Etengabeko iraultzaren teoriak, kapitalismoaren aro inperialistan iraultza sozialistak dituen eginkizun orokorrak eta langile klaseak bertan jokatzen duen papera ulertzeko oinarriak azaltzen ditu. Era berean, sistema kapitalista mantentzea helburu duten mota guztietako teoria erreformistak kritikatzen ditu, hala nola, langileria burgesiaren sektoreekin aliatzea proposatzen duten ideiak barne.
Erreformismoak historian zehar erabili izan dituen argumentu teorikoak behin eta berriz bi etapen teoria deritzon horretan oinarritu dira. Teoria honek, planteamendu konkretuetan formalki aldaera ezberdinak izan baditu ere, funtsean dioena zera da: langile mugimenduaren helburua, lehenik eta behin, bere herrialdean kapitalismo aurrerakoi eta demokratiko baten alde borrokatzea dela, eta hortik abiatuz bakarrik dela posible pixkanaka edo etorkizun urrun batean sozialismora iristea. Horregatik, erreformismoaren arabera, langile klaseak, bere nazioko burgesia aurrerakoiaren alboan, edo hobe esanda menpean borrokatu behar du, ekoizpen baliabideen jabetza pribatua onartuz eta inolaz ere Estatu burges demokratiko batetatik haratago jo gabe.
Baina burgesiak aspaldi utzi zion paper aurrerakoi bat jokatzeari. Burgesiarentzat klase bizkarroi bezala jasotzen dituen pribilegioak mantentzeko modu bakarra gizartearen gehiengo langilearen bizi baldintzak eta eskubideak ahalik eta gehien murriztea izaten da. Horregatik, historikoki noizbait kontzesioren bat egin badu zentzu honetan, ez da bere borondate onagatik izan, langile mugimenduak borroka gogorren bidez horretara behartu duelako baizik. Baina hala ere, sistema kapitalistak indarrean jarraitzen duen bitartean ezin dira lorpen hauek bermatu, kapitalistak aukera dutenean berriro ezabatzen saiatzen baitira kaltegarri bihurtzen zaizkien kontzesio guztiak.
Iraultza burges klasikoek feudalismoko erregimen zaharraren antolaketa itogarriarekin amaitu zutenean, boterera igo zen klase berriak bere interesetan eginkizun konkretu batzuk gauzatu zituen, esate baterako, aristokraziaren eta elizaren lur jabetzen banaketa, muga feudalekin apurtu izana eta komunitate ekonomiko bateratu moduan Estatu burgesaren mugak ezartzea, kasu batzuetan eliza eta Estatuaren banaketa, etab.
Gaur egun ordea burgesiak gizartearen gehiengo zabala miseriara eta basakeriara eramaten du. Hori horrela izan arren, erreformismoak ahalegin bereziak egiten ditu langile klasearen esplotaziotik bizi diren hauek aurrerakoi, arduratsu eta ezinbestekotzat aurkezteko, beti ere burgesiarekin mantentzen duen kolaborazioa justifikatze aldera. Modu honetan, bi etapen teorian oinarrituz klase arteko kolaborazioa defendatzen duen erreformismoa sistema kapitalistaren salbatzailerik onenak bihurtzen da.
Trotskyk lehen aldiz 1905ean planteatu zuenetik, etengabeko iraultzaren teoriaren benetako esanahia hamarkadetan zehar gezur mordo baten baitan desitxuratua eta faltsutua izan da, erreformismoaren eta batez ere estalinismoaren aldetik. Baina horrek ez du kentzen langile mugimenduaren esperientzia historikoaren praktikak, behin eta berriz teoria honen oinarrien zuzentasuna frogatu ez duenik.
Etengabeko iraultza, kapitalismoaren aro inperialistak inposatzen duen errealitate konkretua aztertzetik hasten da eta honen dinamika objektiboan oinarritzen da.
Inperialismoaren aroa, garapen ezberdin eta tartekatua
Historikoki, bi etapen teoriaren defendatzaileek burgesia aurrerakoi bezala kalifikatu izan dituztenak herrialde kolonial edo erdi kolonialetako burgesiaren sektoreak izan dira, hau da, kapital inperialistaren menpean egon izan diren herrialdetakoak. Teoria horrek planteatzen duenez, langile klaseak ezin du herrialde horietan boterea hartu aurretik iraultza burges klasiko bat ez bada gertatzen, sozialismora iristeko modu bakarra erregimen kapitalista “demokratiko” bat denboraldi mugagabe batean finkaturik egotea baita.
Egia da, historikoki merkatu kapitalistara berandu iritsi eta inperialismoaren menpean sartu ziren herrialde hauek ez zituztela Frantziakoaren moduko iraultza burges klasikoek aurrera eraman zituzten lorpenak gauzatu. Baina, herrialde hauetan erlazio ekonomiko kapitalistak beranduago finkatzeaz aparte, historikoki oso baldintza ezberdinetan ezarri ziren. Europako eta Estatu Batuetako burgesia ezberdinak izan ziren lehenengoz, beren merkatua zabaltzeko asmotan, herrialde hauen kontrol ekonomiko zuzena konkistatu zutenak. Kolonietako lehengai, ekoizpen baliabide eta esku lan guztia beren interesen menpean ezarri zuten. Hori dela eta, herrialde hauetako garapen ekonomikoak, historian zehar, potentzia kapitalista klasikoetatik erabat ezberdinak izan diren berezitasunak jasan ditu.
