Langile boterearen eta sozialismoaren alde

Txilek benetako egoera iraultzailea bizi du. Urriaren 6an garraio publikoaren prezio igoeraren aurkako protesta gisa hasi zena, urriaren 18tik aurrera barrikadetako borroka bihurtu da, militarren eta karabineroen errepresio basatiari aurre egiteko. Altxamendua herrialde guztira zabaldu da mugimendu ikaragarri batean. Urriaren 23 eta 24ko greba orokor historikoak inflexio puntua markatu zuen, eta geroztik, milioitik gorako manifestazio masiboak eta urriaren 30ean eta azaroaren 12an greba orokorrak egin dira.

Masen ekintzak kolokan jarri du Piñeraren gobernu hiltzailea egun gutxitan, 30 urtetan izandako altxamendurik handienarekin. Ezin izan dute mugimendua geratu errepresio basatiarekin, ez promesa iruzurtiekin eta oligarkiaren maniobrekin, ezta Batasun Nazionaleko Mahaiarekin eta azaroaren 15ean gobernuak eta oposizioko alderdi gehienek (Txileko alderdi komunistak salbu) sinatu zuten prozesu konstituziogilearen itunarekin ere. Horren ondoren ere, azaroaren 26ean greba orokorra egin zen, masek azpitik bultzatu zutena. Benetan  miresgarria da nola Txileko langile klaseak borrokan aurrera jarraitzeko kontzientzia maila askoz aurreratuagoa erakusten duen ezkerreko alderdi nagusietako zuzendaritza politiko eta sindikalek baino.

“Ez dira 30 peso, 30 urte dira”

Manifestazio eta barrikadetan behin eta berriz errepikatu den lelo horrek oso ongi laburtzen du Txilen gertatzen ari dena. Pinocheten diktaduraren erorketaren ostean eraiki zen erregimen instituzionalak inpunitatea eman zien Junta Militarraren krimenei eta kapitalismo basatiena ezartzeko oinarriak bermatu zituen. Zerbitzu publikoak kendu eta pribatizazio masiboak bultzatu zituen eta kontinenteko desberdintasun sozial handiena eragin zuen. Altxamendu honek erregimena mantentzen aktiboki lagundu duten ezkerreko alderdiak seinalatu ditu, bereziki Alderdi Sozialista (PS) eta Alderdi Komunista (PCCh).

Gertakari iraultzaile hauek erabat ezustean hartu dute burgesia. Duela aste batzuk arte, enpresari handientzat eta Nazioarteko Diru Funtsarentzat, Txile Latinoamerikako gainontzeko herrialdeek jarraitu beharreko eredua zen, egonkortasunaren eta ordena kapitalistaren adibide paradigmatikoa.

Greba orokorrak salbuespen egoerarekin bukatu eta gobernua zokoratu zuen

Hasieratik, Piñeraren gobernu erreakzionarioak errepresio basatiarekin erantzun dio herri altxamenduari, protestak terrorearen bidez isilarazteko asmotan. Ofizialki, milikoen eta indar polizialen ekintza basatiaren ondorioz 24 hildako daude; beste iturri batzuen arabera, ordea, gehiago dira. Karabinero eta militarren balek erregistratuta dauden 2.500 zauritu baino gehiago utzi zituzten urrian; asko, ordea, ez ziren ospitalera joan bertan atxilotuko zituztelako. Ehunka dira komisaldegietan jasandako tortura eta bortxaketengatik egindako salaketak, eta 5.000 atxilotu baino gehiago zenbatu dira. Hamaika bideo daude sare sozialetan Pinocheten garaiko irudiak gogora ekartzen dituztenak. Piñerak salbuespen egoera ezarrita emandako inpunitateaz baliatuz, militarrak kalean aurkitzen duten edonoren aurka, inolako diskriminaziorik gabe, kolpeka eta tiroka ikus daitezke. Hala ere, errepresioak masen mobilizazioa gelditzetik urrun, hau altxamendu iraultzaile bihurtu du.

