Gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatu!

40 urte bete dira 1978ko Konstituzioa indarrean jarri zenetik, hain zuzen ere, bertatik jaio zen erregimena erabat hondoa jota dagoen testuinguru batean. Sistema kapitalistaren krisi orokorrak, 2007an hasi eta harrez geroztik inposatu dizkiguten austeritate eta eskubideen murrizketa politikek, legitimitate guztia kendu diote Trantsizioaren akordioen eskutik jaiotako instituzioei. Gero eta gordinagoa den polarizazio sozialeko testuinguru honetan, inoiz baino argiago ikusten da, konstituzioaren aldarri arranditsuen azpian, klase kapitalistaren menperatzea baino ez dagoela.

Duela gutxi ikusi ahal izan dugu zein den Estatu kapitalistaren benetako izaera: bateko, Auzitegi Gorenak erabaki bat aldatu du, egun batetik bestera, banketxeak ez kaltetzeko; besteko, PP, PSOE eta Podemosen arteko negoziazio ustela eta ikuskizun negargarria Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko.  “Botereen arteko banaketa”, “Justiziaren independentzia”, “Parlamentua herri subirautzaren ordezkaria da” edo “denon gobernua” bezalako aipuak fikzio hutsak dira. Marx eta Engelsen hitzek bizirik diraute 78ko erregimenaren funtzionamendua begiratzean: “Botere publikoa, funtsean, burgesiaren interes kolektiboak kudeatzeko administrazio kontseilua baino ez da”

Trantsizioaren kontakizun ofiziala

40 urtez bide ofizialek zein PSOE eta PCE/IU alderdien zuzendaritzek 78ko Konstituzioaren esanahi historikoari buruzko diskurtso  desitxuratua zabaldu dute. Haien arabera, Franco diktadorea hil ondoren, indar politiko nagusiek, balizko  herritarren gogoa bereganatuz, akordio bat egin zuten. Alde batetik,  hamarkadetako enfrentamendu eta indarkeriari amaiera emateko asmoz, iraganeko gorrotoa atzean utzita. Bestetik, askatasunez, bakean eta oparotasunez bizi ahal izateko etorkizuneko oinarriak jarriz. 

Urte horietan gertatutakoa urrun da oso demokrazia eta berradiskidetzearen diskurtso faltsutik. Beraz, hori ezagutzeak lagunduko digu egungo egoera eta erregimenaren krisiaren sustrai politikoak eta sozialak hobeto ulertzen. 

1936ko gerra amaitu eta gero, Estatu espainiarreko burgesiak eta lurjabe handiek haien klaseko menperatzea bermatu zuten, Francoren diktadura kriminalari esker. Kapitalistek ederki aprobetxatu zuten erregimen frankistaren ahalmen errepresiboa langile klasea esplotatu eta mozkinak erruz ateratzeko, betiere, espetxeaz eta heriotzaz mehatxatuz gutxieneko eskubideak aldarrikatzera ausartzen zirenei, hori modurik epelenean egin arren.

50. hamarkadan, kapital estatubatuarra eta europarra ohartu ziren frankismoak haien inbertsioetarako egiazko paradisu bat eskaintzen zuela. Industrializazioak sekulako aurrerakada izan zuen. Ia 5 miloi nekazari eta jornalari jaioterriak utzi eta hiri handietara joan ziren bizkor hedatzen ari zen industrian lan egitera. Langileen hazkundeak ahalbidetu zuen ekintza sindikala eta politikoa klandestinitatean  antolatzea, eta azkar zabaldu ziren era guztietako grebak eta protestak.

Francoren diktaduraren azken urteek bat egin zuten Bigarren Mundu Gerra osteko kapitalismoaren lehen krisi orokorrarekin, hau da, 1973-1974ko krisia. Diktadorearen heriotzak, 1975ean, egoera aurreiraultzaile bat ireki zuen, 1977ko lehen hilabeteetaraino iraun zuena. Denboraldi horretan, langile borrokak, fabriken okupazioek, indar errepresiboen aurkako istiluek eta masa mobilizazioek  mailarik borrokalariena erakutsi zuten 30. hamarkadaz geroztik. Lan indarraren ia %90ak grebetan parte hartu zuen hilabete horietan. Aldarri ekonomikoekin hasten ziren borrokak berehala hartzen zuten erregimena azpiratzeko mugimendu politikoen izaera. 1976ko martxoko Gasteizko greba orokor handia, langile kontseiluen zinezko muinak ziren komisio ordezkagarriek bultzatua, egoera honen erakusle argia izan zen.

Urteetan zehar burgesiaren boterea bermatu zuen Estatu frankistaren aparatua ez zen gai errepresioaren bidez beldurra galdu zuen langile klasearen oldarraldia gelditzeko. Burgesiaren izua izan zen Francoren erregimenaren oinordekoen eta oposizio klandestinoko buruzagien hurbiltzea eragin zuena, Felipe Gonzalez (PSOE) eta Santiago Carrillo (PCE) buru zirelarik. Burgesiaren helburua argia zen: langileen masa-alderdien buruzagi erreformistak egonkortasun politiko eta ekonomikorako egitasmoetara erakartzea eta elkarlan horrekin leherketa sozial baten arriskua ezabatzea, geroz eta gehiago jotzen baitzuen langile mugimenduak sistema kapitalistaren oinarriak ezbaian jartzera.

