Pasa den urteko urriaren 25ean Kubako Gobernuak etorkizunean izango dituen jarrerak argitaratu zituen. Bertan zehazten ziren besteak beste, sektore publikoko “puztutako plantilen” murrizketa proposamena eta ekintza ekonomiko pribatuaren zabaltzea. Hau guztia, pausu garrantzitsu bat izan zen Raul Castrok aurrera daramatzan erreformetan.
2011ko apirila arte, hainbat ministeriok beraien erakundeetan eta enpresa publikoek milioi erdi lanpostu murriztu beharra dauzkate. Galdutako lanpostu hauek, Kubako biztanleria aktiboaren %10 direla azpimarratu behar da. Bestalde, aldaketa nabarmenak eman dira langabeziagatiko diru laguntzetan, orain arte mugagabeak zirenak. Neurri berriekin, langabezian geratzen den pertsona batek, lehenengo hilabetean berari dagokion soldata oso bat jasoko du langabeziagatiko diru laguntza moduan. Ondoren, %60 jaitsiko da laguntza hau eta hilabete batetik bost hilabetetara luzatuko da aurretik eginiko lanaldiaren arabera. Lanpostua mantentzen dutenei dagokienez, soldata altuenen eta baxuenen arteko ezberdintasuna hazi egingo da, soldata egindako lanaren “kalitatea eta kantitateagatik” neurtuko baita.
Negozio pribatuari bultzada
Lan baldintzei eta sektore publikoko soldatei eragiten dieten neurriekin batera, modu autonomoan lan egiteko baimen gehiago emango dira, baita lana egiteko modu hau sektore berri gehiagotara zabaldu ere. Hala eta guztiz ere, esanguratsuena zera da: iraultzaren ostean, Kubako ekonomiaren nazionalizazioaren ondoren, lehenengo aldiz, soldatapeko langileen kontratazioa eta enpresa txikien eraketa baimenduko da. Gainera, langile autonomoek, beraien produktu zein zerbitzuak saltzeko aukera izango dute eta bankuko kredituak eskuragarri izango dituzte; lokalak alokatu eta estatuaren edo pertsona pribatu baten aktiboak alokatu ahal izango dituzte; pertsona bakar batek baimen bat baino gehiago izango ditu eskuragarri bere kontura aktibitate bat baino gehiago praktikatu ahal izateko, bai bere bizitokian edo beste edozein lekutan; etxe oso bat edo departamentu bat alokatzeko debekua kenduko da; atzerrian bizitzeko baimena duten pertsonei (PRE), beraien etxe zein autoak alokatzeko baimena emango zaie, baita Kuban bertan bizi eta hiru hilabete baino gehiagoan atzerrian izango direnei ere. Alokatzeko, beraien ordezkari bat izendatu ahal izango dute eta jatetxe pribatuen autorizazio tamaina 12tik 20ra igoko da.
Zer nolako eragin ekonomiko eta sozialak izango dituzte neurri hauek? 2009aren amaieran, zifra ofizialen arabera, 144.000 “cuentapropista” zeuden, eta posible da beste hainbeste modu ilegalean egotea. Hauetatik, zaila da denek legezko egitea beraien aktibitatea, ordaindu beharko lituzketen zergek ezin egingo bailukete bideratu, kasu askotan, beraien negozioa. Modu honetan, negozio pribatuak bultzada jasoko du, baina gizartean ondorio ezberdinak sortuz. Gobernuaren arabera 2011ean, 250.000 pertsonak osatuko dute “cuentapropismoa” eta 250.000 pertsona geratuko lirateke ziurgabetasunean. “Ekonomiak langabezia tasa handiekin bizi beharko du hasiera batean behinik behin, berau erronka bat izango da ikuspuntu ezberdinetatik”, onartzen dute Kubatar ekonomialariek, merkatuaren aldeko erreformen bultzatzaile direnek. Gizartearen sektore batek soilik, kreditua jasotzeko baldintzarik onenetan dagoenak, hornitzaile eta banatzaileekin akordioak lortzeko baldintza onenak dituenak, izango du aukera aurrera egiteko.
Sakoneko joera
Jarduera ekonomiko pribatua pizteko hartutako neurriak, ez dira lan egiteko modu autonomoan eta enpresa txikien legalizazioan soilik oinarritzen. Abuztuaren amaieran, legedi aldaketa batzuk onartu ziren, “atzerriko inbertitzaileen parte hartzea errazteko turismo internazionalean”. Aldaketa hauekin, turismo internazionalean inbertitu nahi duten atzerriko inbertitzaileei, lurren alokatze denbora 55 urtetik 90 urtetara luzatuko zaie. Kontuan izan behar dira, ematen ari den joera aztertu ahal izateko, aurrez hartutako neurrien nondik norakoak. 2008an, estatuaren enpresetako soldata handienak mugatzea onartzen zuen legea deuseztatu zen; 2009an, ustiapen pertsonalerako lurrak banatzen hasi ziren, bai pertsona pribatuei bai kooperatibei. Gero, urrian onartutako neurrien ostean, lurjabe diren pertsona edo kooperatiba hauek, beraien produkzioa merkaturatzeko aukera izango dute kanal pribatuen bidez, aipatutako neurri horiek besteak beste nekazal produktuen salmenta baimentzen baitute salmenta puntu eta kioskoetan. Bestalde, iazko urtean bertan gobernuak langileen jangelak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen eta behin behineko asignazio batzuekin ordezkatu zituen; gainera, razionamendu kartilaren murrizketa progresibo bat adostu zuen. Honi guztiari gobernuak azken urte hauetan aurrera daraman kanpaina ofiziala gehitu behar zaio, inplikazio ideologiko sakonekin, estatuaren “paternalismoaren” aurka, “zentzurik gabeko” gastu sozialen, dohainik ziren gauza “gehiegiren” aurka, berdinzaletasunaren eragozpenak salatzen… Honek guztiak argi eta garbi elikatzen du Kubako gizartea aspalditik bazegoen joerara: herritarrak irtenbide indibidualak bilatzera bultzatzea bizimodua bermatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, onartu diren neurri hauek, ezberdintasun ekonomikoa sortu besterik ez dute egingo Kubako gizartean.
