Teoria marxistaren oinarri nagusietako bat, ezbairik gabe, historiaren ulermen materialista da. Gizakiak bere lehen urratsetatik gaurdaino egin duen ibilbideaz lortu dugun jakintza izugarri zabala den arren, hau erabat antzua bihurtzen da historialari eta filosofo idealisten eta sentimentalisten erretorika pisutsuan erortzean. Langile mugimenduarentzat historiaren azterketak xede praktikoagoa hartzen du, materialismo historikoa bereziki baliogarria izan zaio bere borrokaren ikuspegia zabaltzeko, honen helburuak zehazteko eta irakasgai baliotsuak ateratzeko.

Gizarte ororen historia, klase arteko borrokaren historia da

Esaldi honekin hasten da manifestu komunistaren lehen kapitulua. Baina nola eta zergatik sortzen dira gizarte batean klase sozialak? Zergatik borrokatzen dute elkarren artean? Galdera hauen erantzunean idealismoa eta materialismoa aurkako norabidean bereizten dira. Engelsek berak ezin hobe deskribatzen du jarrera bataren zein bestearen ezberdintasuna sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora laneko pasarte batean: “Historiaren kontzepzio materialista ordena sozial ororen oinarria ekoizpena, eta honen ondoren, bere produktuen banaketa denaren tesitik abiatzen da; historiatik desfilatzen duten gizarte guztietan produktuen banaketa, eta honekin batera, gizakien klaseetako edo estamentuetako banaketa soziala, gizarteak ekoizten duena eta nola ekoizten duenagatik eta bere produktuak aldatzeko moduagatik determinaturik dago. Horren arabera, aldaketa sozial guztien eta iraultza politiko guztien azken kausak ez dira gizakien buruetan bilatu behar ezta eurek betiereko egiaren edo betiereko justiziaren inguruan duten ideietan ere, ekoizpen eta banaketa moduan gertaturiko eraldaketetan baizik”.

Materialismo historikoaren tesi nagusiaren arabera garapen historikoaren erro nagusia, azken instantzian, ekoizpen indarren garapena da. Gizakia lehen garaietatik hasi zen bere bizi beharrak asetzeko baliabideak ekoizten, hau da, lanabesak eta tresnak lantzen eta biziraupenerako ezinbestekoa duen talde lana antolatzen. Lanaren bidez bere bizi baliabideak ekoiztean, naturaren inguruko ezagutza eta kontrol geroz eta handiagoa eskuratzen du eta lana taldean antolatzean elkarren arteko komunikazioa eta lanaren planifikazioa garatzen hasten da. Pixkanaka bere burua animalietatik bereizia ikusten hasten da.

Antolakuntza sozioekonomiko baten bideragarritasuna bizitza erreala produzitzeko eta erreproduzitzeko duen ahalmenean datza. Historian zehar hainbat ekoizpen eta banaketa modu ezberdin ezagutu izan dira. Hauetan emandako aldaketa sakon bakoitza antolakuntza modu zaharraren estankamendu eta gainbehera batetik etorri da eta krisi hau modu ezberdinetan klase arteko borrokaren bidez espresatu izan da, batzuetan forma politiko eta erlijioso konplexuak hartuz, baina gorabeherak gorabehera, beti klase dominatzaile zaharra boteretik kenduaz eta erlazio sozialetan iraultza bat emanaz amaitu izan da, honela garapen etapa berri bati pauso emanaz.

Gizateriaren lehen fase luzea komunismo primitiboa izan zen. Bertan ez ziren klase sozialak existitzen ezta jabetza pribatua eta Estatua ere. Gure arbasoak beren beharren gainetik soberakin bat ekoizten hasi zirenean, honen jabetzea dela eta ezberdintasun sozialak sortu ziren, lurraren jabetza pribatuari pauso emanez. Jabetza honek ezinbestean geroz eta esku gutxiagotan kontzentratzeko joera izan du historian zehar, ezberdintasun sozialak handituz eta gizartea interes etsaiak zituzten klase ezberdinetan are gehiago zatituz. Aurreko artikulu batzuetan azaldu dugun moduan testuinguru honetan sortu zen Estatua, klase dominatzailearen pribilegioak babestu eta status quoa mantentzeko indar publiko moduan.

Klase sozialen sorrerak, ordea, gizateriaren garapenean beharrezkoa zen elementu iraultzaile bat ekarri zuen berarekin: herritarren zati pribilegiatu bat bere bizi beharrak asetzeko lanetik askatua izan zen asti librea lortuz, eta honela, zientzia, teknika, kultura eta artea garatzea baimendu zuen. Hala ere, hau egintza aurrerakoi bat izan arren, kontuan hartu behar dugu jakintza hauek guztiak klase dominatzailearen monopolio izan direla gizaldietan zehar gaur egundaino. Garai bakoitzeko ideologia nagusia klase menderatzailearen ideologia izaten da. Gisa honetan, gizartearen ekoizpen eta banaketa modua da garai horretako filosofiaren, erlijioaren, zientziaren, artearen, e. a.en oinarri material bakarra, nahiz eta azpiegiturak gizartearen gainegitura esparruetan duen eragin hau ez den sinplea eta mekanikoa, dialektikoa baizik. Trotskyk zioen moduan “ideiak ez dira zerutik erortzen”. Azken instantzian, gizarte batean sortzen diren ideologia ezberdinek eta beren arteko gatazkek klase ezberdinen aspirazio materialei erantzuten die. Klase arteko borroka, gizartearen antolakuntza sozioekonomikotik eratortzen dena, historia lotzen duen lokomotora da.

