Dudarik gabe Estatuaren auzia da, marxismoa beste ideologia eta korronte guztietatik argien bereizten duena. Berak bakarrik azaldu du, zehatz-mehatz, zein den iraultza sozialista gauzatzeko programa eta modua. Horregatik izan da marxismoa faltsutuena, hain zuzen ere Estatuaren puntuan, eta horregatik da gure egin beharra, faltsutze hauen guztien gainetik, inoiz garatu den programarik iraultzaileena berreskuratzea.

Teoriako aurreko artikuluan Estatu kapitalistaz hitz egitean, Engelsen hitzak erabiliz, zera genioen: Estatu kapitalista, azken finean, gizon armatuen indar berezi bat da jabetza pribatuaren defentsan. Estatua klase arteko borrokaren erdian eta bere kausa bezala jaio zenez, orokorrean, klase dominatzailearen Estatua dela baieztatzen genuen. Historian zehar, klase dominatzaile ezberdinek, gizarteko gutxiengo esplotatzaileek, Estatua erabili izan dute klase zapalduak jazartzeko, matxinadak erreprimitzeko eta euren pribilegioak mantentzeko. Hau horrela izan da klaseetan zatituta existitu diren gizarte guztietan, bai esklabismoan, bai feudalismoan eta baita ere, noski, gizarte kapitalistako demokrazia burges modernoan.

Baina zer egin dezakegu langileok kapitalismoaren zapalkuntza honen aurrean? Zer egin dezakegu burgesiaren agintea eta Estatu kapitalista “izugarri” hau suntsitzeko? Posible al da armada iraunkorrik gabe, kolore ezberdinetako poliziarik gabe, audientzi nazionalik gabe eta parlamenturik gabe, langileok gizartea antolatzea?

Noski, ohiko burges txikiak honakoa erantzungo du: “EZ! Ezinezkoa da! Horrelako gizarte bat, armadarik eta poliziarik gabe, ongi ordaindutako politikaririk eta epailerik gabe, enpresen eta banketxeen nagusirik eta exekutiborik gabe, erabat anarkikoa izango litzateke, bertan krimenak eta kaosa bakarrik gailenduko lirateke!” Hauxe da burgesiak aukera duen guztietan errepikatzen duen ideia eta komunikabide burgesak pertsonen buruetan sartzen saiatzen direna. Gauza bera errepikatzen digute askotan “ezkerrekoak” diren politikari erreformistek ere, gaur egun hainbesteko degenerazio ideologikoan jausi direla, ezen manifestazio edo greben aurrean indar polizialek egiten duten sarraski oro justifikatzen dutela, “indar legitimoen” ekintzak direla argudiatuz. Erreformismoaren porrot ideologiko tamalgarri hau ordea ez da batere berria, garai batean (XX. mende hasieran esaterako) sozialdemokratak “marxistak” kontsideratzen zuten euren burua eta sozialismoaz hitz egiten zuten, baina benetako orduan, ezbairik gabe, “euren” Estatu nazionala babesten zuten, noski, “ordenaren eta nazioaren alde!”

Erreformismoa eta Estatua

Erreformismoak ,hasteko, ukatu egiten du, Estatua klase batek bestea erreprimitzeko aparatu bat dela. Bere ideien arabera, egungo Estatu demokratikoa klaseen arteko ika-mikak adiskidetzeko tresna lagungarri bat da. Jaun hauen ustetan, zapaltzaileak eta zapalduak elkar ulertzeko eta ados jartzeko, beharrezkoa da “bitarteko inpartzial bat”, gatazka oro konpontzeko behar den bezala eta hori da, hain zuzen ere, egungo Estatua. Baina ahazten dutena zera da, “konponbide” honetan, zapaltzaileak zapaltzaile izaten jarraitzen duela eta zapalduak zapaldu!

Hala eta guztiz ere, “inpartziala” al da indar hau? Burgesiak kapitalismoan bere eskuetan dauzka gizarteko palanka ekonomiko erabakigarri guztiak. Zuzenean kontrolatzen ditu Estatuko funtzionario militar eta politiko altuak eta zuzenean esku hartzen du Estatuko erabaki benetan garrantzitsuetan, publikoki bai pribatuki. Parlamentuak, oinarrizko erabakiak hartzeko organo izan beharrean, alferreko hitzontzikerien toki bihurtzen dira.

