Ukrainako gerra bere hirugarren urtean sartu berri da, eta, itxura guztien arabera, nekez helduko da laugarren urteurrenera, nahiz eta Zelenski eztarria urratzen ari den AEBri laguntza gehiago eskatuz eta EBk edo Macronek tropak bidaltzeko arrandiak egin dituzten.
Joan den otsailaren 21ean, Kieveko gobernuak tropak erretiratu behar izan zituen Avdiivkatik (Donbass), aurre egin ezinda Errusiako armadaren aurrerakada irmoari. Ukrainarentzako ezbehar horrek berriz piztu ditu alarmak mendebaldeko hiriburu guztietan, eta non-nahi ugaritzen ari dira Errusiak Ukrainan lortutako konkistak aintzatetsiko dituen bake-akordioaren aldeko ahotsak. Bazter batean geratu da Ukrainako erregimenari ematen zaion babes ekonomiko eta militarrak mugarik gabe jarrai dezakeelako ideia zentzugabea.
Gertaerek berretsi egin dute gure azken adierazpenean iragarri genuena: indar produktiboen garapen-maila eta zuzeneko lehiakideen eta haien nazioarteko aliatuen barne-kohesioa dira Ukrainako gerra inperialistaren elementu erabakigarriak.
Bi esparruetan, gertakariek frogatu egin dute Txinak, Errusiak eta beste herrialde batzuek osatutako bloke inperialistaren nagusitasuna. Jakina, AEBren inperialismoak nahikoa botere ekonomiko eta militarrari eusten dio oraindik ere, eta horri esker kolpe asko eman ahal izango ditu bere gainbehera geldiarazi nahian. Alabaina, 2008ko atzeraldi handiaren eta pandemiaren ostean, eta Afganistanen porrot umiliagarria izanda, Ukrainan jasaten ari beste porrot hau eta Europa agertoki horretara eraman izanaren ondorioak funtsezko mugarriak dira Estatu Batuen gainbeheran. Izan ere, iraupen luzeko ondorioak ekarriko dituzte nazioarteko harremanetan eta mendebaldeko herrialdeen barne politikan.
Gazako genozidioa
Ukrainako gertaerak eragin zentrifugo edo sakabanatzaileak sortzen ari dira duela urte gutxi arte eztabaidarik gabe Washingtonen esanari men egiten zioten herrialdeen blokean.
Txinaren gorakadak eta haren ekoizpen- eta esportazio-ahalmen sendoak herrialde asko Pekinen aldera lerratu ditu azken hamarkada eta erdian. Saudi Arabia Txinara hurbildu izanak argi eta garbi erakusten du nola Ameriketako Estatu Batuen baldintzarik gabeko aliatu bat urrundu egin den, merkataritza onurak lortu nahian ez ezik, bere barne segurtasunerako babesa ere bilatzen duelako; izan ere, segurtasun handiagoa ematen dio orain Pekinek arabiarren betiko etsai porrokatuarekin, Iranekin, egindako akordioak.
NATOko zenbait herrialdek, hala nola Turkiak, eta AEBren armadak presentzia handia duen beste herrialde batzuek (Filipinak kasu) beren asmoak eta beharrak lehenesten dituzte yanki potentziaren probetxuaren kalterako.
Beharbada, Netanyahuren gobernu sionista Gazan gauzatzen ari den genozidioaren aurrean AEB garatzen ari den politikak adierazten du ondoen Estatu Batuak zer-nolako labirintoan dauden harrapatuta etapa berri honetan. Sortu zenetik, Amerikako Estatu Batuen laguntza militar eta ekonomikoaren mende egon da Israel. SESBren kontrako Gerra Hotzaren testuinguruan, inperialismo estatubatuarrak aliatu paregabea aurkitu zuen Israelen Ekialde Hurbileko hidrokarburoak kontrolatzeko eta arabiar herrialdeetan edozein iraultza-saialdi zanpatzeko; hortaz, ehunka mila milioi dolar eskuratu zizkion, haren ekonomia suspertzearren eta aldi berean botere militar handi batez hornitzearren, arma nuklearrak barne.
