Kuba ekaitzaren erdian dago berriro. Herrialde kapitalistetako propaganda-makinariak martxan jarri dira joan den uztailaren 11n, hainbat hiri eta herritan milaka pertsonak parte hartu zuten manifestazioak eta protesta ekitaldiak hasi zirenetik. Behin eta berriz errepikatzen dute Kuba diktadura bat dela. Baina, hain zuzen ere, horiek dira benetako erregimen kriminalak babesten dituztenak, hala nola Kolonbiako Ivan Duque eta Txileko Sebastian Piñera gisako "demokratak", dozenaka hildako, ehunka zauritu eta milaka atxilotu eraginez erantzun dutenak euren herrialdeetako langile masen mobilizazioen aurrean.

Duquek, Piñerak eta beste hainbestek, burdinazko ukabilez gobernatzen dute Europako eta Estatu Batuetako monopolio handien interesak eta herrialdeko oligarkiaren interesak defendatzeko. Kapitalaren aburuz Gobernu "demokratikoak" dira eta Kuba, berriz, diktadura! Horren inguruan une batez hausnartzea nahikoa da propaganda inperialistaren helburuak ulertzeko.

AEBn, erabat ohikoak dira poliziak egindako gehiegikeriak eta hilketa arrazistak, baina heriotza horien aurka protesta egiteko eta justizia eskatzeko egiten diren manifestazioek aurre egin behar diote milaka pertsona atxilotzen dituen errepresio basatiari.

Estatu espainiarrean, poliziak gogor erreprimitzen ditu ezker borrokalariak eta gazteek deitutako protesta ekintzak. Epaileek txiolariak, rap abeslariak edo 78ko erregimenaren aurrean "subertsibotzat" jo daitekeen iritzi bat publikoki adierazten duen edonor zigortzen edo espetxeratzen dute. Kataluniako herriak errepublikaren eta erabakitzeko eskubidearen alde egindako borrokarekin gertatutakoak dena esaten du.

Gobernu horiek guztiek, nazioarteko erakundeek, hedabideek eta botere kapitalisten zerbitzura dauden agintari politikoek, eta bereziki penagarri nazioarteko sozialdemokraziako buruak eztarriak urratu arte oihukatzen dute Karibeko uhartean ez dagoela "demokraziarik". Bitartean, adiskide onak dituzte erregimen basati eta hiltzaile mordoa, Maroko, Saudi Arabia… eta noski, Israelgo Estatu sionistak herri palestinarra zanpatzen duen errepresio basatiaren alde agertzen dira.

Komunista eta marxista iraultzaile den orok ezin da tranpa honetan erori, ez aktiboki, ez pasiboki. Erabat funtsezkoa da jarrera internazionalista mantentzea, blokeo inperialista eta kapitalisten propaganda irmoki gaitzestea.

Baina Kubako iraultzaren benetako lagunak ez dira ezagutzen jarrera gregario eta segidista bat hartzeagatik, edo zailtasun uneetan arazoak ezkutatzeagatik. Ezinbestekoa da kontraesan horien klase izaera eta oinarrian dituzten inplikazioak ulertzea eta horiek ezabatzeko alternatiba bat eskaintzea.

Kuban gerta daitekeena eta jokoan dagoena zer den ohartzeko abisu serioa ematen digute SESBren kolapsoak eta Ekialdeko Europako estatu langile deformatuen desintegrazioak, merkatu ekonomiaren berrezarpenak ekarri zituen ondorioek, eskuinerako erreakzio politiko bortitzak eta herrialde horietako gehienetan erregimen bonapartista burgesak eratu izanak.

Hondoratze ekonomikoa

Uztailaren 11ko eguna manifestazio batekin hasi zen San Antonio de los Bañosen, Habanatik 26 kilometro hego-mendebaldera dagoen hirian. Protesta bultzatu zuten arrazoiak, herritarrak azken hilabeteetan jasaten ari diren elektrizitate-mozketa ugarien, oinarrizko produktuen hornikuntzarik ezaren eta geruza apalenak kolpatzen dituen inflazioaren aurka egitea izan zen.

