Sistema ekonomiko kapitalistaren oinarrizko kontraesana honako hau da: ekoizpenak izaera sozial bat hartu duen bitartean, ekoizpen honen produktuaren jabetzea modu indibidual batetan gauzatzen da. Burgesiak ekoizpen baliabideen jabetza pribatua mantentzen duen heinean, gizartearen garapenean oztopo objektibo izugarri bat bihurtu da aspaldidanik. Klase bizkarroi bat dugu bera, langileen esplotaziorik gabe biziraun ezin duena. Gizon eta emakume langileen lan soberakina burgesiaren existentziarako nahitaezko baldintza bihurtzen da, horra hor kapitalismoko esplotazioaren oinarria.

Marxismoaren ikuspuntutik klase arteko borroka da garapen historiko guztiaren motorra. Klase sozialek, zapaltzaile nahiz zapalduek, euren sorburua beti gizartearen azpiegitura ekonomikoan izango dute, nahiz eta hau gero gainegituraren esparru guztietan islatzen den. Kapitalismoan klase arteko borroka, azken finean, gainbalioa eskuratzeko borrokara murrizten da. Ekoizpen baliabideen eta tresnen jabeak, kapitalistak, langileek sorturiko gain-produktuaren jabe egiten dira, etengabe langileen erresistentziaren aurka borrokatzen dute, zeren aldi berean, langileak burgesei gain-produktuaren ahalik eta zati txikiena uzteko borrokatzen baitute. Noski, errealitatean klase arteko borroka ez da denbora guztian indar berarekin ematen, gorabeherak ditu, borroka puntualetatik prozesu iraultzaileetaraino, baita kontrairaultza eta erreakzio aldiak ere.

Kapitalistek modu ezberdinak dituzte gainbalioa handi dezaten. Hauetariko bat gainbalio absolutua handiagotzea da, hau da, zuzenean laneguna luzatzea. Marxek Kapitala-ren lehenengo liburuan azaltzen zuen bezala, kapitalismoaren hastapenetan, Ingalaterran modu oso bortitzean garatu zen metaketa prozesua. Nekazalgoaren masak desjabetuak izan ziren, hauek eskulan proletario bihurtu behar izan zutelarik. Horrela, fabriketako ekoizpen prozesuan sartu zituzten eta lantegi hauetako esplotazio ankerreko baldintzak jasan behar izan zituzten. 16 orduko lanegunak oso ohikoak ziren garai hartako Ingalaterran, ez soilik gizonentzat, baita emakumeentzat eta haurrentzat ere. Baina burgesiaren ikuspuntutik, ez zen inongo arazoa muturreko lan baldintza horietan milaka langile berrik gordinki bizitza galtzea: burgesen arabera, nahikoa haragi zegoen esplotaziorako erreserban, eta galdutakoa ordezkatzea erraza zen.

Egungo egoerari begirada bat botatzen badiogu, azken hogei urteetan burgesiak lan eguna luzatzeko ofentsiba bat eman duela ohartzen gara, azken bi urteetan nabarmen areagotu duelarik bere oldarkortasuna. Azken hamarkadetan enpleguaren prekarizazioak eta teknologia berrien garapenak langileen ordutegia enpresariaren gurarietara edukitzea eragin zuen, lanegunen iraupenak luzatuz. Krisiaren testuinguruan berriz, kapitalisten ofentsiba hau esparru guztietan ikaragarri handitu den heinean, lanaldi luzeagoen presioa ikaragarri areagotu da enpresetan, beti bezala, enpresarien mehatxu zuzenak tarteko.

Lanegunaren luzapenarekin batera, ordea, badaude beste modu batzuk kapitalistak eskuratzen duen gainbalioaren tasa, gainbalio erlatibo bezala ezagutzen dena, handitzeko: merkantzia jakin baten ekoizpenerako beharrekoa den denbora murriztuz, teknologia sartzearen bidez eta lan erritmoak areagotzearen bidez.

Gainbalioa handitzeko modu hori ongi ezaguna dute mundu guztiko milioika langilek, bereziki teknologia berriei edo ekoizpen industrialari loturik daudenek. Neurri gogor hauek sortzen dituzten estresa, lan gaixotasunak, antsietatea eta neke izugarria ohiko panorama izaten da enpresa askotan.

