Aurreko artikuluan aipatzen genuenez, Trotskyk, auzi nazionala nola konpondu ulertzeko, Errusiako kasuaren eta Austro-Hungariaren konparazioa proposatzen zigun. Gogora ditzagun hainbat datu, Lehen Mundu Gerraren amaierako testuingurua gogoan izanik:
“Europa Erdialdeko Inperioak eraitsiak izan zirenean, habsburgotarren dinastiak, bere zetroarenpean, nazio autonomoen federazio baten bandera bat jaso nahi izan zuen; monarkiaren baitan gertatuko zen eboluzio baketsu bati begira kalkulatua zegoen sozialdemokrazia austriarraren programa ofiziala, une batetik bestera, lau urteren osteko odol eta lohiez estalitako monarkia baten programa izatera igaro zen.” Era honetan, sozialdemokrazia austriarraren programa bere egin zuen monarkia austriarrak. Aldi berean, Austro-Hungarian zegoen burgesia alemaniarraren arazoa beste bat zen: inguruko herrialdeek Alemania garaitua ez xurgatzea. Otto Bauer eta sozialdemokraziaren barneko “ezker” hegaleko austromarxisten programa ere bikain zetorkion inguruko herrialde handiak ahal beste zatikatzeko eta mehatxua urritzeko. Honela, bada, sozialdemokrazia erreformista austriarrak, beti ere burgesiaren kolaborazioarekin eta monarkiaren funtzionarioen alboan, iniziatiba hartu eta “askapen” nazionalari ekin zion. Hala jarraitzen du Trotskyk:
“1918ko urriaren 3an, austromarxistek auziaren inguruan egitekorik ez zutenean, Reichstageko diputatu sozialdemokratek, eskuzabalki, Inperioko herri zaharrek independentziarako zuten eskubidea “onartu” zuten. Urriaren 4an, alderdi burges guztiek, nazioek euren buruaren jabe izateko duten eskubidearen programa bere egin zuten. Inperialista austroalemaniarrei egun batez bederen aurrea hartu bazien ere, sozialdemokraziak ikusmiran jarraitu zuen: ez zekien zein eboluzio jasango zuten gertakariek eta Wilsonek zer esango zuen. Urriaren 13an, azkenean, ejertzitoaren eta monarkiaren hondamena behin betikoa zenean, eta ondorioz, eta Bauerren ustetan, “gure programa nazionalarentzat egokia zen egoera iraultzailea” sortu zenean, austromarxistek nazioek euren buruaren jabe izateko duten eskubidea planteatu zuten: egia esan, jada ez zuten ezer galtzeko. “Beste nazioen gainean zuen boterea behin hondoratuta –azaltzen du Bauerrek argi eta garbi– nazionalitate alemaniarreko burgesiak bere misioa, aberri alemaniarretik borondatez bereizita egotera behartzen zuena, amaitutzat jo zuen”. Programa berria zirkulazioan ipini zen, ez zapalduentzat beharrezkoa zelako, zapaltzaileentzat arriskutsu izateari utzi ziolako baizik. Klase agintariak, haustura historikoak lepotik helduta zuenez, iraultza nazionala legez onartu behar izan zuen; austromarxismoari auzia teorikoki legalizatzeko garaia iritsi zela iruditu zitzaion. Iraultza heldu bat da, une aproposean etorria, historikoki prestatua: eta gainera, paralizaturik dago! Hemen dugu sozialdemokraziaren arima, begi-bistan, gure muturraren aurrean!
“Erabat desberdina zen, ordea, iraultza sozialaren auziarekin gertatzen zena, klase agintariaren onarpenik ez baitzuen jaso. Urrundu egin behar zen, burua moztu, estualdian jarri. Inperioa bere jostura ahulenetatik ari zen urratzen, jostura nazionaletatik, eta Otto Baurrek, hau ikusita, dedukzio hau egin zuen iraultzaren izaeraz: “ez zen inondik ere iraultza sozial bat izan, iraultza nazional bat baizik”. Errealitatean, mugimenduak hasieratik izan zuen eduki sozial sakona, iraultzailea. Iraultzaren izaera nazional “puruak” ez du adibiderik falta, Austriako klase agintariek Ententeari ejertzito guztia geldiarazteko modu irekian proposatzen baitzioten. Burgesia alemaniarrak jeneral italiar bati Viena bere tropekin okupatzeko eskatzen zion urrikaldurik!”
