Nahiz eta udara hasieran komunikabideetan herrialde bateko edo besteko ekonomiak “gora” egin zuela esan, oraindik ekonomia orokorra atzeraldian dago eta horien artean ekonomiarik garrantzitsuenak. AEBko kontsumoa asko jaitsi da, azken 28 urteetako kontsumo erorketa handiena izanik. Bestalde, AEBko langabezi tasa % 9,4ra iritsi da, urte hasierako %7,2tik urrun. Ofizialki 11 milioi estatubatuar baino gehiago dago langabezian, 2008an baino % 48 gehiago.
Krisiak produkzio sektore guztiak ukitu ditu, lantegiak ixtea eta kaleratze masiboak eguneroko ogi bihurtu dira. Baina langabezi tasa beldurgarri hauek ez dira AEBetan bakarrik ematen ari, kontinente guztietako herrialde guztietan ere ematen ari dira. Gobernu kapitalista guztiek hartu dituzten neurriek; enpresa eta bankuen erreskateak, zerga jaitsierak, kaleratze merkeak… argi erakutsi dute ez dutela ezertarako balio izan. Interbentzio guzti hauek, nazionalizazioek barne, helburu garbi bat dute: banku pribatuei laguntzea diru publikoa erabilita, langileen poltsikoetatik ateratzen den diruaren bitartez, hezkuntzarako eta osasunerako dirua murriztuz, eta noski, bankuetara bideratuko den diru hori guztia ez da herritarren bizi baldintzak hobetzeko eta beharrak asetzeko izango.
Guk ez ditugu era honetako “nazionalizazio” kapitalistak defendatzen. Krisiaren aurrean, bankuen eta monopolioen espropiazioa defendatzen dugu langileen eta beraien erakundeen kontrolpean, inolako diru ordainik gabe, beharra dagoen kasuetan izan ezik. Horrela bakarrik izango litzateke posible produkzio prozesuan langileen lanetik ateratzen den gainbalio hori guztia, esku pribatuetan gelditu beharrean gizartearen gehiengoaren beharretarako erabiltzea, ekonomia era arrazional batean planifikatuz eta honekin batera, bizitzen ari garen ekoizpen indarren suntsiketa eta langabeziarekin bukatuz. Dudarik gabe, neurri hauek aurrerapauso handiak lirateke gizarte sozialista bat eraikitzeko bidean, baina logikoki, neurri hauek ez dira munduko gobernu kapitalistek hartuko dituztenak.
Obamaren neurriak eta krisiaren perspektibak
New Deal-aren eta Obamak ekonomia zulotik ateratzeko hartu dituen neurrien antzekotasuna erabat argia da. Bankuak erreskatatzeko harturiko neurriak, gastu sozialak gutxitzea, aberatsen zergak “igotzeak”, etab. erakusten dute historiako gidoia ongi ikasia dutela. Hala nola, ñabarduretan ere antzekotasunak daude; espekulatzaileen “gehiegikerien” eta kargu altuen gehiegizko soldaten aurka Obamak eginiko diskurtsoetan edo Joe Biden lehendakariordeak “sindikatu indartsuen” alde egindako adierazpenetan. AEBko administrazio berriak hartutako neurri guztiek New Deal-aren esentzia kalkulatua daukate, sistema kapitalistaren legitimitatea bermatzeko eta milioika langileren deskontentua kapitalismo “gizatiar” bat defendatzera bideratzeko.
Barack Obamaren plan ekonomiko berriak, gaitz guztientzat irtenbide bezala lau haizetara zabaldu duten horrek, 789.000 milioi dolar (615.000 milioi euro) erabiltzeko asmoa du bi urtetan hiru milioi eta erdi lanpostu sortuz. Senatuaren onespena izateko, Obamak hasieran zeuzkan aurreikuspen asko bertan behera utzi behar izan zituen errepublikarren presioengatik: Estatuei hezkuntza indartzeko 40.000 milioi dolar gutxiago emango die eta beste 6.000 milioi gutxiago eskola publikoak egokitzeko, beste hainbat neurriren artean. Gainera, plan honi aurtengo aurrekontuak gehitu behar zaizkio, aurrekontuen diru falta (zorrak)1,7 bilioi dolarretaraino (BPG %12,3a) altxako duena. Baina, nahikoa izango al da plan hau AEBako ekonomia zulotik ateratzeko?
Hasieran Bushen administrazioak hartutako neurria 700.000 milioi dolar ematekoa izan zen eta ez zuen ezer konpondu. Diru kantitate berri hau ere posible da lurruna bezala joatea, batez ere kontutan izanda finantza sektorearen krisiarekin alderatuz oso kantitate txikia dela eta ekoizpenaren erorketa ere handia. Kongresuko Aurrekontuen Bulegoak, datozen hiru urteetarako hauxe aurreikusi du: 2,9 bilioiko diferentzia egon daiteke ekonomiak sortu dezakeenaren eta sortuko duenaren artean. Eta 800.000 milioi dolarrek, diru asko diruditen arren, ez du diferentzia guzti hori tapatzeko balioko. Lehen aipatu bezala, estatuaren eskuhartzea ez da nahikoa ekonomia kapitalista berraktibatzeko.
