Euskal langileriaren artsenal teorikoari ekarpen berri bat egin asmoz, Euskal Herria Sozialistaren eta Federiko Engels Fundazioaren eskutik James Connollyren Klase zapalduak Irlandaren historian liburua argitara eman da euskaraz. Pazkoko Altxamenduaren lehen lerroan egon zen marxista irlandar honek 1910ean eman zuen argitara bere liburua, Irlandako uholde iraultzailea hasi baino pittin bat lehenago eta Pazkoko Altxamendurako hamarkada erdi falta zela. Ipin dezagun beraz liburua bere testuinguruan, garaiko gertakariak eta Connollyren figura irakurleari ekarriz.

Egin klik hemen liburua jaisteko

1916ko apirileko Pazko astelehenean Irlandako Hiritarren Armada eta Boluntario Irlandarrak armak hartuta Inperio britainiarraren aurka altxa ziren, Irlandaren askatasuna eskuratzeko helburua eta Errepublika irlandarra fundatzeko asmoa zutela. Funtsean, altxamendu honen atzean, irlandarrek Inperio britainiarraren eta kapitalismoaren oinpean jasandako zapalkuntza nazionaleko mende ugariak metatzen ziren. Zapalkuntza honetan kapitalista irlandarren eta hierarkia katolikoaren kolaborazioa izan zuten, hauek interes britainiarrekin estuki loturik baitzeuden. Altxamenduak, apirilaren 24tik 30era luzatu zenak, Dublingo posizio klabeak hartzea lortu zuen eta bere buruzagiek Irlandako Errepublika Independentea aldarrikatu zuten, baina sei egun horien ostean, saiakera iraultzailea ejertzito britainiarrak garaitu zuen.

Errepresioa basatia izan zen. 3.000 susmagarri inguru atxilotu eta altxamenduaren 15 buruzagiak erail zituzten. Beraien artean James Connolly iraultzaile marxista zegoen, larriki zauritua izanik ere altxamendua azken uneraino gidatu zuena, ohe batean garraiatzen zutelarik. Aulki batera lotuta fusilatu zuten, bere zauri larriek zutik egotea baimentzen ez ziotelako.

James Connolly marxista irlandarra

Connollyk Irlandaren askapen nazionala langileen borrokarekin eta sozialismoaren aldeko kausarekin batzen zuen. Bere arabera, “langileen kausa Irlandaren kausa da, eta Irlandaren kausa langileen kausa da. Ezin bereiz daitezke”. Connolly Irlandako Langileen Sindikatu Orokor eta Garraio Sindikatuaren (ITGWU) idazkari nagusia zen. Lehen Mundu Gerra hasi aurretik Irlanda astindu zuen oldarraldi iraultzailea zuzendu zuten buruzagien arteko garrantzitsuenetariko bat izan zen. Gertakari historiko hauek Dublindik Belfasteraino hedatu ziren eta garrantzitsua da Connollyren zuzendaritzapean langile katolikoen eta protestanteen batasuna gauzatu zela azpimarratzea, patroien aurkako borroka berean. 1911ko urrian ehungintzako andrazko langileen greba famatua zuzendu zuen Belfasten, soldata errukigarriak zituzten emakumeak antolatzea eskuratu zen gatazka batean.

1913 urtean enpresariek itxiera patronala erabili zuten greben uholdeari aurre egiteko. Burgesia irlandarraren egiazko papera praktikan ikusi ahal izan zen. Hasiera-hasieratik langileak eta hauen erakundeak zanpatzeko nahi osoa erakutsi zuten. Itxiera enpresarialari aurre egiteko helburuz, Connollyk langile britainiarren elkartasunari dei egin zion eta langile mitinak antolatu zituen Ingalaterran, Eskozian eta Galesen. Baina langile ingelesek, eskoziarrek eta galestarrek laguntza eta elkartasuna emateko borondate osoa erakutsi bazuten ere, euren zuzendaritza sindikalek, burgesia ingelesarekin kolaboratuz, uko egin zioten elkartasunezko grebak antolatzeari.

Irlandako Hiritarren Armadaren jaiotza

Mugimenduari aurre egiteko eta langileria lerro erlijiosoetan zatitzeko, burgesia ingelesak eta irlandarrak sikarioen bandak antolatu zituzten Belfasteko auzoetan. Connollyk bazekien eraso sektarioen aurka borroka egitea funtsezkoa zela langile mugimendua baturik mantentzeko eta borrokari jarraipena emateko. Enpresariek bidalitako hiltzaile hauengandik babesteko langileek Irlandako Hiritarren Armada sortu zuten. Euren ia kide guztiak langileak ziren: zamaketariak, garraio langileak, eraikuntzakoak, inprenta langileak eta langile klasearen beste sektoreetakoak. Lehen aldia zen Irlandan langileek kapitalistengandik defendatzeko erakunde armatu bat antolatzen zutena. Lehen unetik, Connollyk Irlandako Hiritarren Armada proletalgoaren masa erakundeei lotu zuen eta ez zituen inoiz hamarkada batzuk geroago Behin-behineko IRAk erabiliko zituen metodo armatu eta sektarioak erabili. Egiazko langile milizia bat zen, armada gorri bat.

