• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Ezker Abertzalearen eta Ahal Duguren batasuna eta mobilizazioa!

 

Aste askotan zehar hitzontzikeria parlamentarioz, demagogiaz eta gezurrez betetako espektakulua ikusi dugu. Helburua: oligarkiaren zerbitzura egongo zen gobernua osatzea Madrilen. PSOE eta Ciudadanosen akordioa izan da helburu honen bizkarrezurra. Pedro Sanchezek Ahal Duguri (Podemos) akordioa babesteko eskatzen zion bitartean, Ciudadanosek PP gonbidatzen zuen akordiora gehitzera. Ciudadanosen beste helburua gainera Ahal Dugu paretik kentzea izan da. Albert Riverak publikoki adierazi zuen bezala: “El papel de Ciudadanos ha evitado que Podemos y los independentistas lleguen al Gobierno de España”.

Burgesia espainiarrak porrot egin du, oraingoz behintzat, koalizio handia osatzeko eta horrela oreka politiko gehiago bermatzeko eta murrizketak gogortzeko helburuan. PSOE eta Ciudadanosen akordioarekin egindako maniobra ez zaie ondo atera: talka egin du klaseen arteko korrelazio indarrek markatutako errealitatearekin eta milioika langile eta gaztek ezkerrerantz egindako birarekin. Gakoa honakoa da: PPren murrizketen eta hersturaren aurka Euskal Herriko eta Estatuko lurralde guztietako plazak eta kaleak bete dituen errebolta soziala. Adibide asko daude: M15 masa mugimendua, greba orokorrak, Gamonal auzoko altxamendua, Duintasun Martxak, etxe-kaleratzeen aurkako ekintzak, hezkuntza kontrarreformen aurkako ikasle mugimenduaren borroka garrantzitsuak, Catalunyaren erabakitze eskubidearen aldeko milioika pertsonen mobilizazioak edo Euskal Herrian izan ditugun preso politikoen eta eskubide demokratikoen aldeko mobilizazio jendetsuak. Guzti hau izan da erregimen kapitalista espainiarrak babestutako bipartidismo politikoari kolpe gogorra eman diona, guzti honek ireki dio bidea borroka egiten duen ezkerrak hauteskundeetan gora egiteari eta guzti honek egin du ezinezko klase dominatzailearen maniobrak aurrera egitea.

Sistemaren aurka denboran luzatu den mobilizazio prozesu hau eta milioika langile eta gazteren klaseko kontzientziaren gorakada mundu mailan ematen ari den fenomenoa da. Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantziarrean lan erreformaren aurka egin diren greba orokorretan, mobilizazioetan eta Nuit Debout mugimenduaren sorreran ikusten dugu prozesu hau. AEBtan Bernie Sanders hautagaiaren kasua edo laborismo britainiarrean Jeremy Corbynek lortutako garaipena bezalako fenomenoak ere badira. Kapitalismoaren krisiak zapalduen mundu mailako erantzuna eragin du, gizartea eraldatzeko alternatiba sozialista, iraultzaile eta internazionalista altxatzeko beharra mahai gainean jarriz.

Arnaldo Otegi eta Pablo Iglesiasen kriminalizazioa

Abenduaren 20ko hauteskunde emaitzak ez ziren soilik kolpe gogor bat izan bipartidismoarentzat. Beste gauza garrantzitsu bat ere azaleratu zuten: Euskal Herriko, Catalunyako, Galizako eta Estatuko milioika herritarrek egoera aldatzeko eta eskuina garaitzeko duten borondatea. Gainera, PP eta PSOEren krisia areagotu besterik ez da egin hilabete hauetan, eta are okerragoa izan daiteke ekainaren 26ko hauteskundeen ondoren.

Euskal Herriaren kasuan, abenduaren 20ko hauteskundeetako EHBilduren eta Ahal Duguren botoak batuta ikusi ahal izan genuen nolako potentzial izugarria duen ezkerrak gure herrian. Hau ikusi zen lehenago ere udal eta foru hauteskundeetan. EHBilduren, Ahal Duguren, Irabaziren (EAEn) eta Izquierda-Ezkerraren (Nafarroan) botoak batuta, emaitzak bikainak izan ziren, Barcelona en Comu edo Ahora Madrid-ek lortutako emaitzen parean geratuz.