Ekonomia kapitalista, ekoizpen inbertsioaren eta irabaziak lortzeko merkantziak saltzeari esker bizi da, orain momentuan gelditurik aurkitzen direnak gainprodukzioari esker. Eskaera bultzatzeko Keynesen teoriak denbora batez funtziona dezake, erreserba publikoak garbi badaude eta ugariak badira edo hazkunde ekonomiko garaietan, nahiz eta Estatuaren zorpetze itogarri baten bizkar izan. New Deal-aren garaietan gertatu zen bezala, atzeraldi ekonomikoetan metodo hauek erabiliz lor daitezkeen emaitzak oso apalak dira. Baina krisia hasi zeneko baldintzak oso ezberdinak ziren. Gaur egun AEBek guztira dituzten zorrak BPGaren %50 baino gehiagokoak dira. Defizit publikoa 1,3 bilioi dolarrekoa da, bilioi bat euro ingurukoa, Bigarren Mundu Gerratik handiena, BPGaren %8,3a. Baina gerraosteko garaiekin alderatuta, ezberdintasunik handiena Txina eta Japon ere krisian erabat sartuta daudela da.
Obamak defizit hori ordaintzeko behar duen dirua ez lortzeko arriskua dauka. Gainera, gobernuak hori konpontzeko diru kantitate handiak salgai ipintzen baditu, egiten ari den bezala, are eta debaluazio handiagoa suposatuko du dolarrarentzat. Honek bere eragina izango du, alde batetik zor publikoan inbertitzen duten kanpoko inbertsoreak urrunduko ditu, ez dutelako balio gutxiko monetarik erosterik nahiko eta beste alde batetik beste herrialdeetako neurri protekzionistak bultzatuko ditu, jadanik zabaltzen ari den neurria eta 1929ko “crackaren” mamurik txarrenak dakartzanak gogora.
Protekzionismoaren adibideak leku askotan aurki ditzazkegu. Duela hilabete batzuk, Errusiak, inportatutako autoen zerga % 5etik % 30era altxa zuen. Txerri eta abere haragiei ere arantzelak jarri dizkie. Indiak jakinarazi zuen, sei hilabetetan zehar Txinako jostailuak inportatzea debekatu egingo zuela (Indiak Txinak egindako jostailuen erdiak inportatzen ditu). Estatu frantziarreko presidenteak, Nikolas Sarkozyk, automobilen enpresei emandako dirua “lana Frantziatik kanpora joan ez zedin laguntzeko zela” argudiatu zuen. AEBk ere Detroiteko automobil fabrika handiak babesten agertu dira, baina herrialdeko lantokiak soilik salbatzeko.
Herrialde garatuetako BPG %3 hazi dadin, merkataritza internazionala %8 hazi behar da eta orain munduko ekonomia ia ez da hazten. MMEren (Munduko Merkataritza Erakundea) arabera, 2009an mundu mailako merkataritza %2 inguru eroriko da, azken 27 urteetan lehen aldiz. Egoeraren ezegonkortasuna ikaragarria da. Atzeraldi ekonomikoaren mugimendua oso zaila da aurreikustea bere zehaztasun guztietan. Baina gauza bat argi dago: 1929ko “crackean” gertatu zen bezala, bere ondorio politikoak sakonak izango dira. Kapitalismoaganako konfidantza, milaka milioi gazte eta langilek zalantzan jarriko dute zeren nahiz eta orain arte hartutako kolpeek momentuz noraezean utzi, behartuta aurkituko dira lehenago leku batzuetan eta beranduago bestetan, antolatu eta ekintzara pasatzera, azken hamarkadetan ezagutu ez den indarrarekin. Azken bi hamarkadetan langileek ez dute porrot gogorrik jaso, gainera langile gazte asko sartu da lan mundura eta horrek freskotasuna ematen die lehendik burumakur egon zitezkeen langileei. Dudarik gabe, lehengo langileen esperientziak eta oraingo langile gazteen freskotasunak langile mugimendua etorriko diren garaien buruan jarriko du.
Italian, Grezian, Estatu frantziarrean… eman diren mobilizazio handiak, datorrenaren aurrekariak baino ez dira izan. Langileen erakundeak, bai politikoak eta baita sindikalak, goitik behera astinduko dira eta gizarte kapitalista hau gizarte sozialista batean bihurtzeko aukerak dozenaka herrialdetan emango dira. Baldintza eta egoera horietan, marxismoaren programak indartsu zabalduko ditu bideak, munduko milioika eta milioika zapalduren artean babes kontzientea irabaziz.
Hainbat hamarkadatan zehar , “kapitalismoa = ona” eta “ sozialismoa = txarra “ mantrak geure buruak behin eta berriz astindu ditu. Baina giza pentsamoldean eragiteko aparatu aurreratuenek ere, hau da, komunikabide boteretsuenek ere ezin dute gizakien esperientziaren indarra ezerezean utzi. Gaztelaniazko esaera zahar batek ongi azaltzen du hau; “La experiencia es la madre de la ciencia”, eta nahiz eta itxuraz dena nahiko lasai egon, itxurazko lasaitasun horren azpian ikaragarrizko deskontentua ari da garatzen eta sumendiek laba askatzen duten bezala, sistema kapitalistak langileen haserrea askatuko du, gizartearen gehiengoarena, eta haserre hori ongi ahalbidetuz gero, posible izango da gizartearen gehiengoaren beharrei erantzungo dien mundu bat eraikitzea, mundu sozialista bat!