Greba orokorrek, manifestazio masiboek eta kaleko mobilizazio etengabeek agerian utzi zuten etxean gelditzeko aginduaren inpotentzia eta Estatu militarizatu baten ezintasuna. Azkenik, Piñerak ezintasun hori onartu behar izan zuen, lotsagabeki bakearen aldeko hitzekin eta salbuespen egoeraren amaiera eta kaleetatik militarrak aterako zituela iragarriz. Estatu burgesaren mugen inguruko ikasgai baliotsua da. Armaz josita egon arren, masak martxan jarri eta beldurra galtzen dutenean ezin ditu gerarazi.  

Mobilizazioen indarra horren handia izan da, militarrak kuarteletara itzultzeaz gain Piñeraren gobernuak ez duela beste erremediorik izan garraioaren igoera bertan behera utzi eta pentsioak, soldata minimoa, sendagaien prezioak, elektrizitate tarifak, etab. hobetzeko “Plan Sozial” bat aurkezteko. Egoera horren ondorioz, eskuineko alderdien esku dagoen Kongresuak astean 40 orduko lanaldia onartu du, ia oposiziorik gabe. Masen ekintza iraultzaileak egun batzuren buruan inposatzea lortu du ezkerreko zuzendari erreformistek urteetan parlamentuan eskean ibili ondoren sekula lortu ez dutena. Piñerak zortzi ministro ordezkatu ditu, bere burua salbatzeko. Barkamena ere eskatu behar izan du. Matxinada giroak hain maila altua hartu du, herrialdeko enpresari handi batzuek, Piñerak barne, %1 aberatsenari zergak igotzeko prest daudela iragarri baitute; horixe izan da mugimenduaren aldarrietako bat.

Batzar konstituziogileak ez du oligarkiaren boterearekin amaituko. Alternatiba bakarra kapitalismoarekin amaitzea da!

Zalantzarik gabe, inflexio puntua gazte eta langile klaseak, eta hamarnaka gizarte mugimendu eta ezkerreko antolakundek deituriko 48 orduko greba orokorra izan zen. Zalantzak izan arren CUT  sindikatuak ere deialdia egin behar izan zuen azpitik jasotako presioaren ondorioz.

Greba orokorrak herrialdea erabat geldiarazi zuen milioika lagun kalera ateraz. Deialdiaren prozesua oso esanguratsua izan zen. Piñerak salbuespen egoera eta etxeratze agindua erabakitzen zuen bitartean eta CUT, PS (Alderdi Sozialista) eta PC (Alderdi Komunista)  “elkarrizketara” eta erregimena negoziatzera eseri zedin deitzen zituen bitartean, gazteriak miliko eta karabineroen aurka borrokatzen zuen kalean, barrikadak altxatzen zituen eta hirietako kale nagusiak geldiarazten zituen kale mozketen bidez. Ehunka auzotan herritarrak indar errepresiboen erasoen aurka borrokatzeko antolatzen ziren, hildakoak, zaurituak eta atxilotuak hamarnaka, ehundaka eta milaka kontatzen hasten ziren heinean. Langile klaseak altxamendu giro horrekin konektatu zuen berehala eta zenbait sektore greban jarri ziren beren kabuz: portuetako langileek, irakasleek, osasuneko langileek, meatzariek, etab. CUT sindikatuko zuzendaritza lanuzteak ofizial egitera behartu zituzten. Hasieran urriaren 23rako soilik eta azkenik urriaren 24rako ere bai. Ondoren, urriaren 30erako eta azaroaren 12rako iragarri behar izan zituzten, baita azaroaren 26erako ere.

Baina CUTeko zuzendaritzak, mugimenduak lortutako garaipenean oinarritu eta Piñera baztertu arte borrokari jarraipena emango dion plan sendo bat garatu beharrean, “elkarrizketa nazionalerako” deia egitera mugatu da, Gobernuari “Txileko Estatura demokrazia itzultzeko” eskatuz. Zein Gobernuri? Salbuespen egoera deklaratu duenari? Bere bizkarrean 24 hildako, milaka zauritu eta atxilotu, torturatu eta bortxatu dituenari? Herria gosez uzten duenari?

