Trotskyk liburuxka labur hau 1914ko urrian idatzi zuen, dagoeneko Lehen Mundu Gerra hasita zegoenean. Armada alemaniarrak Belgika inbaditu eta Estatu frantziarraren zati bat okupatzen ari zen. "Terrorearen" politika aplikatuz hiri osoak suntsitzen zituen, Lovaina esaterako, eta herritar zibilen aurkako sarraskiak egin zituen, batez ere inbasioaren aurkako oposizio armatua bazegoen.

Egoera hartan, kapitalismo inperialista lehertzean, ekonomia kolapsatzen denean, estatu nazionalak biziraupenaren mugan daudenean, langile klaseari aurrera egiteko aukera historikoa aurkezten zaionean, hau da, une historikoak azken borroka irabazteko antolatzea eta irabaztea eskatzen duenean, Europako langile klasearen alderdi eta antolakuntza nagusietako zuzendaritzek langileen interesak traizionatzen dituzte eta klase dominatzailearen eta prestatzen ari diren gerraren zerbitzura jartzen dira.

Dena utzi zuten albo batera egun batzuen buruan: programa iraultzailea, marxismoa, internazionalismoa, langile prentsa, etab. Ondorio gisa, Internazionalak hondoa jo zuen. Guztiz erori zen hainbeste ahalegin eta borrokarekin eraiki zen tresna, mundu mailako langile klasearen interesak defendatzeko altxatu zena, inolako muga, nazio, arraza eta kultura bereizketarik egin gabe, bere izaera internazionala bermatu eta mundu guztiko langileen interes kolektibo eta komunen alde egin zuena. "Herrialde guztietako langileak, elkartu zaitezte" leloaren ordez "Herrialde guztietako langileak, elkar akabatu zaitezte lubakietan, kapitalisten irabazien mesedetan" defendatu zuten praktikan.

Egoera horren aurrean aurkitu ziren, langile mugimenduaren historian aurrekaririk ez zuen traizio honi aurka egin zioten iraultzaile apurrak. Lenin eta boltxebike errusiarrak, Martovekin zeuden mentxebike internazionalista gutxi batzuk, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako korronte internazionalista, Rosa Luxemburgo, Karl Liebknecht eta Leo Jogiches buru zituena, Serbiako Alderdi Sozialdemokrata gaztea, Tribunen biltzen ziren Holandako sozialistak, Bulgaria eta Italiako alderdi sozialistetako gutxiengo internazionalista, James Connolly Irlandan eta Trotsky. Hauek izan ziren, alderdi sozialdemokratetako zuzendaritzen korronte sozial-chauvinista eta burgesari aurre egin zietenak.

"Sozialismo inperialista"

Trostkyren liburua Balkanetako egoera aztertuz hasten da. Europako potentzia handiek eta Turkiak beren aspirazio inperialistak aurrera eramateko erabili zuten Balkanetako auzi nazionala. Trotskyk Errusiako egoeran sakontzen jarraitzen du ondoren. Erregimen tsaristaren katastrofe militarrak eztanda iraultzaile bat eragiteko aukera aurreikusi zuen. Alemaniako egoera ere landu zuen, eta gogor kritikatu zituen alderdi sozialdemokrataren posizioa eta gerraren izaera defentsiboaz zuen teoria.

Trotskyk aurre egiten dio aparatu sozialdemokratak beren kapitulazioa justifikatzeko atera zuen "gerra defentsibo eta ofentsiboaren" teoria faltsuari eta erabat desegin zuen ustezko "independentzia nazionalaren defentsaren" gaineko tesia, langileak engainatu eta armadan sartzea bultzatzea baitzen erreformisten tesi honen helburua. Liburu honetan auzi oso interesgarriak lantzen dira; esate baterako, Trotskyk azaltzen du, Estatuaren aldetik mobilizazio militar handiena gauzatzen den momentuek bat egiten dutela sozialismoaren isolamendu handieneko momentuekin. Langile klasearen abangoardia gutxiengoan sentitzen dela deskribatzen du eta bere erakundeak zapuztuak geratzen direla. Izan ere Estatuaren aparatu militar indartsuak eta gobernuaren botere kontzentratuak, alderdi guztien eta instituzio burges guztien laguntzaz, politikoki atzeratuenak diren sektoreengan itxaropena pizten dute mobilizazio militarrarekin. Gerrak herritarren elementurik babesgabeenentzako perspektiba berriak irekitzen ditu modu faltsu batean, jabe txiki eta artisauentzako, nekazal guneetako langileentzako, etab.; baldintza normaletan hauek ez zuten armadan izena emango. Modu horretan, masa hauen bihotzak, miseriatik eta morrontzatik erauziak, esperantza nahasiez betetzen dira. Emozio horiek, lehen momentuetan, "mozkorraldi chauvinista" baten forma hartzen dutenean, langile klaseko sektore handiak ere eramaten ditu berekin. Baina autoreak azaltzen duen bezala, langile alderdiek gerra hasieran galdu lezaketen eragin guztia, bi edo hiru bider handiturik berreskuratuko litzateke iritzi publikoan saihestezina zen biraketa ematean, lehen eskutik ezagutzean gerraren izugarrikeriak eta benetako interesak.