Aldi berean, langile klaseak Estatuan eta parlamentuan dituen “ordezkari” gehienak, hain zuzen ere, teoria hauek errepikatzen dituzten erreformista traidoreak dira. Kapitalismoaren historian eta mundu guztian zehar, alderdi sozialistetako zuzendaritzan kokatu izan diren buruzagiak langileen botoekin parlamentuan egotera ailegatu dira. Baina behin bertara iritsita, postu altuekin, soldata ikaragarriekin, sobornoekin, presio ideologikoarekin, etab. langileen oinarri sozialetik banandu dira eta klase burgesaren “gonapeko txakurrak” bihurtu dira, banan bana neurri atzerakoi eta errepresibo guztiei amen esan diotelarik.

Kapitalismoa, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran gorakada ekonomiko batean zegoen testuinguru batean, langile klasea, bere borroka sozialari eta sindikalari esker, kontzesioak eta erreformak lortzeko gai izan zen arlo ekonomikoan nahiz politikoan. Langile alderdietako zuzendaritzek sinetsi egin zuten, marxismoa alde batera utzirik, kapitalismoak bere kontraesan ekonomikoak betirako gainditu zituela eta etengabeko hazkuntzan jarraituko zuela. Ustezko betiereko garapen ekonomiko honekin batera, alderdi sozialdemokraten lana garapen politikoa gero eta demokratikoagoa bilakatzea zen. Langileen botoen bidez parlamentuan gehiengoa osatzera iritsiz eta bertatik erreformak eginez, apurka-apurka eta baketsuki kapitalismoarekin amaituko zuten eta sozialismoa eraikiko zuten. Ideia erreformista teorian oso polita izan arren utopiarik handiena da, eta praktikan, mende oso batez, ezagutu diren traizio handienekin frogatua izan da.

Amets erreformistak, itsaso gazi bat egunero azukre koilarakada bat botaz gozatzea espero dutenen parekoak dira. Historian, inongo klase dominatzailek ez ditu bere pribilegioak hil ala biziko borroka bat eman gabe utzi. Burgesia ez da gutxiago izango. Bere klaseko pribilegioak ekoizpen baliabideen jabetzatik datozkion heinean, botere politikoa guztiz kontrolatzen saiatuko da. Ahal badu, sufragio unibertsala aitortuko du, eta masei klase dominatzaileko zein agintarik zapaldu behar dituen aukeratzen utziko die, baina inola ere ez ditu bere pribilegioak hauteskunde demokratiko batean jokoan jarriko. Hauxe da historian zehar burutu dituen eta gaur egun burutzen dituen Estatu kolpeen eta milaka hauteskunde iruzurren benetako esanahia.

Marxismoak zera dio: Langile klaseak, jasaten duen zapalkuntzarekin behin betiko amaitzeko, botere politikoa hartu behar du, gizartean klase dominatzaile bezala antolatu behar du. Eginkizun honetan ezinbestekoa da burgesiaren interesetan sortua izan den Estatu aparatu hau suntsitzea, erabat haustea, Estatu forma hau ez baita baliagarria zapalduek, gizartearen gehiengoak, beren gobernua ezartzeko. Zerekin ordezkatu orduan aparatu hau?

Anarkismoa, Langile Estatua eta bere iraungipena

Hasi aurretik, batez ere anarkisten eta marxisten arteko polemika argitu asmoz, honako galdera hauek erantzun behar ditugu: Beharrezkoa al da behin Estatu burgesa suntsituta langileen Estatu bat? Posible al da benetan Estaturik gabeko gizarte bat?

Marxismoaren arabera, bi erantzunak baiezkoak dira. Askotan faltsutua izan da eta argi esan behar da, Marxek, Engelsek, Leninek eta Trotskyk beren idatzietan beti defendatu izan dutela sozialismoaren benetako helmuga klase gabeko eta Estatu gabeko gizarte bat dela. Puntu honetara arte marxistak bat etortzen dira anarkistekin, baina iraultza hau konkretuki planteatzerako orduan ezadostasunak eta jarrera ezberdinak hasten dira.