Piñeraren gobernua azaroan desesperazio ikaragarrian zegoen. Bazekien erortzeko zorian zegoela eta Estatuaren kontrola galtzen bazuen, iraultzaren arriskua handia zela. Errepresioak zein kontzesioek mugimendua indartu besterik ez zuten egiten. Irtenbide bakarra oposizio politikoaren, ezkerreko alderdien eta CUTeko buruzagien ahultasunean aurkitu zuen. Behin eta berriz planteatzen ari ziren elkarrizketari eta konstituzioa aldatzeko proposamenari eutsi zion Piñerak. Azaroaren 15ean PCCh ez beste guztiek akordio bat sinatu zuten. Itun horretan, 2020ko apirilean konstituzioa aldatu edo ez eta zein organok aldatu beharko lukeen galdetzea proposatzen da. Denbora irabaztea, kaleak baretzea, zuzendaritzak erosi eta masetan atsekabea zabaltzea zen helburua, funtsean ezer ez aldatzeko. Hori da asanblada konstituziogilearen kontsignak daraman bidea. Hala ere, borrokak ez ziren azaroaren 15ean geratu, eta kaleko mobilizazioetan “salduak” eta “traidoreak” kontsignak agertzen hasi ziren.

Azaroaren 25ean portuetako langileek greba orokorrari hasiera eman zioten, gainontzeko sektoreak 26ean eta 27an batu zirelarik, ikasleak, eraikuntza, langile publikoak, osasuna, etab. Piñerak berriro ere errepresioa gogortuz erantzun du. “Ez dela inpunitaterik egongo” adierazi du, senatutik lege berria ateraz armadari azpiegiturak babesteko esku hartzea baimentzen diona salbuespen egoera dekretatzeko beharrik gabe. Errepresioaren salaketa geroz eta zabalduago dagoenean, Piñeraren militarren kontrolak eta bortizkeriak iraultzari indarra besterik ez dio ematen.

Zentzu berean, Txileko Alderdi Komunistaren buruzagi eta parlamentariek akordioa ez sinatu arren, itun sozialaren defendatzailetzat aurkeztu dute beren burua; Gobernuari elkarrizketa mahai bat exigitu diote, eta batez ere beraiek sar ditzatela!

Greba eta mobilizazio masibo eta indartsuei esker Piñera eta bere Gobernua kolokan dauden unean, Txileko Alderdi Komunistaren zuzendaritzak ere bide konstituzional batera jo du. Horrek, beste hainbat baldintzaren artean, Kongresuko eta Senatuko gehiengoa edukitzea eskatzen du, eta gaur egun eskuineko alderdien eskuetan daude. Txileko Alderdi Komunistak eta CUTek egin beharko luketena, hilzorian dagoen Gobernua botako duen azken kolpea emateko plan sendo bat mahai gainean ipintzea da, greba orokor mugagabearen bidez. Horren ordez azaroaren 24ean publiko egiten zuten, 2020rako plebiszitu bat antolatzeko eskakizuna konstituzioa aldatzeko, gutxieneko soldata eta pentsioen, etab.en hobekuntza batzuk egiteko konpromezuak eskatzearekin batera. Argi dago, boterea betiko oligarkiak eta multinazional inperialistek mantentzen badute, hobekuntza horiek segituan desegingo lirateke Txilen, azken batean, betikoak mantentze badira boterean.

Ezker parlamentarioaren ardura

Horrelako neurri batek argi eta garbi masen mugimendua animatuko luke, baina agintari horiek ez dira norabide horretan mugitzen, justu kontrakoan baizik. Aipatu beharra dago bizi dugun eztandak urteak zeramatzala garatzen; bereziki, Alderdi Sozialistarengan eta Kontzentrazioaren gobernuarengan areagotu zen haserrea, eta Txileko Alderdi Komunista eta CUT konplize izan ziren.

Espainiar trantsizioaren ereduari jarraituz, Pinocheten diktaduraren krimenak zigorrik gabe gelditu ziren. Faxistak ez ziren estatu aparatutik kanporatuak izan; kalean militarren ekintza basatiak argi utzi du hori. Diktadurarekin bukatzea lortu zuen masa borroka era lotsagarrian ukatu dute Alderdi Sozialistako eta Komunistako zuzendaritzek, diktaduraren oinordekoekin sistema kapitalista zutik mantentzeko  “trantsizio demokratikoa” adostuz. Pinocheten diktadurak kapitalismo basatia inposatu zuen; Thatcher eta Reaganen ereduari jarraituz, zerbitzu publiko guztiak pribatizatu eta Txile milioidunen paradisu fiskal bilakatu zuten. Geroago, Ricardo Lagos eta Michelle Bachelleten gobernuek jarraipena eman zieten politika haiei, eskuineko Gobernuari ateak ireki eta gizon aberatsenetako bat jarri zuten presidente. Egoera horrek pobrezia orokortzea eta erregimen politikoarekiko haserrea ekarri du.

