Krisi hau hasi aurretik, burgesia sekulako irabaziak ateratzen ari zen bitartean langileen bizi eta lan baldintzak okerrera egiten zuten eta konkista sozialek etengabeko erasoak jasaten zituzten. Egungo egoeran, are argiago ikusten da sindikatuen paktu sozialaren jarrerak, desmobilizazioak eta pasibotasunak zein ondorio kaltegarri dakartzan langile klasearentzat. Honegatik azpimarratu behar dugu, atzo bezala gaur ere, langileok beharrezkoa dugula klaseko sindikalgintza borrokalari eta demokratiko bat, langile klasearen borroka iraultzailearen alboan joango dena, eta ez burgesiaren eta Estatuaren alboan.

 

Sindikalgintzaren oinarrizko funtzioa langileak batzea da eskaintzen dugun merkantzia negoziatzerako orduan enpresariaren aurrean egoera mesedegarriago batean jartzeko. Merkantzia hau gizakion lan indarra da, lan bat garatzeko dugun gaitasun fisiko eta intelektuala. Honen prezioa  hainbat elementuk osatzen dute. Ageriena nominan kobratzen dugun soldata da. Baina zeharkako elementuak ere badaude: soldata geroratua (Segurtasun Sozialeko kotizazioak bezala), lan baldintzak (jardunaldia bezala), konkista sozialak (lizentzia ordainduak, jantokiko edo haurtzaindegiko zerbitzuak, e. a.).

Bistakoa den bezala, negoziazio kolektiboak indibidualak baino abantaila askoz gehiago eskaintzen ditu, hau da, merkantzia prezio mesedegarriago batean saldu ahal izatea baimentzen du. Azken finean, sindikalgintza edozein ekoizle taldek beren merkantzia merkatuan kokatzean egiten saiatzen denaren berdina da. Giza lanaren merkantzia, ordea, merkantzia berezia da, aberastasuna sortzeko gaitasuna du (gainbalioa). Baina Marxek ongi azaldu zuen bezala, lan indarrarengan ere beste merkantzietan agintzen duten lege berdinak agintzen dute. Zerbaitegatik hitz egiten da hain garbi “lan merkatuaz”.

Eskaintza eta eskariaren legea

Ekonomia kapitalistan merkantzia baten prezioa zehazten duen legea eskaintza eta eskariaren legea da. Eskaintza handia bada eta eskaria baxua merkantziaren prezioak beheranzko joera hartzen du; eskaintza baxua bada eta eskaria handia, prezioak igotzera jotzen du. Lege hau lan indarrari ere berdin aplikatzen zaio. Boomeko garaietan –enpresetan lana dagoelako eta eskulana behar dutelako langabezia jaitsi egiten denean- soldatek igotzeko joera hartzen dute, eta atzeraldi ekonomikoko garaietan –enpresetan lanpostu murrizketak egiten direnean eta langabezia hazten denean- soldatak jaistera jotzen dute. Beste modu batean esanda: egoera ekonomikoak objektiboki baldintzatzen du soldatapeko lanak eta kapitalak gainbalioaren banaketagatik duten borroka.

Langabezia tasa borroka hau baldintzatzen duen faktore garrantzitsuenetako bat da. Marxek ongi deskribatu zituen bezala, langabetuak azken finean “kapitalaren erreserbako ejertzitoa” dira. Zentzu honetan, egungo errealitatea oso larria da. Estatu mailan 4 milioi langabeturen zifra gainditzea eta Euskal Herrian 160.000ra ailegatu izana benetako drama da bai lanpostua galdu dutenentzat bai lanean jarraitzen dutenentzat ere. Baina erreserbako ejertzito klasikoaz gain, kapitalistak orain beste ejertzito globalago batekin kontatzen du, bi fenomeno berriren bidez: batetik migrazio masiboa eta bestetik enpresen deslokalizazioa. Burgesiak ejertzito hau joko bikoitz batekin erabiltzen du, mehatxuen bidez lan baldintza orokorrak geroz eta prekarioagoak bihurtzen dituen bitartean langile klasearen barnean aurreiritzi xenofoboak zabaltzen eta zatiketa bultzatzen du, beste herrialdetako langileei egotziz (migratzaileak izan edo ez) jaioterriko langileen lan baldintzak okertzearen errua, erantzukizun osoa eta bakarra klase burgesarena denean.

Ekonomiaren atzeraldi sakon baten testuinguruak borroka sindikala ikaragarri gogortzen du eta sindikalgintzaren mugak ageriago uzten ditu. Kapitalismoak langile klaseari ez dio inoiz ezer oparitu, irabazi dena gogor borrokatuta izan da. Baina garai batzuetan kapitalismoaren markoaren barnean soldata igoerak, lanordu jaitsiera, baldintzen hobetzea… negoziatzea posible den bezala, beste garai batzuetan lanpostuak mantentzeko edo hilabeteko soldata kobratzeko ezinbestekoa da jabetza erlazio kapitalistak desafiatzea eta burgesa desjabetzea. Sindikalgintzak muga hauek  gainditzeko garrantzitsua da borrokak zabaltzea, langile klasea bere osotasunean inplikatzea (honela kapitalisten gainean egiten den presioa handitzeko) eta, batez ere, langileen borrokaren izaera politikoa garatzea.

