ATALAK:

I: Jatorrizko kapital metaketa. II: Manufakturatik industria handira. III: Makinaria eta industria handia, gainbalio erlatiboaren ekoizpena. IV: Balioaren teoria. V: Irabazi tasa. VI: Kapitalaren zikloa. VII: Krisi kapitalistak. VIII: Inperialismoa

Ekonomia politiko burgesak behin eta berriz ukatu eta faltsutu nahi izan ditu marxismoaren ideiak, ez bakarrik sozialismoaren aldeko borroka politikoaren printzipioetan, baita marxismoak sistema kapitalistaren funtzionamenduaz egiten duen analisian ere. Izan ere, marxismoak  sistema hau ez dela bideragarria frogatzen duen heinean, ekonomialari burgesa beti saiatu izan da kapitalismoa kontraesanik gabeko sistema bat bezala aurkezten. Sistema honek uzten digun errealitateak, ordea, behin eta berriz ematen die arrazoia Marxek Kapitalean garatu zituen ideiei, teoria burges guztiak barregarri utziz.

Hori dela eta, Euskal Herria Sozialistako orri hauetatik ekonomia marxistaren ikuspegi orokor bat azaldu nahi dugu, teoriaren oinarrizko tesiak landuz. Helburua sistema honek bere funtzionamenduaren barnean dituen lege orokorrak eta kontraesanak argitzea da, kapitalaren jatorrizko metaketatik hasiz eta honen fase gorena den inperialismoraino iritsiz, krisi ekonomiko kapitalisten prozesua barne.

I: Jatorrizko kapital metaketa

Lehenik eta behin, Marxek dirua eta merkantzia bere baitan ez direla zertan kapitala izan azaldu zuen, era berean, ekoizpen baliabideak eta kontsumo produktuak egoteak ere berez kapitalik inplikatzen ez duen bezala. Merkantzia eta dirua existitzen ziren iraganeko beste ekoizpen moduetan, esaterako esklabismoan edo feudalismoan, baina ez ziren masiboki kapitalean eraldatzen eta hau ez zen gizarte horretako jarduera ekonomikoaren motorra bihurtzen.

Baina nola gertatzen da kapitalismoaren jaiotzari bide emateko ezinbestekoa zen jatorrizko kapital metaketaren prozesua? Marxek bere lanaren zazpigarren atalean azaldu zuenez, diruaren, ekoizpen eta kontsumo baliabideen jabeak elkarren artean kontaktuan jartzen direnean eta beren jabetzari balioa ematea lortzen dutenean sortzen da aldaketa. Balioa emateko modua hain zuzen ere besteen (hau da, kanpoko) lan indarraren erabileran oinarritu behar zuen. Honela, erlazio kapitalistek, lehenik eta behin, langileak lan baliabideekiko eta lanabesekiko erabat bereiztea inplikatzen zuten.

Trantsizio prozesu hau hainbat mendetan zehar garatu zen eta, batez ere, kapitalismo garaikidearen sehaska izan ziren Ingalaterran eta Holandan hasi zen. Azken finean, gizarte kapitalistaren egitura sozialaren sorrera feudalismoko jabetza erlazio zaharrak deseginez eman zen. Prozesu hau hainbat faktorek markatu zuten:

1.- Ekoizle  zuzenak glebari lotuta egoteari edo jopu izateari uzten dio. Langilea gremioen agintetik bereizten da, ikasle eta ofizialen inguruko ordenantzetatik eta lan arauetatik alegia. Joputzatik askatu berri izan zirenak euren buruen saltzaile bihurtzeko modu bakarra eskura zituzten ekoizpen bitartekoak eta instituzio feudal zaharrek eskaintzen zituzten biziraupenerako berme guztiak kentzea zen. Marxek nabarmendu zuen bezala, “desjabetze honen historia gizateriaren urtekarietan odol, su eta garren trazuekin idatzia izan zen”.

2.- Ekoizle nekazariak lurretatik desjabetzea zen prozesu honen oinarria. Ingalaterran glebara loturiko joputza praktikan desagertu egin zen XIV. mende amaiera aldera. Ordurako biztanleriaren gehiengo zabala nekazari askeek eta autonomoek osatzen zuten, beren jabetza estaltzen zen etiketa feudala edonolakoa izanik ere.

Joputza erlazioen desegiteak nekazari askeen masa zabala jaurti zuen lan merkatura, biolentzian oinarritu zen mugimendu batean. Jauntxo feudal handiek nekazariak indarrez kanporatu zituzten lurretatik eta beren lur komunalak usurpatu zituzten, artalde handien mesedetan. Fenomeno hau Flandesko artilearen manufakturaren hazkundearen baitan eman zen. Horrela, ez da harritzekoa Tomas Morok bere Utopia lanean ardiek pertsonak jaten zituzten herrialde bitxiaz hitz egitea. Jopu ohien zapalkuntza bortitz honek bultzada handia jaso zuen XVI. mendean Erreformarekin eta Elizaren ondasunen desjabetze orokorrarekin.

Oinarri hauen gainean lurjabe handiek lurraren jabetza feudala abolitu zuten eta etxaldeen jabetza modernoa aldarrikatu zuten. Arlo politikoan, aro honen puntu gorena 1688ko Iraultza Loriatsua deritzona izan zen. Estatu kolpe honek Ingalaterran noblezia lurjabearen eta burgesiaren arteko konpromisoan oinarritzen zen monarkia konstituzionala indartu zuen. Marxen hitzen arabera “boterea gainbalio lurjabea eta kapitalista forjatzen dutenei” pasa zitzaien.

Momentu horretatik aurrera lur publikoen harrapaketa aurrez inoiz ikusi gabeko mailan garatu zen eta burgesiak prozesu hau lagundu zuen, beste arrazoien artean, lurra merkatu artikulu berri bat bihurtzeko, nekazal esplotazio handien eremua zabaltzeko eta landatik zetozen proletario merkeak soldatapeko esplotazioarentzat eskuratzeko. Harrapaketa hau herri lurrak lapurtzera bideraturiko lege sorta batekin lagundurik etorri zen.

3.- Bestalde, kapitalista industrialek gremioetako maisu artisauez gain, jauntxo feudalak ere azpiratu behar zituzten. Erlazio politikoak erradikalki eraldatu behar zituzten jabetza eta ekoizpen forma berrien garaipena ziurtatzeko. Holandan, Ingalaterran eta geroago Frantzian eman ziren iraultza burgesek ezinbestekoa zen paper hori jokatu zuten.

Ekoizpen kapitalistaren lehen indizioak esporadikoki XIV. eta XV. mendeetan aurkitzen badira ere, Mediterraneoko hiri batzuetan kokatuak, ezin daiteke aro kapitalistaz hitz egin XVI. mendera arte.

Ingalaterrako kasuarekin jarraituz, beren lurretatik kanporatua izan zen herritarren masa hau ezin zuen manufakturak xurgatu, oraindik nahikoa garatu gabea zegoelako eta beraz, herritar hauek eskale, behartsu eta lapurren jendetza izugarria osatzera heldu ziren, hauen aurka legeria bortitzak ezarri zirelarik.

Aldi berean, nekazaritzan eta jabetza erlazioetan eman ziren aldaketek suposatu zuten eraldaketa erradikalak landako ereiteko metodoak hobetu zituen, kooperazioari erraztasuna eman zion eta ekoizpen baliabideen kontzentrazioa areagotu zuen. Honela nekazal guneko ekoizpena asko handitu zen. “Nekazaritzako lehengaia”, dio Marxek “kapital konstantearen elementu bihurtu zen”, hau da, manufakturarako lehengai bihurtu zen.

Nekazaritzaren iraultza honek, XVI. mendean eman zen haziaren, haragiaren eta nekazaritzako produktu guztien prezioen igoerarekin batera, maizterren kapitala asko loditu zuen. Era berean, hauek iraganeko jabeei ordaindu behar zien lurraren errenta dirutan balio berean mantentzen zen, izan ere, errenta kontratuak batzuetan 99 urte irautera iristen baitziren. Modu honetan maizterrak aberastu egin ziren, maizter kapitalistetan bihurtuz.

Manufakturaren papera

Ekoizle independenteen desjabetzeak manufakturaren garapenari bide eman zion eta honek barne merkatuaren garapena bultzatu zuen, hau funtsezkoa izanik ekoizpen erlazio kapitalistak indartzeko prozesuan.

Lehengaiak eta bizitzeko bitartekoak merkantzia bihurtu ziren eta maizter handiek merkantzia hauek manufakturan saltzeko xedearekin ekoizten hasi ziren, hau bere merkatu gogokoena bihurtu zelarik. Aldi berean, familia nekazariak euren kontsumorako lantzen zituen lehengai guztiak, lihoa, artilezko artikulu merkeak, etab., manufakturaren artikulu bihurtu ziren eta gero nekazal guneko eskualdeetan saltzen ziren. Honela, hiriaren eta landaren artean merkatu erlazioak gailendu ziren feudoen eta gremioen sistemen gainetik.

Hala ere, manufaktura oso modu ahulean jabetzen zen ekoizpen nazionalaz eta beti ere hiriko artisauetan eta etxeko industria subsidiarioan oinarritu behar zen. Horregatik azpimarratzen du Marxek etxe barneko industriaren desegitea izan zela barne merkatuari ekoizpen modu kapitalistak behar duen zabaltasuna eta sendotasuna emateko faktore erabakigarria. Azken finean, hau industria handiarekin bakarrik lor zitekeen eta honen garapenerako baldintza guztiak sendotu zirenean bakarrik jaio zitekeen egungo sistema kapitalista.