Mobilizazioa berehala zabaldu zen sare sozialen bidez, eta hainbat herritan errepikatu zen, baita Habanan ere, 6.000 pertsona ingururekin. Jakina, hiriburuan argi eta garbi elementu erreakzionarioak bildu ziren, Miamiko erbestetik zuzenduak. Baina egon dira herri sektore batzuk ere, inperialismoak bultzatutako taldeak osatzen ez dituztenak, eta haserre oihukatu zutenak, egunetik egunera gero eta tamalgarriagoak diren biziraupen baldintzak pairatzeagatik.

Zein da atsekabe horren kausa eragilea? Baieztatu al daiteke Kubako eskuinaren eta Estatu Batuetako inperialismoaren agenteen azpijokoei bakarrik erantzuten diela? Benetan horrela balitz, koiunturazko gertakari baten aurrean geundeke eta erraz geratu liteke. Baina ez dirudi horrela denik.

Kubako ekonomia presio ikaragarria jasaten ari da duela urte dezentetik, eta zailtasunak areagotu egin dira mundu mailako pandemiaren ondorioz. AEBetako hedabide aurrerakoien datuen arabera [1], azken bi urteetan dibisen diru-sarrera nagusiak desegin dira. Turismoaren sektorea hondoratuta dago, eta jarduera horretatik eratorritako dibisen sarrerak 3.200 milioi dolarretan murriztu dira.

Inperialismo estatubatuarrak bultzatutako blokeoaren ondorioak ere larriagotu egin dira [2]. Obamaren administrazioak irekiera herabe bat abiarazi zuen uharteko inbertsio kapitalistatik kanpo ez geratzeko Europa eta Kanadaren aurrean, eta merkatu-ekonomiarako trantsizioa aurreratzeko. Trumpek hori desegin zuen, Kubari presiorik eta kalterik handienak eragiteko bidea abiaraziz.

Presidente errepublikanoak lege neurri sorta indarrean jarri zuen AEBn bizi diren kubatarrek senideei egiten dizkien diru bidalketak ezinezko bihurtzeko. Horri dagokionean, diru-sarreren murrizketa 3.500 milioi dolarrekoa izan dela kalkulatzen da. Washingtongekin lerrokaturik dauden Latinoamerikako Gobernuek bat egin dute La Habanarekin zituzten zerbitzu medikoen kontratuak mozteko, dibisen beste iturri bat kaltetuz.

Kubako herriaren aurkako erasoa mantendu egin da Joe Bidenen administrazio demokratarekin. Presidente berriak ez du blokeo kriminala batere arindu, eta ez du Miamiko erbestea asaldatu nahi, joan den azaroko hauteskundeak eremu horretan galdu egin baitzituen. Hori da nazioarteko ezker erreformistak progresismoaren guru berritzat aurkezten duen pertsonaiaren benetako aurpegia.

Kubako ekonomia ere oso kaltetua izan da Venezuelan izandako aldaketengatik. Ezin gara arlo horretan gehiago luzatu, baina Maduroren Gobernuak aplikatutako neurri kapitalistek eta Venezuelako ekoizpen aparatuaren hondoratzeak, bereziki petrolio-sektorearenak, Kubak Chavezen gobernu aldian jasotzen zuen petrolio merkea izugarri murriztea ekarri dute eta horrekin dibisak lortzea errazten zien beste iturri baten ahitzea eragin du.

Zergatik da hain garrantzitsua txanpon indartsuaren txorrota Kubarentzat? Erantzuna erraza da. Lanaren nazioarteko banaketak agintzen du. Uhartea ez da buruaskia: biztanleriaren elikaduraren parte diren produktuen %60 baino gehiago inportatu behar du, eta ehuneko hori handiagoa da lehengai industrial, farmazeutiko eta teknologikoetan. Dolarrik gabe, inportazioen beherakada %40koa baino handiagoa izan da 2020an, eta aurten kopuru hori gainditzeko aukera dago.

Faktore horiek pisu handia dute, baina Kubako Alderdi Komunistaren zuzendaritzak hartu duen norabideak -apirilean egin zuen VIII. Kongresuak sakondu duena- larriagotu egin ditu. Harreman kapitalistak berrezartzeko estrategiak ekonomia planifikatua itotzeaz gain, bereizketa sozial handia, barne-desberdintasunaren hazkundea eta herritar xumeak erasaten dituen inflazioaren gorakada eragiten ditu.