Sozialismoaren oinarri objektiboak

Marxismoak ez du zerikusirik “gizakiaren berezko maltzurkeriaz eta berekoikeriaz” hitz egiten duten doktrina pesimista eta irrealekin, ezta egungo kapitalismoaren gainbeheraren aurrean garai zaharrak goresten dituztenekin ere. Materialismo dialektikoaren arabera historian zehar ekoizpen baliabide eta moduetan eman diren aurrerapenek sozialismoa gauzagarria egiten duten nahitaezko oinarri materiala osatzen dute.

Neurri batean gizarte sozialista bat komunismo primitiborako itzulera bat da, baina ekoizpen maila izugarri handiago batean. Klaserik gabeko gizarte bat existitu dadin ezinbesteko aurrebaldintza dira ondasunen gabezia, ezberdintasun sozialak eta biziraupenerako borroka indibiduala erabat desagertzea. Horrenbestez, sozialismoak beharrezkoa du ekoizpen indarren garapen maila gizarte horretako kide guztien beharrak erraz asetzeko adinakoa izatea.

Gizarte kapitalistatik gizarte komunista batera pasatzeak aurreko gizartea baino maila produktibo handiago bat eskatzen du. Marxen hitzetan: “(komunismoan) Ekoizpen indarren garapen honek premisa praktiko beharrezko bat ere osatzen du, bera gabe eskasia orokortuko bailitzateke eta beraz, pobreziarekin batera, berriro nahitaezkoagatiko borroka hasiko bailitzateke eta ezinbestean aurreko ankerkeria guztian eroriko.”

Honela, beraz, Marx eta Engels ez ziren sozialista utopikoak, ez zuten sozialismoa auzi moral bat bezala ikusten, gizartearen garapenean erroturiko pauso bat bezala baizik. Gizakiaren berezko berekoikeriaren edo borondate onaren eztabaidek ez dute zentzurik, ez baita oraindik existitu eta ez baita existituko garai historiko jakin batetik, gizarte antolamendu batean bizitzetik eta bertan posizio bat edukitzetik askatua izan den gizaki metafisikorik. Historiaren ikuspegi zabal eta materialistak lagin erabat ezberdina utzi digu.

Marxismoaren ikuspuntutik kapitalismoak etapa aurrerakoi bat suposatu du gizartearentzat, gizateriaren historia guztian ekoizpen indarretan, garraiobideetan, teknologian, e. a.tan inoiz eman den aurrerakada handiena eragin baitu. Baina kapitalismoaren paper aurrerakoi hau bere aurkakoan bihurtu zen aspaldian, planetaren biziraupen fisikoa bera arriskuan jarriz. Burgesiaren klase interesa ez da ekoizpen baliabide hauek garatzea, suntsitzea baizik. Lantegiak ixtea interesatzen zaio, langabezia izurri bat balitz bezala zabaltzea, gerrak bultzatzea eta krisi guzti hau langileen bizkarrengan ordaintzea. Globalizazioaren fenomenoa, bere baitan egintza aurrerakoia dena, erabat desitxuratua agertzen da erlazio kapitalistetan, toki guztietara barreiatzen dena burgesiaren eta sistema kapitalistaren dekadentzia baita, kultura batzuk besteen menderatzaile bilakatzen baitira.

Ekoizpen baliabideen jabetza pribatua eta Estatu nazionala giza garapenaren aurka matxinatzen dira kapitalismoan eta soilik proletalgoa da hauek suntsitzeko gai, burgesia desjabetuz eta gizartearen boterea bere eskuetan hartuz. Ekoizpena planifikatuaz, proletalgoa gai da berau irabazi maximoaren eta errentagarritasun azkarraren irrikatik askatzeko eta aldi berean, ingurugiroarekin erabateko armonia lortu eta hala ere lanaren ekoizpen gaitasuna maila altuagoetara igotzeko; gai da pertsona bakoitzaren eguneko lanordua erdira eta laurdenera jaisteko, honela langileak bere asti librea gizartearen antolakuntzan, kulturaren, zientziaren eta artearen garapenean inbertitu ahal izango dutelarik.

Oinarri material honen gainean kapitalismoak utzi duen herentzia kulturalaren ustelkeriak ere desagertu egingo dira. Berekoikeriak, lapurretak, matxismoak eta kapitalismoak indartzen dituen gaitz kultural guztiek beren existitzeko arrazoia galduko dute, oparotasuna zabalduko da alde guztietan eta belaunaldi berriek gizateriaren ortzemuga maila imajinaezinetara igo ahal izango dute.