Indarren arteko erlazioa argi eta garbi zen langile klasearen aldekoa. Portugal eta Greziako diktadura faxisten hondoratzeak iraultza sozialistarako baldintza ezin hobeak sortu zituen. Hala ere,   PCE eta PSOEko buruzagiek amore eman zuten eta bere egin zituzten nazioarteko eta estatu espainiarreko kapital handien egitasmoak.

Burgesiak, benetan izuturik ikusi zuen nola erori zen 1976eko uztailean Arias Navarro eta Fraga Iribarneren lehen gobernu postfrankista langileen mobilizazioen aurrean. Baina buruzagi erreformisten laguntzarekin konfiantza bereganatu zuen, hori bai, errepresioaren erabilerari uko egin gabe (poliziak, guardia zibilak eta talde faxistek 159 ezkerreko militante erail zituzten). Buruzagi erreformista horiei eskatu zizkieten eta onartu zituzten kontzesio guztien ondorioak, gaur egun ere, pairatzen ditugunak dira.

Itun konstituzionalak utzitako herentzia

Egun arte, Antonio González Pacheco, Billy el Niño, bezalako torturatzaile dohakabe eta ankerrak ez baditu bere krimenak ordaindu, eta inpunitate osoz ibiltzeko askatasuna badu, 1978ko Konstituzioaren inguruko akordioei esker izan da, besteak beste.

Preso politikoen aldeko aldarriak indar handia zuen. Horregatik, 1975eko azaroan, Franco hil eta egun gutxitara, erregimenak 700 preso askatu behar izan zituen. 1976an zehar, segitu zuten jendea espetxeetatik ateratzen greben eta amnistiaren aldeko mobilizazio masiboen presiopean, bereziki indartsuak Euskal Herrian. 1977ko hauteskunde orokorren ondoren Amnistiaren Legea atera zen, bere garaian PCEko buruzagiek saldu zutenez Trantsizioko akordio garrantzitsuenetarikoa,. Denbora aurrera joan ahala, askoz ere argiago ikusi izan da kontzesio hura benetan akats izugarria izan zela. Funtsean, puntu eta kittoko legea izan zen, diktaduraren erantzuleak lasai utzi zituena, errepresio politikoa, torturak, bortxaketak eta erailketengatik ordaindu beharrik izan gabe.  Borreroak eta biktimak parekatzen dituen Lege hau onartu izanak ekarri du, esaterako, PPek eta Ciudadanosek, lasai asko,  erregimen frankista kondenatzeari uko egitea.

PSOE eta PCEren beste kapitulazio ikaragarria izan zen nazioen autodeterminazio eskubidea ukatzeko politiko frankisten eskutik egin zuten akordioa. Aldarrikapen hau ezkerreko alderdien programan zegoen eta Estatu mailan txoko guztietan defendatzen zen indar handiz. Horri esker, Katalunia, Euskal Herria eta Galiziako askapen nazionalaren aldeko borrokak, bertako kulturaren eta eskubide demokratiko eta nazionalen zapalketa gogorra sufritu zutenak diktaduran, langile mugimenduaren batasuna estutzen lagundu zuten.

Jakina, amore emate horrek ez zuen arazo nazionala desagerrarazi: “Autonomien Estatuaren” markoak ez zion auziaren benetako muinari inolako konponbiderik eskaini. Autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka etenik gabe garatu da Euskal Herrian eta Katalunian edo Galizian eta 2008ko krisiak eragindako polarizazio sozialak borroka hori nabarmen sakondu du. Hamarkada hauetan ikusi ahal izan da espainiar mailako buruzagi erreformistak geroz eta uko handiagoa garatu dutela nazioen autodeterminazio eskubidearekiko. Podemoseko buruek, hori hitzez defendatu izan badute ere, Kataluniarekiko jokatu duten paper negargarriak argi erakutsi du praktikan haizea eman diotela Espaina handi eta bakarraren diskurtsoari, baita eskuin eta muturreko eskuinari ere.

