1916eko udaberrian idatzi zuen Leninek marxismoaren klasiko bilakatu den testu hau. Bertan mundu mailako ekonomiaren garapenaren eta garaiko potentzia kapitalista nagusien arteko erlazio internazionalen ikuspegi orokor bat azaltzen du autoreak, XIX. mendeko azken mende laurdenetik mundu gerra hasi zen urtera arte, 1914. Idatzi honen helburua inperialismoa, funtsean, zertan datzan argitzea da, bere oinarri ekonomikoa ulertaraztea eta langileen abangoardia ideologikoki armatzea, burgesia nazional ezberdinek nahiz Bigarren Internazionaleko buruzagi sozialdemokratek, bere dekadentzia politikoan, elikatzen zuten chauvinismoari aurre egiteko.
Monopolioak eta kapital finantzarioa
XX. mende hasieratik ekonomia kapitalistan izandako fenomeno berriak aztertzean, Leninek azpimarratzen du faktore garrantzitsuena lehiakortasunaren ordez monopolioaren agintea ezartzean datzala. Ekonomialari burgesek beren sistemaz egin ohi duten kontzepzio idealizatuan "lehiakortasun askea" "lege natural" eta aldaezina izaten da, baina, hain zuzen ere, lehiakortasunak inplikatzen duen ekoizpen baliabideen garapen azkartuari esker, ekoizpenaren kontzentrazio ikaragarria gertatzen da (enpresa handiek txikiak irensten dituzte, merkatuan mantentzeko inbertsioak geroz eta handiagoak izaten dira, etab.) eta horrek ezinbestean monopolioa gailentzera darama. Ekoizpen adar bat enpresa gutxi batzuk kontrolaturik dagoen momentutik, hauek gai dira adosteko (eta besteei inposatzeko) ekoizpen kopuruak, prezioak, merkatuen banaketa, etab. zein izango diren: "Jada ez gaude enpresa handien eta txikien arteko borroka lehiakor baten aurrean, (...) baizik eta monopolistek monopolioaren menpe jartzen ez diren guztiak itotzen dituztenean.”
Fase inperialistaren beste funtsezko ezaugarri bat sektore finantzarioaren paper hegemonikoa da. Bankuak ordainketetan bitartekari hutsen zeregina edukitzetik, bankaren kontzentrazio prozesu baten ondorioz, monopolio bihurtzera pasatzen dira: "bere eskuetan dute kapitalista guztien ia kapital monetario guztia, eta baita ekoizpen baliabideen nahiz herrialde bateko edo hainbatetako lehen gaietako iturrien zatirik handiena ere". Modu horretan, ezagutu, kontrolatu eta erabaki ditzakete (besteak beste, beren mailegu politikekin), "gizarte guztiko operazio komertzialak eta industrialak". Horrela sortzen da, beraz, bankaren eta industriaren arteko fusioa, non lehenengoa gailentzen den. Hori da kapital finantzarioaren eta oligarkia finantzarioaren jatorria, "bankuen eta enpresa industrial eta komertzial handien arteko lotura pertsonala" sortzen duena. Leninek garaiko ekonomialari burges bat aipatuz azaltzen duen bezala, "bankaren eta industriaren arteko 'lotura pertsonala' bi hauen eta gobernuaren artekoarekin osatzen da. Administrazio kontseiluetako postuak apropos ematen zaizkie izen handiko pertsonaiei, nahiz Estatuko funtzionario ohiei, hauek maila handian erraztu baititzakete autoritateekiko erlazioak". Deskribapenak ezin du eguneratuagoa egon.
Munduaren banaketa potentzien artean
Kapitala proportzio erraldoietan metatzearen ondorioz, herrialderik garatuenetan kapital soberakin ikaragarria sortzen da. Soberakin hau irabazi bihurtzeko, kapitalen esportazioa erabakigarria izaten da: "kapitala esportatzeko beharra dago, herrialde gutxi batzuetan kapitalismoa jada 'helduegia dagoelako' eta kapitalak (...) ezin duelako aurkitu eremurik inbertsio 'errentagarrietarako". Nahiz eta merkantzien trukea ez den desagertzen, "kapitalismo zaharraren ezaugarri nagusia, lehia askea erabat gailentzen zenean, merkantzienesportazioa zen. Kapitalismo modernoaren ezaugarri nagusia, non monopolioak agintzen baitu, kapitalen esportazioa da".
