1929an hasi zen krisi ekonomikoak eta egoera hari aurre egiteko hartu ziren neurriek hainbat ikasgai utzi dizkigute. Burgesiarentzat sakratua den sistema kapitalista salbatzeko garai hartan hartu ziren neurri haiek aztertuko ditugu bizi dugun egoeraren antz handia dutelako, nahiz eta hasiera batean burgesia hori onartzeko prest ez zegoen.

Mundu kapitalista erabat aztoraturik dago, 2007ko udan AEBetan hasi zen krisi ekonomikoa mundu mailako atzeratze ekonomiko batean bilakatu da aurreikusi ezinezko ondorioekin. Krisiaren ezaugarrietako bat mundu guztira hedatzen izan duen azkartasuna izan da. Ekonomia boteretsu eta menpekoak astindu ditu eta baita aktibitate ekonomikoaren adar guztiak ere, finantza sistema eta eraikuntzatik hasi eta nekazaritza, industria eta zerbitzuetaraino. Egoeraren larritasunak hankaz gora jarri ditu batez ere stalinismoaren erorketaz geroztik indarra hartu zuen merkatu askearen perfektutasunaren usteak. Gobernu kapitalista guztiak ari dira mundu mailako altxamendu sozialak eman ez daitezen irtenbide eta estrategiak bilatzen. Hori da azken finean merkatuen erregulazioa, Estatuaren interbentzioa ekonomian,…bezalako neurri zaharren ideiak berreskuratzeko arrazoia. Ekonomialari burges asko daude plan ekonomiko keynesiar eta New Deal berri baten alde ekonomia zulotik ateratzeko. Teorian diru publikoaren gutxitzean eta estatuaren inbertsioan oinarritzen da, munduko eskaera handitzeko, inbertsio tasak eta industria produkzioa errekuperatzeko eta langabezia gutxitzeko. Bankuei milaka milioi eman eta arazoak konpondu ez direla ikustean, hainbat herrialdetan (Britainia Handian eta AEBetan adibidez) bankuak nazionalizatu dituzte eta ez da kasualitatea AEBetako Newsweek astekariak bere azalean zekarren titularra: "Orain guztiok gara sozialistak". Baina neurri hauek guztiek urrun daude neurri sozialistengatik. George W.Bushek argi utzi zuen esanez orain beharrezkoa zela merkatu ekonomia alde batera uztea kapitalismoa salbatzeko.

 

1929ko “cracka”

 

Burgesia estatubatuarrak New Deal-aren estrategia erabiltzera bultzatu zituen baldintza objetiboak ulertzeko ezinbestekoa da 1929ko “cracketik” abiatzea, baina urte hartako burtsaren erorketa eta ondorengo urteetako atzeraldi ekonomikoa aurreko urteetan eman zen gorakada ekonomikoarekin soilik azaldu daiteke. Lehen Mundu Gerra eta gero AEBak potentzia ekonomiko nagusi bezala gelditu ziren Britainia Handia azpiratuz. Gerraren ondorioz lortu zuen kapitalen pilaketari esker, AEBak munduko urre erreserbarik handienaren jabe ziren. Bertako industriak garapen handia jasan zuen merkatu berrien agerpenaren ondorioz (Europa eta Latinoamerika). Paraleloki, ekoizpenean sartutako asmakuntza berri eta teknologia militarrek ekoizpen adar berriak sortu zituzten gizartearen eguneroko bizitza aldatuz. Prozesu dinamiko hau esplotazio era ezberdinei esker (fordismoa eta taylorismoa) azkartu egin zen, produktibitatea ere areagotuz. Sei urteren buruan, 1923tik 1929ra kotxeen ekoizpena %33 hazi zen eta energia elektrikoaren kontsumoa %100 baino gehiago. 1925 urtean ekoizpen inbertsioen tasa Nazio Produktu Gordinaren %20aren ingurukoa zen.

Hala ere, ekoizpen aktibitatearen geldotzearen aurreneko sintomak 1926 urtean nabaritu ziren, Europaren gelditze ekonomiko eta munduko zereal eta nekazal produktuen gehiegizko ekoizpenaren ondorioz. Hortik aurrera gorakada ekonomikoen garaietan gertatzen den bezala, gehiegizko kapitalaren existentziagatik, modu errentagarri batean ekoizpenera bideratu ezin zituzten kapital guztiak burtsen merkatura eta etxebizitzen espekulaziora bideratu zituzten etekin handiagoen bila. 1926-29 urteen artean, aktibitate ekonomiko errealaren eta balioen burtsaren arteko aldea gehiago handitu zen gain-produkzio krisia ezkutatuz, baina leherketa handiago baterako baldintzak ezarriz. Gaur egun bezala, kotizazioen erorketa bat-batekoa eta harrigarria izan zen, baina horrek errealitate bat marrazten zuen; enpresen aktiboak eta produkzio bolumena kotizazio erakusleek erakusten zutena baino askoz ere txikiagoa zela. Gain-produkzio krisia gezurrezko milaka milioiko kapitalen existentziagatik okertu egin zen eta honen ondorioak benetan latzak izan ziren. Burtsako balioen erorketa berehala zabaldu zen bankuen sektorera, hauek enpresa eta tituluak erosteko emanak zituzten milaka milioi berreskuratzeko aukerarik gabe geldituz, jada balorerik ez zeukatelako. 1929-32 artean 7000 finantza erakundek baino gehiagok behea jo zuten. Ekoizpenaren gelditzeak enpresa askoren ixtea ekarri zuen. Inbertsio pribatuaren tasak amildegian behera erori ziren: 1929 urtean oraindik %15,1 mantentzen baziren ere 1931an %7,2ra jaitsi ziren eta 1932ean %1,5era. Era berean, langabezia inoiz ikusi ez zen mailara igo zen: AEBetan 1929an 1,5 milioi langabetu egotetik 1930ean 4,5 milioi langabetu egotera pasa ziren, 1931n 7,9 milioi, 1932an 11,9 milioi eta 1933an 13 milioi. Landatik hiri eta lurralde aberatsagoetara urtean 600.000 nekazarik baino gehiagok egin zuen alde.

