Zer da Nazioa? Edozeini honen inguruan galdetuz gero ziurrenik lurralde baten antolaketa politikoaren, gizarte komunitate baten edota kulturaren inguruko erreferentziaren bat emango liguke. Hain zuzen ere, nazionalismoen historiaren inguruko edozein testu liburutan nazioaren inguruan ematen diren bi definizio multzo handiak azalduko zaizkigu: eragin frantziarreko definizioa, kutsu politikokoa, eskubide zibil eta politiko berdinak dituzten hiritarrek osaturiko komunitate bati erreferentzia egingo liokeena, eta eragin alemaniarrekoa, ezaugarri kulturaletan pisua ipiniko lukeena. Ideia hauetatik dator, alegia, nazio kultural batek nazio politiko, Estatu, bilakatzeko eskubidea izatearen beharra. Eta marxismoak hasieratik defendatu zuen langile mugimenduak autodeterminazio eskubide hori defendatzearen beharra.
Egin klik hemen liburua jaisteko
Esku artean duzun idazlan hau Euskal Herria Sozialista aldizkariko artikuluez osaturiko bilduma bat da. Aldizkari hori atera genuen lehen aletik, atal berezi bat eskaini diogu arazo nazionalari. Gure helburua batez ere honakoa zen: askapen nazionalaren aldeko borrokan marxismoak defendatu eta defendatzen dituen ideiak azaltzea. Nazioen zapalkuntzaren aurkako borroka, hau da, nazio guztien berdintasunaren aldekoa, oinarrizkoa da iraultza sozialistaren aldeko borrokan eta horregatik marxismoak funtsezko garrantzia eman dio gai honi.
Marxismoari eta mugimendu komunistari orokorrean egotzi zaien kexetako bat zera izan da: iraultza sozialistaren eginbeharra soziala bada, trakeski laburbilduz, antolaketa sozio-ekonomiko jakin batetik sortzen diren gaitzei aurre egitea baldin bada, auzi nazionalarekin ez du zerikusirik marxismoak, ez dagokio marxismoari auzi nazionalaz aritzea, auzi hori mugimendu “nazionalisten” monopolio baita. Auzi nazional eta kulturala, arazo sozial ororen gaindi, klase desberdintasun ororen gaindi, gose, soldata baxu, langabezia eta pobrezia ororen gaindi dagoen auzi bat da tesi honen arabera, bere borroka modu propio eta bereziak dituena, eta komunismoak honekin ez du inongo zerikusirik. Tesi honen defendatzaileak zeintzuk diren ikusi behar ordea. Euren “naziokideak” komunismoaren birusarekin gaixotzea nahi ez duten burgesak. Hein horretan du, hain zuzen, interesa marxismoak auzi nazionalaren inguruan. Auzi nazionala auzi politiko bat da, lehen mailako garrantzia duena, gizarte batean ematen den boterearengatiko borrokan oinarrizko papera jokatzen duena, eta klase borrokan duen eraginagatik marxismoari zuzenki eragiten diona. Auzi nazionala, era berean, auzi serioa da, diskurtso nazionalista oso arma arriskutsua bilakatu baitaiteke klase agintariaren edota burgesia txikiaren eskuetan, langile klasearen iraultzailetasuna itzaltzearen bidean.
Horixe da artikulu zerrenda hauen xedea, klase agintariaren asmo horiei aurre egitea, gure belarriak burgesiaren garrasiarekin bakarrik bete beharrean, gai honen inguruan marxismoak izan dituen iritziak kontrajartzea. Artikulu hauetan zehar gai ezberdinak jorratuko dira. Euskal burgesia nazionalistaren historiari begirada bat emango zaio gure kasurako duen interes zuzenagatik. Auzi nazionalak historian zehar izan duen bilakabidea agertuko da, marxismoaren ikuspegitik. Auzi nazionalari marxismoak garrantzirik eman ez diola dioten haiei erantzunez, Marxek eta Engelsek gaiaren inguruan izandako iritzia agertuko da. Leninek eta Errusiako Iraultzak gaiari emandako garrantzia agertuko da beste artikulu azpi-zerrenda batean, eta Urriaren ostean auziak izan zuen bilakaera, stalinismo burokratikoaren garapena eta azken instantzian Gerra Hotzaren amaiera ematen den testuinguru batean. Azkenik berriz, eta marxismoari auzi nazionalaren inguruan egotzi zaizkion gezurrak agerian uzteko, Leninen artikulu baten itzulpena aurkeztuko dugu, lehen iturrietara jota mito eta kondairekin apurtzeko asmoz.
Leninek azaldu zuenez “Kultura nazional bakoitzean, garaturik ez badaude ere, kultura demokratikoaren eta sozialistaren elementuak daude, nazio bakoitzean langile masa zapaldu bat baitago, bere bizi baldintzek ideologia demokratiko eta sozialista bat garatzea ekartzen duelarik nahita ez. Baina nazio bakoitzean aldi berean kultura burges bat dago (eta gainera, kasu gehienetan, ultraerreakzionarioa eta elizkoia), eta ez ‘elementu’ soil baten itxuran bakarrik, kultura agintari bat bezala baizik. Horrexegatik, ‘kultura nazionala’ orokorrean lurjabeen, apaizen eta burgesiaren kultura izan ohi da”. Iraultzaile kontziente ororen eginkizunak burgesiaren aurkako borroka praktiko bat egitearekin batera, borroka teorikoa egin beharra ere planteatzen du. Klase agintariak jakintzaren gainean duen monopolioa gizakiaren erabateko emantzipazioa eskuratzeko beste eginkizun bat da. Gizarteak nazioaren inguruan, orokorrean, eta bere nazioaren inguruan, zehazki, gehien entzun dituen diskurtsoak hain zuzen kultura agintari horretatik etorri dira, kultura burgesetik, eta iraultza sozialistarako bidean langile klaseak apurtu beharko duen beste uztarri bat izango da.