Sobietar Iraultzaren agertokia izan zen Errusia Tsaristan, langile klasea gizartearen barruan gutxiengoa zen, nekez ziren 10 milioi langile 150 milioi biztanle zituen lurraldean. Une hartan ekonomia ikaragarri atzeratua zen, 80 milioi nekazari lur barik zeuden, feudalismoaren elementuak indarrean zeuden hainbat tokitan eta atzerapen kulturala izugarria zen. Ez da ahalegin handia egin behar bi egoera iraultzaileen arteko desberdintasunak handiak zirela ikusteko, 68ko maiatzean langile klasea 1917ko errusiar langile gaztea baino mila aldiz handiagoa zen eta ekonomia askoz ere garatuagoa zegoen. Biak alderatuz, langile klase frantziarraren aurka zihoan elementu bakarra zuzendaritza iraultzaile baten gabezia zen. W. Rocheten esanetan, beste sektore sozialen, nekazariena edo “lepo txuri”ko langileena kasu, babesa ez irabaztearen arrazoi izan omen zen langile klasearen ustezko ahulezia. Baina gertaerek analisi hau ukatu egiten dute. Langileen borrokaren berotasunean, nekazariek mobilizazioak deitu zituzten, elkarlaguntzako esperientziak emanez eta guzti, hala nola nekazariek janaria grebazaleen piketeetan dohainik banatzen zituztela errepideak mozten zituzten bitartean. Banka eta administrazioko langileek, irakasle, katedratiko, zientzilari, futbolari eta artistek ere bat egin zuten mugimenduarekin. Gizarteko sektore hauek ere sistemaren kontraesanak pairatzen zituzten, bidegabekerien aurrean sentiberak ziren; eta goraldi iraultzaile baten unean langile klaseak hauen babesa irabaz zezakeen. Aurreko artikuluetan, maiatzak 18ko “errepublikaren defentsaren komiteen” aldeko manifestazio erreakzionarioaren porrota aipatzen genuen. Hala ere, kapa ertainek langile klasearekiko erakutsitako babes hau, ez da ez finkoa ez eta baldintzarik gabekoa; bukaeraraino iristeko erabaki garbia ez bada ikusten, erreakzioak berriz irabazi ditzake bere mugimendura.
Posible da W. Rochetek ezkerreko beste indar politikoen jarreran oinarritu nahi izatea, inondik inora eraldakuntza sozialerako prest ez zeudenak hain zuzen ere. Berriz ere Errusiar Iraultzaren esperientziara jo genezake, bertan boltxebikeak prozesuaren hasieran kopuru aldetik ahulenak izatetik langile eta nekazarien gehiengoa izatera pasa ziren hilabete gutxitan. Hasieran, Mentxebikeak eta sozial-iraultzaileak sobietetan gehiengoak ziren eta indar eta eragin handia zuten langile klase eta nekazari txiroengan; burgesiaren ordezkaritzarekin behin behineko gobernuan parte hartzen zuten eta burges agintea zurkaizten saiatzen ziren. Ideiek egitarauan zuten tinkotasuna zela medio, langile klaseak bere esperientziaren bitartez klaseen arteko lankidetzaren mugak ikusiko zituen uste osoan oinarrituriko azalpen iraunkorrari loturik, boltxebikeek gehiengoen alderdian bihurtzea lortu zuten. Boltxebikeek langileen eta nekazari txiroen nahiak gauzatzeko era bakarra indarra hartzea, banka, industria eta lurren kontrola bere gain hartzea zela ulertu zuten. Burgesiak inoiz ez zuen utziko bere irabazien iturria langile klasearen eskariei men egiteko. Hala ere PCFak ez zuen boltxebikeen mintzaira garbi eta ausarta; bere hitzaldiak ez zituen zalantzan jartzen ez produkzio bideen jabego pribatua ezta merkatu ekonomia ere eta sozialismoak denboran etorkizun mugagabe batean parte hartzen omen zuen.
