1917ko Errusiako Otsaileko Iraultza burges-liberalak errebolta giroa zabaldu zuen herrialde osoan baina, bestalde, bere mugak ere agerian geratzen hasi ziren, eta hasiera batean jaso zuen ahobatezko babesa zalantzan ipini zen. Urria gerturatzen ari zen. Errusiako alogenoak, hots, periferiako herri minorizatuak, ardi-larrupeko otso hanka nabaritzen hasi ziren. Zapalkuntza nazionalak aurrera jarraitzen zuen. (Artikulu sail honen aurreko atalak gure web orrian aurki ditzakezu).

 

Honela deskribatzen du egoera Trotskyk Errusiako Iraultzaren Historian:

“Buriatiarren Urriko kongresuan, Verjneudinsk urrunean, informatzaile batek azaltzen du Otsaileko Iraultzak ez duela ezer berririk ekarri alogenoentzat. Halako ondorio batek, boltxebikeekin lerratzeraino ez, baina, behinik behin hauekiko neutraltasun lagunkoi bat izatera behartzen zuen.

“Ukrainako tropen kongresuak, iraultzaren egunetan Petrogradon zegoenak, Ukrainan sobietei boterea ematearen aldeko aldarrikapenari eraso egingo ziola erabaki zuen, baina aldi berean uko egin zion boltxebike errusiar handien altxamendua “ekintza antidemokratikotzat” kontsideratzeari eta zin egin zuen eskura zituen beharrezko baliabide guztiak erabiliko zituela tropak altxamendua zapaltzera bidali ez zitzaten. Anbiguotasun honek, borroka nazionalaren fase burges txikia hain argiki ezaugarritzen duenak, proletalgoaren iraultza errazten zuen, hau duda-muda guztiei amaiera ematearen erabakimena hartuta baitzegoen. 

“Bestetik, periferiako zirkulu burgesak, salbuespenik gabe, botere zentralaren aldera makurturik zeudenak, oraingoan separatismora egiten zuten jauzi, kasu askotan ez itzalik ez fundamentu nazionalik ez bazuten ere. Probintzia baltikoetako burgesia ultraabertzaleak, iraultzaren bezperan bertan, baroi alemaniarren ondoren Romanovtarren babesik hoberena zenak, separatismoaren bandera goratu zuen, Errusia boltxebikearen eta bere herriko bertako masen aurkako borrokari ekinez. Gauzen ordena honetan fenomeno are harrigarriagoak jazo ziren. Urriaren 20an gobernu formakuntza berri bat sortu zen, “Kosakoen tropen, Kaukasoko menditarren eta estepetako herri libreen batasun hego-ekialdearra” deiturikoa. Doneko, Kubaneko, Terreko eta Astrakaneko kosakoen goi buruzagiak, zentralismo inperialaren sostengurik indartsuenak izandakoak, hilabete gutxitan federazioaren jarraitzailerik sutsuenak bilakatu ziren eta oinarritzat hau hartuta buruzagi musulman, menditar eta estepetako gizonekin fusionatu ziren. Erregimen federalaren hesiek iparretik zetorren arrisku boltxebikea saihesteko barrera gisa balioko zuten. Hala ere, boltxebikeen aurkako gerra zibilaren gotorleku garrantzitsuenak sortu aurretik, separatismo kontrairaultzailea boterean zen koalizioaren aurka zuzendu zen, hau desmoralizatuz eta ahulduz.

“Eta modu honetan, auzi nazionalak, gainerako auziek bezala, Behin-behineko Gobernuari medusa buru bat erakusten zion, bere adatsa, martxoko eta apirileko itxaropenena, gorrotozko eta erreboltazko sugeez josia zuena.

“Altxamendua gauzatu zenean, alderdi boltxebikeak ez zuen berehalakoan hartu azkenean garaipena bermatzea ahalbidetu zion auzi nazionalaren inguruko posizioa.   Hau ez dagokie periferiako kasuei bakarrik, bertako alderdi erakunde ahul eta esperientzia gabekoekin, baita Petrogradoko zentroari berari ere. Alderdia hain ahulduta egon zen gerra urteetan, halako gainbehera jaso zuen bere koadroen maila teorikoak eta politikoak, ezen zuzendaritza ofizialak –Leninen etorrera arte– posizio oso nahasi eta zalantzatia hartu zuela, baita arazo nazionalaren inguruan ere.