Hasteko, kapital inperialistaren jabe zen burgesiak ez zuen inoiz interesik eduki beren kolonietako erregimen zaharrekin amaitzeko eta iraultza demokratikoak aurrera eramateko. Alderantziz, kasu askotan bere negozioak handitzeko oso baliagarriak izan zitzaizkion erregimen feudalisten hainbat ezaugarri, batez ere eskulan erdi esklaboaren etekinak eskuratzeko eta sor zitezkeen mugimendu iraultzaileak erreakziorik bortitzenarekin zapaltzeko. Horrela beraz, herrialde hauetan, normalean, Estatuaren agintean despota zaharrek jarraitzen zuten, eta hauen itzalpean noski burgesia inperialistak. Arlo ekonomikoan berriz, landa gunean feudalismotik zetorren lurjabe handien ekoizpena gailentzen zen eta hauei inoiz ez zitzaien interesatu ekoizpen indarretan inbertsioak egitea, nekazal ekoizpena modernizatzea, beren irabaziak esku lan ia esklabotik baitzetozen. Honen ondoan ordea, kontraste handia sortzen zen hiriguneetan, atzerriko kapitalak hainbat fabrika moderno ireki baitzituen era berean langileen esplotaziorik gogorrenaz aprobetxatzeko.
Hori horrela izanik, herrialde hauetako klase arteko borrokak ere ezinbestean berezitasun nabariak hartu zituen. Alde batetik, herrialde inperialistekin mantentzen ziren merkatu erlazioen ondorioz kolonietako burgesia nazionala eratu zen. Burges hauek ordea normalean lurjabe handietatik zetozen eta euren negozioetan kapital inperialistari erabat loturik egoten ziren mila hariren bidez.
Modu horretan, herrialde kolonialetako burgesia historikoki bere izaera ahul, atzerakoi eta koldarragatik berezi izan da. Ez da harritzekoa, beraz, kolonietako burgesia bera ere, iraultza burgesaren eginkizunak aurrera eramateko gai ez izatea, lotuegi baitzegoen alde batetik feudalismoaren hondarrei eta bestetik burgesia inperialistari.
Argi ikus daiteke historian zehar herrialde kolonialetan langile klasea eta landako nahiz hirietako burgesia txikiaren geruza zapalduenak beren bizi baldintzak aldatzeko borroka iraultzailea aurrera eramaten hasi diren bakoitzean herrialde hauetako burgesia erreakzioaren eta inperialismoaren alde jarri dela. Nahiz eta urte lasaietan zehar burgesiak nazio subiranotasunari eta demokraziari buruzko diskurtso anbiguoak erabili, masak hori praktikan aurrera eramaten hasi direnean, beldur gehiago izan dio burgesiak mugimendu iraultzaileari erregimen erreakzionarioei eta inperialismoari baino.
Prozesu honetan oinarritzen da, noski oso modu orokorrean azalduta eta herrialde konkretuetako xehetasun historiko asko alboratuz, Trotskyk garapen ezberdin eta tartekatu bezala izendatu zuena. Historian zehar, klase bakoitzak bere interesen alde borrokatzeko metodo konkretu batzuk garatzen ditu, bere bizi baldintzen esperientziatik ikasten dituenak. Honela beraz, langile klasea, burgesiaren soldatapeko izanik, inongo jabetza pribaturen loturarik eduki gabe, bere bizi baldintzen aldeko borrokak kontzientzia iraultzailera bultzatzen du, historikoki borroka metodo konkretuak garatu dituelarik, esate baterako: klase bezala mobilizaturik borroka bateratua emanez, greben bitartez ekoizpena geratuz, lantegiak okupatuz eta nagusia kanporatuz, borroka hori guztia antolatzeko langile demokrazian oinarrituriko komiteak eratuz eta baita sistemaren aurkako altxamendu politikoa erabiliz ere. Egia esan ez da batere harritzekoa, iraganean aurrerakoitzat aurkezten zen burgesia borroka hauen aurrean hain zuzen ere atzerakoiena bihurtzea, bere pribilegioen aurka baitoaz zuzenean.
Etengabeko iraultzaren teoriak noski, ez du ukatzen herrialde kolonialetan, izaera demokratiko burgesa duten hainbat aldarrikapen objektiboki aurrera eramateko beharra ez dagoenik edo alboratu egin behar direnik. Baina aldarrikapen horiek aurrera eramateko modu bakarra, langile klaseak boterea hartzea dela planteatzen du. Honela, burgesia txikiaren sektore iraultzaileenen buruan ezarrita, boterea hartuz, gai da esate baterako inperialismoaren mendekotasunarekin amaitzeko eta nekazal auzia edota arazo nazionala ebazteko. Baina aldi berean, langile klaseak boterea hartzen badu, honek ezin du iraultza burgesaren markoan geratu, eta eginkizun demokratiko burgesak, langile demokraziaren boterepean, iraultza sozialistaren eginkizunekin bateratzen dira, ekonomiaren palanka erabakigarrienen, bankaren eta enpresa handien, desjabetzearekin hasiz eta ekonomia planifikatuz.