Gizakiek beren bizi baliabide naturalak lortzeko gizartean ekoizpen erlazio batzuk ezartzen dituzte. Erlazio hauek beharrezkoak zaizkie eta ez dira beren borondatearen araberakoak, ekoizpen indar materialen garapen maila jakin baten araberakoak baizik. Erlazio hauen osotasunak gizarteko azpiegitura ekonomikoa eratzen dute eta oinarri honen gainean altxatzen da gainegitura juridikoa eta politikoa.
“Bizitza materialaren ekoizpen moduak orokorrean bizitza sozial, politiko eta izpirituala baldintzatzen du. Ez da gizakiaren kontzientzia bere izatea determinatzen duena, alderantziz baizik, izate soziala da bere kontzientzia determinatzen duena.” (K. Marx, Ekonomia Politikoaren Kritika-ri eginiko Ekarpenaren Hitzaurrea).
Hitz hauekin laburtzen du Marxek materialismo historikoaren oinarrizko planteamendu filosofikoa. Engelsen, Leninen, Trotskyren eta gaur egungo hainbat autoreren lanetan gizateriaren garapen historikoaren azterketa sakonak egin izan dira oinarri honetatik abiaturik. Lan zabalak daude ekoizpen modu primitiboen, antzin aroaren, feudalismoaren eta kapitalismoaren egitura ekonomikoen garapena aztertzera eta hemendik abiatuz garai hartako pentsamolde soziala azaltzera bideratuak.
Beste aldean ordea, hainbat filosofok gizateriaren garapenari (edo, batzuen arabera, “gainbeherari”) azalpen idealista bat eman nahirik, batzuek historia justiziaren, elkarlanaren eta duintasunaren ideiek mugitu dutela diote eta besteek berekoikeria, botere nahia eta diru gosea gizakiaren berezko bereizgarri izan direla eta izango direla. Hauen ustez gainegitura ideologikoa izaten da azpiegitura ekonomikoa moldeatzen duena eta gizakiak berezkoak dituen ideia edo joera batzuen arabera jokatzen du. Teoria idealista hauei pisua ematearren, sasi-zientzialari batzuek joera hauek gizakion geneetan daudela frogatzen saiatu izan dira, jaiotzetik biologikoki determinaturik bageunde bezala, eta bide batez, esan behar da, ez dutela arrakastarik eduki.
Marxek hau baieztatzen du: “Norbanako bat bere buruaz pentsatzen duenagatik epaitu ezin dugun bezala, ezin ditugu eraldaketa garai hauek bere kontzientziagatik epaitu, alderantziz baizik, kontzientzia hau bizitza materialeko kontraesanengatik, ekoizpen indar sozialen eta ekoizpen erlazioen arteko gatazkagatik, azaldu behar da”. (Ibid.)
Lehenengo nekazal ekonomiak eta antzin aroa
Komunismo primitiboa deituriko garaian giza taldeak orokorrean ibiltariak ziren eta batez ere ehizatik eta fruituak biltzetik bizi ziren. Bizi baliabideak eskuratzeko modu honek ez zuen klase sozialak sortzen uzten, naturatik behar zuten adina hartu eta hau denen artean banatzen baitzuten. Gizakia ordea, urteetan zehar naturaren inguruan ezagutza gero eta handiagoa hartuz joan zen eta hau bere bizi baliabideak lortzeko kontrolatzen hasi zen. Hainbat gertaeren ondorioz, gizaterian iraultza neolitikoa gauzatu zen. Gizarte hauek sedentario izatera pasa ziren, ibai hertzetako lur emankorretan finkatu ziren, eta lehen aldiz nekazaritza, abeltzaintza eta eskulanetako ofizioak garatzen hasi ziren.
Ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza bihurtu zen. Hegemonia honen ondoan gerora merkataritza eta artisautza garatu baziren ere, kapitalismoa etorri arte ez zuten lortu landako ekonomiari nagusitasuna kentzea. Lurra lantzean oinarritutako ekoizpen modu honek gizartean lehen aldiz klaseak eratzeko baldintzak sortu zituen. Alde batetik lur batzuk emankorragoak izaten dira eta beste batzuk aldiz uzta txarragoak ematen dituzte. Honek lurragatiko borroka sortzen du, bai tribuen artean eta baita lurraren jabetza finkatzean tribuan bertako kideen artean ere. Giza hezurduren azterketek, modu fidagarri batean erakusten dute, neolitoko giza hezurdurek gizakien arteko guden eta borroken ondorioz eginiko zaurien aztarnak dituztela besoetan e. a., eta paleolitoko hezurdurek berriz ez dutela honelako zantzurik erakusten. Lur hoberenez jabetzeak noski, botere ekonomiko handiagoa ematen du, ondasun soberakinak sortzen dira eta produktu soberakinak beste tribuetako produktu batzuekin, eskulan artisauekin… trukatu daitezke. Honela, pixkanaka merkataritza bide ezberdinak garatu ziren eta noski, bide hauetatik gertuen zeuden nekazariak orokorrean botere handiagoa eskuratu zuten.
Aldi berean, ekoizpen teknikaren perfekzionamenduak taldearen ondasunetan soberakin bat ekoiztera eraman zuten. Produktuak soberan geratzen hastean, tribuko gizabanako batzuk soberakin hauen jabe egiten hasi ziren modu indibidual batean. Baina nekazaritzan eta abeltzaintzan ekoizpena gorantz zihoan heinean, eta oraindik ekoizpen handiagoa lortzeko aukera ematen zuten bitartean, ez zen modu berean hazten hau ekoizteko ezinbestekoa zen eskulana. Lurra lantzeko langileak soldata baten truke kontratatzea oraindik orokorrean ezinezkoa zen, alde batetik lurra lantzeko lanabesak ez ziren garestiegiak edozein familiak lortzeko, eta bestetik organo ekonomiko nagusia familia bihurtu zen. Etxe bat nahikoa zen behar zuen produktuen gehiengoa ekoizteko eta familiak oso itxiak bihurtu ziren. Honela, falta zen lan hau gerren bidez preso hartzen zituzten pertsonak esklabo bihurtuz lortzen hasi ziren. Oraindik eskulan hau falta ez zenean, oraindik ere tribuko kideak nahikoa zirenean zituzten ekoizpen baliabideak ahal zuten gehien esplotatzeko, tribuen arteko gerretan hartzen ziren presoak jan egiten zituzten, hauek ez baitzuten esklaboetarako ere balio.
Lurraren jabetzak etengabe zentralizaziorako joera zuen. Geroz eta lurjabe gutxiagok geroz eta sail handiagoak eta aberastasun handiagoak biltzen zituzten eta lurjabe txikiak geroz eta pobreagoak bihurtzen ziren. Prozesu hau hainbat faktorek azkartu egin zuten: komertzioaren garapena, etxalde handiek lan esklaboa erabiltzea, lurjabe handiak lan produktibotik askatzean Estatu bat eratzen eta kontrolatzen hastea… Faktore hauek aldi berean lurraren jabetzaren kontzentrazioaren ondorio eta kausa bezala jokatzen zuten, lurjabe handiak gizarteko erlazio ekonomikoen erdigune bihurtuz. Prozesu hau lurralde ezberdinetan eta garai ezberdinetan eman zen, noski tokian tokiko berezitasunekin, baina bere puntu gorena antzin aroan Erromako inperioa izan zen.
Erromako inperioaren gainbehera
Antzin aroa aztertzean, garapen ekonomikoko prozesu ezberdinetan berezia da ohartzea, nolabait merkantzien ekonomia kapitalismora ailegatzeko mugara iristen zela baina inoiz ezin zutela muga hau pasa, hau da, merkantzien ekoizpena ez zela inoiz ekonomiaren ardatz nagusi bihurtu.
