Nahiz eta krisi kapitalisten inguruko ikuspuntu marxista abiapuntu berean oinarritzen den, beren kasuistika konkretuek polemika biziak sortu izan dituzte mugimendu marxistaren barnean. Eztabaida horiek ordea, oztopo izatetik urrun, aberastu eta indartu egin dute teoria ekonomiko marxista. Asko ikas dezakegu egun ere sortzen diren polemikak aztertzeko garaian, eta bide batez, beren kabuz gezurtatzen dute marxismoaren dogmatismoaren inguruko funtsik gabeko propaganda guztia.

Rosa Luxemburgok bere lan teorikoen zati garrantzitsu bat krisien eta hauen metodologiaren azterketari eskaini zien. Honela, eztabaida gogorra mantendu zuen horren inguruan Leninekin, Trotskyrekin eta Alderdi Boltxebikeko beste zuzendaritzako kide batzuekin. Rosak, bere Kapitalaren metaketa idazlanean gain-produkzio krisien barne dinamikaren inguruko galderari erantzun nahi dio.

Bere ustez, krisi hauen ebazpena azaltzen zuen faktorea, kapitalismoa modu puru batean ez existitzetik abiatzen zen, hau da: gizarte kapitalista soldatapekoen eta ekoizpen baliabideen jabeen artean zatiturik egon arren, beste forma ekonomiko ez kapitalistekin batera bizi zen. Horiek kolonietan gailentzen ziren eta oraindik ere kapitalismoa oso garatua zegoen herrialdeetan bizirauten zuten. Lurralde eta herrialde horietatik etortzen zen metaketari agertzen zitzaizkion zailtasunak konpontzeko beharrezkoa zen eskaria, baina aldi berean, horrek sistemaren krisirako eta honen ondoratzerako baldintzak sortzen zituen.

“Horrela, sozietate eta herrialde ez kapitalistekin buruturiko trukearen bitartez, kapitalismoa geroz eta gehiago zabaltzen ari da, honen kontura kapitala metatuz, aldi berean horiek janez eta baztertuz, beren lekua hartzeko. Baina zenbat eta herrialde kapitalista gehiago joaten diren metatze gune horietara eta zenbat eta gehiago urritzen diren kapital zabaltzeen mugimenduez konkistatuak izan daitezkeen eremu ez kapitalistak, orduan eta handiagoa eta amorratuagoa bihurtzen da kapitalen arteko lehia, zabaltzeko gurutzada hau, munduko eszenatokian, hondamendi ekonomiko eta politiko handienen, krisi mundialen, gerren eta iraultzen kate bihurtuz.

“Modu honetan kapitala bi bidetatik prestatuz doa bere galbidea. Alde batetik, ekoizpen forma ez kapitalisten kontura zabaltzean, gizateri guztia kapitalistez eta langileez bakarrik osatuko den momenturantz joaten baita, ezinezkoa eginez, horrenbestez, zabaltze berri oro eta, ondorioz, metatze oro. Horrela, joera honek indarra hartzen duen neurrian, kapitalismoak geroz eta gehiago areagotzen ditu klase arteko antagonismoak eta anarkia politiko eta ekonomiko internazionala, halako mailan ezen garapen ekonomikoa bere azken ondorioetara iritsi baino lehen, hau da, ekoizpen kapitalistaren erregimen absolutu eta uniformea munduan gailendu baino askoz ere lehenago, proletalgo internazionalaren matxinada etorriko den, nahitaez erregimen kapitalistarekin amaituko duelarik” (Rosa Luxemburgo, La acumulación de capital, Editorial Grijalbo, Mexiko 1966, 380. orr.).

Proletalgo iraultzailearen altxamendua Lehen Mundu Gerraren konbultsioekin gertatu zen. Hemen funtsezko papera jokatu zuten inperialisten arteko kontraesanek eta merkatuak eskuratzeko eta koloniak banatzeko borroka amorratuek. Hala ere, krisien eta beren kausen aurreko interpretazio horretan, Rosa Luxemburgok hainbat akats egin zituen.

Lehenik eta behin, kapitalak euren artean lehiatzea mundu merkatuan, eta bereziki herrialde kolonialetan, ez da metropoli inperialistetan gainbalioa gauzatzeko ezintasunagatik ematen, irabazi tasa handiagoak bilatzen dituztelako baizik. Bigarrenik, Marxek Manifestu Komunista-n azaldu zuen moduan, kapitalismoa oro har planeta guztia merkatu mundialean barne hartuz garatzen da, merkantzien ekoizpen eta merkataritzaren bidez. Ez da egia, gizateria soldatapeko eta kapitalisten artean polarizatzen doan neurrian, metatze prozesua erabat ezinezkoa gertatzen denik, esperientziak frogatu duen moduan; era berean, faltsua da banaketa kolonialaren azkenak eta herrialde hauetan ekoizpen kapitalisten formen gailentzeak ezinezkoa egiten duenik zabaltze berri bat.

Rosa Luxenburgoren posizioei eginiko kritika arrazoituetariko bat, hala nola krisien kausen formulazio sendoago bat, Leninen eta Trotskyren lan ekonomikoetan aurkitzen dugu, batez ere Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena idazlanean, baita, Trotskyk hogeigarren hamarkadan gai honi buruz idatzi zituen testu polemikoetan.

 

Krisiaren kausa eragileak

“Koloniak eskuratzeko borroka kapitalismo inperialistaren politikaren parte bat izaten jarraitzen du. Mundua erabat zatiturik ere, prozesua ez da inoiz amaitzen, baizik eta behin eta berriz jartzen da eguneko gai zerrendan, indar inperialisten arteko erlazioen araberako munduaren zatiketa berriaren auzia.

