Burgesiak erositako teorialari eta intelektualek, kapitalismoaren izenean marxismoaren teoriak azpiratu nahian diharduten horiek, honi benetan kolpe handia eman diotelakoan daude iraultza sozialistaren ezinezkotasuna behin betiko frogatu dutelakoan.

Hara non, ukatu egiten dute langile klaseak kontzientzia iraultzaile bat hartzeko duen gaitasuna, hauen arabera industriak eta industriako langileen kopuruak gero eta pisu txikiagoa omen duelako ekonomia kapitalistan. Zera ematen du, lan industrialak, bere baitan eta bere kabuz soilik, nolabaiteko sorginkeria edo efektu magnetiko bereziren bat eragiten duela bertako langileen kontzientzietan eta hauek (hauek bakarrik) iraultzaile ikaragarri bihurrarazten dituela. Hortik, beraz, beraien saiakera guztiak modu arbitrario eta itxura zientifiko batean industriaren gainbehera azaltzeko eta beraz kontzientzia iraultzailea langile klasearen osotasunera zabaldu beharrean, sozialismoa, ‘estamentu marjinal’ baten amets utopiko bezala erakusteko.

Aurreko artikuluetan azaldu dugu jada industriaren paperaren azaleko analisi hauek gordetzen duten sinplifikazio eta faltsukeria. Herrialde kapitalista garatuenetan, birmoldaketa industrial guztiak kontuan hartuta ere, langile industrialen kopurua orain dela 60 edo 70 urte baino handiagoa da eta urte haietan iraultza Europa guztian gori gorian zegoen. Azken finean, aurreko artikuluetan genioen bezala, klase kontzientzia sortzeko premisak soldatapeko langileen bizi eta lan baldintzak dira, lan egiten den sektoretik aparte.