II. Manufakturatik industria handira

Marxek Manifestu Komunistan aipatu zuen bezala, kapitalak ezinbestekoa du etengabe ekoizpen baliabideak iraultzen egotea, sistema honek ezin baitezake aurrera egin ez badago lanaren produktibitatea handitzeko guda jarrai batean. Hain zuzen ere, honako behar hau izan zen manufakturako ekoizpen modutik kontzentrazio industrial handietara igarotzea bideratu zuen motorra. Industriaren gailentze honek aldi berean berebiziko garrantzia izan zuen ekoizpen erlazio kapitalisten garaipena finkatzeko prozesuan.

Gremioetako industria artisauak ez bezala, manufakturaren garapenak aspektu garrantzitsu bat ekarri zuen berarekin: langile gehiagoren arteko elkarlana garatu zuen, toki berean eta merkantzia mota beraren lanketan. Honek ekoizpen moduan aldaketa garrantzitsu bat eragin zuen. Elkarlanak, hau da, langileak ekoizpeneko zeregin berberak gauzatzeko kontzentratzeak, era berean, ekoizpen baliabideen kontzentrazioa errazten du eta modu honetan kapital konstantearen (makinarien, lan tresnen eta azpiegituren) balioa jaitsi egiten da, honek azken finean merkantziaren balio guztia jaistea ahalbidetzen duelarik.

Elkarlanak gainera zenbait operazio hainbat langileren artean banatzea eta operazio hauek aldi berean gauzatuak izatea baimentzen du, modu honetan produktu osoaren ekoizpenerako beharrezkoa den lana murriztu egiten da. Langileek, ekoizpen eta lan baliabideak modu kolektibo batean martxan jartzean, hauei etekin handiagoa ateratzen die lantegiko langileen kopurua handitzeko beharrik eduki gabe. Honela, kolektiboki erabilitako kapital konstantea ez da handitzen batera enplegaturik dauden langileen kopuruaren maila berean.

Oinarrian, manufakturak ekoizpen baliabideen ekonomia baten garapena suposatu zuen, ekoizpen prozesuan askok egindako lanaren kontsumo komunak eragiten zuena. Honek ondorio garrantzitsuak eragin zituen gizartean: gizabanakoaren indar produktiboa handitzen zuen eta aldi berean masen indarra bihurtzen zen indar produktibo bat sortzen zuen.

Industria handiaren garapenerako premisa materialak

Nola ematen da manufakturaren alditik industria handian oinarrituriko ekoizpenerako trantsizioa? Lehenik eta behin, nabarmendu behar da ekoizpen kapitalistaren motibo eta xede nagusia kapitalaren ahal den auto-balioztatze handiena lortzea dela, hau da, burgesak bere kapitaletik ahal duen gainbalio ekoizpen handiena ateratzea. Manufakturak lanaren banaketa areagotu zuen eta lanaren produktibitatea handitzeko borrokari hasiera eman zion. Borroka hau, azken finean, merkantzien ekoizpenean beharrezkoa den lanaren denbora murrizteko borroka da. Honela, manufakturak lehen mailan makinen garapen bakanak bultzatu zituen.

Masiboki burutu behar ziren eta indarren gastu handia eskatzen zuten operazio sinpleak gauzatzeko makinen erabilera sartzeak ekoizpen indarren produktibitatea iraultzeko oinarriak ezarri zituen. Hala eta guztiz ere, eta Marxek ongi seinalatzen zuen moduan, manufakturaren aldi klasikoan oraindik makinaria espezifikoak langileen kolektiboa izaten jarraituko du.

Manufakturaren berezitasun historiko garrantzitsuenetakoa espezializatu gabeko langileen klase bat sortu izana da. Gremioetako industria artisauak ez zuen klase hau ezagutzen, lehenik produktu artisauaren ekoizpenak abilezia tekniko zehatzak eskatzen zituelako eta bigarrenik artisauaren eginkizuna zelako ekoitzi behar zuen produktuaren prozedura guztiak edo gehienak gauzatzea. Manufakturarekin berriz, lanaren banaketa eman zen eta honek, aldi berean, lanaren banaketa sozial bat sortu zuen. Jatorriz ezberdinak ziren ekoizpen esferek ekoitzitako merkantzien zirkulazioak eta trukeak lanaren banaketa sozial bat eragin behar zuten, hau ezinbesteko baldintza baita merkantzien ekoizpenean oinarritzen den sistema ekonomiko baten existentziarentzat.

Azkenik, lanaren produktibitatearen hazkuntzako prozesu honek manufakturaren aldiari amaiera eman behar zion nahitaez. Ekoizpen prozesuan makinaria masiboki sartzearen bidez industria handiaren aroaren lehen urratsei ateak ireki zitzaizkion manufaktura iraganean utziz. Makinaren sarrerak, aldi berean, langilearen eta hark ekoizpenean burutzen zuen funtzio zehatzaren arteko bizi bitarteko lotura deuseztatu egin zuen, lotura hau sostengatzen zuen oinarri teknikoa desegin egin zuenean.

Burgesiak garai hartan, eta baita egun oraindik ere, makina garatzearen helburua gizakien eguneroko lana arintzea denaren ideia saltzen zuen. Baina hau ez da inoiz makinaren benetako xedea izan. Edozein ekoizpen indarren garapenaren antzera, makina garatzearen helburua merkantziak merkeago egitea izan da kapitalismoan. Langileak bizitzeko beharrezko dituen baliabideak ekoizteko lanegunaren zatia murrizten bada, hau da, langilea soldatan entregatzen zaion zatia denbora laburragoan amortizatzeko gai bada, kapitalistarentzat dohainik lan egiten duen lanegunaren gainontzeko zatia luzatu egiten da. Azken finean, makinaria gainbalioa ekoizteko bitarteko bat da, bera garatzeak kapitalismoan burgesaren irabaziak loditzeko xedea bakarrik eduki dezake. Gaur egun ere kasu askotan argi ikusten den bezala, burgesak makinaren inbertsioan errentagarritasunik ez badu ikusten honek ez du makinarian dirurik inbertituko.

Honela beraz, zera ikusten dugu: manufakturaren aldian ekoizpen moduetan emandako iraultza lan egunetik abiatzen den bitartean, industria handiaren aroan lan baliabideen iraultzatik abiatzen dela. Hau da, manufakturan praktikan ezarri zen langileen arteko elkarlanaren sistemak tokian tokiko makinen aplikaziorako baldintzak ezarri zituen heinean, makinaria honen garapenak eta hauen aplikazio geroz eta zabalago eta indartsuagoak ekoizpen industrial handiaren abiapuntua suposatu zuen.

Makinak ekoizten dituzten makinak

Lanaren produktibitatea handitzeko makinaria sartzeak ekoizpenaren arlo guztietan izan zuen bere eragina: esate baterako irundegi mekanikoan izandako berrikuntzak berehala ehundegi mekanikora pasa ziren, aldi berean industria kimikoaren eraldaketa bultzatu zutelarik, etab. Makinen aplikazioak aurretik gizakiaren historian inoiz existitu ez zen garrantzia ekonomikoa hartu zuen eta soilik horregatik izan zen gai burgesia, klase dominatzaile moduan ezarria, zientzia eta teknologiaren garapenari bultzada ikaragarria emateko. Aurrez azaldutako ekoizpen moduetan eman ziren iraultzek, ekoizpenean makinaria sartzeko joera bere burua elikatzen zuen prozesu bat bihurtzen zuten.

Modu berean, oinarri produktiboan emandako aldaketa sakon hauek iraultza bat eragin zuten merkantzien trukerako komunikabideen eta garraiobideen egoera orokorrean: lurrunontziak, trenbideak, telegrafoak, etab. sortu ziren garai honetan. Alde batetik, ekoizpen tokitik salmenta guneraino merkantziaren garraioa merkea eta azkarra izatea izugarri garrantzitsua da kapitalistarentzat, honen balioari zuzenean eragiten baitio. Bestetik berriz, kapitalismoan merkatu nazionalen hastapeneko garapenek ezinbestean merkatu internazionalaren beharra sortu zuten, industriak lehengaiak herrialde urrunetatik ekartzen eta ekoitzitako merkantziak mundu zabalean saltzen hasi zirelarik.

Ekoizpen eta komunikazio adar hauen garapenak kapitalaren tinkotze prozesua handitzea eta sendotzea ekarri zuen. Beste produktu askoren artean, esate baterako burdina masan galdatu, soldatu, moztu, zulatu eta moldatu beharra zegoen lantegien eta garraiobideen egiturak osatzeko. Honek makina ikaragarriak eskatzen zituen, eta hauek ezin ziren manufakturako makinen eraikuntzaren bidez sortu.

Makinaria astuna egitera bideraturiko industria sortzea behar bat bilakatu zen momentu jakin batetan. Marxek nabarmentzen duen bezala, industria handiak bere ekoizpen baliabide bereizgarria eskuratu behar zuen, makina bera, eta hau lortzeko modu bakarra makinen bidez makinak ekoizten hastea zen.