Ezkerrak duen potentzial hau da etengabe Arnaldo Otegi eta Pablo Iglesias kriminalizatzeko arrazoi nagusia. Egoera oso urrutira iritsi da. Euskal Herrian ohituta gaude ezker abertzalea erreprimitzeko kapitalistek eta Estatu aparatuak erabili dituzten mota guztietako gezurrak eta muntaiak ikustera. Orain antzekoa gertatzen ari da estatu mailan. Burgesia Pablo Iglesias eta Ahal Dugu erasotzen ari da, hauek errebolta sozialarekin duen lotura oso agerikoa delako. Lotura hori haustea eta presio horretatik isolatzea da helburua, ondoren joko parlamentarioaren armiarma sarean harrapatzeko eta deskreditatzeko. Azken urteetan ezker abertzalearekin egiten saiatu diren gauza berbera.

Auzia oso konkretua da. Zergatik horrenbesteko haserrea? Zergatik hainbesteko ahaleginak difamatzeko? Kontua ez da Arnaldo Otegi edo Pablo Iglesias indibidualki hartzea, edo une konkretu batean hauek esaten dutena; ezker abertzalearen eta Ahal Duguren atzean dauden indar sozialak dira benetako arazoa, hauei botoa emateko prest dauden milioika langile eta gazteak, bi erakundeei konpromisoak betetzeko eskatuko dietenak, etxe-kaleratzeekin, pobreziarekin, langabezia masiboarekin, pribatizazioekin, prekarietatearekin eta zapalkuntzarekin bukatzea aldarrikatzen duten guzti horiek. Horregatik, oligarkiak ez du inondik inora nahi Ahal Duguren gobernurik, eta are gutxiago Ahal Duguren gobernu bat EHBilduren babesarekin.

PP eta EAJ, txanpon beraren bi aurpegiak

Kapital handiak, eskuinak, burgesiaren komunikabideek, Estatu aparatuak eta Troikak ondo dakite ekainaren 26ko hauteskundeek beren interesen aurkako emaitzak ekar ditzaketela. Ez da kasualitatea bloke burges honen ordezkarietako batek, Iñigo Urkullu lehendakariak, enpresarien aurrean emandako diskurtso batean “hauteskundeak errepikatzea egoera larri bat da” esatea.

Euskal Herrian ere asko daukagu jokoan. Krisi kapitalista oso gogor ari da kolpatzen langileak eta gure herriko sektore ahulenak. EHBilduko legebiltzarkideek Eusko Legebiltzarrean adierazi duten bezala, EAEko egoerak oso modu larrian egin du okerrera: 155.000 pertsona daude langabezian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 50.000 familia baino gehiagok langabezian dituzte kide guztiak; gazteriaren langabezia ia %40koa da; langabezian dauden pertsonen %60k ez du inolako diru laguntzarik jasotzen; prekarietatea gero eta handiagoa da, bereziki emakumeetan, eta kontratu berrien %93a aldi baterakoak dira (erdia ez da iristen hilabeteko iraupenera).

Errealitateak erakusten du EAEko EAJren gobernua kapital handiaren interesak zerbitzatzeko dagoela. Bere politikak ez dira ezberdindu, oinarrizko gauzetan, PPk Madrilen aplikatu dituenetatik. Bi erakunde hauek elkarri lotuta daude klaseko interes berberak defendatzeko helburuan. Hau da oinarrizko auzia, eta hori izan behar da ezkerraren estrategia baldintzatu behar duena: gehiengoaren eskubide sozialak suntsitu nahi dituzten eta krisi kapitalista ahulenen bizkar gainera bota nahi duten arduradunen aurka borrokatzea. EAJren eta bere politiken aurka borrokatzea da eginkizuna, ez beraiekin akordioak bilatzea. Horregatik da hain garrantzitsua borroka egiten duen ezkerraren batasunaren alde lan egitea Euskal Herrian eta baita estatu mailan ere, baina gainera, kontsekuentea izango den ezkerreko programa batean oinarrituz egitea.

