zapalduk agertzen duten apatiari buelta ematea. Horiek ez dituzte Guaidó eta kolpisten planak babesten, baina ez dute Madurorengan alternatibarik ikusten.

Martxan jarri beharra dago indar hori guztia. Kolpearen aurkako ekintza komiteak bultzatu beharra ditugu, estatuko eta sindikatuetako burokraziatik independenteak izango direnak, fabrika, ikastetxe eta auzo guztietan. Komite horiek ekintza konkretuak antolatu behar dituzte (asanbladak, martxak, kontzentrazioak…) eta herri, probintzia eta nazio mailan koordinatu behar dira, langile, nekazari eta herri sektore guztien aldarrikapenak bateratzeko, kolpea garaitzeko eta benetako ekonomia eta Estatu sozialista eraikitzeko, burokraziarik eta ustelkeriarik gabe.

Ezinbestekoa da bankuak, lurra, enpresa handiak eta kapital inperialista guztia desjabetzea, Venezuelako errekurtso aberats guztiak zuzenean langileek kudea ditzaten. Ekonomia demokratikoki planifikatuz herriaren mesedetan katastrofe ekonomikoarekin amai genezake. Horrelako mugimendu batek Trump eta bere aliatuei erantzun ez ezik, milioika langileren babesa eskuratuko luke Latinoamerika eta mundu guztian, mehatxu kolpistari aurre eginez eta gizartearen eraldaketa sozialistaren bidea irekiz.