“Egia da, tradizioaren arabera, boltxebikeek nazioek euren buruaren gainean duten erabakitze eskubidea defendatzen jarraitzen zutela. Baina mentxebikeek ere, hitzez behinik behin, formula hau onartzen zuten: programako testuak berbera izaten jarraitzen zuen. Halaber, boterearen auziak garrantzia erabakigarria zuen, alderdiko behin behineko buruzagiak gai ez baziren ere, alde batetik arazo nazionalaren eta nekazal arazoaren kontsigna boltxebikeen eta, bestetik, forma demokratikopean kamuflaturik bazeuden ere, erregimen burges inperialista mantentzearen aldeko kontsignen arteko antagonismo konponezina ulertzeko.

“Posizio demokratikoak Stalinen luman topatu zuen adierazteko modurik trauskilena. Eskubide nazionalen murrizketak indargabetzen zituen martxoaren 25eko gobernu dekretuari buruzko artikuluan, Stalinek auzi nazionala bere dimentsio historikoan planteatu nahi izan zuen. “Zapalkuntza nazionalaren oinarri soziala –idazten du– hau inspiratzen duen indarra, gainbeheran den aristokrazia lurjabea da”. Kapitalismoaren garaian zapalkuntza nazionala halako modu sinestezinean garatu izanak eta bere islarik basatiena politika kolonialean topatu izanak duen garrantzia izugarriaz badirudi autoreak ez duela zirkinik ere sumatzen. “Ingalaterran –jarraitzen du esaten–, non nekazal aristokraziak burgesiarekin boterea elkarbanatzen duen, non aspalditik aristokraziaren dominazio mugagabea existitzen ez den, zapalkuntza nazionala leunagoa da, gizatiarragoa, kontuan hartzen ez badugu, behinik behin, (?) gerran zehar boterea lurjabeen eskuetara igaro zenean (!) zapalkuntza nazionala esanguratsuki sakondu izana (irlandarren eta hinduen aurkako jazarpenak). Era honetan lurjabeak dira Irlandaren eta Indiaren zapalkuntzaren errudun eta boterea gerraren bidez lortu dute, Lloyd Georgen figuraren bidez”... “Suitzan eta Iparramerikan –jarraitzen du Stalinek–, lurjaberik ez dagoen eta inoiz egon ez den leku horietan (?), boterea bere osotasunean burgesiaren esku dagoen horietan, nazionalitateak modu askean garatzen dira, ez dago lekurik orokorrean zapalkuntza nazionalerako...”. Autoreak erabat ahazten ditu Estatu Batuetako beltzen auzia eta auzi koloniala.

“Analisi erabat probintziano honetatik, zeinaren baliabide bakarra feudalismoaren eta demokraziaren arteko kontraste apal bat finkatzea den, soilik liberalak diren ondorio politikoak eratortzen dira. “Eszenatoki politikotik aristokrazia feudala desagerrarazteak, honi boterea kentzeak, zapalkuntza nazionalarekin amaitzea esan nahi du hain zuzen, askatasun nazionalerako baldintza materialak sortzea. Iraultza errusiarrak garaipena eskuratu duen neurrian –idazten du Stalinek– jada sortu ditu baldintza material horiek...”. Hemen dugun hau, dirudienez, gaiaren inguruan egun berdinetan mentxebikeek idatzi zuten guztia baino kategorikoagoa den “demokrazia” inperialistaren apologia bat da. Kanpo politikan, Stalinek, Kameneven atzetik beti bezala, bake demokratiko batera iritsi nahi izan zuen bitartean, Behin-behineko Gobernuarekin lana banatuz, baita barne politikan ere,  Lvov printzearen demokrazian askapen nazionalerako “baldintza materialak” topatzen zituen.

“Errealitatean, monarkiaren gainbeherak lehenbizikoz erabat argi utzi zuen ez lurjabe erreakzionarioak bakarrik, baizik eta burgesia liberal guztia ere, eta honen atzetik, demokrazia burges txiki osoa, langile klaseko buruzagi abertzale batzuekin batera, eskubide nazionalen egiazko berdintasunaren etsai amorratuak zirela, ez zutela nazio agintariaren pribilegioak desagertzerik nahi: euren programa guztia atenuazio batera mugatzen zen, errefinamendu kultural batera eta dominazio errusiar handiaren kamuflaia demokratiko batera.”

