Komunistek klase sozialen eta Estatuaren desagertzea bilatzen dute. Klaseen existentzian du, azken finean, Estatuak jatorria. Hala ere, komunismora heltzeko, langile klaseak antolatu egin behar du burgesiaren biolentziari aurre egiteko, salbuespen historikorik gabe, beti erakutsi baitu bere pribilegioak arriskuan ikusten baditu bide hori hartzen duela.

Egin klik hemen liburua jaisteko

Klase batek beste baten biolentzia antolatuari aurre egin nahi badio, gizon-emakume armatuak eta antolatuak beharko ditu, norabide bakar baten pean, jokua irabazi nahi badu. Gizon-emakume armatu talde horrek, eufemismoak erabili nahi ez baditugu, Estatuaren izena hartzen du eta talde hori langileen zerbitzura badago, Langile Estatuaren izena hartuko du. 

Baina Estatu honek funtsezko desberdintasuna du, Langile Estatua gehiengo zapalduak gutxiengo zapaltzailea “erreprimitzeko” tresna biolentoa da. Gainera, Estatu honen helburua desagertzen joatea da klase sozialen desagerpenarekin batera eta kapitalismoa gizarte sozialista batez aldatzea, demokratikoki kudeatutako ekonomia planifikatua duen gizartea eraikiz.    

Udaberriko langile iraultzaren garaipenaren ondoren, 1917ko urrian alderdi boltxebikeak Errusiako boterea hartzen duenean, Langile Estatua ez da dagoeneko gai teoriko bat soilik. Errealitate praktiko honetan anarkistek, komunismorako trantsizioan Langile Estatua ez dela beharrezkoa uste baitute, posizionatu egin behar dute. Estatu sobietarrak, bertako burgesiaren kontrairaultzari aurre egiteaz gain, iraultza suntsitzera zetozen hogeita bat ejertzito atzerritarren aurka borrokatu behar izan zuen. 
Hemen kokatzen da Preobrazhenskiren Anarkismoa eta Komunismoa liburua. Langile mugimenduaren barruan bi tendentzia hauek dituzten ezberdintasunak aztertzen ditu liburuak. Nola antolatu ekonomia kapitalismoaren erorketaren ondoren? Ekoizteko indarren jabegoa? Klaseen desagerpena eta, noski, Estatuaren gaia? Preobrazhenskik, beste gai batzuen artean, galdera hauei erantzuna ematen die liburu bikain honetan.

Egileak langileen sektoreko anarkismoa erakarri nahi du batez ere marxismoaren ideietara. Aldi berean, beren intereserako anarkismoa erabiltzen duten burges txikiak salatzen ditu, Estatu mota guztien aurka daudela esaten dutenak inongo bereizketarik egin gabe. Anarkista hauek Langileen Estatu sobietarra bera ere kritikatu egin zuten burgesiaren eta inperialismoaren aldean jarriz.

Federiko Engels Fundazioak argitaratzen duen edizio honetan Preobrazhenskiri buruzko sarrera dago. Bertan, Estatu sobietarrak sufritutako kontrairaultza stalinista azalduz, boltxebike ondradu askok jasandako kasu beldurgarriak agertzen dira.  
Ondorengo garai iraultzaileek, bereziki Euskal Herriko eta Estatu Espainiarreko gerra zibilean anarkistek paper garrantzitsua jokatu zuten, Estatua eta alderdiarekiko postura garbi bat eduki behar dela erakutsi zuten.  
Gaur egun, Latinoamerikako prozesu iraultzaileek erakusten dute langile klaseak boterea hartzearen gaia gori-gorian dagoela. Esperientzi iraultzaileetatik beharrezko ikasgaiak ateratzea premiazko lana da eta liburu honek eginkizun horretarako laguntza bikaina emango digu. Aldi berean, iraultzarengatik sakrifizio handiak egin zituzten eta egiten dituzten anarkista askoren izaera iraultzaileari esku zintzo bat eskaintzen die liburuak.