Anarkismoaren (bere teoriko klasikoen) arabera, Estatuarekin ahalik eta azkarren amaitu behar da. Estatu gabeko gizarte bat nahi da, Estatua baita gizarteak dituen gaitz guztien jatorria. Autoritate ororen, menpekotasun ororen, aurka daude. Aldi berean ordezkaritza sistema oro, arduren eta erantzukizunen sistema oro, a priori ukatzen dute eta berdin dio hau nondik datorren. Behin eta berriz errepikatzen dute, botereak gizakia galbideratzen duenaren ideia.

Auzia horrela planteatzeak ordea, hain modu abstraktu eta idealistan, teorian oso polita badirudi ere, ez dauka zentzu handirik. Marxek, bere garaian, iraultzen esperientzia konkretua aztertzetik eta hemendik ikasgai praktikoak ateratzetik garatu zituen bere ideiak. Ez zion ekin, utopisten antzera, bere buruan iraultzarik ederrena asmatzeari, eta gero gizarteari berak asmaturiko iraultza eder hura egin behar zuela erakusteari. Langile klaseak berak erakusten zion iraultzak zein forma hartu behar zuen. Esate baterako, Parisko Komuna iritsi zen arte ez zen ausartu konkretuki langile klaseak Estatu burgesa suntsitu ondoren nola antolatu behar zuen esaten, historiak ez baitzuen oraindik hau egiteko materialik eman. 1871an izan zen langile klasea, momentu labur batez izan bazen ere boterea hartu zuen historiako lehen unea eta hemendik aurrera izan zen Marxek “proletalgoaren diktaduraren” ideia benetan garatu zuena (Garai hartan diktadura hitzak ez zuen gaur egun du esangura, egokiagoa litzatekeelarik langile demokrazia adierazpena, berdina esan nahi baitu).

Laburbilduz, langile klaseak Estatu boterea funtsezko bi arrazoiengatik behar duela esan liteke. Lehenik eta behin, kapitalisten erresistentzia garaitzeko. Estatua klase batek bestea zapaltzeko instrumentu bat dela azaldu badugu, langileen eskuetan Estatua kapitalistak zapaltzeko tresna bat bilakatuko da. Aurrez esan bezala, burgesiak ez ditu bere pribilegio guztiak utziko modu baketsu batean, azkenera arte borrokatu gabe. Honela beraz, erabat beharrezkoa da iraultzan langile klasea bere osotasunean armatzea. Baina begi bistakoa da iraultza mantendu nahi bada, langileek klase zapaltzaile parasitoarekin behin betiko amaitu nahi badute, ezin dituztela armak itzuli, baizik eta sistematikoki erabili behar dituztela burgesiaren aurka gerra irabazi arte. Eta zapalduen gehiengoak gutxiengo parasito honen aurka sistematikoki biolentzia erabiltzeak, biolentzia hau demokratikoki baina diziplina zorrotz batez antolatzeak, gehiengoaren Estatu bat inplikatzen du. Noski, oraingo honetan klase zapalduaren erabateko ezabatzea posiblea eta, are gehiago, beharrezkoa da. Langile klaseari zer erreprimitu geratzen ez zaionean, bere kabuz Estatu hau iraungitzen hasiko da, eta armen erabilera sistematikoak pixkanaka beharrezkoa izateari utziko dio.

Bigarren arrazoia berriz gizartearen antolakuntza sozialistaren ingurukoa da. Ekonomia kapitalista, jabetza pribatuaren interes partikularretan eta merkatuaren “izaera anarkikoan” oinarritzen da. Ekoizpena soziala den heinean, jabetza indibiduala da. Kontraesan honek ezinbestean etengabeko krisiak sortzen ditu ekonomia kapitalistan, gain-produkzioan oinarritzen direnak. Hau bereziki agerikoa da egungo krisi ekonomikoan.

