Pasa den urtarrilaren 1ean herri kubatarraren garaipen heroikoak 50 urte bete zituen, borroka eta erresistentziako 50 urte; azken bost hamarkadetan kapitalismoaren erasoak ia mota guztietakoak izan dira: inbasioa, arma biologikoak, eraso terroristak, hilketa saiakerak, komunikabideen bidezko gerra eta blokeo ekonomikoa. Baina hala ere Kubako iraultzak, ez akatsik gabe, eraso hauei aurre egiten jakin du.

Zalantzarik gabe Latinoamerikako eta hirugarren mundua deiturikoko milioika esplotatuentzat erreferente izaten ere jarraitzen du. Analfabetismoa garaitu zuen lehen herrialde latinoamerikarra dela esatearekin ere nahikoa da, Brasil, Argentina eta Mexiko ere gaindituz, zonaldeko erraldoiak direnak, eta nola ez, baita El Salvador, Haiti edota Errepublika Dominikarra bezalako herrialdeak ere, hemisferioko txiroenak izaten jarraitzen dutenak; honek Fidelen esaldi famatua dakarkigu burura: “Guk ez diogu herriari Sinets ezazu! esaten, Irakur ezazu! esaten diogu”.
Asko dira egindako kritikak eta auzitan jarritako gaiak, eta honela, erraza da honelakoak entzutea: “Kuban estatu zapaltzaile bat dago! Hori al da sozialismoa?” Ezer baino lehen burgesiak iraultzaren izen ona zikintzeko printzipioak goraipatzen dituela ulertu behar da, baina burgesiak berak eta euren estatuek printzipio hauek bortxatzean prentsa “demokratiko” honexek dena justifikatzen du: Estatu mexikarrak azken urteetan irlako giza eskubideen baldintzak zalantzan jarri ditu, hipokresia osoarekin berak utzi dituen milaka desagertu eta erailak ahaztuz. Estatu espainiarra bera ere ikus dezakegu, GAL bezalako talde paramilitarretan oinarritzera ere iritsi dena, korronte ezberdinetako borrokalari sozialak torturatu dituena, berarekin bat ez datozen komunikabideak itxi edo bahitu dituena, edota bere inmigrazio politikaren bitartez milioika langile inmigranteri euren eskubide politikoak ukatu dizkiena, bozkarik ere eman ezin dutelarik, eta hau dena “paperik gabeko” haiek kontuan hartu gabe, euren lan eskubideak eta mugikortasun askatasuna geroz eta murriztuago daudelarik. Egia da Kuban preso politikoak daudela, denak ez dira proyankiak, baina hala eta guztiz ere Kubako desagerpenak ez dira, ezta gutxiago ere, erregela, zerrenda publiko bat dago eta ongi hedatua zein eta zenbat preso dauden azaltzen duena, leporaturiko karguen azalpenekin eta espetxeratze lekuarekin. Guantanamo bezalako presondegiekin, esate baterako, izan ez dugun informazioa, bertako errepresio zirkuitua Europako gobernu “demokratikoek” babestua izan zelarik.
Era berean entzun daiteke: “Kuban ez dago askatasun artistikorik eta sexualik!” Hasteko, marxismoak ez du sekula artea errefusatu, ezta auzi politiko soiletara oinperatu ere; giza esentziaren espresio den neurrian, konplexua eta dinamikoa dena, arteak beste garapen lege batzuei jarraitzen die, prozesu sozialetik bereizirik ez daudenak baina honen espresio zuzenak ere ez direnak; erlazio sotil bat da batez ere.  Kubako iraultzaren lehen hamarkadan pentsamendu askatasun nahiko aberatsa bizi zen, eta adibide gisa, Habanako Filosofia Departamentuak Sobiet Batasunaren testu marxistei uko egin izana eta eurenak argitaratu izana. Pentsamendu kritikoa sustatzen zuten letretako aldizkariak ere bazeuden; beste aldetik ulertu behar da mendeetan zehar mendebaldeko inperioek eredu estetiko eta kulturalak inposatu zizkietela euren koloniei eta horregatik ulertzekoa da hauengandik askatu zirenean eurena denaren aintzakotzat hartze eta gorespen mugimendu bati ekitea. Erlijioari dagokionean elizak ez zituzten inoiz itxi Kuban, sinpleki protagonismo politiko, ekonomiko eta kulturala kendu zitzaien eta aukera askeko espazio pertsonal batera mugatu zituzten.

Errepresio kulturalaren eta sexualaren jatorria 60.ko hamarkadaren amaieran eman zen, iraultza Amerika Latino osoan zabaltzeko Cheren saiakera bere erailketarekin zapuzturik geratu zenean, honek irlaren Sobiet Batasunarekiko dependentzia sakontzea ekarriz, herrialde honetako estatuak 50 urte baino gehiago degeneraturik zeramatzala kontuan hartuta. Eta honetaz gain 1969-70eko azukre-kainaren uztaren porrotak ekoizpenerako azpiegitura zabalago bat hedatzeko eta garatzeko proiektua eten zuen, herrialdeari buruaskitasun handiago bat eman ziezaiokeena. Testuinguru honetan, Kubak SESBekiko zuen menpekotasuna handitu egin zen eta modu xehe batean ideia burokratikoak eta bere elementuak estatuaren oinarrizko puntuetan enkistatzen hasi ziren. Honela ikusi ahal izan genuen 1971tik 1976ra bitartean hedatu zen bosturteko grisa, aniztasun sexuala eta espresio artistiko hainbat erreprimitu zituena, batzuk erreakzionarioak eta besteak ez. Hau, dudarik gabe, estatu kubatarraren huts bat da, 1976tik aurrera gainditzen hasia izan zena, eta horren froga gisa hanka-sartze hau kritikatu zuten hainbat liburu eta film kaleratu izana, iraultzaren barnean eginak izan zirenak.
“Baina Kubatik jende guztiak alde egin nahi du, prostituzioa eta ustelkeria dago”. Aspektu honetan, beharrezkoa da proiektu sozial orok, oso ona izanik ere, bere premisa garrantzitsuenei bideragarritasun bat emango dien oinarri material bat behar duela azpimarratzea. Sistema baten biziraupena ez dute bere intentzioek euren kabuz bermatzen, baizik eta gizartearen beharrei ematen dizkien konponbideek batez ere. Iraultzaile marxisten gehiengoak iraultza nazioarte mailan zabaltzeko beharra nabarmendu dute, ez inspirazio moralagatik bakarrik, behar materialagatik batez ere; ez kapitalismoan ez sozialismoan ez da posible ekonomia buruaskirik muga nazional batzuen barnean, izan ere, giza garapenaren nabarmenena planetako zonalde ezberdinetako indarren aberastasunari eta fusioari esker eman baita: lehengaiak, lan eskua, teknologia, energia, etab. Izatez, ez dago ezaugarri guztiak biltzen dituen herrialderik.