Orientazio horrek sozialismoaren ideiekiko gaitzespena eraikitzen du herri-kontzientzian, joera burges txikiak hazten laguntzen du, (indibidualistak, "salba bedi ahal duena" gisakoak) eta moral bikoitza eta hizkuntza bikoitza indartzen ditu: diskurtso ofizialena eta eguneroko praktikarena.

Iraultza eta deformazio burokratikoak

Uztailaren 11n bertan, Diaz Canel Kubako presidenteak, telebistako mezu batean, behin eta berriz esan zuen protestak gutxiengo batek egiten zituela, gertatutako guztia Estatu Batuetatik animatutako subertsioaren emaitza zela, sare sozialetatik handitua, eta herritarrei "iraultza defendatzeko" manifestazioan irteteko deia egin zien.

Gobernuak protestaren hazkundea geldiarazteko neurriak hartu zituen: Internet eteteko agindua eman zen, eta polizia zabaldu zen, hainbat atxiloketa eginez, nahiz eta ez dagoen atxilotuen kopuru ofizialik. Gehienak aske edo etxeko atxilo egoera nahiko arinean daude dagoeneko: ABC egunkari eskuindar espainiarraren korrespontsalaren kasuan esaterako, "Kubako diktadura" salatzeko mundu guztiarekin komunikatzeko aukera izan du.

Argi dago neurri "errepresibo" horiek Latinoamerikako beste hainbat herrialdetan gertatzen direnekin alderatzea disparate hutsa dela. Izan ere, Kubako Gobernua bereziki zuhur jokatzen ari da, badakielako indarkeriazko neurri sakonagoak hartuz gero, horrek munizioa emango liekeela inperialistei, eta samina baretu beharrean, hedatu egingo lukeela.

Diaz Canelen deiari erantzunez, uztailaren 17an milaka lagunek manifestazioa egin zuten Habanako kaleetan. Mobilizazio horiek "berrespen iraultzaile espontaneotzat" hartzen dira. Baina horietan modu egiazkoan eta kontzientean parte hartzen duten sektoreez gain, parte hartzen dute baita ere alderdiko eta Estatuko funtzionarioek, eta goi karguek konbokatu eta gainbegiratzen dituzten estatuko langileak ere. Ez dira oso elementu fidagarriak Kubako Gobernuak eta PCCko buruzagiek duten benetako babesa baloratzeko orduan.

Eta hori da azken gertaerak azaltzen dituen arazoetako bat. Zalantzarik gabe, zailtasun ekonomikoak gorabehera, iraultzak babes handia izaten jarraitzen du Batistaren diktadura eta batez ere iraultzaren gorakada urte heroikoak bizi izan zituzten herritarren sektorearen artean. Ekonomia planifikatuaren lorpen handiek -langile Estatuaren deformazio burokratikoak gorabehera- bizi-mailaren hazkundea eta lorpen sozial erraldoiak ahalbidetu zituzten.

Baina gauza bat da iraultzak oraindik ere mantentzen duen autoritatea, eta bestea, oso ezberdina, langile klaseak, oro har herritarrek eta bereziki gazteek duten iritzia Kubako Gobernuaz, PCCko egungo buruzagiez eta Estatuko goi funtzionarioez.

Diskurtso politiko ofizialak ez du konektatzen gazteriarekin, eta, hein handi batean, aldendu egiten du. Sormen jarduerak jasaten duen adierazpen askatasunaren mugatzea, zelata eta kontrol burokratikoak ez ditu soilik intelektualen kexak eta kritikak eragiten; bereziki kolpatzen ditu gazteak, beren ekimena atrofiatzen eta alferrik galtzen dela sentitzen baitute giro kargatu horretan.

Bestalde, "marxismo" burokratiko, hertsi eta hil horrek, garai bateko SESB eta ekialdeko herrialdeetan "ikasten" zeneko dotrinak, langile kubatar asko uxatzen ditu, eta gazte gehienen artean arbuiorik handiena eragiten du.

Desafekzio hori ekoizpen eta banaketa prozesuan ezarria dagoen arbitrariotasun, xahutze, lapurreta eta ustelkeria gehiegiren emaitza da. Burokratikoki kudeatutako plangintza erregimenaren ondorio zuzena izaten da, izan ere, langile klaseak ez baitu aukerarik planaren antolakuntzan eta gauzatzean parte hartzeko, ezta Estatuko erakundeetan demokratikoki esku hartzeko, horiek kontrolatzeko eta zuzentzeko.