“Prozesu iraultzaile bat, hain modu pedantean, bere forma nazionalean eta eduki sozialean bereizteak, ustez historikoki independenteak diren bi fase bezala salduz –eta hemen ikus dezakegu Otto Bauer zein puntutaraino hurbiltzen den Stalinengana! – garrantzia handiko helburu praktiko bat zuen: sozialdemokraziaren eta burgesiaren arteko kolaborazioa justifikatu behar zuen, biek iraultza sozialaren arriskuen aurka izan zuten borrokan.”
“Marxek zioen bezala, iraultza historiaren lokomotorra dela onartzen badugu, austromarxismoa, nahitaez, bere oztopoa da. Monarkia izatez eraitsi ostean, boterean parte hartzeko deitua izanik, sozialdemokraziak oraindik ere ez zuen ausardiarik erakutsi habsburgotarren ministro zaharrengandik bereizteko: iraultza “nazionalak” kontsolidatu egin zituen hauei Estatu idazkariak gehituz. Soilik azaroaren 9an, jada iraultza alemaniarrak hohenzollerntarrak garaitu ondoren, proposatu zion sozialdemokrazia austriarrak Estatu Kontseiluari errepublika aldarrikatzea, euren kide burgesak masa mugimendu batekin beldurtuz, zeinagatik beraiek ere beldur ziren. “Kristau-sozialek –dio Otto Bauerrek ironia arduragabez–, azaroaren 9 eta 10ean oraindik ere monarkia babesten zutenek azaroaren 11an euren erresistentziari amaiera eman zioten”. Sozialdemokraziak berak bi egun lehenago egin zuen Zenturia Beltz monarkikoek egin zutena! Gizateriaren kondaira guztiak, heroikoenak izandako haiek ere, zurbil geratzen dira handitasun iraultzaile honen aurrean”.
“Bere gogoaren kontra, sozialdemokrazia, automatikoki, iraultzaren hasieratik, nazioaren buruan zegoen, mentxebike eta sozial iraultzaile errusiarrei gertatu zitzaien bezala. Hauei gertatzen zitzaien bezala, bere indarraren beldur zen. Koalizio gobernua izkinarik txikiena okupatzen ahalegindu zen. Otto Bauerrek hala azaltzen du: “Iraultzaren izaera azken finean nazionala zenez, sozialdemokratek gobernuan parte hartze oso xumea soilik eskatzen zuten”. Jende honentzat, boterearen auzia ez zen indarren arteko korrelazio errealaren arabera konpontzen, ezta mugimendu iraultzailearen bultzadagatik, ez alderdiaren eragin politikoagatik, ezta klase agintarien porrotagatik ere, klasifikatzaile jakintsuek gertakariei itsatsi zieten “iraultza nazionalaren” etiketa pedanteagatik baizik.
“Karl Rennerrek, Estatu Kontseiluko kantzileriaren buru gisa, ekaitzaren igaroaldiari itxaron zion. Gainerako buruzagi sozialdemokratak ministro burgesen adjuntu bilakatu ziren. Beste hitz batzuetan esanda, sozialdemokratak euren bulegoetako mahai azpian ezkutatu ziren. Baina masek ez zuten aski azal nazionalarekin, eta bitartean sozialdemokratek mami soziala burgesiarentzako gordetzen zuten. Langile eta soldaduek sozialdemokratak euren zuloetatik ateratzera behartu zituzten. Otto Bauer teorialari ordezkaezinak zera azaldu zuen: “Hurrengo egunetan gertatutakoek, iraultza nazionala iraultza sozialerantz bultzatuz, handiarazi zuten gobernuan genuen pisua”. Hizkera garbira itzulira: masen presiopean, sozialdemokratek mahaien azpitik atera behar izan zuten.”