Irabazi tasa

Gainbalioa irabazian, interesean eta lurraren errentan deskonposatzen da. Begi bistan denez, gainbalioa ez da irabaziaren berdina, zeren kapitalistak merkantziaren ekoizpen prozesuan eta komertzializazioan ordaindu behar dituen hainbat gastu baitauzka.

Kapitalista batentzat garrantzitsua da ekoizpenean eskuratzen duen gainbalio tasa ongi ezagutzea, horrek lan indarretik jasotzen duen errentagarritasun maila ezagutzea baimenduko baitio. Gainbalio tasa ekoizpen prozesuaren amaieran agertzen den kapital handitzearen (gainbalioaren) eta hura ekoizten duen kapital aldakorraren arteko erlazio bezala har daiteke.

G’= G / A

G’ gainbalio tasa da, G gainbalioa eta A kapital aldakorra da.

Gainbalio tasak kapitalak lana esplotatzen duen maila adierazten du. Beharrezkoa da gainbalio tasa eta irabazi tasatik bereiztea. Kapitalistari ez zaio hainbeste interesatzen bere kapital guztiaren bereziki zein zatiri zor zaion gainbalioaren handitzea ezagutzea, ezinbestekoak baititu nola kapital aldakorra hala kapital konstantea ere.  Burgesarentzat funtsezkoena beti bere irabaziak ez gutxitzea da.

Irabazi tasa ondorengo moduan kalkulatzen da:

I’ = G / k + a

G Gainbalioa da eta k + a kapital aldakorra gehi kapital konstantea. Irabazi tasa gainbalio tasaren zuzenki proportzionala da baina kapitalaren konposaketa organikoaren alderantziz proportzionala.

Kapitalaren konposaketa organikoa ondorengo moduan adierazten da:

q= K / k + a

q konposaketa organikoa izango litzateke, K kapital guztia eta k + a kapital konstantea gehi aldakorra.

Ekoizpen kapitalistaren garapen praktikoan, lehiak eraginda, kapitalista bakoitza ekoizpen prozesuaren barnean makinarian eta teknologian azken aurrerapenak sartu behar izatea beharturik ikusten du bere burua. Modu horretan, kapital finkoko inbertsioak, hau da, ekoizpen tresna eta baliabideetan egindako inbertsioak, igo egiten dira. Epe motzean horrek merkantzia gehiago ekoiztea baimentzen du, baina bestalde, kapitalaren konposaketa organikoa handitzen den neurrian irabazi tasa gutxiarazten du.

Modu konkretuago batean ikusteko har dezagun adibide bat: Bi kapitalista ditugu, kapital aldakorrean inbertsio berarekin, gainbalio berarekin eta gainbalio tasa berarekin baina kapital konstante ezberdina dutenak. Aurrerago ikusi ditugun formulak aplikatzen baditugu ohartzen gara kapital konstantean gastu handiena egin duenarentzat irabazi tasa gutxiagotu egiten dela.

A Kapitalista

k                      a                      G                     G’                    I’

250.000            50.000              50.000              %100               %16,6

B Kapitalista

k                      a                      G                     G’                    I’

150.000            50.000              50.000              %100               %25,0

Aurrez azaldu dugun guztitik sistema kapitalistaren hainbat oinarrizko ezaugarri ondoriozta daitezke. Alde batetik, lehiak kapital orotan bataz besteko irabazi tasa bat eskuratzeko joera sortuko duela. Kapitalistek ezin dute lehian atzera geratu, beti egin behar dute aurrera, handiak txikia jaten baitu. Bestetik, lehia horrek kapitalaren osaera organikoa azkartzen du nahitaez, kapital konstantean gehiago inbertitzeko joera. Ikusi dugun moduan, joera horrek irabazi tasan erorketa orokor bat eragiten, noizbehinka agertzen dena. Prozesu hau izaten da, beste hainbat faktorerekin elkartuz, sistema ekonomiko kapitalista gainprodukzio krisietara eramaten duena, kapitalaren osaera organiko handiagoak eskulan gutxiago eta esplotatuagoa eskatzen baitu eta horrek masa langileak geroz eta pobreago bihurtzen baititu.

Egia esan, kapitalistek errekurtsoak eta bitartekoak dituzte lehiak sortzen duen joera honen aurka egiteko, baina trikimailu guzti hauek, hurrengo artikuluetan azalduko ditugunak, ezin saihestu dezakete gainprodukzio krisira joateko joera orokor hori.