Mugimendu iraultzailea Lehen Mundu Gerraren eztandak eten zuen. Egoera horren aurrean, Connollyk jarrera internazionalista hartu zuen eta gerra inperialistari eta Internazional Sozialistako buruzagien traizioari aurre egin zien, Leninek, Trotskyk, Rosa Luxemburgok eta beste hainbat internazionalistek egin bezala. Internazional Sozialistako buruzagien traizioari buruz Connollyk honakoa esan zuen Langile Errepublika egunkarian: “Gizon hauek hil behar badute, ez al litzateke hobe euren herrialde propioan hiltzea euren klasearen askatasunaren alde borrokatuz eta gerraren abolizioa defendatuz, atzerriko herrialdeetara joan eta euren anaiak hilez eta hauengandik hilak izanez, tirano eta esplotatzaileek bizirik jarrai dezaten, hilak izan baino?”. Era berean, TUC sindikatu britainiarrak gerrari emandako babesa kritikatuz hauxe idatzi zuen: “Izan zen garai bat Kongresuaren ahobatezko ahotsak langile klaseak klase kapitalista beste etsairik ez zuela aldarrikatu zuena, eta bere herrialdekoa lehen lekuan!”.

 Pazkoko Altxamendua

Gerra hasi zenetik Connolly ia isolaturik gelditu zen nazioarteko harremanik ez zuelako. Bazirudien Irlandatik kanpo langile mugimendua hilda zegoela. Honen aurrean, inperialismo britainiarraren aurkako altxamendua antolatzea beharrezkoa zela ondorioztatu zuen, Europako langile iraultzaren metxa pizteko. Horretarako aliantza bat egin zuen Boluntario Irlandarren buruzagi burges txikiekin, etorkizunean bere bizitzarekin ordaindu beharko zuena.

Autoritate britainiarrak langileen buruzagirik garrantzitsuenak atxilotzeko planifikazioetan ari zirenaren zurrumurruak zebiltzan batetik bestera eta Connollyk erasora igarotzea beharrezkoa zela erabaki zuen. Kolpea ematen aurrenekoak izatea hobea zela pentsatu zuen, baina errealitatean testuinguruaren baldintzak ez ziren mesedegarrienak altxamendu arrakastatsu bat antolatzeko. Batetik, langile klasea ahulduta zegoen eta Boluntario Irlandarren buruzagiak zalantzati agertzen ziren. Connolyk, ordea, garaipena eskuratuko zutenaren konfiantza zuen eta bere aurreikuspenetan erratu bazen ere, bere ekintzak sarraski inperialista babestu zuten buruzagi sindikal haien jokabide koldarretik erabat bereizten ziren. Hala ere, akatsak egin zituen. Altxamenduak ahultasun puntu handiak zituen, ez zen greba orokorrik deitzeko saiakerarik egin eta soldadu britainiarren artean ez zen propagandarik egin iraultzaren helburuak azaltzeko eta borroka hartara erakartzeko.

Matxinadaren bezperetan Boluntario Irlandarren buruzagiak, Eoin MacNeillek, bere militanteek altxamenduan ez zezatela parte hartu agindu zuen. Honela, berriro ere errepublikar burges txikien traizioa burutu zen. Irlandako Hiritarren Armadarekin batera Dublingo Boluntario Irlandarren 1.500 kidek bakarrik hartu zuten parte. Ikuspuntu militar batetik, altxamendua hasi baino lehenagotik kondenaturik bazegoen ere, Boluntarioen buruzagien traizio hura gabe matxinadak arrakasta are handiagoa eskuratu ahal izango zukeen.

Langile klase irlandarrak porrot izugarria jasan bazuen ere, hilketa inperialistak oraindik ere jarraitzen zuen eta buruzagi sozialdemokratek euren burgesia propioak babesten zituzten testuinguru hartan, Pazkoko Altxamenduak bretxa garrantzitsu bat ireki zuen. Leninek, une hartan iraultzaile talde txiki batekin isolaturik aurkitzen zenak, gogo biziz jaso zituen altxamenduaren inguruko albisteak. Bere ustez, langile irlandarren zoritxarra behar baino lehenago altxatu izana izan zen, Europan iraultza sozialista oraindik ere heldu ez zen une batean. Altxamendua pare bat urte beranduago izan balitz, 1917ko Errusiako Iraultzak Europa osoan zehar mugimendu iraultzaile izugarria zabaldu ostean alegia, langile irlandarren iraultza ez zen isolaturik geldituko.