Estatuaren eta alderdiaren burokraziak inposatzen ditu erabakiak eta langile klaseak ez du, funtsean, erabakietan eragiteko inolako aukerarik. Eta burokrazia hori, bere interes materialak zein diren ongi ulertuta, neurri handi batean desmoralizatuta eta langileen eta gazteen gaitasunean konfiantzarik ez duena, egin behar denaren alderantzizko zentzuan ari da lanean.

Neurri kapitalisten agenda iraultzaren lorpenak desegiten ari da

Krisi ekonomiko luzea bizi da, biztanleriaren zati handi batek premia biziko artikulu eta zerbitzuak eskuratu ahal izateko gero eta zailtasun gehiago ditu, eta bizitzaren kostua soldatak edo pentsioak baino askoz gehiago igotzen ari da. Testuinguru horretan, inolako kontrol eraginkorrik gabe gobernatzen duten milaka funtzionarioen pribilegioak deigarriagoak bihurtzen dira kubatarrentzat eta haserre handiagoa eragiten dute.

Ez da kasualitatea uztailaren 11ko protesten jomuga nagusietako bat "Txanpon Libreki Bihurgarria" duten dendak izatea. Denda mota horiek duela urtebete pasatxo ireki ziren, bertan dibisak bakarrik onartzen dira eta oinarrizko produktuen nahiz inportazioko produktuen eskaintza egoten da. SESB zaharreko denda berezien antzekoak dira, non PCUSeko eta Estatuko burokratek edo mendebaldeko turistek bakarrik zuten posible horrelako dendetan erosketak egitea.

Baina arazoa askoz sakonagoa da. Joan den urtarrilean inposatutako sistemak Peso bakarra abiarazi zuen (dibisa bihurgarria eta soldatak ordaintzeko erabiltzen zen peso ez bihurgarria bateratu ziren). Hori merkatu kapitalista zabaltzeko erreformak egonkortzeko urrats erabakigarria zen. Baina eragin duena inflazioa handitzea izan da — aurten % 500era irits daiteke, Kubako ekonomialarien arabera —, biztanle gehienen diru-sarrera erralak murriztuz.

Iraganean merkatu-neurrien aldeko izan ziren sektoreak ere – jarduera turistikoaren inguruan bildutako biztanleriaren sektore zabala– kaltetuak izan dira, turismotik eratorritako diru sarrerak esponentzialki murriztu diren neurrian.

Duela hilabete batzuk, Gobernuaren agenda prokapitalistaren azterketa sakona egin genuen, Txinako burokrazia eta Estatu kapitalismoaren eredua oinarri hartuta, Asiako erraldoian egonkortzea lortu baitute (ikus "Norantz doa Kuba? Sozialismoaren eta berdintasun ezaren inguruko eztabaida"). Gertaeren ondorengo garapenak gure ikuspuntuak funtsean baieztatu ditu, eta argi utzi du neurri horiek errestaurazio kapitalistarako joera sendotzeko ireki duten bidea.

Neurriak hartzen dituztela erakusteko asmoz, Kubako Gobernuak iragarri du bidaiariei baimena emango diela elikagaiak, garbiketa-produktuak eta botikak inportatzeko, mugarik eta arantzel-ordainketarik gabe, 2021eko abenduaren 31ako epe barnean. Baina ekimen partzial horrek ez du sakoneko arazoa konponduko; egoera jakin bat arindu dezakeen arren, litekeena da pizgarri handiagoa bihurtzea merkatu beltzarentzat eta espekulazioarentzat.

Oinarrizko auzia honakoa da: nola aurre egin maila orokorrean setio inperialistari eta Kubako ekonomiaren gabezia endemikoei sozialismo marxistaren ikuspuntutik; zein politika aplikatu behar den iraultza indartzeko; nola desegin behin betiko kontrairaultzaren etengabeko maniobrak, eta nola ezabatu gero eta nabarmenagoa den errestaurazio kapitalista gailentzeko arriskua.