 

Arazoa kapitalismoa da

Marxismoak azaltzen duen moduan, sistema kapitalistak berez sortzen du langile klasearen eta burgesiaren arteko kontraesana. Batzuetan, kontraesan hau erlatiboa izaten da, hau da, klase ezberdintasunak handitu egin daitezke, baina langileek beren egoera materiala hobetzen ikusten dute. Honen adibide argi bat Bigarren Mundu Gerra osteko boom ekonomikoa izan zen, ongizate estatua sustatu zuena. Baina beste batzuetan, kontraesan hau erabatekoa bihurtzen da, enpresariek ezin dituzte beren irabazi tasak mantendu langile klasearen bizi eta lan baldintzak okertuz ez bada. Orain honelako egoera batean gaude eta ezinezkoa da kapitalismoaren efektuen aurka borrokatzea, langile klasearen interesen aldeko borroka ez bada sistemaren aurkako borrokari lotzen.

Kapitalaren boterea mugatzen saiatzea ez da alternatiba bat. Langileok ezin dugu saldu nahi diguten “kapitalismo gizatiarraren” tranpan erori. Kapitalismoa noizbait gizatiarra izan bazen hori mendebaldeko herrialdeetan bakarrik izan zen, hirugarren munduko herrialdeen kontura, eta hau jada itzuliko ez den iragan bat da, batez ere kapitalistak beraiek izan direlako sistematikoki langile mugimenduak lortutako konkistak erasotzen joan direnak. Iragan hau berreraikitzen saiatzea ikuspegi atzerakoi bat da. Langileen benetako aspirazioa kapitalismoarekin behin betiko amaitzea da.

 

Langile mugimenduaren aukera

Mugimendu sindikalak bi aukera ditu: burgesiarekin kolaboratzea edo gizartearen eraldaketa sozialistaren alde egitea. Lehenengo aukera egitearen ondorioak ez dute komentario gehiegi merezi, zoritxarrez sobera ezagunak dira.

Bigarren aukera hau planteatzen denean, ordea, segituan hasten da sindikatuen independentzia politikoa aldarrikatzen duen abesbatza oihuka. Ados gaude. Baina esan beharra dugu, lehenik eta behin sindikatuak independenteak izan behar badute hori etsaiarengandik dela (kapitalistak eta Estatu burgesa), eta honetarako beharrezkoa dela langile klasearen interes orokorren defentsa nekaezin bat egiteko programa, estrategia eta taktika argi bat. Horrela ez bada, azken ondorio praktikoa –gustatu ala ez, kontziente izan ala ez, nahi ala ez- burgesiari jokoa egitea izaten da.

Sindikatuen neutraltasun politikoaren diskurtsoa burgesiak langile klasearengan duen influentziaren isla da. Burgesiari buruzagi sindikalek babes politiko zuzena ematea gustatuko litzaioke, baina hori ezinezkoa dela badakienez, gutxienez ezkerra babes ez dezaten saiatzen da. Azken finean, hau status quo-a mantentzeko amarrua da. Sindikatu batek ezkerreko erreferente ideologikoa galtzen duenean klase arrotzen influentzia ideologikoan jausten da. Ez da kasualitatea sindikatuen independentzia sutsuen defendatzen duten buruzagi sindikalak kontsensuaren eta paktu sozialaren defendatzaile handienak izatea. CCOOen historiaren analisiak, esate baterako, erabat baieztatzen du azterketa hau.

 

Sindikalgintza iraultzaile baten alde

Sindikatuek ezin dute politikoki neutralak izan, batez ere bi arrazoiengatik: 1) beren erabakiak ezinbestean efektu politikoak dituztelako (lan erreforma bat sinatzea edo ez, greba orokor bat deitzea edo ez, e. a.), eta hau horrela izanik logikoena eragin horiek kontzienteki aztertzea delako; eta 2) krisi sakoneko garaietan azkenean borroka ekonomikoak langile klase osoa klase burges osoaren aurkako borroka izaten amaitzen dutelako, hau da, boterearengatiko borroka politiko gorena.

Sindikalgintzak, benetako klaseko sindikalgintza borrokalari bat izan dadin, nahitaezkoa du eraldaketa sozialaren aldeko programa bat hartzea, hau da, sindikalgintzaren barnean sozialismoaren aldeko borroka inskribatzea. Are gehiago, interes ekonomiko hutsei begiratuta ere askoz eraginkorragoa da burgesiari dena galtzeko arriskuan dagoela ziurtatzea honek kontzesioak egin ditzan. Rosa Luxemburgok bere Erreforma eta Iraultza liburuan ongi azaltzen duen bezala, erreforma sozialak beti izan dira langile klasearen borroka iraultzailearen azpiproduktu bat.

Hau horrela izan dadin, zuzendari sindikalek printzipio argi eta sendoekin jardun eta pentsatu behar dute. Aurreko hamarkadetan sindikatu eta langile alderdi gehienek sozialismoaren eta marxismo iraultzailearen ideiak erabat baztertu zituzten kapitalismoaren momentuko lorpenez eta sobietar batasunaren erorketaz liluraturik. Honi buelta eman behar diogu. Ezinbestekoa dugu ideia hauek berreskuratzea, eguneratzea eta gizarte sozialista baten aldeko programa iraultzailea langile erakundeen banderan ezartzea. Aukera paregabe bat daukagu behin betiko sistema honekin amaitzeko. Elkarturik lortuko dugu.