Irailaren 26an Venezuelan batzar nazionalerako hauteskundeak ospatu ziren. Prozesu iraultzailea hasi zenetik gertatu den bezala, internazionalki ere pisu garrantzitsua izan du Venezuelan gertatzen ari denak, inperialismoaren asmo eta zereginei eskuetatik alde egiten dion herrialdea baita Venezuela eta, nola ez, munduko milioika langile eta zapalduentzako erreferentzia. Venezuelako hauteskundeetako emaitzek eztabaida handiak sortu dituzte bertako mugimendu iraultzailearen barnean. Langile klasearen eta herritarren mobilizazioek, Batzar Nazionala irabazteko helburua zuten kontrairaultzaileen asmoak zapuztu zituzten. Hainbat neurri aurrera ateratzeko batzarraren bi herenak behar zituen PSUV alderdiak, baina ezin izan ditu lortu eta hurrengo Batzar Nazionalean Hugo Chavezek ordezkatzen duen PSUV alderdiak 98 ordezkari izango ditu, kontrairaultzaileen “Mesa de la Unidad”-ek 65 eta PPTk 2. Iraultzaren eta kontrairaultzaren aldea nabarmen murriztu da: 5.400.000 boto 5.300.000ren aurka.

Sabotaia ekonomikoen, inperialismoaren mehatxu gogorren eta burokraziak sortzen dituen desmoralizazio eta iraultzaren mantsotzeen gainetik, PSUVek hauteskundeak irabazi izanak argi uzten du langileek eta herri venezuelarrak daukaten kontzientzia maila altua eta borrokarako indar eta borondatea, erreformisten ahoetatik irteten den zabor guztiaren aurka.

Eta erabat posible da iraultzak duen babes hau are eta handiagoa izatea PSUVen zuzendaritzak benetako programa sozialista bat hartuko balu eta langile, nekazari eta gazteek dituzten arazo eta eskaerei praktikan neurri iaultzaileen bidez erantzungo balie. Hau egiteak, Chavez Presidenteak 2006an sozialismoranzko bidearen alde egin zuen proposamenari babesa eman zioten 2 milioi pertsona haien ilusio eta morala altxako lituzke, ordutik hona iraultzaren pauso mantso, kontraesan eta hainbat gabeziaren erruz, eszeptizismoan eta ilusio faltan erori direnena.

Bi herenak ezin lortu eta aldea murriztu da oposizioarekin: zergatik?

 

Chavismoaren eta oposizioaren arteko aldea modu arriskutsu batean ari da murrizten langile eta herri xehearen auzo eta herrietan. Lehen emaitza hobeak lortzen ziren Bolivar, Aragua eta beste hainbat lekutan parte hartzea nabarmen murriztu da % 25 eta %30 bitartean. Lehenagoko hauteskunde prozesuetan ikusi izan den joera da eta honela jarraituz gero oposizioak irabazteko arriskua dago. Nahiz eta joera hau toki batzuetan esanguratsuagoa izan diputatuak galdu direlako (Zulia, Tachira) edota aldaketa sakonak eman direlako, Anzoategui estatuan bezala, joera orokorra da. Zein da joera honen arrazoia? Iraultza hasi zenetik, 12 urte igaro dira eta nahiz eta osasungintzan, hezkuntzan eta hainbat politika sozialetan aurrerapenak eman, oraindik ekonomiaren zati handi batek enpresarien esku pribatuetan jarraitzen du (Venezuelako Banku Zentralaren datuen arabera BPGaren %70a), eta Estatu aparatuaren kontrola ez dago langile klasearen eta komunitateen eskuetan, burokrazia erreformistaren eskuetan baizik. Burokraziak iraultzaz eta sozialismoz bete arren ahoa, sarritan herriak eta Chavezek berak espero dutenaren aurkakoa egiten du. Iraultzaren etsai nagusiak etxebizitza falta, inflazioa, segurtasun falta, pobrezia, burokratismoa eta korrupzioa dira eta, era berean, kapitalistek iraultzaren aurka egiteko erabiltzen dituzten arma bihurtzen dira. Beraien helburua gero eta militante gehiago iraultzarekin eszeptikoago eta desmoralizatuago egotea da.

Horregatik erabat beharrezkoa da bankuak, lurrak eta enpresa garrantzitsuenak nazionalizatzea langileen eta komunitateen kontrolpean. Chavezek prozesu iraultzaile honetan zehar, hainbat aldiz aipatu ditu zeintzuk diren arazoetariko batzuk eta zeintzuk zereginak. Burokraziaren aurka borrokatzera deitu zuen, iraultzaren barnean iraultza egitera eta langileei utzitako enpresak okupatzeko eta antolatzeko deia egin zien. Baina Mitsubishi eta Vivex bezalako enpresetan gertatzen dena langile asko eta askori gertatu zaio. Burokraziaren aurkako borrokan eta enpresak okupatzerakoan, kapitalisten eta burokrazia erreformistaren errepresioa jasan behar izaten dute. Anzoateguiko estatuan dagoen Mitsubishi fabrikako 260 langile, PSUVeko militanteak, kaleratu zituzten Lan Ministerioaren eta zonalde horretako PSUVeko hainbat zuzendariren babesarekin eta langileek aurrera eraman zituzten mobilizazioetan hainbat langile hil zituzten. Vivex enpresa 21 hilabetez harturik daukate langileek eta burokraziak ez du inolako erantzunik eman. Edo duela gutxi, UNTk langile kontrolaren inguruan antolatutako topaketetan argi gelditu zen bezala, desjabetutako fabriketan langile kontrolak topo egiten du burokraziaren jokaerarekin.