 

Protekzionismoa eta gain-produkzio krisia

 

Mundu guztian barrena zabaldurik zegoen sistema ekonomiko batean, krisiak AEBetako mugak gainditu eta Europara zabaldu zen. Europako finantza sistema inongo sostengurik gabe geratu zen AEBk bertan zeuzkaten kapitalak atera zituztelako. Baina atzeraldi ekonomikoa handitzen eta sakontzen lagundu zuena, hainbat potentziak beraien merkatuak babesteko hartu zituzten babespen neurriak eta debaluazio lehiak izan ziren. Neurri guzti hauek munduko merkataritzaren kontrakzio gogor bat eragin zuten. AEBetan soilik bere inportazioen balioa 1929an 4.400 milioi dolarrekoa izatetik 1932an 1.339 milioi dolarrekoa izatera pasa zen. Azken finean ekoizpena ikaragarri jaitsi zen eta langabezia izurrite bat bezala hedatu zen. 1929ko "crackak", lehenagoko beste krisi batzuek eta gaur egungo krisiak, Manifestu Komunistako Marx eta Engelsen hitzak zeharo errebindikatzen dituzte: “Industriaren eta merkataritzaren historia, gaur egungo ekoizpen erlazioen aurkako ekoizpen indar modernoen matxinada besterik ez da, burgesiaren dominazioa eta existentzia baldintzatzen duten jabego erlazioen aurkakoa(…) Merkatal krisialdi bakoitzean ez da egindako produktuen zati bat soilik sistematikoki deuseztatzen, sortutako ekoizpen indarren zati bat ere deuseztatzen da. Krisi garaian, beste edozein garaitan zentzugabea emango zuen izurrite sozial bat, gizartean zabaltzen da: gain-produkzioaren izurritea (…) Eta hori guztia zergatik? Gizarteak zibilizazio gehiegi daukalako, bizi baliabide gehiegi, industria gehiegi, merkataritza gehiegi (…) Erlazio burgesak estuegiak dira bere baitan sortutako aberastasunak eusteko. Nola garaitzen du krisi hau burgesiak? Alde batetik ekoizpen indarren zati bat nahitaez suntsituz; beste alde batetik merkatu berriak konkistatuz eta merkatu zaharren esplotazio sakonagoaren bidez. Nola egiten du beraz? Krisi luzeago eta bortitzagoak prestatuz eta hauek eragozteko baliabideak gutxituz.”

Atzeraldi ekonomikoaren ondorio politikoak ikaragarriak izan ziren. Mundu osoan zegoen mehatxaturik aginte kapitalista. Europan erabat hautsi zen oreka politikoa eta gizartean urte batzuetan zehar iraun zuen gorakada iraultzaileak. Greba orokorrek, masen manifestazioek eta demokrazia burgesaren eta bere instituzioen krisiak sakondu zuten egoera. Europan klase arteko borrokaren aro berri bat zabaldu zen 1917-1923 urteen arteko aro iraultzailearekin soilik alderatu daitekeena. Alemanian eta Italian burgesiek faxismoa erabiltzea erabaki zuten krisi ekonomikoaren ondorioz sortutako krisi politiko eta sozialari aurre egiteko.    

 

Langile mugimendu estatubatuarra

 

AEBetako azken bi hamarkadetako hazkuntza ekonomikoak ez bezala, hogeigarren hamarkadako hazkuntzak ongizate maila altxa zuen langile kopuru garrantzitsu batean, bereziki industrian lanean zebiltzan langile kualifikatuen sektorean. Soldatak dezente igo ziren: 1914-1926 urteen artean urteko batez besteko soldata 682 dolarretik 1473 dolarrera pasa zen; inflazioa deskontatuz 1915-1929 urteen artean langileen soldatak %38ko hazkuntza erreala izan zuen. Hazkuntza horrek sindikalgintza borrokalarien beherakada eta sindikalgintza kolaborazionisten gorakada eragin zuen. Langileen borrokak nabarmen jaitsi zen.

Baldintza hauetatik abiatuta, 1929ko "crackaren” eragina langile klasean gogorra izan zen. Atzeraldi ekonomikoak sorpresaz harrapatu zuen langile iparamerikarren gehiengoa eta langabeziaren latigoak denboraldi batean erantzun ezinik utzi zuen langile klasea. 1930 urtean langabezia %15 baino gehiagokoa zen eta 1932-33 arteko neguan langabezia %25era iritsi zen. Soldatak %40 jaitsi ziren. Nekazari txikien artean ere krisiak gogor eragin zuen, sektore honetan batez besteko diru sarrerak erdira jaitsiz.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.