Kapitalistek eta bere morroiek mito handi bat eraiki dute langile klaseari buruz, hankaz gora jartzen dituzte gizarte kapitalistan ematen diren benetako prozesuak. Horrela, ideia faltsuak errepikatzen dituzte behin eta berriz.

Langile klasea ahuldu egin dela, langileen konposizioa orain dela 30 urte baino konplexuagoa dela, soldatapekoen talde ezberdinek interes berak eduki beharrean norabide ezberdinetan aldentzen direla... Jende honek, modu arbitrario eta interesatu batean, langile klasea industriako langile klasearekin identifikatzen du eta ez dute ulertzen ahultzetik urrun, langile klasea, ikaragarri indartu dela eta orain dela hamarkada batzuk soldatapekoen artean ez zeuden edo existitu ere egiten ez ziren sektore asko erakarri dituela.

Sistema esklabistatik soldatapeko lana eta merkantzien produkzioa gizarte guztietan eman bada ere, kapitalismo aurretik izaera marjinal bat besterik ez zeukan eta bigarren maila batean zegoen gizarte horretako lan eta produkzio moduetan. Sistema kapitalistarekin bakarrik izan da soldatapeko lana eta merkantzien produkzio handia, lan eta produkzio sistema nagusi bezala jarri diren aroa, produktore txikia oinarri zuten iraganeko guztiak garbituz.

Dena den, ekonomia kapitalista jaioberrian, guk ezagutzen dugun soldatapeko lana eta beraz langile klasea bi sektoretan bakarrik agertu ziren: ehungintzan eta meatzaritzan. Piskanaka beste sektoreetan hazten hasi zen, ekonomia kapitalistak artisau eta nekazal produkzioaren beste adarrak hartu zituen eta hauetan zabaldu zen. Metalurgiaren eta siderurgiaren industria trenbidea sartzearekin sortzen dira eta honek trenbideko langileen klase berri baten sorrerari ematen dio bide. Ekonomia kapitalistan asmakizun berri guztiek eragiten dute lanaren zatiketa berri bat, eta beraz, sektore produktibo berriak eta soldatapeko langile destakamendu berriak jaiotzen dira. Automobilak, elektrizitateak, hidrokarburoek, plastikoak eta informazioaren teknologia berriek adar industrial berriak sortu dituzte eta noski, baita langileen labealdi berriak ere. Kapitalismoaren aldi bakoitzak bere ekonomia sortzen du eta ondorioz lanaren zatiketa berri bat.

Hasiera batean erdi mailako klaseei zegozkien sektoreek, artisau edo familiako ekonomiarenak, ezin diete aurre egin kapitalismoan indar produktiboen garapenak inposatzen dituen legeei eta soldatapeko lanaren sisteman babestera beharturik ikusten dute beren burua: hezkuntza, tabernak eta jatetxeak, erietxe handiak bere zaindari, mantenuko langile (elektrikari, iturgin, etab.), ospitaleko laguntzaile, LI eta baita sanitate publikoko legioekin; burdindegi, arozgintza, elikagaigintza... eta horrela infinituraino jarraituko genuke.

Azaldu izan dugu jada sektore guzti hauetan lan baldintzak direla ezinbestean klase kontzientzia garatzeko premisak sortzen dituztenak. Hau gainera langileen antolakuntzan ere egiaztatzen da. Klaseko sindikatu handiak dira herrialde guztietan langileen gehiengo zabala biltzen dutenak, ofizio eta lan baldintzen ezberdintasunen gainetik. Borrokako metodoak berberak dira langile klasearen sektore guztietan eta masen ekintza direlako bereizten dira: grebak, manifestazioak, lantokietako okupazioak, etab. Beste sektore batzuek antzeko borroka metodoak erabiltzera jotzen dutenean agerian geratzen da gizarte kapitalistan langile klaseak zer nolako influentzia eta indarra duen: ikasleek, lurjabe txikiek, garraioko edo komertzioko jabe txikiek, etab. bere ekintzei zalantzarik gabe proletarioen usaina duen hitz batekin deitzen die: greba.