Trotskyk deskribatzen duen gertakari hauetan Alderdi Boltxebikea egoera berezian zegoen. Lenin, Estatu tsaristak jazarria eta erbestean, eta “kasualitatez”, Estatu “demokratiko” berriak ere agente alemantzat salatzen zuenez, itzuli ezinda, alderdiko balantza burgesia txikiarengana okerturik zegoen. Stalin berak, Leninen ikasle izatearen ohorea zuenak eta, ondorioz, auzi nazionalaren inguruan bere burua autoritatetzat zuenak (gidaliburu hainbat idatzi zituen gaiaren inguruan, gerora Sobiet Batasunean nahitaezko irakurketa izan zirenak) urte hauetan izan zuen bere gorakadatxoa alderdian bertan ere. Iraultza burges liberalak eztanda egin zuen, eta buruzagitzari sektore burgesek heldu bazioten ere klase zapalduek zuten borrokaren protagonismoa (Lehen Mundu Gerra garaian), hau da, nekazari, langile eta soldaduek. Baina langile alderdi bateko formakuntza teorikoak duen garrantzia erakusten digu besteak beste testu zati honek. Gerora ere Stalinek modan ipini zuen teoria baten hazia da Trotskyk hona ekarritako pasarte hau, bi etapen teoriarena alegia. Honen arabera gauzak “pausuz pausu” egin behar dira, lehendabizi eskubide demokratiko-nazionalak eskuratu, gero sozialismoa. Agian halako jokabidea logikoa dela pentsa liteke, zentzu komunekoa ere dela esateraino, baina hor bertan gordetzen du azpijokoa, “pausu” bat ezin dela eman bestea eman gabe.

Askotan, Euskal Herrian bertan ere, askapen nazionalaren aldeko ezkerreko mugimenduaren baitan erabat ahazten, zokoratzen, alboratzen da sozialismoaren aldeko borroka. Baina, zergatik du zentzu gehiago lehenbizi askapen nazionala gauzatzeak, askapen sozialaren eginkizunak etorkizunerako utziz? Historian zehar askapen nazionalak iraultza sozialistak baino lehenago gertatu direlako egiten al da irakurketa? Burgesia eta bere eginkizun demokratikoak langileria eta bere eginkizun sozialak baino lehen agertu direlako? Trotskyri ere argudio bera aurpegiratu zioten. Erantzuna argia da. Zapalkuntza nazionala ezin uler liteke atzean gordetzen duen zapalkuntza sozialik gabe. Hain zuzen ere horrexegatik iraganeko independentzia prozesu burgesek (Estatu Batuen independentzia monarkia britainiarretik, Latinoamerikako askapen nazionalak Borboien  Inperio monarkikotik) feudalismoaren aurkako borroka ere suposatu zuten hein handi batean, eskubide demokratikoak eta berdintasuna finkatzearen aldekoa, errepublikarena, etab. Zapalkuntza nazionalak, Euskal Herrikoak kasu, interes burgesak gordetzen ditu besteak beste bere atzean. Ikusi besterik ez dago ETAren aitzakiarekin Alderdien Legea bultzatzerakoan ezkerreko eta langileriaren erakunde guztiei egiten dien eskubide murrizketa, edozein nazionalitatekoak izanik ere. Ikusi besterik dago Confebaski zenbat interesatzen zaion euskal sindikatuen eta Estatu mailakoen arteko gatazkak sustatzea greba orokor bateratu bat gerta ez dadin. Euskal burgesiak, eta garai hartan errusiarrak, bere baitan ez du indarrik ez interesik historikoki bete behar zuen papera betetzeko, hots, eskubide demokratiko eta nazionalak lortzeko. Hori dela eta langileriak jaso du testigua. Baina langileak zapalkuntza nazionala eta soziala jasaten ditu, bai nazionalitate agintarikoa izan edo zapaldukoa, lerro nazionaletan eragiten diren zatiketek biak hala biak kaltetzen baititu. Etorkinen egoera ikusi besterik ez dago nazionalitatearen eta baldintza sozialaren arteko erlazioa ikusteko. Ez gaitzatela engaina. Bi etapen teoria bat bera ere ez betetzeko modua da, bata ezin baita bestea gabe eman. Bi zapalketa moduak kapitalismoaren produktu dira, ez dezagun pentsa zapalkuntza nazionala beste maila batekoa denik. Egun bizi dugun bake prozesua deiturikoa herren geldituko da “berdintasun demokratikoaren” parametroetan soilik gelditzen baldin bada. Arazoak bere horretan jarraituko du. Konponbide bakarra sozialismoarena da.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.