Sozialismo Zientifikoaren ideia eta teoria guztiek, azken batean, oinarri sendo bat dute, zutik eusten dien bizkar hezur bat. Hau bere metodo filosofikoa da, materialismo dialektikoa alegia.
Hasiera batean nahiko arraroa egin liteke, filosofiari hainbesteko garrantzia ematea, bai filosofiak eta bai filosofoek, askotan zoro kontuak direla eman izan baitute. Lehenik burura datorren irudia, beti katuari bosgarren hanka aurkitu nahian dabiltzan gizonena da, asperturik eta beraien ideietan, gizartetik erabat isolaturik bizi direnena. Egia esan, ez da arrazoirik falta historiak eman dituen filosofo gehienei begiratura.
Hasteko ordea, benetan filosofiarik behar ote dugun galde liteke, ea auzi konplikatuez arduratzeak zerbaitetarako balio ote duen. Galdera honek bi erantzun ditu. Eguneroko bizitza egiteko kasuan, noski, erantzuna ezetz litzateke. Baina munduaren ulermen sakonago bat bilatzen badugu, gure bizitzetan, ingurunean edo gizartean ematen diren gatazken jatorria eta izaera ulertzea bada gure helburua, orduan, erantzuna bestelakoa da. Filosofia bat azken finean, orokorrean mundua ulertzeko modu bat da. Denok uste dugu, ongi dagoenaren edo gaizki dagoenaren artean bereizten dakigula, hala ere, askotan auzia konplikatu egiten da. Gerren, gatazka politikoen, pobreziaren edo gosetearen aurrean jende askok aitortuko du honelako arazoez ez duela ulertzen edo bestela, hauek azaltzeko argudio ilunetara joko du, esate baterako, arazoa “gizakiaren izaera natural ankerra” dela esanez. Egia esan, filosofiarik ez dutela behar edo politikaz ez dutela ezer jakin nahi diotenek, askotan klase dominatzaileak eskaintzen dizkien aurreiritzietan erortzeko arrisku handia dute.
Marx eta Engelsek, bere garaian jada esaten zuten garai bateko ideologia, klase dominatzailearen ideologia izaten dela. Jakina da komunikabide nagusiak, irakaskuntza ereduak eta instituzioak, gaur egun, burgesiaren kontrolpean dauden erremintak direla, hauek zabaltzen dituzten ikuspuntuak klase interes kontziente batzuen araberakoak direla. Hala ere, gizarte bakoitzean, klase dominatzaile hau azpiratuko duen klase zapaldua jaiotzen den bezala, klase honek, gizarte horretako aurreiritzi guztiak irauliko dituen pentsamolde iraultzaile bat hartzen du. Marxismoak, gezur dekadente guzti hauei aurre eginez, gizarte kapitalistaren ulermen sakon eta osatu bat eskaintzen digu. Baina aldi berean, filosofia honek, alde guztietatik hau gainditzeko bidea erakusten digu eta garrantzitsuena dena gizarte sozialista baten perspektiba zientifikoa ematen du.
Ikuspegi materialista bat
Gaur egun, erabilera arruntean ‘materialista’ eta ‘idealista’ espresioek duten esanahia ez da filosofiako arloan ematen zaienaren berbera. Nahasketa hau oso zaharra da eta bere jatorria mendeetan zehar elizak materialismoaren izenari egindako kritiketan aurkitzen da. Engelsek berak, ohikoa duen umore batez, honela erantzuten die kontzeptu hauek desitxuratu nahi zituztenei: “Filistiarrak, materialismo bezala, sabelkeria eta mozkorkeria, gutizia, haragikeriaren plazera, bizitza oparitua, diruaren irrika, zikoizkeria, aberasteko gogoa eta burtsa iruzurrak ulertzen ditu; hitz batean, kultu sekretu bat eskaintzen dien bizio zikin guzti horiek; eta idealismoaz, bertutearenganako, hurkoaren maitasunarenganako eta orokorrean “mundu hobeago batenganako” fedea, hauetaz besteen aurrean harropuzten dela, eta hauengan berak, asko jota, bere ohiko gehiegikeria “materialistei” jarraitzen dien erresakan edo makalaldietan sinisten duela”(F. Engels, L. Feuerbach y el fin de la filosofía clásica alemana).
Filosofian idealismoak, mundu sentigarria, hau da, inguratzen gaituen mundua, ideia batzuen edo Ideia handi baten isla dela dio; hauek, betidanik existitu direla defendatzen du, guregandik aparte, eta perfektuak eta betierekoak direla. Materialismoak berriz, ukatu egiten du munduan zerbait oinarri materialik gabe existitu daitekeenik, hau da, gure pentsamendua, gogoa eta ideiak materia antolatu baten produktu direla defendatzen du eta ez arimak, ez Jainkoek, ezin dutela izaki inmaterial eta independente bezala bizi dio.