Honela, ekoizpen industriala adar gehiagotara zabalduz joan zen, iraganeko lantegi txikiak atzean utzi zituen eta bere lekuan kontzentrazio industrial handiak ezarri zituen. Kapitalismoaren garaiak nahitaez ekoizpen handiaren garaia izan behar du eta ekoizpen txikiak ezingo du inoiz sistema honetan lehen zuen papera eta egitura berreskuratu; garrantzia galduz joan da eta jokatzen duen papera bigarren maila batera pasa da, hots, industria handiaren menpe egotera.

III. Makinaria eta industria handia, gainbalio erlatiboaren ekoizpena

Kapitalismoaren garapen prozesuan, behin gizarteko azpiegitura produktiboan nahikoa errotu zenean, ezinbestekoa izan zen makinariaren fabrikazioa handitzea eta zabaltzea. Pausu honek historian aldaketa kualitatiboa ekarri zuen. Ekonomian ekoizpen industrialaren nagusitasunaren aroa heldu zen, merkantzien ekoizpen masiboaren aroa, eta honekin batera, noski, kapitalisten aginte ekonomikoa eta politikoa finkatu zen.

Makinariak, kapital konstantearen beste edozein osagaik bezala, ez du inongo baliorik sortzen, baizik eta bere balioaren zati bat txertatzen dio fabrikatzera bideratzen duen produktuari. Makina batek balio jakin bat duen heinean, balio honen zati bat produktuari pasatzen dio eta, modu honetan, gehituriko balio hau produktuaren balio osoaren parte bilakatzen da.

Makinaria beti osorik sartzen da lanaren prozesuan, baina partzialki bakarrik parte hartzen du produktuari balioa emateko zereginean. Txertatzen duen balioa erabilerarekin galtzen duenaren proportzioan joango da. Ez du inoiz bataz beste desgastearen eraginez galtzen duena baino balio gehiago gehitzen.

Makinariak produktuari balioa txertatzean, noski, ez du hau merkeagoa egiten, alderantziz baizik, garestitu egiten du, beti makinariaren balioaren aurkako proportzioan. Makinak dituen funtzionamendu kostuak eta desgastearen bidez galtzen duena da, egunero lantzen dituen produktuen masaren artean banatzen duena. Honela, txertatzen duen balioa azken finean makinak lan egiten duen azkartasunaren baitan egongo da.

Honenbestez, makinaria produktiboa merkantziari balio gutxiago txertatzen diona izango da. Alde batetik kostu gutxiago suposatzen duenean, erregai eta materialen aldetik eta mantenu aldetik. Bestetik, denbora jakin batean makinak landu dituen produktuen masa handiagoa denean, honela lanegunean txertaturiko balioa produktu gehiagotan zatitzen baita eta beraz zatia txikiagoa izango da produktu bakoitzeko. Alegia, esate baterako makina batek ordu betean 200 pieza egiten baditu eta gastu berdina duen besteak 100, lehen makinak merkeago ekoizten du eta merkatuan produktua merkeago salduko ahalko du.

Hala ere, Marxek makinaren produktibitatea gizakiaren lan indarra ordezkatzen duen mailagatik neurtzen dela azaldu zuen Kapitalean. Makinak langile batzuk ordezka ditzake, baina beti ere burgesari ordezkapen honek langileak esplotatuz eginiko lana baino etekin gehiago ematen badio.

Ideia honek gaur egun bere indar guztia mantentzen jarraitzen du. Egun multinazionalek hainbestetan aurrera eramaten dituzten deslokalizazioak, produkzioa herrialde aurreratuetatik azpigaratuetara eramanez, arrazoi horregatik azaltzen dira. Asiako lurraldeetan lan erdi esklaboa egotea abantailagarriagoa da kapitalistentzat, azpiegituren balio teknologikoa handia den herrialdeetan ekoiztea baino, hemen lan kosteak altuagoak baitira.

Makinaren produktibitatea eta balioa sortzea

Baina makinaria, lanaren produktibitatea handitzeko bitartekorik modernoena izateaz gain, laneguna muga natural orotatik haratago luzatzeko tresna eraginkor bat ere bihurtzen da. Kapitalisten hizkuntzan esanda, euro gutxi balio duen aitzurrarekin lan egiten ari denak hartu lezake atsedentxo bat edo eduki lezake hanka sartzeren bat, baina milaka eta milioika eurotako piezekin eta makinekin lanean ari denak ezin du atsedenekin edo “axolagabekeriekin” inbertsioa arriskuan jarri.

Makinarian lan tresnaren mugimendua eta jarduera independizatu egiten dira langilearen aurrean. Etengabe ekoitziko luke ez balu ondoan behar dituen gizakien muga naturalekin talka egingo, hau da, ahultasun fisikoarekin eta borondate propioarekin. Makinak kapitalismoan burgesiaren irabazi gosean hartzen du bere kontzientzia eta borondatea. Honela beraz, traba natural hauek ezerezera murrizteko joerarekin jaiotzen da, langileari bere indarren ahalmena baino gehiago eskatuz.

Aurrez aipaturiko moduan, makinariaren produktibitatea produktuari txertatzen dion balioarekin alderantzizko erlazioan dago. Zenbat eta luzeagoa izan bere funtzionamenduaren aldia, orduan eta handiagoa izango da bere balioa banatu duen produktuen kopurua eta txikiagoa merkantzia bakoitzean txertatu duen balio zatia.

Makinaren bizi aktiboko aldia, egunero lanean pasatzen duen denbora, prozesu hau errepikatzen duen egunekin bidertuz ateratzen da. Adibidez, makina batek egunero 16 ordutara 7 urtez lan egiten du. Erabat berdina den beste batek egunero 8 orduz lan eginez, 14 urte iraungo lituzke. Orduan, lehenengo kasuan, makinaren balioa bigarren kasuan baino azkartasun bikoitzez erreproduzituko litzateke eta kapitalistak honi eskerrak, zazpi urtetan bestearekin hamalau urtetan adinako diru sarrera edukiko luke. Honek lan orduaren intentsitatea azkartzera bultzatzen du kapitalista.

Bestalde, desgaste materialaz gain makina desgaste moral baten menpean ere badago. Berrikuntza teknologikoak, konpetentziak eta irabazi maximoaren borrokak makinak zaharkiturik geratzea eragiten du. Marxek zioen bezala makina mespretxaturik geratzen da. Ekoizpen adar batean makinaria sartzean, kapitalista berehala saiatzen da makinaria horren erreprodukzio denbora azkartzen edo hobeago bategatik ordezkatzen. Azken hamar urteetan ordenagailuen kasuan eman den prozesua izango da ziurrenik teoria honen egunerokotasunaren adibide argiena.

Makinariak gainbalio erlatiboa ekoizten du, alde batetik, zuzenean lan indarrari balioa jaitsiz eta zeharka, erreprodukzioan parte hartzen duten merkantziak merkatzean, lan indarra merkeagoa eginez. Bestetik, berriz, makinariaren hasierako aplikazioetan, hau burges gutxi batzuen monopolio antzekoa denean, produktu mekanikoaren balio soziala bere balio indibidualaren gainetik igotzen da eta kapitalistari eguneroko lan indarraren balioa bere eguneroko produktuaren balioaren zati txikiago batekin ordezkatzea baimentzen dio. Makina nobedadea den garai honetan irabaziak ikaragarriak dira burgesarentzat, eta noski ahal duen guztia luzatzen du lan eguna, pagotxa luzatzearren. Marxek dioen bezala, zenbat eta gehiago irabazi, orduan eta gehiago hazten da gosea.

Baina eztei egun hauek segituan amaitzen dira. Makinaria ekoizpen adar batean orokortzen denean, makinen bidez eraturiko produktuaren balio soziala bere balio indibidualera jaisten da. Orduan ezartzen da aurrez aipatu izan dugun legea: gainbalioa ez da kapitalistak makinaren bidez ordezkatzen dituen lan indarretatik jaiotzen, makinarekin lan egiten duten langile horietatik baizik.

Gainbalioa kapitalaren zati aldakorretik bakarrik sortzen da eta bi faktorek baldintzatua dago: gainbalioaren kuota eta aldi berean enplegaturiko langile kopurua. Gainbalioaren kuota lanegunaren iraupena kontuan harturik, hau beharrezko lanean eta lan soberakinean banatzen den proportzioaren baitan dago. Denbora berean enplegaturiko langile kopurua berriz, kapital aldakorraren eta konstantearen arteko proportzioaren baitan dago.

Argi dago industria mekanikoak gainbalioa sortzea zabaldu egiten duela, kapital jakin batek okupatzen dituen langileen kopurua murrizten duenean hauen soldata ordaintzeko beharrezko lana murrizten baitu. Baina modu honetan, lehen aldakorra zen kapitalaren zati bat, lan indar bizian inbertitzen zena, makinarian eraldatzen du, hau da, kapital konstantean, eta honek ez du inongo gainbaliorik sortzen. Puntu hau funtsezkoa da ekonomia politiko marxistan: ezinezkoa da gainbalio bera ateratzea bi langiletatik eta hogeita lauetatik.

Honela, gainbalioaren ekoizpenerako makinariaren erabilpenean kontraesan organiko bat dago. Gainbalio kuota aldi berean enplegaturiko langile kopurua txikituz bakarrik hazten da. Kontraesan hau da kapitala, horretaz kontziente izan gabe, lanegunaren luzapenera bultzatzen duena. Helburua langile esplotatuen kopuruaren jaitsiera proportzionala konpentsatzea da, bai lan soberakin erlatiboa handituz (lan denbora berean ekoizpen gehiago), baita absolutua handituz ere (laneguna luzatzean ekoizpena handituz).