Horiek dira hainbat potentziak munduaren banaketagatik gauzatzen duten borroka gupidagabearen oinarri ekonomikoak. Nahiz eta XX. mende hasieran ez zen existitzen kolonizatzeko eremu berri posiblerik, Leninek seinalatzen du, hain zuzen ere horregatik, herrialde inperialisten arteko borroka areagotu egiten zela, "etorkizunean soilik banaketa berriak bakarrik egon daitezkeelako, hau da, lurralde baten 'jabe' aldaketak, eta ez nagusirik ez duen lurralde bat 'jabe' bat edukitzera pasatzea. Modu horretan, gerrak, karrera armamentistikoa, zapalkuntza nazionala eta nazionalismo burgesaren bidez militarismoaren politikak justifikatzea kapitalismo monopolistaren funtsezko ezaugarriak dira, ez sistemaren hautazko ezaugarriak izan.
Liburuaren zati bat Kautskyren eta bere ultrainperialismoaren teoriaren aurka egitera bideraturik dago. Haren arabera, fase berri honetan monopolio eta inperialismo guztien fusioa lortuko litzateke bakar batean eta, beraz, gerrak ez lirateke beharrezkoak izango eta sistema egonkortzea lortuko litzateke. Modu horretan, iraultza sozialistaren beharra kolpe batez desagertuko litzateke. Leninek aurre egiten dio parez pare planteamendu horri, teoria eta praktika marxistarekin erabateko haustura gisa kalifikatzen du. Azaltzen du monopolioek ez dutela konpetentzia modu absolutuan kentzen, baizik eta "honen gainetik eta alboan existitzen direla, kontraesanak eta tirabira larriak eta handiak sortuz". Hain zuzen ere, monopolioek eta kapital finantzarioak menderaturiko mundu mailako ekonomia batean, estatu nazionalen babesa izanik, konpetentzia askoz ere suntsigarriagoa bihurtzen da, gizateriarentzat mehatxu izatera iritsi arte. Horren erakusgarri argia dira garai hartatik gertatu diren bi mundu gerrak eta etenik gabe piztu diren tokiko eta lurraldeetako gerra amaiezinak.
Dekadentzia eta trantsizio aroa
Inperialismoa kapitalismoaren fase berezi bat da, dekadentea, eta, Leninek dioen bezala, deskonposatzen ari den kapitalismo parasitarioaren fase honetan, irabaziak espekulazioaren bidez lortzeak pisu nagusia hartzen du. Liburua gaur idatzia dagoela dirudi; autorearen hitzetan, "irabazien gehiengoa intriga finantzarioen 'jeinuentzat' izaten da". Mundua potentzia mailegari gutxi batzuen eta gehiengoa diren herrialde zordunen artean banatzen da. Herrialde atzeratuenen garapena bultzatzetik urrun, herrialde kapitalistetako kapital metatze ikaragarria, masen pobrezia betikotzeko eta menpekotasun erlazioak finkatzeko erabiltzen da; hauek kapitalismoaren existentziarako ezinbesteko baldintza dira; eta, azkenik, desintegrazio soziala sistemaren bihotzean bertan ere garatzen hasten da.
Mundu mailako ekonomian oligarkia parasitario honek duen aginteak (gaur egun askoz ere larriagoa da orain dela mende bat baino), egonkortasun gehiago ematetik urrun, kaosa areagotzen du. Leninek azaltzen du etapa inperialistan sistemaren funtsezko kontraesana -ekoizpenaren izaera sozialaren eta jabetzearen izaera indibidualaren artean dagoena- gehiago areagotzen dela. Egungo krisia, 30eko hamarkadatik izan den handiena dena eta oraindik hondoa jo gabe dagoena, eredu argia da ikusteko nola gutxiengo higuingarriki aberats batek egoera katastrofiko batera eraman dezakeen gizartearen gehiengoa, eta baita ekoizpen baliabideak ere. Leninek, Marxen eta Engelsen oinarrizko ideiak gogoratuz, planteatzen du jabetza pribatua "edukiari ez dagokion estalkia dela", hau da, ezin dela bateratu ekoizpen indarrek lortu duten garapenarekin.
Inperialismoaren beste funtsezko ezaugarri bat, ordea, "bestelako orden sozial berri bateranzko" trantsizio etapa bat izatean datza, kapitalismoaren hasierako faseko "erabateko lehia askearen" eta "erabateko sozializazioaren", hau da, sistema sozialista baten artean. Horrela, beraz, etapa hau benetan gainditzeak ezin du izan atzera buelta bat historian, edota aurpegi gizatiarreko kapitalismo bat, garaiko politika burges txikiak eta oportunistak defendatzen zuen bezala, hori ezinezkoa baita. Ekoizpen baliabideak desjabetu behar dira, hauek gizartearen gehiengo zabalaren beharrak asetzeko helburura bideratzeko. Logikoki, trantsizio hau ez da automatikoa, masen antolakuntza kontzientea eta ekintza iraultzailea behar du kapitalistek gizartearen gainean ezartzen duten aginteari amaiera emateko.