Behera Duqueren Gobernu hiltzailea!

Apirilaren 28an hasitako greba nazionala benetako krisi iraultzaile bihurtu da Duque ultraeskuindarren aurka. Herrialdea gelditurik egon da azken asteetan, eta egunero ehunka mila pertsona mobilizatzen dira, osasun normaltasuneko egoeran milioika izan litezkeenak. Zerga erreforma gorrotatua geldiarazi ostean, protestek beste garaipen bat lortu dute, osasunaren erreforma bertan behera uztera behartuz, izan ere, osasuna osorik pribatizatzea baitzen asmoa.

Kolonbiako klase borrokaren jauzi ikaragarri honek 2019tik Latinoamerika astintzen duten altxamenduen eta matxinaden hariari heltzen dio.

Gobernuan dagoen oligarkiaren erantzun errepresibo bortitzak ez du herritarren mobilizazioa geldiarazi. Orain arte 55 pertsona baino gehiago hil ditu poliziak, milaka zauritu eta desagertu, eta ehunka atxilotu. Uribismoa etsita dago, eta bere armategi hiltzaile osora jotzen du, paramilitar faxisten taldeak barne.

Protestek munduan izan duten oihartzuna eztabaidaezina da. Kolonbiako diasporak mobilizazio masiboak deitu ditu mundu osoan zehar, elkartasuna adieraziz eta errepresioaren aurka. Kontzentrazio horiek Gobernu kapitalisten hipokresiaren salaketa ere izan dira. Kolonbian gertatzen denaren zati bat baino ez balitz gertatuko Kuban, Venezuelan edo Bolivian, albistegi guztiak irekiko lituzke, telebistako solasaldiak beteko lituzke eta alde guztietatik ahotsak altxatuko lirateke, kanpoko esku-hartze militarra eta Gobernua boteretik kentzeko kolpeak eskatuz.

Iraultza eta kontrairaultza

Kolonbiako aparatuaren errepresio basatiaren aurrean, mugimendua autodefentsa antolatzen hasi da protestetan parte hartzen dutenen babesa bermatzeko eta greba nazional mugagabeari eusteko. Adibidez, Primeras Líneas taldeak (modu koordinatu eta ordenatuan kargei aurre egiten dieten gazteak) eta auzoetako hainbat batzorde sortu dira. Erakunde horiek herri batzar bihurtu dira, non borroka planak eztabaidatzen diren eta tokiko bizitza antolatzen den.

Dinamika hori urrunago iritsi da Caliko langile eremuetan, herrialdeko hirugarren hirian, bereziki Puerto Resistencia eta Loma Dignidad izeneko auzoetan. Bertan, Primeras Líneas taldeek bizikidetza bermatzen dute, gasolindegietatik desjabetzen den erregaia banatzen dute eta elikagaien banaketa antolatzen dute.

Greba eta protestak indartzeko, milaka indigena Calira joan ziren. Praktikan, hiriaren okupazio indigenak, hainbat auzotan herri kontrol eta kudeaketako elementuak ezarriz, beste jauzi bat ekar zezakeen krisi iraultzailean.

Arriskuaz jabetuta, burgesia ez zegoen hori onartzeko prest. Hiriko mafia narkotrafikatzailearekin eta poliziarekin koordinatuta, pikete paramilitar armatuak antolatu zituzten karabana indigena sar ez zedin, tiroka hasiz eta bederatzi zauritu larri utziz maiatzaren 9an.

Gertaera hau, herrialdeko burgesia eta burgesia txikiaren erradikalizazioaren isla da, bereziki kontrabandoari, narkotrafikoari eta latifundioari lotutakoa, masa borrokaren gorakadarekin bere posizioa mehatxaturik dagoela ikusten baitu, eta, kosta ala kosta, greba nazionala zapaltzeko prest dago. Kontrairaultza iraultzaren aurrera pausoen aurkako aurpegia da.

Buruzagitza erreformistaren papera

Gustavo Petrok, Colombia Humana alderdiko buruzagi eta presidentegaiak, 2022ko hauteskundeetan ezkerrak garaipena lortu arte itxarotea proposatzen dio mugimenduari. Filtratutako audio batean entzun zitekeen, nola Petrok berak esaten zuen greba nazionala bertan behera utzi behar zela zerga erreforma garaitu ondoren — mobilizazioaren lehen lorpen puntuala —, "egonkortasun demokratikora" itzultzeko. Petrok hauteskunde kanpaina lasaia nahi du, presidente izateko eta kapitalismoa "modu egokian" kudeatzeko.