Hau esanda, langile industrialak, klase kontzientziaren garapenari dagokionez, beti izan dira soldatapeko langileen artean abangoardia, industriako lanak baldintza egokienak sortzen baititu kontzientziaren garapena modu sakonago batean eman dadin.
Zein dira baldintza hauek? Lehenik, merkantziak masan ekoizteko askoz handiagoa da beharrezko langileen kontzentrazioa beste edozein motako enpresetan baino. Honela, kopuru handiagoak, handiago egiten du indarraren sentimendua eta enpresan duten boterea. Hau indartsuago egiten da batez ere grebetan, langileen kontzientzietan sakonki eragiten dutelarik. Bigarren, makinariaren garapena handiagoa da beste sektoreetan baino eta hazi egiten da langilea makinaren apendize huts bat denaren ideia, lanari erakargarritasun guztia kenduz. Praktikoki, langile industrialen prestakuntza berdina da beraien artean enpresako produkzio linea bakoitzeko, eta existitzen diren kategoria asko eta asko artifizialki sortuak izan dira edo jatorrizko zentzua galdu dute, baina mantendu egiten dira langileak zatitzeko edo akuilatzeko eta horrela hauen lanaren produktibitatea handitzeko. Hirugarren, langile industrialak (metalurgiakoak batez ere), langile klasearen barnean, hobekien ordainduak izan ohi dira, kultuenen artean daude eta borrokarako adore gehiago daukate urteetako borroken ondorioz lortutako hobekuntzak direla eta. Azkenik, nagusiarekin inolako kontaktu pertsonalik ez egoteak enpresa handi edo ertain batean, errazago erakutsarazten die langileei enpresaren funtzionamendu osoa beraien lana dela, denak funtziona dezan beraiek direla beharrezko bakarrak, are sakonago bihurtuz zapalkuntza sentimendu komuna. Nagusiarekin kontaktu pertsonalik ez egoteak eragotzi egiten du erlazio paternalistak sortzea, enpresa txikietan normalki gertatzen den bezala, non batzuetan nagusiak "esku bat" botatzen duen. Enpresa zenbat eta handiagoa izan, zenbat eta kontzentratuago egon langileak lantoki berean, orduan eta errazago eta azkarrago garatuko da beren klase kontzientzia.
Leon Trotskyk, 1905eko Errusiako Iraultzari buruzko bere liburuan proletalgoaren papera eta bere indar soziala aztertzen du: “Proletalgoaren garrantzia nagusiki produkzio handian jokatzen duen paperetik ondorioztatzen da (...) Bere botere soziala, produkzio baliabideak, burgesiaren eskuetan egonik, mugimenduan berak bakarrik, proletalgoak, jar ditzakeen errealitatetik dator... Hortik, proletalgoaren garrantzia –egoera berdinean, kopuruaren indarrari dagokionez- handiagoa da mugimenduan jartzen duen indar produktiboen masa handiagoa den heinean: lantegi handi bateko proletalgoak –egoera berdinetan- garrantzia sozial handiagoa du artisau batek baino, eta proletalgo hiritar batek, nekazaritzako proletalgo batek baino. Beste hitz batzuetan: proletalgoaren paper politikoa handiagoa da zenbat eta gehiago dominatzen duen produkzio handiak txikia, industriak nekazaritza eta hiriak mendia” (León Trotsky: 1905. Emaitzak eta Perspektibak, II Lib., ‘Sozialismorako aurrebaldintzak’, 198. orr. Ruedo Ibérico Ed.).
Langile klasearen sektore periferikoek ez bezala, industriako langileek sistema ekonomiko kapitalistaren bizkar hezurrari eusten diote. Industriaren eta garraioen eguneroko funtzionamendurik gabe, gizarte kapitalistak ez luke aste bat bera ere iraungo. Langile klase industriala gizarte kapitalistan existitzen den indar boteretsuena da, berdin du hiru edo hamar milioi diren herrialde jakin batean. Bere benetako pisua gizartean eta ekonomian askoz handiagoa da bere kopurua baino.
Iraultza Errusiarrak ederki baieztatzen du analisi hau. Langile klase errusiarra hamar milioi langileez bakarrik osatua zegoen 150 milioi biztanleko herrialde batean. Langile industrialak lau milioi inguru ziren. Baina Trotskyk azaltzen duen bezala, ekonomia kapitalista errusiarrean zuten beren indar eta pisu zehatzak ehun aldiz bidertzen zuen hauen kopurua, abangoardiako borroka indarrik boteretsuena bihurtuz eta borroka iraultzailera langile geruza atzeratuenez gain gizarteko masa zapaldu guztiak erakartzen zituztelarik. Eta hau egia bazen 1917ko Errusiarentzat, mila aldiz egiago da gaur egun edozein herrialde kapitalista garaturentzat.
Nahiz eta adar industrial jakin batean langileen kopurua zenbaki absolutuetan jaitsi, bere indar eta botereak berdin berdina izaten jarraitzen du, hauena baita, eta bakarrik hauena, adar honetako produkzioa funtzionamenduan jartzeko gaitasuna.
Hau kontutan hartuta, ezin zaizkigu minimoki serioak iruditu langile industrialen ahultasunari buruzko aiene eta kexu tamalgarri guztiak. Garai normaletan ere ikusi ahal izan dugu, nola fabrika edo faktoria bakar bateko langileen borrokak eskualde edo probintzia oso bat jarri duen zutik. Gaurkotasun biziz ikusten ari gara Cadizeko Delphi enpresako langileek edo Vigoko metaleko langileek burututako borrokak eta greba orokorrak zer nolako magnitudeak izatera ailegatu diren eta ikuspuntu historiko batetik aztertzen baditugu erabat frogatzen dute borroka hauek gero eta ugariagoak eta gogorragoak izango direla, baita gure herrietan ere. Industriako langileen borrokek langile klasearen osotasuna eta gertuen dauden erdi mailako klaseak mugitzeko gaitasuna daukate, bere abangoardiako paperari eutsiz langile klaseko sektore kontziente eta aurreratuenak batzerakoan. Hau behin eta berriz frogatu da. Ez da hain zaila orduan egoera iraultzaile batean langile klase industrialak aska lezakeen indarra imajinatzea.