Ondorioz kapitalismoan makinariaren erabilpenak, alde batetik lan metodoak eta lanaren antolakuntza soziala etengabe iraultzen egotea eragin du, aurkako oztopo guztiak ezabatuz. Baina honekin batera, langileen laneguna ikaragarri luzatzea bultzatzen du, kapitalaren mendean ezartzen ditu lehen egon ezin zitezkeen sektoreak eta, beste aldean, kale gorrian uzten ditu makinak bazterturiko langile masak, gizartean langabezia zabalduz. Honela azaltzen da, berez gizateriarentzat esfortzua eta laneguna arindu beharko lukeen errekurtsorik hoberenak, kapitalismoan langile batzuen neurrigabeko esplotazioa eta besteen langabezia ekartzea.

Askotan esan izan da makinariaren helburua gizakiari bizitza erosoagoa egitea dela, baina hau sozialismoan bakarrik izango da posible, ez denean irabazi pribatuentzat ekoitziko, giza beharrentzat baizik. Kapitalismoan makinaria garatzeak merkantziak merkatzea eta ahalik eta langile gutxienetik ahalik eta gainbalio handiena ateratzea izango du beti helburu.

IV: Balioaren teoria

Balioaren teoria marxista funtsezkoa da ekonomia kapitalistaren oinarriak ulertzeko. Kapitalisten irabaziak langileetatik ateratzen den gainbaliotik datozela frogatzen du, azken finean, sistema hau mugiarazten duena klase pribilegiatu eta bizkarroi batek soldatapeko lana ahal bezain beste esplotatzea dela azaltzen du. Hori da besteak beste ekonomia burgesak onartu nahi ez duena.

Aristotelesen garaietatik, mendeetan zehar filosofoak eta ekonomialariak merkantzien eta hauen balioaren enigmari azalpen bat ematen saiatu izan dira. XVIII. mendean, Ingalaterrako ekonomia burgesa, David Ricardoren bitartez, arazoaren ebazpenera hurbildu zen, baina porrot egin zuen azalpen zientifiko bat emateko garaian.

Engelsek, Soldatapeko lana eta kapitala idazlanari egin zion 1891ako hitzaurrean, honakoa zioen: “Ekonomia klasikoak aurkitu zuen merkantzia baten balioa determinatzen zuena hura ekoiztua izateko beharrezko lana zela, lan hori merkantziak bere baitan gordetzen zuela. Eta erantzun honekin asebete zen” (...) “Baina ekonomialariek balioa lanagatik zehazten zuen irizpide hau “lana” merkantziari aplikatzen zien bezain laster, kontraesan batean nahiz bestean erortzen ziren. Nola zehazten da “lanaren balioa”? Barnean gordetzen duen beharrezko lanaren balioaren bidez. Baina, zenbat lan gordetzen da langile batek eginiko lanean egun batean zehar, aste batean zehar, hilabete batean zehar, urte batean zehar?” (...) “Lanordu baten balioa lanordu baten balioa dela jakitearekin, ezertxo ere ez bageneki bezala da. Horrekin ez dugu gure helmugarantz izpirik ere aurreratzen; ez dugu zirkulu zoro batean birak eman besterik egiten”.

Marxek Kapitalean azaltzen duen moduan, merkantzia, lehenik eta behin, bere propietateen bidez edozein motako giza beharrak asetzeko objektua da. Gauza batek erabilgarritasun bat edukitzeak erabilera balio bihurrarazten du, eta erabilera balio hau erabileran edo kontsumoan bakarrik gauzatzen da.

Baina merkantziak truke balioa ere badu. Balio hau mota bateko erabilera balioak beste batzuengatik trukatzen diren proportzioak zehazten du. Egunero ematen diren horrelako milioika truke ekintzen bidez, genero guztietako erabilera balioak parekatzen dira etengabe, nahiz eta merkantzia ezberdinak izan eta elkarren artean oso parekagarriak ez izan.

Zer dute komunean balio ezberdin hauek guztiek erlazio sozialen sistema jakin batean baliokideak gerta daitezen? Ezaugarri honek ezingo luke inongo ezaugarri fisikorik, kimikorik edo merkantzien beste edozein ezaugarri naturalik izan, hainbesteko aniztasuna existitzen denez beraien artean.

Honela beraz, oinarrizko gakoa merkantzia guztiak giza lanaren produktuak direla da. Hortik abiatuz, ondorioztatzen da merkantzia baten balioaren neurria “balio sortzailea den sustantziaren” kopuruaren bidez neur daitekeela, hau da, bertan gordetako lanaren bidez. Lanaren kopurua bere iraupenagatik neurtzen da eta, lanaren denboraren neurriek aldi berean denbora zati jakin batzuk dituzte, orduak, egunak, etab. Marxentzat, merkantzia baten balioa, bere ekoizpenean sartzen den sozialki beharrezkoa den lan denborak zehazten du.

Behin puntu honetara iritsita gogoratu beharra dago zientzia ekonomiko burgesak behin eta berriz defendatzen duela merkantzia baten balioa bere ekoizpen kostuaren baitan dagoela. Baina horren aurrean dugun galdera honakoa da: zein da bada lanaren ekoizpen kostua? Egian esan, lanaren ekoizpen kostua kalkulatzea ezinezkoa da. Posible dena langilearen ekoizpen kostua jakitea da, nahiz eta garaien arabera aldatu egiten den magnitude jakin bat osatzen duen, muga batzuen barnean. Ekoizpen modu kapitalistaren markoaren barnean, langile baten ekoizpen kostua, bataz beste, bizitzeko behar dituen bitartekoek osatzen dute, azken batean, lan egin dezan, lan egiten jarrai dezan eta langile klasearen ugalketa ziurta dezan beharrezko duenak. Langileak kapitalistari bere lan indarra saltzen dio, kapitalistak hau prezio jakin batean erosten du eta denbora jakin batean zehar erabiltzen du. Gizarte kapitalistan lan indarra beste merkantzia bat da, baina bera da kontsumitua denean balioa sortzeko gai den merkantzia bakarra.

Lan indarrak egunean zehar bera kostatzen dena baino balio gehiago sortzen du, eta gainera, aurrerakuntza teknologiko bakoitzarekin eguneroko soberakinen ekoizpena hazi egiten da bere kostuaren gainetik, hau da, gutxitu egiten da langile batek bere soldata ekoizten duen lanaldiaren zatia eta handitu kapitalistari oparitzen dion zatia, hain zuzen ere, gainbalioa.

Funtsezkoena zera da, kapitalismoan balioa ekoizten dutenak soldatapekoak direla, langile klasea alegia. Baina bestalde, gainbalioa ekoizten dutenak ez dira balio horren jabe. Kapitalistak, kapitalaren jabe den heinean, lan baliabideak eta lehengaiak edukiz eta lan indarra erosiz balio soberakin horren jabe egiten da. Honako hau da gizartearen funtsezko kontraesana. Irabazi kapitalistaren oinarria langileak ekoizten duen eta kapitalista jabetzen den balioa da.

Gainbalioa eta merkantzien zirkulazioa

Historikoki hiru merkantzien zirkulazio mota existitzen dira:

A-    Ekonomia elemental batean, merkantzia bat sozialki beharrezkoa den lan kopuru bera gordetzen duen beste bategatik trukatzen da. Merkantzien trukea M-M formulaz adierazten da.
B-    Gizarte batetan ekoizpen baliabideen garapen jakin bat lortzen denean eta zirkulazio monetario bat ematen denean, bi zirkulazio mota egoten dira: merkantzien salmenta, M-D formulaz adierazten dena, eta merkantzien erosketa, D-M.
Operazioa ondorengo moduaz adierazten da M-D-M, hau da, saltzeko erosten da. Kasu honetan dirua merkantzien salerosketak errazten dituen tresna bat izaten da, gizarte aurre-kapitalistetan ohikoa zena.
D-    Zirkulazioa ekonomia kapitalista batean. Diruak ez du txanpon bezala zirkulatzen kapital bezala baizik. Kapitalistak ekoizpen baliabideak eta tresnak, lehengaiak eta lan indarra erosteko adina kapital dauka. Zentzu honetan kapitala aurrebaldintza bat da, ekoizpen prozesua martxan jartzeko. Formula D-M-D bezala adierazten da, kapitalarekin merkantziak ekoizten dira eta horiekin kapital handiagoa eskuratzen da, hau da, kapitala irabaziekin.

Gainbalioa

Ekonomia burgesaren eta marxismoaren arteko eztabaida urteetan zehar soberakina non sortzen den azaltzean oinarritu izan da, edo hobe esanda, nola sortzen den irabazia. Ohikoa da enpresarien eta kapitalaren abokatuen artean aho txikiz onartzea lanak gainbalioa sortzen duela, baina hau, azken finean, enpresariak bere kapitala arriskatzeagatik jasotzen duen ordain sari bat dela esaten dute. Modu honetan kontsolatzen da burgesia, langileak bere lanaz sortzen duen balio soberakinaz lotsagabeki jabetzen dela ezkutatuz.

Gainbalioak ezin du etorri merkantzien zirkulaziotik, honek baliokideak direnen elkartrukea bakarrik ezagutzen baitu. Kapitalaren jabeak beraz beharrezkoa du merkatuan balio sortzailea den merkantzia bat bilatzea, hau da, kontsumitzean balioa sortuko duen merkantzia bat bilatzea: merkantzia hori gizakiaren lan indarra da.

Kapitalistak langilearen lan indarra erosten du bere kapitalaren bitartez; bere truke balioa erosten du diru kopuru jakin bategatik, hau da, langilearen eta bere familiaren mantenuaren kostua eta lan hezkuntzarena eta, trukean, honen erabilera balioaz jabetzen da. Langileak bere lanaldi osoaren zati batean sortzen du kapitalistak bizitza bermatzeko ordaintzen dion balioa. Baina gainontzeko denboran kapitalistak ordaintzen ez dion gainbalioa ekoizten du. Azken batean, gainbalioa lan indarrak sorturiko balioaren eta lan indarra kostatzen denaren arteko aldea da. Soldata berriz, lan indarrak merkatuan duen prezioa da, bere balioaren adierazpena dirutan.

Kapitalistak ekoizpen prozesuan erabiltzen duen kapitala bitan zati daiteke:

A-    Kapital konstantea, ekoizpen baliabideez, lehengaiez, makinariaz, etab. osatzen dena; konstante deitzen zaio ekoizpen prozesuan ez duelako bere balioa aldatzen, baizik eta bere balioa ekoiztera bideratzen duen merkantziari gehitzen dio. Hildako lana da, pixkanaka txertatzen dena.

B-    Kapital aldakorra, lan indarra erosten gastatzen den kapitalaren zatia da eta kontsumitzean balioa sortzen du. Langilearen biziraupena bermatzeko beharrezkoa gehi enpresariak hartzen duen soberakina sortzen du.

Enpresari batek kapital konstantea bakarrik edukiko balu ezingo lituzke merkantziak ekoiztu; ekoizpen prozesuan beharrezkoa da lan indarraren parte hartze kontzientea, ekoizpen tresnekin eta lehengaiekin elkartuz, merkantziak ekoitzi eta merkatuan salduz, irabaziak sor ditzan.

V: Irabazi tasa

Sistema ekonomiko kapitalistaren oinarrizko kontraesana honako hau da: ekoizpenak izaera sozial bat hartu duen bitartean, ekoizpen honen produktuaren jabetzea modu indibidual batetan gauzatzen da. Burgesiak ekoizpen baliabideen jabetza pribatua mantentzen duen heinean, gizartearen garapenean oztopo objektibo izugarri bat bihurtu da aspaldidanik. Klase bizkarroi bat dugu bera, langileen esplotaziorik gabe biziraun ezin duena. Gizon eta emakume langileen lan soberakina burgesiaren existentziarako nahitaezko baldintza bihurtzen da, horra hor kapitalismoko esplotazioaren oinarria.

Marxismoaren ikuspuntutik klase arteko borroka da garapen historiko guztiaren motorra. Klase sozialek, zapaltzaile nahiz zapalduek, euren sorburua beti gizartearen azpiegitura ekonomikoan izango dute, nahiz eta hau gero gainegituraren esparru guztietan islatzen den. Kapitalismoan klase arteko borroka, azken finean, gainbalioa eskuratzeko borrokara murrizten da. Ekoizpen baliabideen eta tresnen jabeak, kapitalistak, langileek sorturiko gain-produktuaren jabe egiten dira, etengabe langileen erresistentziaren aurka borrokatzen dute, zeren aldi berean, langileak burgesei gain-produktuaren ahalik eta zati txikiena uzteko borrokatzen baitute. Noski, errealitatean klase arteko borroka ez da denbora guztian indar berarekin ematen, gorabeherak ditu, borroka puntualetatik prozesu iraultzaileetaraino, baita kontrairaultza eta erreakzio aldiak ere.

Kapitalistek modu ezberdinak dituzte gainbalioa handi dezaten. Hauetariko bat gainbalio absolutua handiagotzea da, hau da, zuzenean laneguna luzatzea. Marxek Kapitala-ren lehenengo liburuan azaltzen zuen bezala, kapitalismoaren hastapenetan, Ingalaterran modu oso bortitzean garatu zen metaketa prozesua.

Nekazalgoaren masak desjabetuak izan ziren, hauek eskulan proletario bihurtu behar izan zutelarik. Horrela, fabriketako ekoizpen prozesuan sartu zituzten eta lantegi hauetako esplotazio ankerreko baldintzak jasan behar izan zituzten. 16 orduko lanegunak oso ohikoak ziren garai hartako Ingalaterran, ez soilik gizonentzat, baita emakumeentzat eta haurrentzat ere. Baina burgesiaren ikuspuntutik, ez zen inongo arazoa muturreko lan baldintza horietan milaka langile berrik gordinki bizitza galtzea: burgesen arabera, nahikoa haragi zegoen esplotaziorako erreserban, eta galdutakoa ordezkatzea erraza zen.

Egungo egoerari begirada bat botatzen badiogu, azken hogei urteetan burgesiak lan eguna luzatzeko ofentsiba bat eman duela ohartzen gara, azken bi urteetan nabarmen areagotu duelarik bere oldarkortasuna. Azken hamarkadetan enpleguaren prekarizazioak eta teknologia berrien garapenak langileen ordutegia enpresariaren gurarietara edukitzea eragin zuen, lanegunen iraupenak luzatuz. Krisiaren testuinguruan berriz, kapitalisten ofentsiba hau esparru guztietan ikaragarri handitu den heinean, lanaldi luzeagoen presioa ikaragarri areagotu da enpresetan, beti bezala, enpresarien mehatxu zuzenak tarteko.

Lanegunaren luzapenarekin batera, ordea, badaude beste modu batzuk kapitalistak eskuratzen duen gainbalioaren tasa, gainbalio erlatibo bezala ezagutzen dena, handitzeko: merkantzia jakin baten ekoizpenerako beharrekoa den denbora murriztuz, teknologia sartzearen bidez eta lan erritmoak areagotzearen bidez.
Gainbalioa handitzeko modu hori ongi ezaguna dute mundu guztiko milioika langilek, bereziki teknologia berriei edo ekoizpen industrialari loturik daudenek. Neurri gogor hauek sortzen dituzten estresa, lan gaixotasunak, antsietatea eta neke izugarria ohiko panorama izaten da enpresa askotan.

Irabazi tasa

Gainbalioa irabazian, interesean eta lurraren errentan deskonposatzen da. Begi bistan denez, gainbalioa ez da irabaziaren berdina, zeren kapitalistak merkantziaren ekoizpen prozesuan eta komertzializazioan ordaindu behar dituen hainbat gastu baitauzka.
Kapitalista batentzat garrantzitsua da ekoizpenean eskuratzen duen gainbalio tasa ongi ezagutzea, horrek lan indarretik jasotzen duen errentagarritasun maila ezagutzea baimenduko baitio. Gainbalio tasa ekoizpen prozesuaren amaieran agertzen den kapital handitzearen (gainbalioaren) eta hura ekoizten duen kapital aldakorraren arteko erlazio bezala har daiteke.

G’= G / A
G’ gainbalio tasa da, G gainbalioa eta A kapital aldakorra da.

Gainbalio tasak kapitalak lana esplotatzen duen maila adierazten du. Beharrezkoa da gainbalio tasa eta irabazi tasatik bereiztea. Kapitalistari ez zaio hainbeste interesatzen bere kapital guztiaren bereziki zein zatiri zor zaion gainbalioaren handitzea ezagutzea, ezinbestekoak baititu nola kapital aldakorra hala kapital konstantea ere.  Burgesarentzat funtsezkoena beti bere irabaziak ez gutxitzea da.

Irabazi tasa ondorengo moduan kalkulatzen da:

I’ = G / k + a
G Gainbalioa da eta k + a kapital aldakorra gehi kapital konstantea. Irabazi tasa gainbalio tasaren zuzenki proportzionala da baina kapitalaren konposaketa organikoaren alderantziz proportzionala.

Kapitalaren konposaketa organikoa ondorengo moduan adierazten da:

q= K / k + a
q konposaketa organikoa izango litzateke, K kapital guztia eta k + a kapital konstantea gehi aldakorra.

Ekoizpen kapitalistaren garapen praktikoan, lehiak eraginda, kapitalista bakoitza ekoizpen prozesuaren barnean makinarian eta teknologian azken aurrerapenak sartu behar izatea beharturik ikusten du bere burua. Modu horretan, kapital finkoko inbertsioak, hau da, ekoizpen tresna eta baliabideetan egindako inbertsioak, igo egiten dira. Epe motzean horrek merkantzia gehiago ekoiztea baimentzen du, baina bestalde, kapitalaren konposaketa organikoa handitzen den neurrian irabazi tasa gutxiarazten du.

Modu konkretuago batean ikusteko har dezagun adibide bat: Bi kapitalista ditugu, kapital aldakorrean inbertsio berarekin, gainbalio berarekin eta gainbalio tasa berarekin baina kapital konstante ezberdina dutenak. Aurrerago ikusi ditugun formulak aplikatzen baditugu ohartzen gara kapital konstantean gastu handiena egin duenarentzat irabazi tasa gutxiagotu egiten dela.