“Cuentapropismoari” eginiko kontzesioak, testuinguru oso baten baitan aztertzea derrigorrezkoa da. Zer nolako neurri gehiago onartuko dira etorkizunean? Ekonomialari kubatar batzuk, ildo nagusiak zentzu bakar batean lerrokatzen dituzte: “Deszentralizazioa, salneurrien askatasunarekin eta dibisen fluxuarekin batera, politika ekonomikoaren jomugak izan behar dira, estatuko enpresetan ekoizpena eta soldata bultzatzeko beharrezko intzentiboak eta autonomia ematea nahi bada. Momenturen batean, merkatuak prezioak zehaztu beharko ditu eskaintza eta eskariaren arabera, bere kontura funtzionatzen duten jarduera ororen modura. Honek, monopolioen egituraren azterketa sakonago bat eskatzen du, kanporako zabaltze handiagoa eta, enpresan “peso conbertiblearen” eta peso kubatarraren arteko aldaketa moduetan zuzenketa bat”. Aldaketa hauek guztiak zentzu berean lerrokatuta daude: Estatua, ekonomiaren erregulatzaile soil batean bilakatuko da.
Merkatu librea al da Kubaren soluzioa?
Kubako gobernuaren eskema honen arabera, neurri hauek ekoizpena igoko dute eta Estatuari baliabide gehiago emango dizkio ondoren inbertitzeko. Diotenez, honek, hazkuntza ekonomikoaren dinamika bat bultzatzea ekarriko luke, iraultzaren bidez irabazitako lorpenak babestu eta etorkizunean soldatak igotzeko. Hala ere, hazkuntza emango litzatekeen hipotesian, merkatuaren zabaltzean eta gizartearen ezberdintasun sozialak areagotzean oinarritua dagoen hazkuntza batek (zeinak gizartea banatuko lukeen interes sozial kontrajarrien artean, ustelkeria gehiago haziko lukeen eta Estatuko burokrazia sektoreen eta interes pribatuaren arteko elkarketa suposatuko lukeen) oinarri objektiboak ezartzen ditu (berau bultzatzen dutenen intentzioa kontutan hartu gabe) kapitalismoaren berrezarpenerako, Txinan eta Sobietar batasunean gertatu zen bezalaxe. Gorbachoven Perestroikaren esperientzia lazgarriak erakusten du antzeko prozesu batek Kuban izan dezakeen eragina. Dinamika hau, are eta larriagoa da “merkatuari” egindako kontzesio guztiak “salbuespenezko aldaketak” ez direla kontutan hartzen bada. Eginiko aldaketak “oinarrizko aldaketak” izan direla esan da, eta gainera ez da langileen kontrolerako inongo mekanismo efektiborik existitzen burokraziaren joeraren aurrean, zeinak publikoki onartuak izan diren autoritate kubatarraren aldetik.
Iraultzaren lorpenen oinarria planifikazio ekonomikoari dagokio eta hau ezinezkoa izango litzateke produkzio baliabideen nazionalizaziorik gabe. Hauxe izan zen Kubako iraultzaren garaipen handienetako bat eta orain esperientzia hau Venezuelako iraultzara zabaltzea beharrezko ikusten da. Venezuelan ekonomia sektore pribatuari lotuta dagoen bitartean, burgesiak eta inperialismoak sabotaje enpresariala erabiliko dute eta inbertsioak etengo dituzte Venezuelako iraultza ahuldu eta aldi berean Kubakoa lehertzeko asmotan. Kubaren iraultzaren etorkizuna Venezuelan kapitalismoa bukatzeari lotua dago, eta baita Kuban benetako langile demokrazia bat ezartzeari ere. Barne mailan despilfarroari, ustelkeriari, ohitura burokratikoei… aurre egiteko modurik eraginkorrenak langileen kontrola eta masek oinarrizko erabaki politikoetan parte hartzea dira. Modu honetan, ekonomia kubatarrak batez ere blokeoagatik eta garapen atzeratuagatik bizi dituen momentu zail hauetan, ez da automatikoki atera behar merkatu gehiagoren beharraren ondorioa. Aukera hau, aukera politiko bat da. Bestea, mundu mailako iraultzaren bultzada eta langileen demokrazia da, iraultzaren ondorioz lortutako konkista guztiak mantentzeko bide bakarra.