1949an Mao Zedong-ek lorturiko garaipenak kapitalismoaren amaiera ekarri zuen Txinan, baina iraultza honetatik jaio zen erregimenak “sozialista”tik izena besterik ez zuen.
Txinan kapitalismoa berrezartzeak, eta merkatu internazionalean partehartzaile garrantzitsu bezala izan duen agerpenak eragin izugarria izan du munduko ekonomian. Sobietar Batasunaren erorketaren eta Ekialdeko Europan eta Yugoslavia ohian izan den kapitalismoaren berrezarpenaren ondoren, inperialismo mendebaldarraren estrategek, beraien herrialdeetako geldialdi ekonomikoarentzako irtenbide posible bezala ikusten zuten merkatu txinarraren irekiera. Hauek uste zuten merkatu berri honek ekonomia iparramerikar eta europearren superprodukzioarentzat irteera bat ahalbidetuko zuela, eta super-etekinen eta hazkuntza ekonomiko jarraiaren aroa hasiko zela.
Aldi berean, Txinan kapitalismoa berrezarri izanak argumentu berri bat suposatu du “sozialismoaren porrota” ikusi eta agertarazi nahi dutenentzat. Baina, zein zen 1949ko iraultzatik sortu zen erregimen honen benetako izaera? Zeintzuk dira Txina potentzia ekonomiko berri gisa azaleratzeak dakartzan egiazko ondorioak?
1949an Mao Zedong-ek lorturiko garaipenak kapitalismoaren amaiera ekarri zuen Txinan. Baina iraultza honetatik jaio zen erregimenak “sozialista”tik izena besterik ez zuen. Sozialismoa ezinezkoa da demokraziarik gabe. Ez da nahikoa ekonomiaren nazionalizazioa. Gizarte benetan sozialista batean, ekonomiak Estatuaren kontrolpean egon behar du, baina Estatuak, aldi berean, langileen kontrol demokratiko eta konszientearen menpe egon behar du, arlo guztietan. Hau da Errusian, 1917ko iraultza eta gero, langileek mantendu nahi izan zuten Estatu mota. Baina errusiar iraultzaren isolamenduaren erruz, hau ez zen posible izan hainbat gerrak sarraskitutako -Lehen Mundu Gerra, gerra zibila, eta herrialde atzerritarrek egin zioten gerra- eta blokeo ekonomikoa jasan behar zuen herrialde pobre batean. Iraultzak 20. hamarkadan zehar izan zuen ahultasunarengatik, diktadura stalinista sortzeko baldintza egokiak agertu zituen.
1917ko errusiar iraultza eta 1949ko Txinako iraultza erabat desberdinak dira oinarrian. Errusiar iraultza langile klase kontzienteak burutu zuen, zapalduen zeuden nekazal sektoreak eta gerrako sarraskiekin amaitu nahi zuten Tsar-aren soldaduak ere sozialismoaren lelopean elkartuz. Errusiar iraultza, beraz, langile eta nekazal altxamendu baten ondorioa izan zen, baina dudarik gabe langileen gidaritzapean zegoena. Baldintza benetan zailak eduki arren Sobietar Batasuneko langileek zenbait urtez demokrazia sobietarra mantentzea lortu zuten, Stalin buru zen kasta burokratikoaren uztarripean hondoratu baino lehen. Txinatar iraultza berriz, nekazal ejertzito batek burutu zuen. Mao-k nekazari pobreen babesa zuen, bere ejertzitoak okupatutako lurraldeekin egiten zen banaketagatik. Langile klaseak ordea, ez zuen inolako protagonismorik izan iraultza hartan. Aurreko iraultzaren porrotaren (1925-1927) ondoren, non erruki gabe zapaldua izan zen, langile klasea ez zen mugitu Mao-k japoniar okupatzaile eta lurjabe txinatarren aurka burututako nekazal gerrak iraun zuen bitartean.
Bigarren Mundu Gerraren amaieran Japon garaitua izan ondoren nekazal ejerzitoak hiriak okupatu zituen. Une horretan, Mao-ren programak ez zuen kapitalismoarekin amaitzea aurrikusten. Alderantziz, sozialismora pasa aurretik “kapitalismoarekin 100 urte” igaro beharko zituztela zioen. Baina armatan altxatutako nekazarien aurrean klase kapitalistak ihes egin zuen, eta geratzen ziren elementu burgesak Mao-ren menpe zeuden erabat. Hasieran Mao-k “koalizio nazionala” eratu zuen biztanleriaren babesa ez zuten alderdi burges batzuekin. Bi aldiz pentsatu gabe zapaldu zituen langileriaren manifestazio edo ekintza independienteak. Baina gizartearen aurrerapena ezinezkoa zen lehengo agintari klasearen menpean. Bestalde, AEBek ez zuten nahikoa indar iraultzaren aurka militarki ekiteko. Bi faktore hauek, eta herrialdearen ondoan Sobietar Batasuna egoteak, kapitalistak expropiatzera bultzatu zuten Mao. Honela, txinatar iraultzak, zuzenean eta lehen momentutik, erregimen burokratiko bat eraman zuen boterera; erregimen honen oinarrizko ezaugarriak funtsean Stalinen erregimenaren berberak ziren.