A Kapitalista
k                      a                      G                     G’                    I’
250.000            50.000              50.000              %100               %16,6

B Kapitalista
k                      a                      G                     G’                    I’
150.000            50.000              50.000              %100               %25,0

Aurrez azaldu dugun guztitik sistema kapitalistaren hainbat oinarrizko ezaugarri ondoriozta daitezke. Alde batetik, lehiak kapital orotan bataz besteko irabazi tasa bat eskuratzeko joera sortuko duela. Kapitalistek ezin dute lehian atzera geratu, beti egin behar dute aurrera, handiak txikia jaten baitu. Bestetik, lehia horrek kapitalaren osaera organikoa azkartzen du nahitaez, kapital konstantean gehiago inbertitzeko joera. Ikusi dugun moduan, joera horrek irabazi tasan erorketa orokor bat eragiten, noizbehinka agertzen dena. Prozesu hau izaten da, beste hainbat faktorerekin elkartuz, sistema ekonomiko kapitalista gainprodukzio krisietara eramaten duena, kapitalaren osaera organiko handiagoak eskulan gutxiago eta esplotatuagoa eskatzen baitu eta horrek masa langileak geroz eta pobreago bihurtzen baititu.

Egia esan, kapitalistek errekurtsoak eta bitartekoak dituzte lehiak sortzen duen joera honen aurka egiteko, baina trikimailu guzti hauek, hurrengo artikuluetan azalduko ditugunak, ezin saihestu dezakete gainprodukzio krisira joateko joera orokor hori.

VI. Kapitalaren zikloa

Ekonomia kapitalistan oinarritzen den gizarte batean, kapitalak ezinbestekoa du etengabe ziklo batean mugitzea, bere burua elikatzen duen ziklo batean. Ekoizpen sozial kapitalistak objektuen erreprodukzioa ez ezik, lan indarraren eta ekoizpen sozialeko erlazioen erreprodukzioa ere behar du. Beharrezkoa du esplotatuko dituen langileak eta irabaziak eskuratuko dituen merkatua bere beharretara egokitzea.

Bi erreprodukzio modu existitzen dira:

a) Erreprodukzio sinplea. Kasu honetan hurrengo zikloan ekoizpen eta irabazi kopuru berbera eskuratzeko bakarrik inbertitzen da kapitala. Modu honetan ez da lortzen ez aurrezterik ezta inbertsio osoa ere. Gainbalio handitze oro kontsumora bideratzen da eta, beraz, ez da hazkuntzarik existitzen.

b) Erreprodukzio zabaldua. Honako hau da ekoizpen modu kapitalistaren forma bereizgarria. Ekoizpen prozesuaren ziklo bakoitzak ekoizpenaren handiagotze bat suposatzen du aurrekoaren aldean. Hazkuntza hau lortzeko modua urtero inbertsio garbia burutzean datza. Inbertsio hau urtean zehar atera den eta kontsumitu ez den gainbalioaren zatitik eskuratzen da.

Metaketa kapitalista, beraz, hurrengo zikloan ekoizpenean inbertitzen den gainbalioa kapitalean eraldatzea da. Gainbalioa lehenik eta  behin produktuaren balioaren zati bezala agertzen da. Produktua saltzen den momentuan gorpuzten da gainbalioa, eta gero kapital moduan erabil daitekeen diruaren forman agertzen da.
Hainbat dira kapital metaketaren neurrian eragiten duten faktoreak. Esate baterako, gainbalioa kontsumitua edo kapitalean eraldatua izaten den proportzioa oinarrizkoa izango da. Ekoizpen prozesuan eskuratzen den gainbalio tasak ere eragina du, zenbat eta altuagoa izan, orduan eta handiagoa izango da metaketan inberti daitekeena ere. Gainbalioaz jabetzearen borroka, aipatu izan dugun bezala, kapitalaren eta lanaren arteko gatazkaren ardatz nagusia bihurtzen da. Kapitalistak ahalik eta gainbalio handiena atera behar die bere langileei, ez badu beste burgesekin duen lehian atzean geratu nahi.

Marxek hemendik hainbat ondorio atera zituen. Lehenik eta behin, ekoizpen kapitalistaren ondorioak eta ekoizpen eta kontsumo baliabideen hazkuntza ez direla langile klasearen eta beren familien bizi mailaren etengabeko hobekuntzaren sinonimoak. Ondorioz Marxek langile klasearen pobretze hazkorraren legea, funtsatu zuen. Lege hori izan da betidanik burgesiaren eta bere ekonomialarien kritikaren eta erasoen erdigunea, baita, noski, langile mugimendu barneko erreformistena ere.

Urteetan zehar klase dominatzaileak eta bere masa komunikabide bitartekoak etengabe hazten doan munduaren ikuspegi idilikoa aurkeztu dute, masen ongizatearen mailak inongo aurreko garai historikotan baino neurri handiagoak zituen. Mito hau langile alderdi eta sindikatu sozialdemokratetako buruzagi erreformisten axioma izatera igaro da.

Egia esan Marxek arrazoi guztia zuen. Kapitalismo garaikidearen egungo baldintzetan, Estatu Batuetako hazkuntza ekonomikoko hamarkada baten ondoren, teknologia berriaren bertutezko zirkulua deiturikoaren ondoren, aberastasunaren polarizazioak inoiz baino maila handiagoak hartu ditu. 220 multimilionarik 2.500 milioi pertsona adina diru sarrera dituzte. Gizateriaren erdiak baino gehiagok eguneko 2 dolar baino gutxiagorekin bizirauten du. Krisia kontinente guztietan zehar zabaltzen da, miseria, suntsiketa eta kolapso soziala izurrite baten modukoak dira, eta bien bitartean, monopolioen jabeak krisiarekin are aberatsago bihurtzen dira.

Lege honekin batera, Marxek garrantzia handia duen beste lege bat eratu zuen, irabazi tasaren urritzeko joeraren legea deritzona. Honek krisi kapitalisten kausarik ohikoena zein den azpimarratzen du.

Kapital industrialaren zikloa

Kapitalaren zikloak fase ezberdinak igarotzen ditu gainbalioa merkatuan gorpuzten den arte. Formula osatua honakoa izango litzateke:

1. fasea: Kapital monetarioa (D-M). M lan indarrari nahiz ekoizpen indarrei dagokie. Fase honetan kapitala formaz aldatzen da, dirua lan indarrean eta ekoizpen baliabideetan, lehen gaietan, etab. eraldatzen baita.
2. fasea: Kapital produktiboa P. Fase honetan kapitalistak gainbalioa eskuratzen du lan indarraren erabilera balioaren jabe egiten denean, lan indar honi bere truke balioa bakarrik ordaintzen baitio.
3. fasea: Merkataritzako kapitala. M’-D’. Azkenik lanaren balioa sartu zaien merkantziak berriro diru bihurtzen dira, begi bistan denez maila handiago batean.

Zikloaren bigarren fasea logikoki ekoizpenaren esferari dagokio, lehenengoa eta bigarrena berriz zirkulazioaren fasearen barnean kokatzen dira. Kapitalaren errotazio denbora ekoizpen prozesu bakoitzaren baitan egongo da, baina edozein modutan ere, zenbat eta motzagoa izan ekoizpeneko aldia, orduan eta handiagoa izango da urte batean egin daitezkeen errotazio posibleen kopurua. Kapitalistak berezko interesa du kapitalaren errotazio prozesua azkartzean, zeren modu honetan urteroko gainbalio tasa handitu ahalko du:

P..…….
P = ------------ n (n errotazio kopurua da)
V …….

Marxek Kapitalean azaltzen duen moduan ez dago lanak sortua ez den beste baliorik. Gizarte kapitalistan, kapital industriala da nagusia, ekoizpenaren esfera baita gainbalioa sortzen den tokia. Noski, gainbalioaren eraketan merkataritzako kapitalak ere parte hartzen du, merkatuan produktuak saltzeko orduan esku hartzen duen heinean. Merkataritzako kapitala, kapitalaren esferarik zaharrena da baina hau zirkulazioaren prozesura bakarrik mugatzen da. Ziklo kapitalistaren dinamikan, kapitalista industrialari errentagarri ateratzen zaio bere gainbalioaren zati bat beste pertsona batzuei ematea komertzializazioa antolatzearen truke. Horrela, merkatariaren irabaziak ekoizle industrialak uzten dion gainbalioaren zati bezala eskuratzen dira.

Kapital finantzarioak ere ez du gainbaliorik ekoizten, baina horrek ez du esan nahi ez dituenik irabazi handiak ateratzen diruaren inbertsiotik eta mailegutik. Kredituaren bidez, bankuek enpresen eskuetan kapital jakin bat ezartzen dute epe mugatu batekin, hori egiteagatik prezio batean interesa deritzona kobratuz. Interes hori ez da diru sarrera independente bat, baizik eta gainbalioaren zati bat da, kapitalista industrialak mailegariaren eskuetan uzten duena. Horrela kapital finantzariak burgesaren eskuetan jartzen ditu besteen lana esplotatzeko behar dituen bitartekoak.

Kapitalismoaren eboluzioan zehar gertatu den bezala, kapital finantzarioa bera jabe industrialean bihurtzen da. Kapitalaren kontzentrazioa ematen den heinean, kapital finantzarioa nagusitzen joaten da, bere puntu gorena monopolioen eta multinazional erraldoien sorrerarekin hartzen duelarik. Marxek bere garaian eta Leninek beranduago Inperialismoa kapitalismoaren fase gorena idazlanean azaltzen duten bezala, ekoizpen modu kapitalistaren zikloen hazkortasunak fase inperialistari ematen diote bidea eta sistema guztia “kapital finantzarioaren diktadura” bihurtzen da. Honela oligarkia kapitalista berri baten agerpena ematen da, banku handien buruak dituena nagusi, noski multinazional handietako buruekin batera. Gaur egun pairatzen ari garen krisi ekonomikoarekin, oso agerian geratzen ari da oligarkia honek duen botere ekonomikoa eta politikoa. Bera da gizarteko agintari nagusia eta bere interesetara mugitzen dira G-20a, FMIa eta Estatu kapitalisten politikak.