Halaber, Greba Batzorde Nazionala (CNP), Langileen Zentral Batua (CUT) buru duena eta mugimenduan oraindik sinesgarritasuna duena, abangoardia iraultzailearen aurrean autoritatea galtzen ari da. Uko egon dio Duqueren berehalako dimisioa eskatzeari eta ez du goranzko borroka plan serio bat eskaintzen. Halaber, Primeras Lineas taldeetako ordezkariak eta Auzoetako Batzordeak CNPn sartzeari betoa jarri die.

CNPren plana, Duquerekin gutxieneko akordioak lortzen saiatzea da, bitartekari fidagarri eta zentzudun gisa aurkeztuz bere burua. Horrela, Batzordeko estatu mailako zuzendaritzaren interes burokratikoak, eta baita materialak ere, ez dira arriskuan jartzen, eta, aldi berean, beren autoritateari eusten diote. Nahiz eta negoziazio mahaiak CNPren presentzia esklusiboarekin hasi diren, Duquek greba odoletan itotzeko abiatutako gerra irekiak presio itogarria ezartzen dio erakundeari eta gero eta sinesgarritasun gehiago galtzen ari da.

Colombia Humanaren eta CNPren planteamenduak, hau da, konstituzioaren legeen eta errepresio basatira jotzen duen sistema oligarkiko baten logikaren esparruan oposizio bat egiteko planteamenduak, talka egiten du krisi basatian dagoen kapitalismoaren mugekin. Bide horretatik jarraituz gero, mugimenduaren agortzea, zatikatzea eta Estatuaren indarkeriaren gainean sostengatutako Gobernu hiltzaile baten biziraupena izango dira ondorioak.

Sozialismoa da irtenbide bakarra

Maiatzaren 12an eta 19an greba eta mobilizazio zentralizatuak deitu ziren hiri guztietan. Lanuzte mugagabeko asteen ondoren, egun hauek arrakastatsuak izan dira berriro, jendetzaren bizitasuna eta indarra erakutsiz. Hala ere, grebak, instintiboki eta berez, ezin du iraun herritar gehienen laguntzarik gabe, eta eszeptizismoa pizten has daiteke borrokan aurrerapausorik ematen ez bada, eta programa sinesgarri eta gauzagarririk aurkezten ez bada.

Zentzu horretan, Caliko antolaketaren adibideak bidea markatzen du. Hiriko 21 auzotako ordezkariak biltzen dituen Caliko Erresistentzia Batasuna (URC) sortzea aurrerapauso handia da.

Abangoardia iraultzailearen zeregina bide horretan sakontzea eta auzo, ikastetxe, lantoki eta herri guztietan Greba Batzordeak antolatzea da, erresistentzia antolatzeko eta herritarren aldarriak gauzatzeko. Beharrezkoa da erakunde horiek indartzea eta estatu mailan koordinatzea, ordezkari hautagarrien eta kengarrien bidez, lurralde osoko borroka bateratzeko. Hau bultzada ikaragarria litzateke mugimenduaren garaipenerako, sektorerik zalantzatienak aurrera bultzatzeko.

Borrokak bere osotasunean, eta bereziki Calin, hartu duen maila ikaragarriak indar korrelazioa guztiz mesedegarria dela erakusten du. Duque eta bere gobernu hiltzaile osoa kanporatzearekin batera, programa sozialista artikulatu behar da, langile klasearen eta nekazari pobrearen beharrei erantzuteko: bankuen eta sektore estrategikoen langile kontrolpeko nazionalizazioa kalte ordainik gabe; lurraren banaketa latifundismoarekin amaitzeko; ingurumenaren eta baliabide naturalen defentsa multinazionalen arpilatzearen aurrean; herri epaiketa eta zigorra poliziaren, militarren eta paramilitarren aurka, errepresio bortitzagatik eta atzemandako 6.402 “positibo faltsuengatik” (Estatuak eraildako ekintzaile sozialak, sindikalistak eta zibilak, terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian).