“Batzuek boltxebismoari buruz pentsatzen dutena pentsatzen dutela ere, ukaezina da Errusiako Iraultza gizateriaren historiako gertakari handienetako bat dela, eta boltxebikeen asaldatzea mundu mailako garrantzia duen fenomeno bat da”. (John Reed).

Errusiako Iraultzak giza Historian salto kualitatibo bat suposatzen du. Lehenengo aldiz, eta Parisko Komunaren pasarte heroikoa alde batera uzten badugu, milioika langile eta nekazari zapalduk botere politikoa eskuratu zuten kapitalisten eta lurjabe handien dominazio despotikoa suntsituz, eta nazioarteko ordena sozialista baten eraikuntzari ekin zioten. Burgesia langileek garaitua izan zen, eta oraingoan bai, lehen aldiz arrakastarekin. Oso logikoa da, beraz, nazioarteko burgesiari Historiako pasarte hau gehiegi ez gustatzea, garaituak izan daitezkela ikusarazi ahal baitioke edozein “zorori” gertakari honek, eta hori gerta ez dadin, onena Iraultza honi buruzko gezurrak zabaltzea, desitxuratzea da, edota existitu izan ez zela ere esatea. Burgesiaren gezur aparatuak ez du amaierarik eta horregatik kontu handiz hartu behar ditugu euren hitzak, eurek esandakoei arrazoiketa dialektikoa aplikatuz eta gezur horiek bistaratuz. Duela 90 urte altxa zen herri errusiarra zapaltzaileen aurka eta langile klaseak gertakari haiei buruz jakin dezan, zer hobe Iraultza handi honi buruz esan diren ipuinak kritika marxistaren ikuspuntuan ipintzea baino?

 

URRIKO IRAULTZA ESTATU KOLPE BAT IZAN AL ZEN?

 

Boltxebikeen irudia zikintzeko nahiagatik, erregistro historikoaren faltsifikazioak ez dira gutxi izan. Ohikoena Urriko Iraultza estatu kolpe odoltsu bat bezala deskribatzea da, hau da, gutxiengo txiki batek gehiengoaren bizkar eta metodo konspiratiboak erabiliz zuzendutako mugimendu bat bezala. Boltxebikeek, esaten digutenez, Otsaileko Iraultzatik sortu zen Behin-behineko Gobernuari boterea kendu zioten, gobernu hau herriaren borondate demokratikoa adierazten zuen erakundea omen zelarik. Eta historiak honela jarraitzen du: Leninen ”konspirazioak” aurrera egin izan ez balu, Errusia Mendebaldeko demokrazia parlamentarioaren bidean sartuko zitzatekeen eta bertako biztanleak zoriontsuak izango ziren behin betirako. Ipuin hau hainbestetan errepikatua izan da ezen askok akritikoki onartu duten. Eta ipuin hauetako guztien gisan, bere helburua zentzuak lokartzea da.

Burura datorkigun lehen gauza zera da: Behin-behineko Gobernuak benetan gehiengo izugarri bat ordezkatzen bazuen eta boltxebikeak konspiratzaile talde txiki bat soilik baziren, nola lortu zuten gobernua garaitzea? Azken batean, Behin-behineko Gobernuak, legez behintzat, Estatu aparatu osoaren kontrola zuen (ejertzitoa, polizia eta kosakoak), eta boltxebikeek, aldiz, Otsaileko Iraultzaren hasieran Errusia osoan 8.000 (150 milioi biztanle zituen Errusia Tsaristak) kide zituen alderdi txiki bat osatzen zuten. Nola izan zen posible halako gutxiengo batek hain Estatu boteretsua garaitzea? Estatu kolpe bat izan zenaren argudioa onartzen badugu, Leninek eta Trotskyk botere magikoak zituztela ere onartu behar dugu. Horixe da hain zuzen ipuinetan gertatzen dena! Tamalez, bizitza errealean, edota Historian, ez da hala gertatzen.

Errealitatean, Historiaren teoria konspiratzaileak ez du ezer azaltzen. Hain azaleko arrazoiketa metodoa, greba bakoitza “zalapartariek” eragindakoa dela uste duena eta ez lantegian pilatutako deskontentuak eragina, mentalitate poliziakoan oso tipikoa da. Baina greba bat zalapartarien ekintzei egozten dien poliziaren xedea nahiko argi dago. Ideia zera da, langile klaseak ez duela gaitasunik bere interesak zein diren ulertzeko (zeinak, noski, enpresarien berberak diren). Beraz, euren etorkizuna euren eskuetan hartzeko mugitzen hasten direnean, azalpen posible bakarra eskrupulorik gabeko demagogoek manipulatuak izan direla da.

Argudio honek alde batera uzten du ordea auziaren gakoa; nola lortu zuten Leninek eta Trostkyk gizarteko gehiengo erabakigarria “engainatzea”, eta bederatzi hilabeteko epe laburrean Alderdi Boltxebikea gutxiengo bat izatetik sobietetako, gizarte hartan zeuden organu demokratiko bakarretako, gehiengo bilakatzea, eta boterea hartzea? Behin-behineko Gobernuaren erabateko porrota agerian geratu zen, iraultza demokratiko-burgesaren eginkizun bat bera ere burutzeko gai ez zen izan eta hori oso erraz froga daiteke gertakizun bakar bat azalduz: Alderdi Boltxebikeak “ogia, bakea eta lurra” biltzen zituen programa batekin lortu zuen boterea Urrian. Behin-behineko Gobernua ez zen gai izan herri errusiarraren behar bat bera ere asebetetzeko. 1917ko harrigarriena masen parte-hartze aktiboa izan zen hain zuzen ere. Fenomeno hau da, azken finean, iraultza baten esentzia, masen mobilizazioa eta parte-hartzea. 