Honi guztiari zera gehitu behar zaio: Chavezek zalantza egiten duela burokraziaren eta kapitalisten aurkako neurriak hartzerakoan eta, momentuz, ez duela benetako programa sozialista bat aurrera eraman herrialdeko banku eta enpresa garrantzitsuenak langileen kontrolpean nazionalizatuz. Horrela soilik da posible ekonomia demokratikoki planifikatzea eta herriak bizi dituen gabeziekin bukatzea. Nahiz eta hainbat politika sozial bultzatu, agerian geratzen ari da kapitalismoak eta estatu aparatu burgesak sortzen dituzten arazoak ezin direla hauek garaitu gabe konpondu. Lehen esan bezala, txirotasuna, segurtasun falta, kaleratzeak, inflazioa… oraindik existitzen diren gauzak dira eta honek guztiak desmoralizazioa dakar.

Baina joera hau aldatzea guztiz posible da. Ez da bakarrik posible 2006ean iraultzaren alde botoa eman zuten 7.300.000ren babesa lortzea, baita indarra eta eragina handitzea ere. Baina honetarako guztirako kapitalisten aurkako neurriak hartzea ezinbestekoa da ezin baitzaie bi nagusiri aldi berean kasu egin: edo kapitalistak edo langile eta zapalduak. Babesa lortzeko masen arazoak konpondu behar dira eta ekintzekin erakutsi sozialismoak pobreziarekin amaitzea, lan duina, etxebizitza, soldaten igoera eta denaren gainetik ekonomia (bankuak, lurrak, fabrikak) langileen eta herritarren esku egotea esan nahi duela, beraien kontrolpean.

UNTren koordinazio nazionalak paper erabakigarria jokatu behar du iraultzaren gauzatzearen eztabaidan. Hainbat erakunde iraultzailek proposatu duten bezala (horien artean Anzoateguiko UNT), beharrezkoa da 100 edo 200 enpresa hartzea eta hauek langileen kontrolpean ipintzea. Honek izugarrizko indarra emango lioke sozialismoaren aldeko eta langile kontrolaren aldeko borrokari eta lehen aipatutako programa ez litzateke ideia polit bat soilik izango, mugimendu bolivartar guztia erakarriko lukeen iman bat baizik. Leninek zioen bezala, masentzat aurrerapauso konkretu batek azal ditzakegun ideia eta teoria guztiek baino gehiago balio dute. Era berean, beharrezkoa litzateke, UNT sindikatuan antolaturik dauden langile iraultzaileek proposamen hau alderdiko zuzendaritzari egitea. Oraingo Batzar Nazionalak gelditzen zaion denboran eta hurrengo batzar nazionalak, PSUVen gehiengoarekin, bankaren, enpresen eta lurren desjabetzea eta hauen nazionalizazioa gauzatuko lukeen plan bat burutu beharko lukete. Baina ez enpresa, banku eta lur-sail hauek burokratek zuzen ditzaten langileen kontrolpetik kanpo, kontseilu komunaletara lotuta dauden langileen batzorde eta kontseiluek zuzen ditzaten baizik.

Ezinbestekoa da parlamentarismo burguesak, gobernazioek eta udaletxeek osatzen duten estatu aparatu burgesaren estrukturak hautsi eta langile eta herritarren botere organuengatik aldatzea. Langileen kontseilu aukeragarri eta kengarrietan oinarritutako estatu iraultzaile bat, non inork ez lukeen langile kualifikatu batek baino gehiago irabaziko eta estatuaren eginbeharrak era errotatzaile batean egingo diren. Honek gaur egungo estatu kapitalistaren egitura eta bizio guztiak estatu iraultzaile batez aldatzea ekarriko luke, burokratismoarekin eta ustelkeriarekin behingoz amaituz eta ekonomia demokratikoki antolatuz, herritarren beharrak asetzea oinarri izanez eta ez irabazi kapitalistak.

Era honetara soilik izango da posible dauden betebeharrak egin eta iraultza azkeneraino eramatea. Hauek ez dira hurrengo belaunaldiek eginbeharreko lanak, oraingoak baizik. Betebehar hauek aurrera eramanez iraultzak ikaragarri indartuko luke bere oinarri soziala eta lehenagoko urteetan lortutako emaitzak oso motz geratuko lirateke. Gainera, kapitalismoaren mundu mailako krisiarekin, errazago zabalduko litzateke iraultza sozialista Amerika Latinara eta baita munduko beste hainbat herrialdetara ere.