Euskal Herrian jende askok uste du beharrezkoa dela ezker abertzaleak eta Ahal Duguk beren indarrak elkartzea eskuinari, bai EAJ eta bai PPri, aurre egiteko. Azkenean ez da posible izan ekainaren 26ko hauteskundeetara elkarrekin joateko akordioa. Ezker abertzaletik, hainbat arduradunek hitz egin dute Ahal Dugurekin kolaboratzeari buruz. Baina egia da baita ere adierazpen hauek kontraesanean geratzen direla EAJrekin akordioak lortzeko zuzenduta dagoen praktika politikoarekin. Ahal Duguren kasuan, Pablo Iglesiasek publikoki esan zion ezetz bi erakundeak hauteskundeetan batera joateko aukerari, EHBilduren eta Ahal Duguren arteko zerrenda bateratua osatzea “ezinezkoa” dela esanez. Pablo Iglesiasek erabilitako argudioak bi erakunde hauek “ezberdintasun politiko handiak” dituztela eta “hasteko beraiek independentistak dira eta gu ez” bezalakoak izan dira.

Akordio falta honen atzean hainbat faktore daude. Horietako bat Euskal Herriko ezker politiko eta sozialaren hegemoniagatiko borroka da, bereziki Ahal Duguk maila politikoan lortutako babes handiaren ondoren. Baina honekin batera, bai ezker abertzalearen eta baita Ahal Duguren zuzendaritzetan ere, beharrezkoa da estrategia politikoak zuzentzea langile klasearen eta gazteriaren beharrak eta interesak defendatu nahi badira. Ezker abertzalearen zuzendaritzak EAJrekin, euskal eskuinarekin, fronte komun bat osatzeko akordio nazionalaren etengabeko estrategia bide okerra da. Eskuin hau PPrekin behin eta berriro akordioetara iritsi dena da, lan erreforma martxan jarri duena, patronalaren interesak defendatzen dituena, Mozal Legea aplikatzen duena eta gure herriaren eskubide demokratikoak modu demagogikoan erabiltzen dituena bere klaseko interesak defendatzeko.

EAJrekin aliantzak egiteko politikak eta bere ondorio praktikoek, kaleetako bake sozialak edo Udal Legea bezalako akordioek, ondoez garrantzitsua sortu dute ezker abertzalearen barruan, bereziki gazterian eta bere langileetan (LAB sindikatuak berak oso gogor kritikatu du EHBildu eta EAJk adostutako Udal Legea, pribatizazioei ez diela bidea ixten eta hori zerbitzu publikoen eta langileen lan baldintzen kalterako dela nabarmenduz). Horregatik, beharrezkoa da ezker abertzalearen estrategiaren berrorientatze bat sozialismorantz, programa antikapitalista eta internazionalista baten defentsarantz.

Beste aldetik, Ahal Duguren zuzendaritzak, milioika langile eta gazteren aldaketa gogoa eta eskuina garaitzeko nahia erakarri dituen erakundeak (baita Euskal Herrian ere), beldurra dio EHBildurekin zerrenda bateratuak osatzeari. Zergatik? Aliantza hori PP eta PSOEk Estatu osoan beren aurka erabiliko luketela kalkulatzen dutelako. Baina mota honetako erabakiak erabateko okerra dira: etsaia ez da lasaitzen, zatiketa injustifikatu bati arnasa ematen zaio eta argudioak ematen zaizkie ezker abertzalearen barruan estatu mailako ezkerraren batasunaz hitz egin ere egin nahi ez dutenei (sektore hauek nahiago baitute EAJrekin akordiora iristea).

Bai ezker abertzaleko eta bai Ahal Duguko zuzendaritzak ere (Pablo Iglesiasen erakundeak ere eskua luzatu dio EAJri Euskal Herrian eta Madrilgo Kongresuan) ulertu behar dute euskal burgesiarekin egindako akordioak ez direla inolako alternatiba. EAJ den bezalakoa aurkeztea oinarrizkoa da: Euskal Herriaren eskubide demokratikoen eta langile klasearen etsaia. EAJ PPren, Ciudadanosen, PSOEren zuzendaritzaren, Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren alde berberean dago, eta beste hainbat gauzen artean, lan egingo du atsedenik gabe ezker abertzaleak eta Ahal Duguk beren indarrak elkartu ez ditzaten. Horregatik da hain garrantzitsua ezker abertzaleak eta Ahal Duguk beren indarrak batzea EAJren aurka.