Kubaren arazoetako bat zera da, bloke sobietarraren gainbeheraren ondoren isolaturik geratu zela aspektu askotan, ekonomikoan gehien bat, honek bizi mailen gainbehera ekarri zuelarik, eta testuinguru horretako politika bezala turismoari ateak ireki zitzaizkiola eta faktore honek, populazioaren etsipenarekin baturik, prostituzioa eragin zuela. Baina gure galdera da, hainbeste aipaturiko “demokrazia” hori Kubara iristen bada prostituzioa amaituko ote da? Demokrazia deitzen duten hori errealitatean kapitalismoa da , eta merkatu ekonomia da hain zuzen giza esentzia objektu izatera mugatzen duena, merkantzia bat izatera. Estatu Batuetako prostituzio sare erraldoia ikusi besterik ez dago. Mundu guztian, eta batez ere herrialde garatuetan, gero prostituituak izango diren ehunka eta milaka emakume bahitzen dituzte mafiek, eta zer esan umeen prostituzioari buruz, kasu askotan Eliza bera ere tartean egon delarik.

Irlaren aurka jaurti den beste kritiketako bat emigrazioaren ingurukoa da, milioi eta erdi kubatar atzerrian bizi dela kalkulatzen da, 11 milioi eta berrehun mila kubatarrek osatzen duten populazioaren %13a. Ihesaldi masibo honen zatirik handiena azken 20 urteetan gertatu dela ikusi behar da, hau da, bloke sobietarraren gainbeheraren ondoren, krisiak irla goitik behera garbitu zuenean. Baina krisi hau lehenago bizitu da Mexiko bezalako herrialde kapitalistetan, 12 milioi mexikarrek Estatu Batuetara emigratu izan behar izan baitute. Ekuadorko laurden bat bere herrialdetik kanpo bizi da, Argentinak azken urteetan hirurehun mila pertsona esportatu ditu Estatu espainiarrera. Irlatik atera nahi duen gazteriaren zati handiena krisi garaian jaio zen eta ondorioz ez dute ongizate erreferentziarik, honi emigratutako herrikideen bitartez iristen zaien informazioa gehituz, ohitura kontsumistekin eta ikuspegi nahiko erreakzionarioekin itzultzen direnak, bide batez. Gure galdera da, Amerika Latinoko herri langiletik zenbatek bidaia dezakete gustuz kapitalismopean?

Ustelkeriari dagokionean bai, egia da estatu aparatuaren sektore bat burokratizaturik dagoela eta ez direla gutxi ustelkeria kasuak, baina hau sozialismoa herrialde bakar batean posible dela defendatzen duen politikagatik gertatzen da hein handi batean; nazioarteko iraultzaren geldialdiak inperialismoa indartu zuen, eta honek sabotajeak eta blokeo ekonomikoak martxan jarri zituen, iraultza isolatuz. Honi guztiari iraultza kubatarraren izaera bera gehitu behar diogu, gerrilla batean eta neurri handi batean nekazariengan oinarritu zen eta ez langile klasean. Ezaugarri guzti hauek burokrazia pribilegiatu baten sorrera ekidinezina izatea eragin zuten.

Baina, ez da aski irlan bizitzen diren arazo sozialak herrialde kapitalistetan intentsitate handiagoarekin pairatzen direlako justifikaturik daudela esatearekin, kapitalismoa ez dela konponbidea azaldu nahi da honekin guztiarekin. Bide txinatarra deiturikoak ere ez die erantzunik ematen Kubako arazoei. Azken batean, egin beharreko galdera honakoa da: nolatan pentsa daiteke, krisi kapitalista bere herrialde aberatsenetako bizi kalitatea suntsitzen ari den garai hauetan, Kubako arazoei merkatu ekonomiaren bitartez konponbidea eman diezaiekegula?
Argi dago Cheren bi premisa garrantzitsuenek bizirik jarraitzen dutela, eta orain inoiz baino gehiago behar direla prozesu kubatarraren jarraipenerako eta garapenerako: Amerika Latinoan eta mundu osoan iraultza sustatuko duen proiektu internazionalista bat eta botere politikoa eta ekonomikoa herri langileengana igorriko duen eta burokrazia eraitsiko duen iraultza politiko bat. Che ez zen erromantiko armatu bat, ezer baino lehen iraultzaile bat zen, gizon arrazional bat eta gaur egun bere ondarea ez da kontenplaziorako objektu bat, ortzemuga bat baizik.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.