Estatuaren gaia beti izan da oinarrizkoa marxismoarentzat. Hainbat textu marxistaren funtsezko gaia izan da, adibidez lan hauetan: Engelsen Familiaren, jabego pribatuaren eta Estatuaren jatorria eta Marxen Luis Bonaparteren Brumaire 18. Baina inongo dudarik gabe, Estatuaren teoria marxistaren esentzia ongien aztertzen duen lana Leninen Estatua eta Iraultza da, XX. mendeko idatzirik garrantzitsuenetakoa delarik.

Egin klik hemen liburua jaisteko

Estatuaren gaia beti izan da oinarrizkoa marxismoarentzat. Hainbat textu marxistaren funtsezko gaia izan da, adibidez lan hauetan: Engelsen Familiaren, jabego pribatuaren eta Estatuaren jatorria eta Marxen Luis Bonaparteren Brumaire 18. Baina inongo dudarik gabe, Estatuaren teoria marxistaren esentzia ongien aztertzen duen lana Leninen Estatua eta Iraultza da, XX. mendeko idatzirik garrantzitsuenetakoa delarik.

Nahiz eta Estatuaren gaia garrantzi ikaragarrikoa izan, normalean langileen gehiengoaren arreta hartzen ez duen zerbait da. Gertakari hau ez da kasualitate bat. Estatuak ez luke erabilgarritasunik izango klase dominatzailearentzat jendeak ez balu pentsatuko ez dela kaltegarria, inpartziala dela edo sinpleki esanda “hor dagoen” zerbait dela. Horregatik, ez zaie inolaz ere interesatzen masen arreta erakartzea gai horretara, ez dute nahi instituzio honek ordezkatzen duena azaltzea. Estatuari buruzko edozein eztabaida lekuz kanpo dagoela kontsideratzen da, onartezina. Konstituzioa, monarkia, ejertzitoa, “justizia”... mundu mailako gaur egungo politikan tabuak dira praktikoki “demokrazia” deitzen den honetan. Azken finean, Estatua “denona da”, ez al da horrela?

Marxismoak erakusten du Estatua, hau da Estatu oro, klase batek bestea zapaltzeko tresna dela. Horregatik, Estatuak ezin du neutrala izan. Manifestu Komunista-n esaten zuten Marx eta Engelsek honako hau: “Estatuaren gobernua klase burges guztiaren negozio komunak administratzeko batzar bat besterik ez da” (Marx eta Engels, Manifestu Komunista). Eta errealitatean horrela da. Demokrazia burges formalaren erregimenpean, bakoitzak nahi duena esan dezake (batzuetan hori ere ez), baina bankuak eta monopolio handiak dira zer gertatuko den erabakiko dutenak. Beste modu batean esanda, demokrazia burgesa kapitalaren diktadura handia adierazteko beste modu bat da.

Bere hitzak arretaz aukeratuta, Leninek Estatua honela karakterizatzen du: “Itxuraz gizartearen gainetik dagoen boterea”. “Legalitate inpartzialaren”, “denentzat justiziaren” etabarren itxura hau Elizak eta moralitateak santifikatuta dago. Anatole France idazle famatuak legearen inpartzialitateaz hitzegiterakoan dio aberatsei eta behartsuei eskubide berdina ematen diela gosea pasatzeko eta zubi azpian lo egiteko. Inpartzialitatearen fatxadaren atzean klaseko interesak gordetzen dira. Hala ere, garai normaletan jendea orokorrean ezer zalantzan jarri gabe, hori onartzera ohituta dago. Normala eta aldaezina iruditzen zaie. Hau ulergarria da zeren horrekin jaiotzen dira eta bizi osoan inguratzen dute. Krisi gogorrek gizartearen zutabeak astintzen dituztenean bakarrik puskatzen ditu jendearen gehiengoak bere ohitura, errutina eta tradizioak, eta errealitate gordinari aurre egiten die. Une honetan, zapalduak bere zapaltzaileen aurka altxatzen hasten direnean, Estatuak bere benetako aurpegia erakusten du azpijoko, errepresio, etabarrekin.  

Estatu burgesaren eta honen legeen gaia aztertzea beharrezkoa gizartea aldatzeko eta Leninen liburu hau garrantzitsua da zapalduon borroka prestatzeko. Errusiako iraultzan protagonista izan zenaren klasiko hau oinarrizkoa da marxismoaren ezagutzan.

Legeen kontua noski ez da gauza berria, Solon Handiak, Atenasko Konstituzioaren egileak, lege eta konstituzio kontuetan aditua zen honek ondorengo hau esan zuen: “Legea armiarma sare baten modukoa da: txikiak itsatsita geratzen dira eta handiek pusketetan hausten dute”.