Gidaritza iraultzaile baten gabeziak burgesiak kontrola berreskuratu ahal izatea ekarri zuen. Grenelleko hitzarmenekin burgesiak urteetan zehar baztertuak izan ziren aldarrikapenak eman zituen, adoreak hozteko asmotan: soldata igoerak (tren sektorean 13,5 tik 16%ra, kale garraioa 12%, gasa eta elketrizitatea 12tik 20%ra, meatzariak 12,2tik 14,5%ra, metalurgian 10tik 12%ra, funtzionarioak 13tik 20%ra, etab…), asteko lanorduan ordu bateko murriztapena, opor ordainduen egunen igoera 25tik 26ra, etab. Nahiz eta agintarien aldetik kontzetsio horien onarpena eman, langile klaseak ez zuen irabazitako postuak horren erraz uztea nahi, mugimenduak gauza hobeagoak lortzeko indarrez ikusten baitzuen bere burua. Hitzarmena ukatua izan zen sindikatuen aldetik. “Langile indarra” eta “gobernu popularra” hitzak, batzarretan eta manifestazioetan erabiltzen hasi ziren, Nanteseko esperientzia Estatu guztian zabaltzeko egoera heldutasunera iritsiz. Benetako egitarau iraultzailea zeukan alderdi batek berehala egingo zuen bat masek gauzak eraldatzeko zuten sentimenduarekin, herrialde eta probintzietako greben komiteen sorrera eta zabalkuntza proposatuz, denak estatu mailako komite-batzar batean zentralizaturik zeinak bertako kideak, lan zentru, auzo, unibertsitate, instituto, herri bakoitzean demokratikoki aukeratutako ordezkariez osatuak izango ziren. Komite hauek borroka politikoki gidatzeaz, antolatzeaz, zabaltzeaz, propaganda egiteaz, aldarrikapenetaz eta une oro eman behar ziren pausuak eztabaidatzeaz eta gizartearen erabateko eraldaketa sozialera bideratuko zuen estrategia gauzatzeaz arduratuko zen, beti ere, erabakiak era demokratiko batean emango zirelarik denen parte hartzeari esker.
Bere lehenengo neurrietariko bat lanaldiaren murriztapena izan beharko zen, langileei mugimenduan partaidetza aktiboa ziurtatu ahal izateko. Behar sozial guztiak betetzeko langileen indar organuek produkzioaren plangintza bat ezarri beharko zuten berehala: etxebizitzak, unibertsitateak, eskolak, ospitaleak, zentru kulturalak, polikiroldegiak, etc.; alokairu hobekuntzak, langile klasearen partaidetza ekonomiaren kudeaketan praktikan jarri, baita politikan eta erabaki guztietan ere: gizartea gehiengoarengatik eta gehiengoaren mesederako kudeatua. Monopolioak, bankuak eta produkzio bideak kontrolatzen zituzten pribilegiatuen gutxiengoak plangintza hau bere gain hartzera ukatu izanez gero desjabetuak izango ziren, langile klaseak lan hau egiteko indar nahikoa zuela erakutsiz. Merkatari eta jabedun txikiak errespetatuak izango ziren; beren gogoz eta esperientziaren bitartez erregimen berriaren aurrerakuntza egiaztatu ahal izango zuten. Nola jasoko zuten diktadura ikaragarrien azpian zeuden langile portugaldar eta espainiar eta euskaldunek beren kide frantziarren esperientzia? Gogo betez.
Elkartasunerako deiek oihartzun handia izango zuketen, ez dezagun ahaztu urte batzuk geroago Portugalen Klabelinen Iraultza eta Espainiar estatuan eta Euskal Herrian mobilizazio jendetsuak eman zirela. Iraultza ez zen Estatu frantziarraren mugetan geldituko.
