Zatoz liburuaren aurkezpen hitzaldira asteazkenean apirilak 6, 19:00etan, Zirikan (Erronda kalea, 12) Bilbo

EHS: zergatik da idazlan hau hain beharrezkoa?

Pablo Alcántara: Azken urteotan, oroimen historikoaren elkarteek, diktadura frankistaren biktimek eta ezker borrokalariko erakunde sindikal eta politikoek oso borroka garrantzitsua egin dute frankismoaren krimenen inpunitatearekin amaitzeko. Errepresio, kartzela, hilketa eta tortura polizial basati horien zigorgabetasuna funtsezkoa izan zen 78ko erregimenaren garapenerako, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Horrek bere benetako izaeraz asko esaten du.

Eztabaida sozial eta publiko bat egon da borroka horri nola heldu jakiteko. Liburu honen bidez, nire aletxoa ekarri nahi izan dut. Franco hil zenetik berrogei urte igaro direnean, Brigada Politiko Sozialari dimentsio guztietan heltzen dion lehen testua da. Bazen garaia lan hori egiteko, izan ere, frankismoaren errepresioaren funtsezko zutabeetako aztertu gabe baitzegoen.

EHS: zergatik uste duzu BPSko kideek inpunitate hori mantendu zutela?

P. A.: Trantsizioko urteak, «adiskidetze nazionalaren» propaganda saltzen digutenaz bestalde, urte benetan gatazkatsuak izan ziren, alde batetik langile klasearen borroka oso garrantzitsuen urteak, eta, bestetik, erregimenaren indarkeria eta errepresio basatiko urteak. Benetako aldaketak nahi zituen gehiengo sozialari aurre egiteko, hein handi batean diktaduratik zetozen agintariek frankismoko polizia buruak mantentzea erabaki zuten. Borren eta odolaren bidez euren pribilegioak eta espainiar kapitalismoaren jarraipena gero eta gehiago zalantzan jartzen zituzten borroken gorakada ikusgarriarekin amaitzea zen helburua.

Ezin zutela lortu ikusita, PCEko, PSOEko eta CCOOko buruzagiengana jo zuten. Buruzagi horiek diktadurako agintariekin 78ko erregimena hitzartu zuten, besteak beste, status quo kapitalista mantentzea eta frankismoaren krimenak “barkatzea” ahalbidetuz. Premisa horrekin eta “borroka antiterroristaren” aitzakiarekin -gerra zikin eta estatu-terrorismo (GAL) bilakatu zena-, bai UCDko eta bai PSOEko gobernuek BPSko kide gehienei, epaitu eta garbitzetik urrun, dominak eman eta mailaz igo zituzten, liburuan ondo azaltzen den bezala.

EHS: liburua, hain zuzen ere, PPren eta Voxen eskuina eta eskuin muturra frankismoa eta BPSren ereduko errepresioa aldarrikatzen ari diren une honetan argitaratzen da. Zure ustez, zer irakaspen atera daitezke liburutik zentzu horretan?

P. A.: Liburutik uste dut gaur egunerako funtsezkoak diren bi ikasgai atera daitezkeela. Lehenengoa da ulertzea errepresioak garrantzi handia izan zuela diktadura osoan zehar terrore soziala inposatzeko orduan. Badira zenbait historialari neofrankista frankismoaren azken urteetako ideia hezurmamitua saltzen digutenak, non dena bakea eta oparotasun ekonomikoa izan zen, eta ez zen horrela izan. Langile klasearentzat eguneroko ogia miseria eta errepresioa zen, grebetan parte hartuz edo antolatuz ahotsa altxatzen zenuen heinean. Indarkeria horretan, BPSak funtsezkoak izan ziren erregimenaren aurkako guztiak atxilotu eta torturatzen.

Garrantzi handia duen beste irakaspena da, kolpeak, kartzelak eta heriotza zigorrak erabilita ere, diktadurak ezin izan zituela inoiz mobilizazioak eta grebak gelditu, langileak zein ikasleak izan. Frankismoaren aurkako militanteek bazekiten zer espero zuten antolatzen baziren. Baina konbentzituta zeuden hori zela bide bakarra erregimena garaitzeko, eskubideak konkistatzeko eta gizartea eraldatzeko. Gauzak aldatzeko borrokaren beharra irakurleek liburutik ateratzea espero dudan ikasgai handienetako bat da.

EHS: Euskal Herria lehen lerroan egon zen frankismoaren aurkako borrokan, eta erreferente izaten jarraitzen du borroka antifaxistan, non eskuin muturra erabat isolatuta dagoen.

P. A.: Euskal Herrian, bai azken urteetan, bai diktadura frankistan, langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio garrantzitsuak izan dira. Liburuan bertan, agintari frankistek uste zuten Euskal Herrian gertatzen ari zena «lau bisoño arduragaberen» kontua zela, baina benetan gizartearen gehiengoa mobilizatzen ari zen, gauzak aldatzeko eta autodeterminazio eskubidearen alde.

Erregimenak ez zuen zalantzarik izan bortizki zapaltzeko. Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan milaka izan ziren atxilotuak eta BPSk lurralde honetan grebak edo manifestazioak egiteagatik torturatu zituenak. Hala eta guztiz ere, euskal langileriak borrokan jarraitu zuen, eta borroka eredugarri horrek klaseko elkartasun lotura eta miresmen sendoak sortu zituen Estatu mailan, non Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aitortza eta babesa masiboa zen kaleetan. Horregatik, erregimenak hainbesteko ankerkeriaz eraso zuen eta ahal zuen guztia egin zuen nazionalismo espainolista inokulatzeko eta zatitzeko, PSOE, PCE eta CCOOko buruzagien traizioaren babes ordainezinarekin. Hala ere, tradizio antifaxista haiek indarrean jarraitzen dute gaur egun, eta 60 eta 70eko hamarkadetako klase borrokaren garapenak ikasgai indartsuak gordetzen dizkigu.

EHS: orduan zein gaurkotasun dute gertakari historiko horiek?

P.A.: Izquierda Revolucionariako militantea naizen aldetik, niretzat historia bitarteko bat da, ez nondik gatozen jakiteko bakarrik, baita gaur egun gizartearen eraldaketaren alde borrokatzeko ere. Trantsizioan ezkerrak egin dituen akats eta kontzesio politika guztiek lotura zuzena dute gaur egun bizi dugunarekin: diktaduraren oinordeko izaten jarraitzen duen Estatuaren aparatua, frankistaz jositako epailetza, frankismoa lotsarik gabe aldarrikatzen duen eskuina, diktadoreak zuzenean ezarri zuen monarkia ustela. Memoria historikoa berreskuratzea ez da soilik justizia ariketa bat, 78ko Erregimena agerian uzten duen ekintza militante bat baizik.