Azpimarratzekoak dira liburu honetan, burgesia nazionalen arteko guda krudel honen aurrean hainbat herrialdetako langile mugimenduaren elkartasunezko aldarrikapenak. Saxonia guztiko 50.000 langileen ordezkariek asanblada batean ondorengo ebazpena onartu zuten aho batez langile frantziarrek luzatzen zieten elkartasun deialdiaren aurrean: “Demokrazia alemaniarraren izenean eta, bereziki, Alderdi Sozialdemokrata osatzen duten langileen izenean gerra hau esklusiboki gerra dinastikoa dela deritzogu. Poza hartzen dugu Frantziako langileek luzatzen diguten anaitasunezko eskua ematean… Langile Internazionalaren Elkartearen leloarekin leialtasun osoz: “Herrialde guztietako proletarioak elkartu zaitezte”, inoiz ez dugu ahaztuko herrialde guztietako langileak gure lagunak direla eta herrialde guztietako despotak gure etsaiak direla.”
Liburu hau oso baliagarria da Parisko Komunaren aldarrikapenera daramaten gertakari guztiak ulertzeko, baita hau nola antolatu zen eta bere lorpen handienak zeintzuk izan ziren ulertzeko ere. Baina komunaren ohore handiena, historiako lehen langile gobernua izatea da. Parisko langileriak ondoren marxismoak garatuko zuen estatua eta iraultzaren teoriaren oinarriak jarri zituen. Langile paristarrak armaturik eta Guardia Nazionalean antolaturik ez zuten etsi “Defentsa Nazionaleko Gobernuaren” traizioaren aurrean eta hiriburua hartu eta komuna aldarrikatu zuten.
Engelsek testuaren hitzaurrean azaltzen duen bezala: “Komunak lehen momentutik onartu behar izan zuen langile klaseak, boterera iritsi eta gero, ezin zuela Estatuaren makinaria zaharkituarekin gobernatzen jarraitu; bere aginte konkistatu berria ez galtzeko langile klaseak, alde batetik, ordura arte bere aurka erabilia izan zen makinaria errepresibo guztia garbitu behar zuen, eta bestetik, bere diputatu eta funtzionarioekin neurriak hartu behar zituen, denak, salbuespenik gabe, edozein momentutan kengarriak deklaratuz.” Komunaren esperientziak Marxek aurrerago Luis Bonaparteren 18 Brumarioan aurreikusten zuena baieztatzen du, proletalgoak estatuaren makinaria burgesa suntsitu egin behar duela.
Liburu honek, komunaren esperientzia guztia aztertuz, langile botereak behar dituen oinarrizko ezaugarriak jartzen ditu mahai gainean. Lehenik eta behin, Komunak ejertzito egonkorra ezabatzen du, hau herri armatuaz ordezkatuz; botere banaketa demokraziaren espresio gorena den ideia faltsuarekin apurtuz Komuna, “aldi berean betearazle eta legegile den lan korporazio” bihurtzen da eta funtzionarioek langile kualifikatu baten soldata bera jasoko zuten. Gainera, kargu publiko bat betetzeko aukeratua irteten zen oro momentu guztian kengarria izan behar zuen.
Komunak aurrera eramaten dituen ekintzak langile izpiritu biziz bustirik daude, Estatu-Elizaren erabateko banaketa, hutsik zeuden enpresa eta tailerren okupazioa, Napoleonek Vendome plazan altxatu zuen garaipen zutabea eraistea…. Zoritxarrez komunako langileek prezio oso gogorra ordaindu zuten egin zituzten akatsengatik. Garrantzitsuenetakoak Frantziako Bankua kontrolpean ez hartzea eta “Defentsa Nazionalaren gobernua” tolerantzia gehiegiz tratatzea izan ziren, azken honek berrantolatzean komuna odoletan ito zuelarik.
Marxistek beti ikusi izan dute historia ikasgai praktikoak ateratzeko tresna bat bezala. Liburu honetako lezioek, sakonak bezain gogorrak, iraultza sozialistaren aldeko borrokalarientzat gaurkotasun osoa izaten jarraitzen dute.