Marxismoaren aurka jarduten duten horien argumentu gogokoenetako bat, eta harrigarria badirudi ere, ezkerreko sektoreetan oihartzun gehien eduki duenetakoa hauxe da: lan eta bizi baldintzen aurka kapitalismoak aurrera eramandako ofentsibak, batez ere langile gazte eta zapalduengan (enplegu prekario, lanaldi partzial, tenporal, eskubide sindikalen galera, etab.), eragotzi egiten du objektiboki langile hauek ekonomia kapitalistako sektore klasikoetako langileena bezalako kontzientzia garatzea. Analisi hau ordea errealitatean beraien aurka bueltatzen da. Sistema kapitalistak klase borroka eta iraultza denbora batez gelditu dezake, baina ez langile eta kapitalisten arteko kontraesanak handituta, kontraesan hauek baretuz eta leunduz bakarrik baizik. Hau burutzeko bide bakarra langile klaseak modu duin batean bizitzeko eta lan egiteko baldintzak sortzea da eta honela bizi maila piskanaka hobera joango denaren ilusioa sortaraztea. Honelakoa izan zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren bizitu zen garaia.

Ulergaitza gertatzen da, kapitalismoak kontraesan sozialak gero eta jasangaitzago bihurtzen dituenean, milioika langileren bizi eta lan baldintzak okertzen dituenean, etorkizuneko klasearteko borroka erlaxatuko dela pentsa daitekeenik sinistea. Guztiz aurkakoa. Lan baldintza “berri” hauek (prekarietatea, gain esplotazioa, zalantza etorkizunaren aurrean) klasearteko borrokaren benetako eztanda prestatzen ari dira eta pilatzen ari den amorru guztia azalera irtengo da ekonomia kapitalistaren zikloa aldatzean. Sektore esplotatu hauek, orain hortzak estutuz etorkizun hobeago baten esperoan badaude, ilusio hauek frustratuak ikusiko dira eta oso paper garrantzitsua jokatuko dute derrigorrean emango diren borroketan.

Marxismoaren kritikoek ahaztu egiten dute ordea berriro nostaljiaz erreklamatzen dituzten baldintza sozialek (Ongizatearen Estatu famatu horrek sortutakoak) berrogei edo berrogeita hamar urte bakarrik dituztela. Zein ziren hogeigarren edo hogeita hamargarren hamarkadan langile klaseak Europan edo Amerikan zituzten bizi eta lan baldintzak? Ba antzekotasun handiak dituzte gaur egun sektore askotan eta batez ere gazteriaren artean sortzen ari diren baldintzekin. Eta akaso baldintza haiek ez al ziren ba zati handi batean kapitalismoaren historian inoiz eman diren mugimendu iraultzaile gogorrenak sortu zituztenak? Baina zer gertatzen da gaur egun? Klasearteko borroka handitzen edo txikitzen ari da?

Klasearteko borrokaren lokomotora geroz eta bizkorrago doa eta langile eta gazteak borrokara erakartzen ari da mundu guztian zehar baina egia da azken urteetan zehar borroka sindikala nahiko baxua izan dela ia herrialde guztietan: “... [borroken maila baxu hau] kausa ezberdinengatik azaldu daiteke. Langabeziaren beldurrak paper garrantzitsu bat jokatu zuen, batez ere boomaren lehen urteetan, jada aipatu dugun bezala, atzerapen ekonomiko baten antz gehiago zuen. Lanaldi partzialen eta modu guztietako ‘lan malgutasunaren’ sarrera zabalak bizirik mantendu du segurtasun faltaren sentimendua eta modu tamalgarrian eragin du militantzian eta antolakuntza sindikalean orain arte. Bestalde, lan indarrean emandako aldaketek lanpostu askoren galera suposatu dute industria astun zaharrean, lehen, sindikatuen bastioi zirenak. Aktibista sindikal zaharren taldea gogor joa izan da. Atzera begiratzen dute eta ez dute porrota besterik ikusten, marxistek duten etorkizuneko perspektiben ikuspegi zabalagorik gabe eta pilatzen ari den ekaitzaren izaera naturala ulertzeko gaitasunik gabe; egoeraren benetako ulermen bat gabe, beren arazoen errua langile klaseari botatzera jotzen dute. Hau zen hain justu 68ko maiatzaren aurretik gertatzen zena, boomaren tontor altuenean zeru oskarbi bateko tximistaren antzeko zerbait izan zen.

Aktibista beteranoenak desorientaturik eta etsita dauden bitartean, gazteriaren geruza berriek, etorkizuneko borroketan paper klabea jokatzeko daudela, esperientzia falta dute eta oraindik ez dute bere tokia aurkitu. Beraiek jasango dute esplotaziorik okerrena nagusien eskuetan eta energiazko eta borroka izpirituzko erreserba amaiezinak dituzte. Etortzeko dauden gudetan antolatuko dira eta oso irekita egongo dira ideia iraultzaileekiko” (Alan Woods eta Ted Grant, El ciclo económico y la lucha de clases).  

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.