Kontuan hartu behar da antzin aroko ekonomia finkatzen zen oinarria nekazal guneetako lan esklaboa zela. Honek hainbat traba ezartzen zizkion ekonomiari zentzu kapitalista batean garatu zedin. Alde batetik, garapen teknologikoa ez zen interesatzen, esklaboek, normala den bezala, ahal zuten guztietan lan tresnak eta animaliak gaizki tratatzen baitzituzten, beraiek ere lan instrumentum bezala tratatuak zirenez. Jabeei tresna astun eta gogorrak interesatzen zitzaizkien. Bitxia dirudien arren, Alexandriako greziarrek lurrun makina bat asmatu zuten, baina ez zitzaien bururatu hau ekoizpenean erabiltzea, ekoizpenean sartutako berrikuntza teknologikoek ez baitzuten zentzurik. Esklaboen lana errentagarria izateko bidea esklaboak merkeak izatea zen eta hau gerren bidez bakarrik zen posible.
Erroman lurjabe handiei gerra interesatzen zitzaien heinean, esklabo gabeko lurjabe txikiei inolaz ere ez, esklaboek ez baitzuten zerbitzu militarrik egiten eta orduan nekazari txikiak, gudara joatea behartuak, hondoratu egiten ziren lurra lantzeko esku faltagatik, Estatuaren zergengatik edo errentarengatik. Nekazari hauei ez zitzaien lapurretan ibiltzea edo hirian eskale moduan jartzea beste erremediorik geratzen.
Lurjabeek eta mehatzeen jabeek ez zuten irabazien zati bat enpresa hobetzen inbertitzeko beharrik sentitzen kapitalista modernoek bezala, ez zitzaizkion aurrerapenak interesatzen ez zegoelako konpetentziaren presiopean. Aberastasunak zertan gastatu ez zekitenez, eta gerora esklaboak lehen beraiek egiten zuten lan intelektualean eta administrazioan ere txertatzen hasi zirenez, Erromako klase aberatsak ikaragarrizko degenerazio prozesu batean sartu ziren, asti librea pasatzeko jarduera higuingarri eta arraroenak egitera iritsi ziren.
Klase honek geroz eta botere gehiago lortzen zuen heinean, geroz eta gehiago itotzen zuen ekonomia, ez zion garatzen uzten. Artisauak berriz, oso ahulak ziren eta miseriazko bizimodu bat ematen zuten. Nekazal ekonomiak urtaro batzuetan lan askoz gutxiago duenez, esklaboak neguan lurra lantzeari utzi eta mota guztietako merkantziak edo lan publikoak egiten jartzen zituzten. Artisaua izateko baldintza gutxik zuten abilezia bat edukitzearena zen eta askotan artisau hau ez zen lan egiten zuen tresnen jabe ere. Ekonomikoki gizartearentzat alferreko bihurtu ziren eta lunpenizazio prozesu batean sartu ziren, eskale bizitza eramaten zutelarik.
Erromako inperioa mendeetako gainbehera prozesu luze batean sartu zen. Ekonomiak esklaboak lortzeko etengabeko gerra eskatzen zuen, baina inperioa zabaltzen zen heinean armada murriztu egiten zen nekazariak pobretzearen ondorioz. Armada eusteko mertzenarioak erabiltzen hasi ziren eta honela armada barneko sabotaje barbaroa ikaragarri hazi zen. Karga militarrak Estatuak bere burua mantendu ezin izatera eraman zuen eta zergen eta zentralizazioaren aurkako jarrera zabaldu egin zen lurjabe handien artean ere. Honela krisi honen azken txanpan feudalismoaren ezaugarriak agertu ziren, jauntxoak eta kolono-jopuak sortu ziren. Erromako inperioak sistema kapitalistari bide ematea ezinezkoa zen, azken finean ekoizpen baliabideen garapen urriak eta ekoizpen erlazioek honi ezartzen zizkioten trabek ezinezko egiten baitzuten klase merkatari eta industrial bat gizarteko klase nagusi bilakatzea. Gainbehera eta feudalismoa izan zen azkenean inperio honen irtenbide bakarra.