Alderdi iraultzailearen beharra eta James Connollyren ondarea

Connollyk Alderdi Laborista irlandarra sortu zuen, sindikatuetan eta langile klasean oinarri sendo bat zuena; baina hala ere, eta Leninek ez bezala, ez zuen marxismoaren teoria eta metodoekin armaturiko alderdi iraultzaile bat eraiki. Hau izan zen, zalantzarik gabe, bere akatsik larriena. Connollyk berak defendatzen zituen ideiei jarraikortasuna emango ez zien alderdirik gabe, burgesiak eta burges txiki irlandarrek, egoeraz baliaturik, mugimenduaren kontrola eskuratu zuten. Irlandarren borroka gerrillarien metodoetara desbideratu zen eta urte batzuk geroago, berriro ere, burgesiak eta IRAko sektore buruzagi burges txiki batek herria traizionatu zuten. Europan piztu zen mugimendu iraultzailea ikusita eta Irlandan bertan iraultza gertatuko zenaren beldur 1921ean burgesia irlandarra Londresekin akordio batetara iritsi zen irla bitan bereizteko, Hegoaldeko Irlanda “Estatu Libre” bezala aurkeztuz. Inperialismo britainiarrak bere historiaren luze zabalean aplikatutako “bereizi eta garaituko duzu” leloak bere helburua eskuratu zuen: langile klase irlandarra zatitu zuen, bere borroka iraultzailea eta honekin batera askapen nazionaleko mugimendua ahulduz.

Gaur egun Sinn Feineko buruzagiek modu okerrean egiten duten bezalaxe, Ipar Irlandako gatazka politiko nazionala konpondurik dagoela edota bide onean doala esanaz, 1921ean sektore burges txikiek “Estatu Librea” aurrera pauso handi gisa aurkeztu zuten, sozialismoaren aldeko borroka zalantzazko etorkizun baterako utziz. Baina egun bai hegoak bai iparrak kapitalista ingelesen aginte ekonomiko eta politikoaren menpean jarraitzen dute. Honen inguruan jada ohartarazi zuen James Connollyk: “Bihar Ejertzito ingelesa botatzen baduzue eta bandera berdea Dublingo Gazteluan eskegi, Errepublika Sozialista antolatzeari ekiten ez badiozue behintzat zuen esfortzuak alferrikakoak izango dira. Ingalaterrak zuek menderatzen jarraituko du. Beraien kapitalisten bidez menderatuko zaituzte, lurjabe handien bidez, finantzarien bidez, herrialde honetan landatu dituzten merkataritza erakunde eta erakunde indibidualisten bidez, gure amen malkoez eta gure martirien odolez ureztaturik. Ingalaterrak porroteraino eraman arte menperatuko zaituzte, baita zuen ezpainek bere kausa traizionatu zenuten Askatasun horren santutegiari omenaldi hipokrita bat eskaintzen badiote ere”.

Connollyk askapen nazionaleko borroka beti klaseko ikuspuntutik aztertu zuen, sozialismoaren aldeko borrokaren ikuspuntutik. Ez zuen inoiz konfiantzarik izan burgesia irlandarrarengan eta bere helburua langile klasearen mugimendu independentea eraikitzea izan zen. Berarentzat hauxe zen Irlanda aske bat eskuratzeko bide bakarra. Bera hil ostean gertatutako guztiak arrazoia eman dio. Irlandaren askapen nazionalaren aldeko borroka erabat loturik dago iraultza sozialistarekin, herri bakar batek ere ezin du egiazko askapen nazionala eskuratu kapitalismopean. Hori dela eta langile katoliko eta protestanteen batasuna eskuratzeari begira egingo zuen borroka bere bizitza osoan.

Hor kokatu behar da hain zuzen bere liburua. Burgesia eta burgesia txiki nazionalistek idatziriko historiaren mitifikazio guztiak eraistearen lana hartuko du Connollyk eta langileriari klase agintarien diskurtsoei aurre egiteko tresna bikaina esleituko dio. Euskal Herrirako irakasgai interesgarriak eman ditzakeen lana izanik, Irlandaren kasuan bezalaxe, beharrezkoa da euskal askapen nazionalaren alde borrokatzen duen langile, gazte, sindikalista eta militante orok Connollyren irakaspenak gogoan izatea, adibide praktiko bat baita azken finean. Bide batzuk hautatuz gero helmuga zein izan daitekeen erakusten digute Irlandako gertakari haiek. Historiaren akatsak ez errepikatzea oinarrizkoa da. Halakorik gerta ez dadin, irlandar iraultzaileen historiak erakusten digu bidea: askapen nazionalik ez da posible askapen sozialik gabe.