“Baina euren bokazioari fideltasun osoa erakutsiz, boterea erromantizismoari eta abenturarako izpirituari gerra egiteko bakarrik hartu zuten: hitz hauetan izendatzen dute kalumniatzaileek gobernuan “zuten” pisua handiarazi zien iraultza soziala bera. Austromarxistek 1918an Vienako Kreditanstaltaren aingeru guardakoaren misio historikoa halako arrakastaz bete bazuten, proletalgoaren erromantizismo iraultzailearen aurka hala ekin bazuten, oztopatuko zituen egiazko alderdi iraultzaile baten faltagatik besterik ez zen izan.”
“Nazionalitate askoz osatutako bi Estatuk, Errusiak eta Austro-Hungariak, euren historia hurbilean boltxebismoaren eta austromarxismoaren arteko oposizioa erakusten dute. Hamabost urtetan zehar, Leninek –chauvinismo errusiar handiaren zantzu guztien aurkako borroka errukigabean– nazio zapaldu guztiek tsarren Inperiotik bereizteko zuten eskubidea aldarrikatu zuen. Boltxebikeek jasaten zuten salaketa Errusia zatikatu nahi izatearena zen. Honela, auzi nazionalaren definizio iraultzaile honek, Errusia tsaristako herri zapaldu, txiki eta atzeratuek alderdi boltxebikearekiko konfiantza hautsiezina garatzea ekarri zuen. 1917ko apirilean, Leninek zera zioen: “Ukrainarrek errepublika sobietar bat dugula ikusten badute, ez dira bereiziko: baina Miliukov errepublika bat badugu, bereizi egingo dira”. Beste behin ere arrazoi zuen. Historiak auzi nazionalaren inguruko politiken egiaztapen konpara ezina eskaini zuen. Austro-Hungaria, bere proletalgoa tergibertsazio koldarren izpiritupean hezia izan zena, puskatan erori zen, lurrikara beldurgarri baten pean, hondamendiaren ekimena sozialdemokraziaren elementu nazionalek hartu zuten bitartean, Errusia tsaristan bestalde Estatu berri bat osatu zen, nazionalitate ezberdinek osatua eta ekonomi eta politikaren alorretan alderdi boltxebikeari estuki lotuta zeudenak elkarren artean”.
“Errusia sobietarraren etorkizuneko patua edozein izanik ere –eta oraindik portura iristeko oso urrun dago– Leninen politika nazionala, betirako, gizateriaren ondarean sartuko da.”
Eta honela ixten du auzi nazionalari eskainitako kapitulua Trotskyk bere Errusiako Iraultzaren historian. Kapitulua bera ikasgai bat da, historiaren analisia orainaldiko ekinbide praktikorako gida gisa erakusten duena. Artikulu sailaren hasieratik gezurtatu nahi izan dugu marxismoak arazo nazionalari ezer handirik eskaini izan ez dionaren mitoa. Izatez, historikoki, Lehen Internazionalaren sorrera bertatik auzi nazionala marxismoaren gakoetako bat izan da. Puntu ezberdinak zabaldu dira sail honetan zehar, alderdi iraultzailearen auzia, klaseen arteko kolaborazioaren ondorioak, metodoa, herrialde ezberdinen ikuspegi konparatua... Testu hauek asko dute gurearen inguruan ere irakasteko. Ez da kasualitatea Leninek teoria bera alderdiaren eraikuntzaren lehen lekuan finkatu izana. Azken finean, testu marxistak aurrez aurre, bitartekaririk gabe, irakurtzeko gonbidapen bat da hau. Trotskyk dion bezala, gizateriarentzako ondare da Leninek auzi honen inguruan planteatu zuen politika. Iraganeko esperientziak ezerezean gera ez daitezen, alferrikako probak berriro ere ez errepikatzeko, indarrak ahalegin hutsaletan ez galtzeko, ez zaigu beste kasuetara jotzea besterik geratzen, akatsetatik ikasi eta zulo berdinetan ez erortzeko. Horixe da hain zuzen teoriak marxismoan jokatzen duen papera, langile klasearen esperientzia historiko praktikoaren metaketa da. Euskal langileriaren esperientziatik ere ikasgaiak gehituz, ez dezagun ondare hau ahanzturaren domeinupean utzi.