Beste funtsezko puntu bat azaltzen du Trotskyk: langile klasearen mobilizazio militarra Internazionalaren hondoratzeko seinalea izan bazen, langile alderdiak protesta txikienik egin gabe gobernuetara eta armadetara batu baziren, hori gertatzeko arrazoi sakonak zeudelako izan zen, Internazional osoan berberak zirenak. Kausa horiek beraz, ez dira akats indibidualetan edo langile alderdietako agintarien inkonpetentzian bilatu behar, Internazional Sozialista jaio eta garatu zen garaiko baldintza objektiboetan baizik. Bere lerroetan erreformismoaren eta errebisionismoaren garapena ahalbidetu zuten arrazoiak aztertzea da gakoa.

Beste aspektu garrantzitsu bat, autoreak "argitu ez den faktore" gisa kalifikatzen duena, langile mugimenduak Estatuaren politika inperialistaren arrakastarekiko duen dependentzia da, bereziki bere gatazka ekonomikoetan. Horrela, beraz, Trotskyk aitortzen du, proletalgoko hainbat sektoreren berehalako interesak gobernuen kanpo politiken arrakasta edo porroten menpean geratzen direla.

Trotskyk "inperialismo sozialistaren" kontzeptua formulatu zuen sozialdemokrazia alemaniarrak izan zuen jarrera definitzeko. 1907ko Stuttgarteko Kongresuan azaldu zen dagoeneko posizio hau. Kongresu honetan, ordezkari alemaniar gehienek, bereziki sindikalistek, politika kolonialari buruzko ebazpen marxistaren aurka bozkatu zuten. "Internazionalaren barnean dauden joera inperialistak eta horiek alderdi sozialisten jarreran jokatu duten paper izugarria ukatzea, ebidentziaren aurrean begiak ixtea da". Eta honela amaitzen du: "Erreformismo sozialista, errealitatean, inperialismo sozialista bihurtu da". Horregatik defendatzen du Trotskyk proletalgoa sozialismo internazionalistaren banderapean bakarrik bildu daitekeela, eta geldiezina izango dela iraultza sozialaren bidea hartzen duenean.

Azkenik, Mundu Gerraren aurka bakearen aldeko programa marxista aldarrikatzen du, gizateriaren ondare kultural eta materiala salbatzeko ez ezik, baita proletalgoaren energia iraultzailea kontserbatzeko eta langile klasearen indarrak bateratzeko ere. Bakearen aldeko borrokak, sozialismo iraultzailearen indarrak inperialismoaren aurka jartzea esan nahi du, honakoa aldarrikatuz: anexiorik ez, indemnizaziorik ez, nazio guztien autodeterminazio eskubidea, Europako Federazio Sozialista, monarkiarik gabe, armada iraunkorrik gabe, kasta feudalik gabe, diplomazia sekreturik gabe! Kontsigna iraultzaile hauek Internazionaleko traidore sozial-chauvinisten aurkako borrokari lotzea planteatzen zuen autoreak, langile masen artean sozialismoak konkistatu zuen influentzia erabaili baitzuen helburu militaristetarako.

Honela amaitzen du Trotskyk: "Ez gara desesperazioan hondoratzen Internazionalaren porrotaren aurrean, historiak berak garbituko du forma zahar hori. Garai iraultzaileak antolakuntza modu berriak sortuko ditu. Argi mantentzen ditugu gure ideiak heriotzaren infernuko musikaren erdian. Bihar gaur baino askoz gehiago izango gara. Milioika bilduko dira gure banderapean, galtzeko ezer ez dutenak, beren kateak izan ezik".

Hitz gutxitan esanda, langile internazionalismoaren testu handi baten aurrean gaude.