Iraultzaren lorpenak defendatzeko eta sozialismorantz benetan aurrera egiteko abiapuntuaren baldintza benetako langile demokraziako erregimena ezartzean datza, langile klaseak ekonomia eta estatua zuzentzean hartu behar duen eginkizunean. Horrek esan nahi du makina burokratikoak osatzen dituzten milaka funtzionarioen pribilegioak ezabatu behar direla. Baina Estatuko eta alderdiko buruak ez daude horretarako prest.

Ekonomiaren eta gizartearen zuzendaritzan benetako langile kontrola ezartzea baztertuz, Kubako Gobernuak gabezia ekonomikoei eta krisiari aurre egiteko hartutako neurriak kapitalismoaren aldeko erreformak izan dira. Ondorioz, ekonomiaren plangintza eta Estatuak ekoizpen-bitartekoen gainean duen jabetza ahuldu dira eta ekoizpen harreman kapitalistak indartu dira.

Orientazio horren ondorioak azkar azaleratu dira: desberdintasunak hazi dira, zerbitzu publikoak desegiten joan dira eta herritar gehienen bizi-baldintzak okertu egin dira. Kubako agintariek desberdintasun sozial horri aurre egin beharrean justifikatu egiten dute, Alderdi Komunistako goi karguen ahotik, Estatuaren ustezko "paternalismoa", gastu sozial "irrazionalak", gehiegizko doakotasuna eta abar salatuz.

Kapitalismoa indarra hartzen ari da eta uharteko ekonomiaren gero eta eremu gehiagotan sartzen ari da, alderdiaren eta Estatuaren aparatuaren babesean. Armadaren goi-aginteak, Venezuelan edo Txinan gertatzen den bezala, gero eta rol aktiboagoa du kudeaketa ekonomikoaren prozesuan eta pribatizazioetan, eta opari eta sari handiak lortzen ditu. Txosten batzuen arabera, militarrek kontrolatzen dituzten enpresek, Grupo de Administración Empresarial SA (GAESA) taldearen bidez, ekonomia nazionalaren % 60 eta jarduera turistikoaren % 80 kontrolatzen dituzte. [3]

Aspalditik erabaki zuten Kubako agintariek Txinako "Alderdi Komunistaren" (PCCh) burokraziaren urratsei jarraitzea, terminologia berbera ere erabiliz. Beijingeko nomenklaturaren zerbitzura zeuden ekonomialariek "merkatuko sozialismoa" terminoa asmatu zuten: eufemismo bat, hain zuzen ere, nomenklatura horren kontrol zorrotzaren pean garatutako errestaurazio kapitalistaren prozesua zuritzeko (Txinaren kasuan, aspaldi amaitu zena).

Kubako buruzagien helburu nagusia prozesua tinko gidatzea da, Txinako homologoek egin zuten bezala. Kubako kasuan, ordea, abiadura baldintzatzen duten eta kontuz ibiltzera behartzen dituzten hainbat faktore hartu behar dira kontuan.

Alde batetik, kapitalismoak aurrera egiteko lorpen sozialak desegin behar dira, hots, iraultzari babes zabala eman zioten erreforma berdintzaile esanguratsuak. Bide horretan urrats oker batek benetako eztanda soziala eragin lezake eta arriskuan jar lezake Kubako buruzagiek prozesuaren gainean mantendu nahi duten kontrola. Hortik dator, hain zuzen ere, berdintasun sozialistaren aurkako kanpaina ofizial zaratatsua eta kapitalismoaren aldera egiteko onartu ziren neurriak martxan jartzea erlatiboki geldo joatea.

Merkatuaren aldeko erreformen erritmoa baldintzatzen duen beste faktorea, PCCko eta Estatuko goi mailako karguak bereziki kezkatzen dituena, iraultzak bere garaian desjabetutako burgesia “gusanoa” da, Habanatik kilometro gutxira dagoena.

Miamiko kontrairaultzak indar eta eragin handia du bai Errepublikanoen bai Demokraten administrazioetan eta mendeku hartzeko irrikan daude. Erabateko errestaurazio kapitalista bat gertatuko balitz, euren jabetzak berreskuratzen saiatuko lirateke.

Eta hirugarrenik, SESBen eta Europako ekialdean, eta neurri handi batean Txinan, berreskuratze kapitalistaren prozesua orain existitzen ez den mendebaldeko boom ekonomiko baten babesean egin zen. Egungo egoeran Kuba kapitalista bati begiratzen zaion eredua Guatemala, Honduras edo El Salvadorren antzekoagoa da. Eta horrek ziurgabetasun handia eta kontraesanak sortzen ditu, hondamendi hori ekar dezaketen neurriak aplikatzeko ardura hartu dutenen artean.