Anarkismoak honen aurrean zera planteatzen du: Fabrika bakoitza bertan lan egiten duten langileei ematea, lur sail bakoitza lur hura lantzen duten nekazariei ematea, itsasontzi bakoitza bertan lan egiten duten arrantzaleei ematea, etab. hau da langileen kooperatiba “askeak” sortzea nonahi. Honek ere oso polita dirudi ideia bezala, baina praktikan ez dugu apurtzen merkatu kapitalistaren kontraesan bakar batekin ere. Eskaintza eta eskariaren arteko erlazioa are anarkikoagoa bihurtuko litzateke, adibidez: Autoak egiten dituen lantegi batek, langile gehiago hartzeko beharra badauka ekoizpena altxa egin daitekeelako eta gazte berriek ere nonbait lan egin beharko dutelako, arazorik gabe hartuko ditu langile berriak. Baina alderantziz bada, ekoizpena jaitsi egiten bada eta langileak soberan badaude, nola moldatuko dira bertako langileak eguneroko ogia ateratzeko ez badute saltzen? Bestalde, agian petrolioko langileek beren lana beste inor baino garestiago saltzeko aukera edukiko lukete, produktu garrantzitsu baten monopolioa duten heinean! Eta ez dezagun hitz egin jada, ekoizpenaren adarretan lan egiten ez duten langileez, zerbitzuez, etxebizitzez… edo lantegi handi batek bakarrik inplikatzen duen funtzionamendu konplexuen antolakuntzaz.

Marxismoak merkatu kapitalista zoroarekin amaitzeko argi uzten du beharrezkoa dela ekonomia planifikatu bat. Lantegiak, bankuak, lur sailak eta gizarteko palanka ekonomiko erabakigarri guztiak, biztanleria langile guztiaren eskuetara pasatzea. Ekoizpen baliabide bakoitza eta guztiak, langile bakoitzaren eta langile guztien jabetza dira. Baina argi dago ekonomia planifikatzeko antolakuntza zabal eta zorrotz bat behar dela, hau antolatuko duten “boterearen” organo batzuk beharrezkoak direla, behintzat gizartearen osotasunak bere kabuz bizikidetza arauak betetzen ikasi arte. Baina, era berean Parisko Komunak erakutsi zigun gizartearen ekonomia antolakuntza hau egingarria zela, armada iraunkorrik eta burokrazia pribilegiaturik gabe. Honako antolakuntza izan zuen Parisko komunak eta horrelakoa izan zen Urriko Iraultzaren lehen urteetan Sobietar Batasunak hartu zuen antolakuntza.

Alde batetik berehala lau neurri praktiko iraultzaile hauek hartu zituen: 1) Kargu publikoen hauteskunde libreak, momentu oro funtzionario guztiak hautagarri eta karguz kengarriak izango dira. 2) Inongo kargu publikok ezingo du langile bat baino soldata handiagoa jaso 3) Txandakako sistema baten ezarpena denek kontrol, ikuskatze eta kontabilitateko eginkizunak burutzeko. Denak aldi batez burokrata direnean, inor ezin da burokrata bihurtu. 4) Armada iraunkorrik ez, herri armatua baizik. Noski neurri hauek martxan jartzeko, langile bakoitzaren lan orduek izugarri jaitsi beharko dute, baina hau oso egingarria izango da, kontuan hartzen badugu, alde batetik, kapitalismoan zenbat langabe, zenbat gaizki antolatutako lanpostu zentzugabe eta zenbat giza baliabide dauden indar armatu berezietara eta burokraziara bideratuta; eta bestetik, sozialismoan, erosotasunera eta segurtasunera bideratutako zenbat aurrerapen teknologiko izango liratekeen posible.

Langile Estatuak inoiz ezagutu den formarik demokratikoena izan behar du nahitaez, gizarte guztiaren gehiengoa hasieran, eta guztia gero, ohitu behar baitu ekonomia eta bizitza sozial guztia beren eskuekin antolatzera. Estatu kapitalista suntsitua den bezain laster langileek nazio guztian zehar eta mundu guztian zehar beren antolakuntza sistema bat ezarri beharko dute ezinbestean, garaipenak mantentzeko beharrak bultzaturik. Baina behin burgesiaren aurkako errepresio sistematikoak bere zentzua galtzen duenean, klase sozialak desagertzen direnean eta gizarteak modurik demokratikoenean antolatzen ikasten duenean, orduan Estatua gradualki iraungitzen hasiko da eta sozialismo osorako bidea irekiko da.