Nahasketa hau ongi aztertzen badugu, bi esanahiak erabat aurkakoak bihurtzen direla ohartzen gara. Idealismoak, erlijioari estuki loturik, beti beste mundu batera begiratu izan du, imajinaziozko mundu perfektuetaz hitz egin du eta idealista eszeptikoenen kasuan bezala, mundu hau mespretxatu eta ukatu izan du. Marxismoak ordea, paradisua mundu honetan bertan eraikitzeagatik borrokatzen du. Gizakiak lorpen ikaragarriak egin ditu zientzian eta teknologian, objektiboki badu gaitasuna gizarte honetako miseria guztiekin amaitzeko. Gutxi batzuen klaseko pribilegioak eta jabetza pribatuaren interes ekonomikoak dira hain zuzen ere, garapen hau oztopatu eta gizartea hondamenik gordinenera eramaten dutenak. Azken finean, gizartean zentzugabeak diruditen gauzek ere (gerra inperialistek, goseteak eta elikagaien gain-produkzioak, langabeziak eta esplotazioak, lapurretak, arrazakeriak…) kausa materialak dituzte eta hauek gizartearen antolatzeko moduan bertan bilatu behar dira.
“Izate sozialak kontzientzia determinatzen du”, honela labur daiteke Marx eta Engelsek gizartea eta historia ulertzeko modu materialistari eginiko ekarpena. Argi dago pertsona eta taldeen ideologia eta kontzepzioak ere ez direla zerutik erortzen, azken finean oinarri material batetik jaiotzen direla. Gizarte batean ekonomiak, bizi baldintza materialak produzitzeko eta erreproduzitzeko moduak, lehen mailako papera jokatzen du, modu honek determinatu izan baititu historian zehar, klase sozialak eta beraien interes antagonikoak. Gizakiaren hautapen aske eta existentzialez hitz egiten duten filosofoak ez dira gai gerrak eta iraultzak azaltzeko. Gizakien garapen pertsonala ere, azken instantzian, bere ingurunetik jaso duenari loturik dago. Honela beraz, Marx eta Engelsen hitzetan, “gizakia zirkunstantziek eratua bada, zirkunstantziak modu gizatiar batean eratu behar dira”.
Filosofia eta zientzia
Idealismoak, bere izateko arrazoia, lan intelektualaren eta esku lanaren muturreko banaketan aurkitzen du. Esklabutzaren bidez, gizon batzuk bizitzeko lan egitetik askatuak izan ziren eta egia esan, honela, zientziak, arteak eta teknikak aurrerapen handiak lortu ahal izan zituen. Baina aldi berean, gizon hauek gizartearen gainetik jarri ziren eta beren pentsamenduei erabateko gorentasuna eman zieten, gizakiaren naturarekiko harremana distortsionatuz eta bere esentzia den lana, erabat mespretxatuz. Erlijioa, idealismoaren muturreko espresioa da eta gizartearen klase antagonismoetatik jaiotzen da, hain zuzen ere dominazio hau izpiritualki sendotzeko. Erlijioa gizartearen gainetik ezartzen da, denek onartu eta jarraitu beharreko dogma bezala eta erabat distortsionatu eta oztopatu egiten du, gizakiak bere burua eta inguratzen duen munduaren ezagutza hartzea.
Lubakiaren beste aldean zientzia dugu, bere izaera naturala dela eta, mundu honen ulerkuntza arrazional bat bilatzera jotzen duela. Zientziak, gizakiaren jatorria edo fenomeno meteorologikoen izaera bezalako galdera handiak, natura sakonago ulertuz azaltzen direla erakutsi digu. Egia da, hau ere ez dela gizartetik isolaturik bizi eta zientzialariak gizartean bizi diren pertsonak izanik honek eraginda daudela. Gaur egun, kapitalismoaren zahartzaroko dekadentzia fase batean bizi garen honetan, influentzia hau oso nabarmena gertatzen da, bai zientzian eta filosofian ere. Zientzian, ideia erlijiosoak ikus daitezke, unibertsoaren sorreran, “Big Bang” famatuaren teorietan adibidez, materia eta denbora noiz sortu ziren asmatu nahian dihardutenean. Ahaztu egin zaie Lukreziok orain bi mila urte esan zuena, ‘ezerezetik ezin dela ezer sortu’ alegia. Bestalde, arrazakeriaren, sexismoaren, homofobiaren edo gaiztakeriaren justifikazio sasi zientifikoak ere bilatzen saiatu izan dira, genetikaren bidez eta abar luze batez. Zientziak ordea arazo bat du, ez ditu dogmak onartzen hipotesiak baizik, eta hauek frogatu beharrak (nahiz eta okerrak izan) ikerkuntza sakonagoetara bultzatzen du.
Bai zientzia eta bai filosofia ofizialetan, gaur egun, arrakasta handiena duten ideiak idealismorenak eta eszeptizismorenak dira. Ideia hauek dudatan jartzen dute ea benetan norberaren burua ala beste guztia existitzen den, edo ea mundu hau benetan den bezala ezagutu ote daitekeen. Gizarte kapitalistaren gainbeherak, artista, ikerlari zein filosofo asko mundutik alde egin nahi izatera eta beraien ideietan gordetzera bultzatzen ditu. Bestalde, gaur egun oraindik ere, milaka gizon eta emakumek ideia erlijiosoetan aurkitzen dute euren buruen salbazio indibiduala.
Egia esan, berandu baino lehen gizateriaren potentzial guzti hau martxan jarriko da, eta masa zapalduek gizartea eraldatzeko eginkizun ikaragarria hartuko dute beraien eskuetan. Langile klaseak, klase zapalkuntza guztiekin amaituko du eta lehen aldiz historian, giza kulturaren aberastasunak masei zabalduko zaizkie. Langile klaseak, gizateriak jaso duen ezagutza guztia oinarri tinko batzuetan finkatuko du eta gizateriaren ahalmen ikaragarriak iragana gainditu eta muga imajinaezinak ezagutuko ditu.