Zalantzarik gabe, Kubako kontrairaultzak, barnekoak zein erbesteratuak, inperialismo estatubatuarrak eta nazioarteko burgesiak iraultzaren eta sozialismoaren aurka bideratu nahi ditu haserre soziala, pandemiaren gogortzea eta zailtasun ekonomikoen eraginak.

Manifestazioetan, elikagai eskasiaren edo prezioen gorakadaren aurkako kontsignekin batera, argi eta garbi kontrairaultzako leloak entzun ahal izan ziren, hala nola "patria y vida", ("gusanoek" sortu zuten leloa kontrajartzeko iraultzaren "patria o muerte, venceremos" leloari) edo zuzenean "abajo la dictadura castrista", eta abar.

Kontua da, beraz, nola altxa daitekeen proiektu politiko bat gai izango dena uharteak duen egoera material gupidagabeari aurre egiteko, nola geldiarazi haserre soziala areagotu duten kapitalismoaren aldeko erreformak, eta nola ordeztu pribilegioen pisu hila eta burokraziaren administrazio ez-eraginkorra demokrazia sozialista batekin, non langileriak modu eraginkor eta demokratikoan kontrolatuko duen herrialdearen jarduera sozial eta ekonomikoa.

Posible al da iraultzaren isolamendua haustea?

Kubako ekonomiaren garapena eta iraultzaren indartzea gehien baldintzatzen eta mugatzen duten faktoreetako bat isolamendua da. Historiak erakutsi du sozialismoa herrialde bakar batean, sakonean antimarxista den ideia izateaz gain, bideraezina dela. Kubaren kasuan, baliabide mugatuak dituen Karibeko artxipelagoan, askoz egia handiagoa da.

60 urte baino gehiagoren ondoren, iraultzak isolatuta jarraitzen du, zabaltzeko aukera ugari egon diren arren. Hainbat hamarkadatan, Latinoamerika iraultza-prozesuek astindu dute behin eta berriz, baina horietan guztietan Habanatik zetozen aholkuak eta orientazioa "urrunegi" ez iristea, prozesuak moderatzea eta "burgesia txiki eta ertaineko" sektore antiinperialistekin aliantzak egitea ziren.

Hori izan zen PCCk Salvador Allenderi Txilen edo Daniel Ortegari Nikaraguan eman zion orientazioa. Eta hori izan da Boliviaren edo Venezuelaren kasuan bultzatu den politika.

Venezuelaren kasuan, burgesiaren desjabetze iraultzailea amaierara arte ez eramateak ez du erasoaldi inperialista saihestu, ezta estatu-kolpe saiakerak ere. Baina, aldiz, burokrazia axolagabe baten boterea sendotu du, chavisten garaiko erreforma aurrerakoien ondarea suntsitzen duena eta herrialdea basakeria kapitalistatik ateratzeko gai ez dena.

Venezuelak pairatzen duen krisi ekonomiko sakona ondorio garrantzitsuak izaten ari da Kuban. Bi herrialdeen arteko harreman ekonomiko bereziek uharteari ematen zioten arnasaldia asko ahuldu da.

Internazionalismo proletarioa da Kubako iraultzaren konkistak defendatzeko eta zabaltzeko gakoa. Internazionalismo horrek izaera asistentziala eta solidarioa izateaz gain, politikoki eraginkorra ere izan behar du, eta Latinoamerikako Federazio Sozialistaren estrategia ekintzetan altxatzen bideraturik egon behar du, kapitalismoarekin hautsi eta hiriko eta landako langile sektoreek boterea hartzean oinarrituta. Programa marxistaren oinarrietara itzuliko den estrategia behar da. Sozialismorako trantsizio posible bakarra, langile klasearen parte-hartze demokratikoa da kontrolean eta kudeaketan.

Langile klasea da giltzarria

Uztailaren 11ko gertaerek bultzada berri bat eman diote eztabaidari: zein politika jarraitu behar da eta nork hartu behar du agintea kanpoko eta barruko mehatxu kontrairaultzaileei aurre egiteko?