Garapen ekonomikoaren kurbak, gorabehera guztien artean beheranzko joera du eta ez goranzkoa. Hala ere, horrek burgesiaren amaiera automatikoki eta mekanikoki iritsiko dela esan nahi al du? Inolaz ere ez. Burgesia bizirik dagoen klasea da, oinarri ekonomiko-produktibo jakin batzuetan hazi dena. Klase hau ez da garapen ekonomikoaren produktu pasibo bat, indar historiko bat baizik, aktiboa eta energiaduna. Klase honek biziraun egin du, hau da eboluzio historikoaren balazta izugarriena bihurtu da, baina horrek ez du esan nahi klase hau historikoki bere buruaz beste egiteko prest dagoenik, ezta prest dagoenik ere hauxe esateko: “Erreakzionarioa naizela dioen teoria zientifikoa onarturik eszenatokia uzten dut.” Bistakoa denez, hori ezinezkoa da! Bestalde, ez da nahikoa Alderdi Komunistak klase burgesa kondenaturik eta ia ezabaturik dagoela, aitortzea proletalgoaren garaipena ziurtzat hartzeko. Ez. Oraindik garaitu eta azpiratu egin beharra dago burgesia!” (Leon Trotsky, Una escuela de estrategia revolucionaria, Federiko Engels Fundazioa, Madrid, 2006).

Leninek arreta berezia eskaini zien auzi hauei. Bere Kapitalismoaren garapena Errusian idazlana ekarpen handia izan zen marxistek populistekin denbora luzez eduki zuten eztabaidan. Azken hauek ukatu egiten zuten Errusian kapitalismoa garatu zitekeenik nekazal jabetzaren egitura erdi feudalagatik, Errusian nekazal ekonomiak zuen pisuagatik eta nekazal masen pobreziagatik. Erromantizismo ekonomikoaren karakterizazioari buruz artikulu famatuan, Leninek errusiar populisten ikuspuntuari erantzuten dio, krisien inguruko beste ikuspuntuak ere landuz.

“Populistek baieztatzen dutenean produktua gauzatzeko kapitalismoak estropuz egiten duen “zailtasunaren” irteera atzerriko merkatua dela, esaldi honekin estali besterik ez dute egiten beraiek teoria ezin ulertzeko estropuz egiten duten “zailtasunaren” irteera dela atzerriko merkatuaren errealitate tristea.” (…) “Kontsumo bitartekoen forman existitzen diren produktuak ez ezik, ekoizpen baliabide bezala existitzen diren haiek ere, denak “zailtasunen” artean gauzatzen dira beti, etengabeko gorabeheretan zehar, geroz eta indartsuagoak direnak kapitalismoa garatzen den heinean, lehia amorratu batean, zeinak enpresario oro behartzen duen ekoizpenaren hedatze mugagabe batera aspiratzera, Estatuaren mugak gaindituz eta merkatu berrien bilaketara joanez oraindik merkantzien zirkulazio kapitalistaren sistemak hartu gabeko herrialdeetara. Eta horrela atzerriko merkatua herrialde kapitalista batentzat zergatik den ezinbestekoa planteatzen duen arazora iritsi gara. Ez da, ezta gutxiagorik ere, ezin delako produktua ordena kapitalistaren barnean inola gauzatu. Hori pentsatzea zentzugabea litzateke. Kanpo merkatua beharrezkoa da, ekoizpen kapitalistak zabaltze mugagaberako joera inplikatzen baitu; iraganeko gainontzeko ekoizpen sistemak ez bezala, horiek herrixkara, sailera, tribura, lurraldera edo estatura mugaturik baitzeuden. Sistema ekonomiko zahar guztietan, ekoizpena beti aurrez garatu izan zen modu eta maila berean berritzen zen bitartean, erregimen kapitalistan berritze hori ezinezkoa da eta zabaltze mugagabea, etengabeko aurrerabidea ekoizpenaren lege bihurtzen

da”.

 

Teoria azpikontsumistak

Testu horretan bertan Leninek teoria azpikontsumistak kritikatzen ditu krisien azalpen gisa, populistek Sismondi pentsalariarengandik hartu baitzituzten: “Metatzearen azterketa zientifikoak teoria honen argumentu guztiak oinarri gabe utzi zituen, hain zuzen ere langileen kontsumoa handitzen den aldia krisien aurreko aldia dela frogatuz; gutxiegizko kontsumoa (zeinarekin krisia azaldu nahi den) sistema ekonomiko ezberdinenetan existitu izan da, krisiak soilik sistema bakarraren ezaugarriak diren bitartean, kapitalismoarenak. Teoria honek krisiak beste kontraesan baten bidez azaltzen ditu, hots, ekoizpenaren izaera sozialaren (kapitalismoak sozializatua) eta jabetzearen izaera indibidual pribatuaren arteko kontraesanaren bidez. (…) Lehenengo teoriak [krisiak] ekoizpenaren eta langile klasearen kontsumoaren artean dagoen kontraesanetik abiatuz azaltzen ditu; bigarrena ekoizpenaren izaera sozialaren eta jabetzearen izaera pribatuaren arteko kontraesanean oinarritzen da. Lehenengoak, beraz, fenomenoaren sustraiak ekoizpenetik kanpo bilatzen ditu (…) bigarrenak sustrai horiek hain zuzen ere ekoizpen baldintzetan bilatzen ditu. (…) Baina bigarren teoriak ukatzen al du ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko kontraesanik dagoenik, kontsumo defizit bat existitzen denik? Ez noski. Erabat onartzen du hori gertatzen dela, baina dagokion bigarren maila ematen dio, ekoizpen kapitalistaren sektore bakar bati bakarrik dagokion gertaera gisa.”