VII. Krisi kapitalistak

Formazio sozialik ez da desagertzen bere barnean kabitzen diren ekoizpen indar guztiak garatu baino lehen, eta inoiz ez dira ekoizpen erlazio berriak eta altuagoak agertuko, horien existentziarako baldintza materialak gizarte zaharraren barnean heldu aurretik. (Karl Marx, Hitzaurrea Ekonomia Politikoaren Kritikari).

Kapitalismoaren historian zehar eman diren gorakada nahiz depresio ekonomikoek aspektu komunak nahiz ezberdinak agertu izan dituzte. Baina krisi kapitalisten fenomenoa modu orokor eta teoriko batean aztertzen denean, interesgarriena fenomeno horren oinarrian dauden kausak aztertzea da, zein den beren funtsezko barne dinamika aztertzea. Marxek bere idazlanetan krisien sistematizazio teoriko amaitu bat utzi ez bazuen ere, bizitzan zehar idatziriko obra guztietan zera frogatu zuen: krisiak eta ekoizpen modu kapitalista elkar loturik daudela eta ezin dela bata bestetik banatu.

Ekonomia burgesaren teorialarientzat ekoizpen prozesua eta metatze kapitalista mugagabea da. Ikuspegi enpirista eta positibista hertsi batez begiratu ohi dute ekonomia eta gizartea. Erabat baztertzen dute kapitalismoa sistema sozial iragankor bat izan daitekeenaren aukera. Historian igaro diren klase dominatzaile guztien ikuspegia partekatzen du burgesiak ere. Horien usteetan pribilegioak ematen dizkien sistema sozioekonomikoa da, hain zuzen ere, giza zibilizazioaren gailurra, gizateriak lor dezakeen hoberena eta azkena. Hori uste zuten Erromako inperioan patrizioek, Erdi Aroan nobleziak eta hori uste du gaur egun burgesiak ere. Azken batean izate sozialak kontzientzia determinatzen duela azaldu zuen Marxek, eta burgesiaren ekonomialariak horren froga baino ez dira.

Orokorrean ekonomia politiko burgeseko eskola guztiek uste dute krisia lehertzen denean, arazoa konpontzeko egin behar den gauza bakarra ekoizpenaren eta eskariaren arteko oreka berrezarriko duten faktoreak bilatzea dela. Beste modu batera esanda, teoriko burgesen arabera krisi kapitalistak akzidente puntualak dira merkatuko ekonomiak eskaintzen duen ekoizpenaren eta giza zibilizazioaren gorakadako prozesu etengabean. Horrela beraz, akzidenteak direnez krisien fenomenoa behin betiko konpon daitekeela uste dute.

Ekonomia marxistarentzat, materialismo dialektikoan oinarriturik, krisi kapitalistak lantzeko abiapuntua justu kontrakoa da. Sistema kapitalista ez da betierekoa, ez da zibilizazioaren antolamendu sozioekonomiko gorena, klase dominatzaileak esan ohi duen moduan. Horregatik, beharrezkoa da ziklikoki agertzen diren krisiak garapen kapitalistarekin duten erlazioan azaltzea eta kapitalismoak, langile klasearen zapalkuntzan oinarritzen den sistema sozioekonomiko gisa, dituen muga objektiboak ezartzea.

Ekoizpen kapitalistaren anarkia

Sistema kapitalistaren motorra irabazi maximoaren borroka da. Honek, aurreko ekoizpen moduetatik funtsezko ezberdintasuna suposatzen du. Ekonomialari burgesek kapitalismoaren funtzionamendua logiko eta ordenatu moduan agertu nahi izan dute, horren inguruan errealitatetik ezin urrunago dagoen irudi idiliko bat zabalduz.

Honen aurrean marxismoak bere izaera anarkikoa azaltzen du. Ekoizpen kapitalista ez da plan ekonomiko batean oinarritzen, merkatuaren indar itsuetan baizik, eta hori da hain zuzen ere metaketa kapitalista bere mugen aurka talka egitera bultzatzen duena.

Azken krisiaren aurreko urteetan, mundu merkatuko potentzietako hazkuntza ekonomikoak, espekulazioak eta informazioaren aurrerapen teknologikoek eman zizkien irabazi ikaragarriek segituan izan zuten burgesiaren teorikoengan eragin handia, eta, historia guztia ahaztuz, “paradigma berrien” inguruko ideiak garatzen hasi ziren. Ekonomia berriaren ziklo birtuosoak ez zirudien amaierarik izan zezakeenik. Eta hala ere, burgesiaren mozkorraldiaren ondoren, errealitateak gauzak bere lekuan ezarri ditu. Azkenean gain-produkzio krisia iritsi da, eta inperialismoaren bihotzetik abiatu da gainera, mundu guztiko ekonomian oraindik bere osotasunean ikusi ezin ditugun ondorioak eragin dituelarik.

Sozialismo zientifikoak krisi kapitalisten kausak sistemaren oinarrian kokatzen ditu, kapitalismoan ekoizpenak hartzen duen izaera sozialean eta jabetzearen izaera indibidualean alegia. Kapitalismoan ekoizpen indarren garapenak eta lanaren banaketa internazionalak erabat eraldatu du ekoizpenaren izaera. Ekoizpena masan gauzatzen da, non milioika langileren parte hartzea ezinbestekoa den sistemaren eguneroko funtzionamendua ziurta dadin.

Lehia kapitalistaren ondorioz, kapital jabeen artean konpetentzia gogor bat dago irabazi tasa handiago bat lortzeko. Normalean kapitalak irabazi tarte handiagoa eskaintzen duten adarretara joaten dira, nahiz eta horrek kapital finkoen gastu handiak suposatu.

Irabaziek inbertsio gastua konpentsatzen duten bitartean, hori errentagarria izango da, irabaziak ziurtaturik egongo baitira. Baina momentu jakin batean, kontsumo produktuetan gauzatzen diren inbertsio horiek beren mugara iristen dira. Azkenean kapitalaren gain-inbertsio bat ematen da, hau da, inbertsioak ez dira hain azkar amortizatzen edo ez dute irabazirik ematen, merkatua merkantzia horiez saturatzen baita.

Hori da gaur egungo egoera gizarteko adar ekonomiko garrantzitsuenetan. Azken batean merkatuan, kapitalismoak berak pobretu dituen masek ezin dute merkantzien abundantzia hori xurgatu. Momentu horretatik aurrera irabazi tasen erorketa espiral batean jausten da, desinbertsioak, kaleratze masiboak, fabrika ixteak, etab. ematen dira azken batean, ekoizpen indarren suntsiketa. Marxek seinalatu zuen bezala, krisiak ekoizpen indarren matxinada bat dira jabetza erlazio kapitalisten aurka. Ekoizpena soziala izanik jabetzea ere soziala izatea eskatzen dute, interes pribatua ezabatuz.

Gain-produkzio krisiak

Gain-produkzio krisi jarraiak metaketa prozesuak dituen mugen isla dira. Muga hauen kausak ez dira bilatu behar ekoizpen prozesutik kanpo, ezta faktore partzialetan ere, ezin baitira ekoizpen kapitalistaren barne dinamikatik eta gainbalioa gauzatzeko modutik banatu.

Kapitalismoa kondenaturik dago sistema sozioekonomiko gisa. Hazkuntza garai baten ondoren krisia emango da beti. Jabetza pribatua eta Estatu nazionala kapitalaren ziklo hazkorraren aurka altxatzen dira, sistema honen behin betiko eraisketarako baldintzak sortuaz. Baina hala ere, Marxek ukatu egiten du kapitalismoak zahartzaroko heriotza natural bat izan dezakeenik. Ez da bere kabuz eroriko, burgesiak beti bilatuko baitu krisitik irtetea nahiz eta horrek langileak fisikoki zapaltzea eta gizateria basakeriara eramatea suposatu.

Kapitalaren propagandistek azkar ahazten dute joan den mendean kapitalismoaren krisiei bi mundu gerrek jarraitu zietela eta Hitler, Mussolini edo Frankorena bezalako erregimen izugarriak izan zirela kapitalak babestu zuena iraultza isolatzeko, bere pribilegioak mantentzeko eta sistemari zutik eusteko. Munduan eta batez ere Europan milioika langile eta gazteren odola isuri zen kapitalisten interesak gailentzeko.
Egia esan, biolentzia eta suntsiketa gizarte honen bereizgarri naturalak dira, horregatik kapitalismoa ez da erreformagarria. Kapitalismoaren krisia eta ekoizpen indarren aurrerakadak gizartearen eraldaketarako eta beste ekoizpen modu altuago batetarako baldintzak sortu ditu, ekoizpen baliabideen sozializazioan eta ekonomiaren planifikazio demokratikoan oinarritua.

Hala ere, egoera hau erdiesteko, Marxek eta beste hainbat teoriko marxistek behin eta berriz azpimarratu zuten moduan, ezinbestekoa da burgesiari boterea kentzea eta, horretarako, langile klasearen ekintza kontzientea nahitaezkoa da. Kapitalismoaren gainbeherak objektiboki sortzen dituen iraultzarako faktoreez gain, nahitaezko baldintza da iraultza aurrera eramateko masa zapalduen aurrean borroka amaierara arte emateko prest egongo den zuzendaritza iraultzaile bat.