Gizartea eraldatzeko ez da nahikoa langile klasearen gaitasun iraultzailea. Beharrezkoa da garaipena eman dadin masen alderdi iraultzaile bat egotea. Iraultza hasten denean, kontrairaultzak burua altxatzen du. Burgesiak ez du bere gogoz pribilegioak zihurtatzen dizkion gizarteari uko egingo. Langileen agintarien jarrera “zentzudunak” klase agintariarentzat arnasa hartzea ekarri zuen, baina akordioaren ukazio masiboak egoera kinka larrian mantentzen zuen. De Gaulle, askoz ere kontsekuenteagoa bere klasearen interesen babesean, maiatzaren 29an Alemaniara joan zen, Argelian inperialismo frantziarrak eraginiko errepresio odoltsuaren erantzule zen Charle Massu komandantearekin elkarrizketatzeko, berarekin eskuhartze militar baten aukera aztertzeko. Burgesia ez zegoen seguru eskuhartze militarra bere kalterako izango zen edo ez, ez baitzuen ahaztu borrokak polizian izandako eragina. Miterrandek honakoa baieztatu zuen, ez alferrik: “maiatzaren 3tik aurrera ez dago estaturik”. Nahiz eta egoeraren baldintza guztiak bere aldekoak izan, langile klasea umezurtz geratu zen. Asteetako borroka eta fabriken okupazioen ondoren beren agintariengandik jasotzen zituzten mezuak egoera lasaitzeko deiak ziren, akordiorako deiak, soldaten hobekuntzekin konforma zitezen. Egunak igaroz zihoazen eta nekearen eragina pairatzen hasi ziren, aurrerapausorik eman ezean.
28an De Gaullen gobernuak kargua utzi eta erreferendum bat deitu zuen, De Gaullek benetako plebiszituan bihurtu zuena. 29an, CGTk antolatuta, Parisen 500.000 pertsonek osaturiko manifestazio bat ospatu zen, agintariak albora utzita mugimenduak oraindik ere indar haundia zuela erakutsita. Maiatzaren 30ean Massu generalaren tropek mugan ekintza militarrei ekin zieten. Kontrairaultzak galdutako eremua nola berreskuratzen duen sentitzen du, modu erabakiorrean jardunez. De Gaulle eta burgesiak, erreferendumari honako hitzekin aurre egiten die: “Kaosa edo ni”, “diktadura totalitario baten mehatxua”-ri buruz hitzeginez. Propaganda honen aurrean PCFren erantzunak mugimenduari berriz ere atzerapausu bat ematea ekarriarazi zion. Burgesiaren argudioak politikoki jarkitzetik urrun, “erresponsabilitatean” eta “seriotasunean” berarekin lehiatzen saiatu zen; bere hauteskunde kartelean irakur zitekeen: “Anarkiaren aurka: lege eta ordenarengatik, komunistei bozkatu”.
Langileak behin betiko bakarrik zeuden, beren agintariek lege eta ordenari, kapitalismoaren azpian jabego burgesarekiko errespetua esan nahi duelarik, beren instituzioei hel egiten zien bitartean, edozein aldaketa sakonei uko eginez. Kapa ertainentzat, ondorioa azken asteetako mobilizazio guztiek kaosa eta anarkia suposatzeaz gain, hori besterik ekarriko ez zutela bazen, kapitalismoa kudeatzeko De Gaulle eta PCF-ren artean aukeratzea bazen, ez dago duda izpirik zeinek eskeintzen zuen berme gehiena. Kontrairaultza indartsu sentitzen zen.
Egoera politikoak aldaketa garrantzitsu bat nabaritu zuen eta kapa ertainak erreakzioaren politika erabakiorrarengatik erakarriak izan ziren.Maiatzaren 30an eskuinak ia milioi bat pertsonek parte hartu zuten manifestazioa antolatu zuen. Hori bai, langileen agintarien politika ezkorraren produktuaren ondorioz, langile klasearentzat egoera ez zen aldekoa, orain egun gutxi errealitatearekin bat egiten ez zuten mugimenduaren ahuleziarekiko analisiak zentzua hartzen hasten dira.Maiatzaren 31an PCF eta CGT-k itun bat sinatu zuten, lanera itzultzeko gonbidapena lagun zutela, hori bai, inongo mendekurik ez zegoen bermearekin. Ekainaren 30ean hauteskunde legegileek izugarrizko gehiengoa eman zieten De Gaulleren alderdiari eta bere aliatuei. PCF-ko agintariek beren arduratik kanpoko arrazoiketak ere bilatu zituzten: “Ez dago zalantzarik, beldurra erabiliaz eta gerra zibilaren xantaiaz baliaturik, indar gaullistak arrakasta lortu zutela iazko 23 eta 30ko hauteskundeetan”.