Borroka egiten duen ezkerraren batasuna eskuina garaitzeko eta gizartea eraldatzeko

Ezkerrak indarrak elkartzeari beldur handia dio klase dominatzaileak. Ikusi besterik ez dago nolako kanpaina abiarazi duten Ahal Duguk eta IUk sortutako “Unidos Podemos” hauteskunde aliantzaren aurka. Inkestek erakusten dute ekainaren 26ko hauteskundeetan oso emaitza onak atera ditzaketela. Eta noski, hauteskunde hauek ere eragin zuzena izango dute Eusko Legebiltzarrerako izango diren hauteskundeetan. Kasu honetan, EHBilduk eta Ahal Duguk lortutako legebiltzarkideen baturak gobernua osatzeko bidea ireki dezake EAJ Eusko Jaurlaritzatik botatzeko aukera posible eginez. Murrizketekin eta hersturarekin amai dezakeen Gasteizko ezkerreko gobernuaren sorrera pauso garrantzitsua izango litzateke langile klasearentzat eta gizarteko sektore zapalduenentzat.

Ezker Iraultzailea osatzen dugun langile eta gazteok uste dugu erabat beharrezkoa dela borroka egiten duen ezkerraren indarrak elkartzea, gizarteko gehiengoaren interesak eta helburuak defendatzeko. Horregatik, EHBilduren aldeko botoa, Ahal Duguren aldekoa bezala, gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko programa altxatzeko izan behar da, EAJ eta PP hauteskundeetan eta kaleetan garaituz.

Helburua gizartea aldatzea da, eta Greziako esperientziak erakusten duen bezala, ez da nahikoa aritmetika parlamentarioarekin. Funtsezkoa da gehiengo sozialaren aldeko neurri sozialistak hartzeko borondate politikoa izatea, langileen eta gazteriaren indarrarekin eta mobilizazioarekin kontatuz. Hau da bide bakarra kapitalismoaren logikarekin eta oligarkiaren diktadurarekin amaitzeko.

Antolatu zaitez Ezker Iraultzailean eta egin ezazu borroka gurekin alternatiba iraultzaile baten alde, kapitalismoaren aurka, sozialismoaren alde:

· Krisia kapitalistek ordaindu dezatela. 1.200 euroko gutxieneko soldata. 1.200 euroko langabezia sorospen mugagabea lanpostu bat aurkitu arte. 35 orduko lan astea soldata murrizketarik gabe. Erretiroa 60 urterekin, errelebo kontratuekin.  

· Etxegabetzeak legez debekatzea. Etxebizitza publikoen parkea alokairu sozialarekin, bankuen eskuetan dauden etxe hutsak desjabetuz.

· Hezkuntza publikoa, doakoa eta euskalduna. LOMCE eta 3+2 indargabetzea. Gure hizkuntza defendatzeko eta zabaltzeko, Euskal Herri osoan hezkuntza publikoko hizkuntza eramailea euskara izatea.

· Osasun publiko duina, doakoa eta unibertsala denentzat.

· Benetako elkartasun konkretua errefuxiatuekin: kuporik eta kontzentrazio esparrurik ez. Atzerri Legea eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak ezabatzea.

· Bankaren, sistema finantzarioaren eta enpresa handien nazionalizazioa, langileen eta beren erakundeen kontrolpean, ekonomia biztanleriaren onurarako demokratikoki antolatzeko.

· Preso politikoen berehalako gerturatzea Euskal Herrira eta dispertsio politikaren amaiera. Amnistia preso politikoentzat.

· Autodeterminazio eskubidea Euskal Herriarentzat eta nazio zapalduentzat. Europako Federazio Sozialistaren markoan, Euskal Herria sozialista.