VIII. Inperialismoa

“Kapitalismoa koloniak azpiratzeko eta planetako gehiengo zabala herrialde “aurreratu” apur batzuek itotzeko sistema mundial batean bihurtu da; harrapakin horren banaketa bi edo hiru potentzia harraparien eta leporaino armatuen artean gauzatzen da.” (Lenin, Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena).
Intelektual burgesen eta sozialdemokraten ingurunetik ohikoa da Inperialismoaren azterketa marxista erasotzen ikustea. Hasi Sombartetik eta Berstein, Kautsky eta beste askorekin jarraituz, asko izan dira Marx zuzentzen saiatu direnak. Horretarako  momentuko gertakari enpiriko soilak erabili dituzte, horiekin metafisika eginez eta axioma eztabaidaezinen kategoriara igoaz.  

Teoriko erreformista hauentzat, kapitalismoaren gorakadak  eta monopolioen garapenak aro berri baten etorrera bermatzen zuen, kapitalisten arteko gatazkak behin betiko ezabatzen baitzituen eta horrekin, aldi berean, gizarte baketsu baterako trantsizioa prestatzen baitzen. Baina, hain zuzen ere tesi hori defendatzen zutenek ez zuten inolako arazorik eduki Lehengo Mundu Gerran euren nazioetako burgesiak babesteko, orain ere buruzagi sozialdemokratek arazorik ez daukaten bezala mundu zabalean inperialismoak aurrera eramaten dituen esku-hartze militarrak babesteko.

Lenin izan zen inperialismoaren fenomenoa modu amaitu eta zientifikoenean aztertu zuena. Leninek azaltzen zuenez, kapitalismoaren garapena, industriaren hazkuntza handian eta enpresen ekoizpenaren kontzentratzean oinarritu da. Horrela, beraz,  modu dialektiko batean irabazien borroka latzaren ondorioz “lehia askea” monopolizazio prozesu batean eraldatzen da.

XX. mende guztian zehar garatuz joan den ekonomiaren kontzentrazio eta monopolizazio prozesu hori, funtsean, ekoizpenaren, asmakuntzen eta perfekzionatze teknikoen sozializazio prozesu erraldoi bat da; nahiz eta, noski, aberastasunen jabetzearen eta ekoizpen baliabideen izaera pribatua mantendu den.
Gaur egun kapitalismo monopolistaren eta inperialistaren garai klasiko batean bizi gara. Globalizazioa deitu den fenomenoaren bereizgarri nagusiena 200 bat multinazionalek munduko ekonomiaren agintea kontrolatzen dutela da. Inongo ekonomia nazionalek ezin dio ihes egin aginte honi. Bestalde begi bistakoa da, FMI edo munduko merkataritza ganbera, multinazional hauen zerbitzura lan egiten duten erakundeak direla.

Leninek bere liburuan monopolioek merkatuetan duten agintea bermatzeko erabiltzen dituzten bitarteko nagusiak azaltzen ditu:

· Lehengaiak eskuratzeko ahalmenaren eta erosketaren kontrola.
· Lan indarraren soldata kostuaren kontrola.
· Garraiobideen kontzentrazioa.
·Erosleei merkataritza erlazioak esklusiboki monopolioekin mantentzea inposatzea.
· Kredituen erabilera pribilegiatua.
·Boikota erabiltzea.

Monopolioek beren burgesia nazionalaren ordezkari gisa, hauen interes estrategikoen arabera jarduten dute. Falazia da kapital monopolistak ez duela filiazio nazionalik esatea, Toni Negri eta beste autore batzuk esan duten moduan. Errealitatea aurkezteko modu honek ukatu egiten du klase arteko borroka eta inperialismoaren berezko izaera.

Munduko monopolio nagusien jatorria begiratzen badugu, modu batean edo bestean, denek erantzuten die burgesia iparramerikarraren, txinatarraren, japoniarraren, hainbat herrialde europarren (alemaniarra, frantsesa, britainiarra, espainiarra) jabetza interesei. Inork ezin dezake ukatu, erlazio internazionalen ezagutza minimo bat badu behintzat, esku-hartze inperialistetako abentura militarrek edota hainbat herrialdetako gatazka eta gerra zibilek (esate baterako Afrikako Kongo, Costa de Marfil, Sudan…), motor bezala, kasu gehienetan, monopolio horien interes ekonomiko eta estrategikoak edukitzen dituztela. Estatu kapitalistak eta gobernuak partzuergo ekonomiko handi horien interesak ordezkatzera pasatzen dira.

Horrela beraz, monopolioen garapenak krisiak amaituko zituela zioen tesia, Bersteinek edo Kautskyk defendatu izan zutena, Leninek esan bezala, azken finean ez zen ekonomialari burgesen fabula bat besterik. Praktikan, XX. mendean zehar eta XXI. mende hasieran frogatu den bezala, monopolioek larriagotu egiten dute ekoizpen kapitalistak berez duen kaosa eta areagotu egiten dute merkatuak eskuratzeko borroka. Honen ondorio larriak ikus daitezke, adibide bat jartzearren, Afrikan, nazio osoen sarraskiak gauzatzen baitira kontinenteko aberastasunak ustiatzeko multinazional frantsesen eta iparramerikarren arteko borroketan. Noski, borroka honetan partzuergo handiek beren Estatuen eta gobernuen babes militar eta diplomatikoa eramaten dute aurretik.

Kapital finantzariaren papera

Kapitalismoak jasaten duen monopolizazio prozesuan, paperik garrantzitsuena bankuek jokatzen dute. Kapitalista handien, ertainen eta txikien kapital monetario ia guztia eskura edukita, ekoizpen baliabideen eta herrialde askotako lehen gai iturrien zati handi bat barne, bankuak txoko guztiak hartzera jotzen duten monopolizatzaile bihurtzen dira. Leninek Estatuaren monopolioaren eta bankuetako monopolioen inguruan aipatzen duen moduan: “Alde batetik, kapital bankarioko magnate horiek beraiek dira, azken batean, izatez aurrezki kutxetan kontzentraturik dauden milaka milioiak eskura dituztenak; eta beste aldetik, Estatuaren monopolioa gizarte kapitalistan, porrot egiteko zorian dauden industria adar bateko edo besteko milioidunen diru irabaziak ziurtatzeko eta igotzeko bitarteko bat besterik ez da”.

Azken hamarkadetan potentzia inperialisten herrialdeetan izan den garapen ekonomiko orokorrak argi erakusten du Leninek goian baieztatzen duena. Batez ere Bigarren Mundu Gerra osteko hamarkadetan, monopolio publiko askok hartu zuten enpresa kapitalista pribatuak lehengaiez edo energiaz prezio baxuan hornitzeko eta hauei garraio lanak bermatzeko ardura. Enpresariak ez zeuden prest sektore hauek egoki funtzionatzeko eskatzen zuten kapital finkoko gastuak bere gain hartzeko eta Estatuak hartu zuen inbertsio horien karga.

Baina behin sektore estrategiko horietako asko, diru publikoetako inbertsioei esker, aberasteko merkatu erakargarri bihurtuz joan izan diren heinean, gobernu burgesak, berdin du zein koloretakoak, azken batean kapitalisten osotasunaren interesen babesle diren komite gisa jarduten baitute, saldu egin dizkie banku handien buruzagitzapean dauden monopolioei.

Azken urteetako krisi honekin berriz, munduko finantza erakunde nagusiak espekulazioaren ondorioz aktibo toxikoekin porrot egin dutenean, Estatuak erakunde hauek diru publikoarekin erreskatatzera jo du. Baina horretaz gain, orain Estatuak erreskate plan erraldoien erruz leporaino zorpetu direnean, salbatuak izan diren banku horiek dira zor publikoa erosten dutenak, baino askoz ere interes tipo altuagoetan. Eta noski, Estatuen zor publikoa langileen bizi baldintzak erasoz ordainduko zaie espekulatzaileei. Leninek goian aipatu dugun testu zatian esaten duena, orain dela ia ehun urte idatzia egon arren, bete betean gertatu da gaur egun.

Modu honetan, monopolio kapitalisten boterea, egungo ekoizpen kapitalistaren baldintzetan, oligarkia finantzariaren diktadura bihurtzen da. Esaerak dioen bezala, bankak ez du inoiz galtzen. Gorakada ekonomikoko garaietan, kapital finantzariaren irabaziak izugarriak badira, atzeraldi garaietan askoz handiagoak dira kasu askotan. Aurrezle xume askok akzioen erorketa jasaten dutenean eta enpresa txiki asko ondoratzen direnean, banku handiak negozioa egiteko aprobetxatzen dute horietako asko saldoko prezioan erosiz, honela xurgatu ahal izateko eta euren monopolioetara batzeko edo, besterik gabe, desagerrarazteko, merkatuan duten kontrola sendotzeko helburuarekin.

Kapital finantzariaren nagusitasuna inperialismo monopolistaren garaian, sistemaren esklerosiaren sintoma da, bere gainbeherarena. Sintoma horiek oso nabariak dira gaur egun, baina kontuan hartu behar da, kapitalismoa ez dela helduko bere kabuz azken krisira, langile mugimenduak izan beharko duela herio kolpea emango diona.