EAJ betidanik sentitu izan da eroso autonomien Estatuarekin. Berarentzat eta euskal burgesiarentzat, espainiar edo katalanarentzat bezala, lehen eginkizuna langile mugimendu arriskutsu harekin amaitzea zen. Indar betean zegoen euskal langileriaren borrokak berehala konektatzen zuen gainontzeko estatuko langileekin, eta hori deuseztatu beharra zegoen haien iritziz. Gernikako estatutua eta Nafarroaren zatiketa kolpe latza izan ziren langile eta gazte askorentzat. Euskal burgesiarentzat berriz bere neurrirako politikak ziren, alde batetik nazio mailako zatiketan bere diskurtsoa indartzeko, baina bestetik langile mugimendua zapaldu eta kaleetatik ateratzeko erreforma partzialak argumentatuz. Egun ikusten dugu nola ederki etorri izan zaion eta behin eta berriz erabili duen 40 urtez Estatu espainiarraren errepresio aparatua eta bestalde nola erabili dituen instituzio autonomikoak burgesia indartzeko. EAJ 78ko erregimenaren alderdia dugu, aurreko urteko udazkenean Kataluniako altxamenduarekin jokatu zuen paperrean agertu zuen bezala, ustelkeriarekin zikindua eta politika kapitalisten defendatzaile sutsua, ezeren gainetik altxamendu sozial ororekin amaitzea duena lehen helburua.

2017ko urrian, herri katalanaren aurkako errepresio basatiak gordinki agerian jarri zituen Trantsizioko kapitulazio handi horien benetako ondorioak:  Estatu frankistaren aparatu nagusiek, errepresio tresnak barne, bere horretan diraute egungo konstituzioarekin. Izena aldatzeak, Audientzia Nazionala Orden Publikoaren Auzitegiaren ordez, ez du deus aldatu Estatuaren izaera frankista eta errepresiboa.

Ez zen kasualitatea izan Felipe VI izatea herri katalanaren aurka erasotzeko agindua eman zuena,  2017ko urriaren bateko mobilizaziotik bi egunera telebistako agerpenean. Hain zuzen ere, 1978ko Konstituzioan monarkia onartzeak beste behin ere erakutsi du ezker erreformistaren buruzagien izandako beste kapitulazio bat. 

Francok Borboien monarkia berrezarri zuen erregimenari jarraipena emateko. Eta buruzagi sozialdemokratek eta estatilinistek, men egin zutenean, lagundu zuten erregearen irudia iraunarazten aginte kapitalista mantentzeko. Zerbaitegatik Konstituzioak ez ohiko ahalmena ematen dio erregeari neurri betearazleak hartzeko, hots, militar mailakoak, salbuespen egoera kasu, baldin eta matxinada sozial batek burgesiaren interesak kolokan jartzen baditu.

78 erregimenarekin hautsi, sozialismoaren alde borroka egin

Gaur, Trantsizio urteetan bezalaxe, krisi ekonomiko eta sozial sakona jasaten ari gara, espainiar sistema kapitalistaren oinarri politikoak arrakalatuz. Mobilizazio benetan indartsuak agerian utzi dute 78ko erregimenarekin hausteko beharra sistema kapitalistarekin amaitzeko eginkizunarekin elkartzen dela.

Duela 35 urte bezalaxe, beste behin ere PSOEk, CCOO eta UGTren lankidetzarekin batera, bere gain  hartu du aldaketa gogoa zapuzteko eta bake soziala ezartzeko ardura. Baina azken hazkunde kapitalistaren agortzeak ezinezko egiten du 80 eta 90eko egoerara itzultzea. Garai hartan PSOE gauza izan zen, haren itzal politikoari eta Europako Batasunaren diru-laguntzei esker, langile klasearen aurkako kontraerreforma gogorrak aurrera eramateko, eraispen industriala kasu.

PSOEk, bake sozialaren zaindari lanetan, Podemosen zuzendaritzan aliatu bat aurkitu du. Pablo Iglesiasek, errespetagarritasunaren bila eta gobernuan ahalik eta azkarren  sartzeko kosta ahala kosta,  eraman du Podemos PSOEren makulu izatera, doikuntza ekonomikoa eta murrizketa sozialak “aurrerakoiz” jantzi aldera. Egun autodeterminazio eskubidea ukatzen edo mespretsatzen jarraitzen dute, langile klasearen batasuna zailduz eta eskuinari eta muturreko eskuinari adorea emanez. Akats larria.

Dena den, 78ko erregimena krisi bete betean dago, eta egin dezakeen gauza bakarra denbora irabaztea da. Polarizazio sozialaren larriagotzeak eta azken aldian eman diren borrokek erakusten dute kalean bakarrik  lortu ditzakegula aurrerapen sozial esanguratsuak.  Bide honetan, 78ko erregimenaren erresistentzia ankerrarekin topo eginen dugu, sistemaren egonkortasuna eta biziraupena hortzez eta haginez defendatuko baitu. Baina oraingoan ez dira errepikatuko Trantsizioaren saldukeriak eta kontzesioak. Langile mugimenduaren gorakadan, burgesiak beldurrez eskainitako eskua hartzearen eta amore ematearen arriskuak ondo ikasia beharko luke. Baita Euskal Herrirako ere, EAJak luzatutako eskua beti etorriko baita borroka eta aldarrikapenak albo batera uzteko baldintzarekin. Tinko borrokatuko dugu, eta frankismoaren gau luzeko milaka borrokalarien nahiari eutsiz, eraldaketa sozialistaren programa eta banderarekin, erregimen atzerakoi eta antidemokratikoa gaindituko dugu.