Daniel Nuñez Txileko Alderdi Komunistako diputatuak honelaxe zioen: “Mobilizazioak egiteko modua, erradikaltasun maila horrekin, ez litzateke sekula gertatuko Michelle Bachelleten gobernuan, herritarren eskakizun eta aurreikuspenei erantzuna eman zitzaien erreforma handiak hasi zirelako”. Eta hauxe gaineratu zuen: “ Hamarkadetan zehar pilatzen diren drama sozialak” direla. Gazte eta langileek bizi dituzten arazo larriak konpontzeko ezkerreko gobernuen eta Txileko Alderdi Komunistaren ezintasuna onartzea da, beraz

Alderdi sozialistak, historiako kasu askotan gertatu izan den bezala, erreakzioa eta populismo arriskutsuak ez probokatzeko planteamendua erabili nahi du nola edo hala mobilizazioekin amaitzeko. Honakoa adierazi zuten: “ezker demokratikoak guda ideologiko, kultural eta politiko irmoa abiatu behar du mehatxu honen aurka, bidea ireki diezaiokeena mota orotako erantzun bati: armen bidez erregimen diktatorial bat ezartzea Txile sarraskitu eta armagabea “baketzeko” espektro politikoko bi muturrek elikaturiko gerra baten aurrean.
.
Langile demokraziaren eta sozialismoaren alde borrokatu! Kapitalismoan ez dago irtenbiderik!

Txile inflexio puntu batean dago. Piñera eta bere gobernuarekin bukatzeko eta  sistema kapitalistarekin eta bere ondorio diren errepresio eta ezberdintasunekin hausteko indarra badago. Ez dago “demokrazia aurrerakoiago” batentzako tokirik XXI. mendean krisian dagoen kapitalismoaren baitan.  
Batzar Konstituziogilearen kontsigna erabateko akatsa da. Oligarkiak diseinaturiko konstituzio berri batek ez du inolako irtenbiderik eskainiko, ez Txilen eta ez beste inon. Borroka demokrazia burges iruzurtiaren bidetik desbideratu, ezarritako ordena mantendu eta frustrazio gehiago eragiteko balioko du.
Sortutako mugimendu indartsuari sakontasuna eta koherentzia iraultzailea ematea da eginkizun nagusiena: fabriketan, auzoetan, ikastetxeetan, etab., ekintza komiteak sortu eta nazio mailan koordinatu, ordezkari hautagai eta kengarriekin. Greba orokor mugagabea antolatu behar da –fabrika eta ikastetxeetan okupazioarekin–, baita gazte eta langileen autodefentsak ere; soldaduei herritarrak ez erreprimitzeko, kuarteletan komiteak sortzeko, agintarien esanak geldiarazteko eta herri mobilizazioetan parte hartzeko eskatu behar zaie.

Programa argi batez lagunduta joan behar duen borroka plan bat behar da: Piñera kanpora. Herritarren onurarako langileen gobernu bat osatu behar da. Bankaren, monopolioen eta lurren nazionalizazioa, kalte ordainik gabe eta langileen eta beraien erakundeen kontrolpean. Hezkuntza  eta Osasun publiko, unibertsal, duin eta doako baten alde. Soldata duinak eta lanpostu egonkorrak. Etxebizitza publiko jasangarri baterako eskubidea. Jubilazio duinak eta 100% publikoak. Ejertzitotik, poliziatik eta epaitegietatik faxistak kanporatu: epaiketa eta zigorrak errepresioaren eta diktaduraren arduradunei. Eskubide guztiak herri maputxeari. Langile demokraziaren alde, kanpora kapitalisten demokrazia!

Txiletako herria ez dago bakarrik. Altxamendu eta matxinaden uholde berri bat ari da zeharkatzen Latinoamerika: Honduras, Mexiko, Argentina, Ekuador, Haiti, Bolivia, Kolonbia, Costa Rica… Beraien garaipena mundu osoko langile eta zapalduen garaipena izango da, nazioarteko sozialismoaren garaipenari bidea zabalduko dio.