Iraultzaren uneetako Leninen testuetan masen gaitasun iraultzaileagatiko konfidantza osoa ikus dezakegu. Metodo konspiratiboak erabili beharrean Leninek ekimen iraultzailera bultzatzen zituen langileak, nekazari txiroak eta soldaduak. Hau dio Leninek Apirileko Tesietan: “Ez dugu nahi masek besterik gabe gure hitzak onartzea. Ez gara hitzontziak. Masek euren akatsak beraien esperientziaren bitartez garai ditzaten nahi dugu.” Alderdi Boltxebikeak masen borroka nahia bideratzen jakin zuen eta Leninek zioen masak beraiek baino askoz ere ezkerrerago zeudela. Boltxebikeen eginkizuna zegoen deskontentu hari espresio bat ematea izan zen, eta burgesiaren tamalerako Urriko Iraultza ez zuten Leninek eta Trotskyk bakarkako ekintzez egin, Errusiako masa zapalduek baizik.

 

BOTEREA HARTU ONDOREN

 

Artikulu honek ez du lekurik 1917ko hilabete ezberdinetan zehatz mehatz zer gertatu zen azaltzeko baina ezin ukatu garrantzi handikoa dela egun guzti horietan pasa zena aztertzea. Horretarako errusiako iraultzari buruz John Reedek, Trotskyk eta Alan Woodsek idatzitako liburuak gomendatzen dizkizuegu. Dudarik gabe, urte horretako gairik garrantzitsuenetakoa zapalduek urrian boterea hartu ondoren egin zutena da. Hauek izan ziren aurrerapausoetako batzuk:

Nekazariak lurjabeen zapalketatik askatu ziren lurraren jabego feudalaren abolizioarekin. Soldatuak beren general autokratikoetatik askatu ziren zeren hortik aurrera aukeratuak eta kengarriak izango ziren ordezkari guztiak. Langileak kapitalisten bidegabekeriatik askatu ziren zeren fabrika eta tailerretan langileen kontrola ezarri zen. Aurrerapauso hauek banku, fabrika handien eta latifundioen nazionalizazioari esker lortu ziren. Zer gertatu zen Errusia Tsaristako herri zapalduekin?

Sobieten lehen Kongresuak, maiatzean, Errusiako herri guztien autonomia eskubidea aldarrikatu zuen eta urrian (boterea hartu ondoren), Bigarren Kongresuak eskubide hau berretsi eta zehaztu egin zuen. Kongresuen borondateari jarraituz, Herriaren Komisarioen Kontseiluak nazionalitateen auziarekiko oinarri hauek ezarri zituen: Errusiako herrien berdintasuna eta subiranotasuna; Errusiako herrien eskubidea aske determinatzeko, erabat bereizteko eta Estatu independientea osatzeko eskubidea barne; ezaugarri nazionala edo erlijiosoa duten pribilegio eta murrizketen suntsiketa eta Errusiako lurraldea populatzen duten gutxiengo nazionalen eta talde etnikoen garapen

askea.

 

MUNDU MAILAKO IRAULTZAREN HASIERA     

 

Internazionalismoa boltxebikeen programan lehen momentutik azaldu zen eta lehendabiziko Kongresuan dei bat bat egin zien gerran zeuden herri guztiei bake demokratikoaren alde borrokatzeko Lehen Mundu Gerrari amaiera emanez. Errusiak lehen pausoa eman zuen, mundu guztiko langileei jarraitu behar zuten bidea erakutsi zien, posible zela kapitalismoa garaitzea eta gizarte berri bat eraikitzen hastea.

Lenin eta Trotskyrentzat Errusiako Iraultza Munduko Iraultzaren hitzaurrea izan zen. Sozialismoaren helburua lortzeko, Errusiak ezin zuen isolatuta geratu. Marxek esan zuen bezala, gizarte sozialista batean borroka indibiduala ezin da existitu eta Errusian zapalduek boterea hartu arren desberdintasunak eta indibiduoen biziraupen borroka ez ziren amaitu. Horretarako beharrezkoa zen ekoizteko indarren garapen maila altua eta Leninek azaldu zuen bezala iraultza Europa eta mundu osora zabaltzea. Helburu hori zen eginkizun garrantzitsuena, bestela iraultza errusiarra kondenatuta zegoen. Urteek erakutsi dute Leninen perspektiba egokia zela Sobietar Batasunaren erorketarekin. Errusiako baldintza objetiboen ondorioz (langile klase txikia, ekonomia atzeratua, Mundu Gerra eta gerra zibilaren txikizioak...), iraultza herrialde aurreratuetara zabaldu gabe, ekidin ezina izan zen burokrazia estalinista kontrairaultzailearen sorrera.

1918 eta 1919ko Alemaniako gertakizunetan langileek kapitalismoarekin bukatzeko aukera ezin hobea izan zuten. Ez zuten lortu, baina errua ez zen sakrifiziorako eta borrokarako horrenbesteko gaitasuna erakutsi zuten langileena izan, hauen zuzendaritzena baizik. Trotskyk Urriko ikasgaietan planteatzen duen bezala: “Alderdi Boltxebikea existitu ez balitz, masen indar iraultzailea gastatu egingo zen antzuki leherketa esporadikoetan, eta altxamendu handiak diktadura kontrairaultzaile ankerretan amaituko ziren. Klaseko borroka da historiaren aurreneko motorra. Programa egoki bat, alderdi trinko bat, konfidantzazko zuzendaritza ausart bat eta bukaeraraino heltzeko prest dauden iraultzaileak behar ditu. Hau da Urriko Iraultzaren ikasgai handiena”.