Inperialismoaren desitxuratzeak, gezurrak eta manipulazioa alde batera utzita, egun horretako manifestazioek agerian utzi dute herritarren arteko asegabetasuna eta haserrea aspalditik Kubako masek jasan behar dituzten zailtasun ekonomiko gero eta handiagoek elikatzen dutela eta puntu kritiko batera iristen ari dela.

Inperialismo estatubatuarrak eta Miamiko "gusanoek" babesten, finantzatzen eta aholkatzen dituzten elementu kotrairaultzaileek haserre hori kapitalizatzeko arriskua benetakoa da. Baina Kubako errestaurazio kapitalistaren mehatxua ez dator Miamitik edo AEBko administraziotik bakarrik.

Kubako Estatuko eta PCCko buruzagiek jarraiago edo etenago aplikatzen dituzten neurri prokapitalistak ez dira arrisku txikiagoa iraultzarentzat. Merkatu kapitalistak arautzen duen Kubako ekonomiaren zatia indartzen duen legediak, estatuaren jabetzaren eta plangintzaren kaltetan, uhartearen barruko joera errestauratzaileak bultzatzen ditu.

Urte hauetan guztietan, Estatuko eta alderdiko milaka funtzionariok interes komunen sare sendoa ehundu dute (legezkoa eta legez kanpokoa) Kuban lan egiten duten atzerriko enpresekin. Era berean, milaka "kuentapropistak" -hainbatek funtzionarioen artean harreman onak izanik- aurrera egin dute eta ekoizpen-harreman kapitalistekin identifikatzen dute oparotasuna. Bi taldeek gero eta indar handiagoz presionatzen dute errestaurazio kapitalistaren prozesua bizkortzeko.

Kubako Estatuko eta PCCko agintarien geruza zabal batek defendatzen duen politikak, batez ere, sektore sozial burges txiki horien nahiei eta interesei erantzuten die. Politika horrek aurrera egiten badu langile klasearen eta gazteriaren sektore erabakigarrien aurkako oposizio kontzienterik gabe, errestaurazio kapitalistak aurrera egingo du.

Kubako iraultzaren etorkizuna mehatxupean dago eta bere etsaiak garaitu ditzakeen klase sozial bakarra langile klasea da. PCCko oinarri militanteenak eta kontzienteenak, Kubako gainerako iraultzaileekin batera, oso gogoan izan behar dute hori eta benetako programa komunista berreskuratu eta ausardiaz altxatzeko eginkizuna dute.

Programa horren abiapuntua ezezko borobila izan behar du kontrairaultza kapitalistaren aurrean, datorren lekutik datorrela. Kubako Gobernuari argi eta garbi exijitu behar zaio indargabetu egin behar dituela orain arte merkatuaren alde ezarritako neurriak, aurtengo urtarrilaren 1ean indarrean sartu zirenetatik hasita.

Masen kontzientziak aurrera eramateko antolatu eta lan egin behar da, ezkerreko oposizio komunista masibo eta boteretsu bat eraikiz. Azaldu behar da "komunismoari" buruzko kontakizun ofizialak horrek benetan izan beharko lukeena desitxuratzen badu ere, garaipen kapitalista izango dela Kuba galdu eta zapalduko duena, eta ez duela inolaz ere askatasun politiko, oinarrizko eskubide demokratiko eta berdintasun gehiago ekarriko. Atzera buelta basatia litzateke, pribilegioz eta aberastasunez beteko lukeena milioidun berrien gutxiengo bat, eta miseria eta zapalkuntzaz gehiengo handia.

Langileen benetako demokrazia duen erregimena ezartzearen bidez eta iraultza Latinoamerikako kontinentera hedatzearen bidez bakarrik aurre egin daiteke errestaurazio kapitalistaren arriskuari. Horrela bakarrik garaitu dezake sozialismoak.

[1] Las protestas en Cuba esta vez son diferentes, William M. LeoGrande, The Nation

[2] “Politika hori ia sei hamarkadatan zehar aplikatzeak izan dituen kalteak 144.413,7 milioi dolarrekoak dira "(Kubako Gobernua. "Kuba vs Blokea" txostena, NBEren Batzar Nagusian 2020ko irailean aurkeztua. BBC News Mundo, 21.07-15 aipatua)

[3] GAESA: el consorcio militar que controla la economía cubana

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.