Burokrazia diktatorialaren aginteak ustelkeria dakarren arren, ekonomiaren planifikazioak txinatar gizartea goitik behera aldatu ahal izan zuen, eta biztanlegoaren gehiengo handia ordura arte jasan behar izan zituen baldintza kaxkarretatik atera zuen. Baina, txinatar iraultzaren ondorengo urteetan, burokraziaren sektore bat kapitalismoa berreskuratzearen alde agertu zen; batzuk jabeen klase berri batean bilakatu nahi ziren. Joera mota hau ekidiezina da kontrol demokratikotik erabat libre den burokrazia pribilegiatu baten barruan.
Txinako burokraziaren barruan banaketa zegoen. Botere eta pribilegioak ekonomia nazionalizatu bat mantentzearen menpe zituzten sektorearen, eta kapitalismoaren berrezarpena nahi zuen sektorearen artean burokraziaren barneko “gerra zibil” bat sortu zen 1966tik aurrera, “iraultza kulturala” bezela ezagutua. Errepresio basati baten bidez, Mao-k, aldi batez, sektore pro-kapitalista geldiaraztea lortu zuen.
SOZIALISMOA HERRIALDE BATEAN
Stalin-en teoria erreakzionarioak lortu nahi zuen “herrialde bakarreko sozialismoa” erabat ezinezkoa da, baita Txina bezalako herrialde horren zabal batean ere. Inongo herrialde ezin daiteke mantendu ekonomia mundialetik at, ondorio latzak jasan gabe. Arlo horretan, Stalin-en politika Lenin-enaren erabat aurkakoa zen; Lenin erabat intenazionalista zen. Lenin-ek ederki ulertzen zuen errusiar iraultzaren ondotik iraultza mundial bat –edo gutxienez iraultzak herrialde industializatuetan- ematen ez bazen Errusia kapitalismora itzultzea ekidiezina zela.
Mao-k zeukan prestigio handia zela eta, burokraziaren barneko joera pro-kapitalistek ezin zuten nahi beste zabaldu. Baina bera hil bezain laster bat-batean azaleratu ziren. Burokraziaren sektore gero eta indartsuago batek, Deng Xiaoping-ek ordezkatzen zuenak, ekonomiaren zati baten pribatizazioaren aldeko joera agertzen zuen. Deng Xiaoping ekonomiaren zati baten ateak irekitzen hasi zitzaion kapital atzerritarrari eta prozesua hasiera batean uste izan zuena baino hurrunago joan zen. Bere ustez Estatuak ekonomiaren palanka garrantzitsuenak kontrolatu behar zituen baina kapital atzerritarra erakartzearen beharrak, gero eta gehiago irekitzera bultzatu zuen. Txinako Alderdi Komunistaren XIV. Kongresuan, 1992an, burokraziak –zeinarentzat alderdia tresna politiko bat besterik ez zen- sektore publikoaren nagusigoa baztertu zuen ofizialki, pribatizazio handien programa agertzeko.
2000. urtean soldatapekoen %12a besterik ez zegoen sektore publikoan. 2001ean geratzen ziren enpresa publiko txiki eta ertain ia guztiak pribatizatu zituzten. 2005ean sektore publikoak merkataritzaren %10a bakarrik ordezkatzen zuen. Lurrik emankorrenak pribatizatuak izan ziren, eta oraindik “kolektibo” deitzen diren lurrak praktikan lurjabe handien menpe daude. Txinako Alderdi Komunista gaur egun klase kapitalistak kontrolatzen du, gehienbat burokrazia zaharreko kideek osatua ia bere osotasunean. Txinako ekonomia planifikatua desegin izana ez da “sozialismo”aren porrota, baizik eta diktadura burokratiko ustel baten errua, muga jakin batetik aurrera ekoizteko baliabideak garatzeko gaitasunik ez duena.
Txinako garapen industrial ikusgarriak langile klase hiritarra biderkatzea ekarri du. Urtero, hogei bat milioi gizon, haur eta emakumek nekazal guneetako miseriatik hirira ihes egiten dute, lan bila. Nekazal guneetatik iristen diren langileak, kapitalismo txinatarraren explotazio makinaria basati eta disziplina ia militar baten menpe aurkitzen dira. Nekazal-guneetatik iristen den ikaragarrizko jendetzaren esku-lana xurgatzeko Txinako ekonomiak %8 hazi beharra duela kalkulatzen da. Horregatik, zabalkunde ekonomikoaren geldotzeak langabezia izugarria ekarriko luke eta biztanleriaren zati handi bat miserian murgilduko litzateke.
Elementu ezegonkorrez beterik dagoen prozesu konplexu hau dela eta, egoera sozial leherkorra sortzen ari da. Honela, kontrairaultzak, lehenago edo beranduago, garai iraultzaile bat ekarriko du, Txinako langile klasea (munduko langile klase kontzentratuena, kopuruz handiena, indartsuena eta aldi berean zapalduenetarikoa) mugiaraziko duen iraultza garaia.