Baina laguntza hori ez zen hutsaren truke izan: odolkiak ordainetan. Estatu Batuen esku zegoen Israelgo gobernuaren agenda erabakitzea sionisten plan espantsionista eta gerrazaleak gauzatzeko orduan, eskualdeko oreka geopolitikoak edo aliatu arabiarren egonkortasuna arriskuan ez jartzeko. Horixe gertatu zen, hain justu, 1956an, Israelek Suezko kanalaren inbasioaren ondoren Egiptori okupatutako lurraldeetatik erretiratu behar izan zuenean, edo 1979an, Egiptorekiko bake akordio bat onartzera behartu zutenean, hain zuzen ere Washingtongo agenda inperialistaren helburuak behar bezala betetzen zituen akordioa.
Gaur egun oso bestelakoa da egoera. AEBk Ukrainan izan duen porrota egoki interpretaturik, Netanyahuk ondo baino hobeto daki bera dela Washingtonek eskualdean duen aliatu sendo bakarra, eta abagune hori baliatzen ari da bere politika genozida eta kolonialista baldintzarik eta presiorik gabe inposatzeko. Argi eta garbi iseka egiten zaie Ameriketako Estatu Batuek eta EBk Gazako sarraskiaren tamaina kontrolatu dezan egiten dizkioten dei hipokritei, eta, aldi berean, baldintzarik gabeko babesa ematen jarraitzeko eskatzen die. Ederto daki AEBko eta Europako klase boteredunek ez diotela inolako mugarik jarriko, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpen deitoragarriak frogatu duen bezala.
Egia da mendebaldeko gobernu asko beldur direla munduan zehar gertatzen ari den genozidioaren aurkako mobilizazio-oldea ez ote den bilakatuko barne ezegonkortasuneko faktore euren herrialdeetan. Edo Bidenek ere arriskupean ikustea berriz hautatua izateko aukera, hautesle demokraten zati handi batek erabat arbuiatzen duelako erregimen sionistari baldintzarik gabe ematen ari zaion babesa. AEBren diplomaziak, ordea, ez du ahalmenik jada Tel Aviveko aliatuek zer egiten duten baldintzatzeko. Horregatik, eskuin muturreko gobernu supremazista eta sionista babesten eta babesten jarraituko du Bidenek, nahiz eta gezurrezko malko asko isuri eta janari pakete ugari bota Gazako populazio martirizatu eta gosetuari.
Hauxe da Alderdi Demokrataren zeregina: agenda militarista eta inperialista oldarkor bat zabaltzea, nabarmen uzten ari dena bai alderdiburua eta bai ustezko ezkertiarrak (Alexandria Ocasio-Cortez eta Bernie Sanders, besteak beste), makurtu egin baitira alderdiko establishment edo boteredunen aurrean. Eta berdin-berdin ari dira espainiar Estatuan Pedro Sanchezen gobernua eta haren losintxari nagusia, Yolanda Díaz.
Kanpoko porrotak eta barne krisia
AEBko azaroko hauteskundeek Ukrainako porrotaren tamaina erakutsiko digute. Berriki azaldu dugun bezala, Trumpen itzulerak argi adierazten ditu inperialismo estatubatuarraren kanpo porroten eta etengabe hazten ari den gizarte polarizazioaren ondorioak.
Etxe Zuriak Ukrainako gerran duen estrategia, batetik, eta Europan izan duen nagusitasuna beste eragile inperialista batzuen aurrean (Txina eta Errusia, hain zuzen) babesteko erabakia, bestetik, kontraesan eta desadostasun gehiago sustatzen ari dira klase menderatzailean. Une honetan, geldirik dago Ukrainarentzako laguntza finantzario eta militarra, errepublikanoak aurka daudelako; izan ere, uste dute Txinaren aurkako borroka ekonomikoa dela herrialdearen botere inperialistak bizirik irauteko faktore nagusia, eta Ukrainako buruhaustea Europako aliatuei pasatu nahi diete.
Alabaina, eskema politiko hori ere kale itsu bat da funtsean. AEBk Europan egin duen txikizioak, Alemaniako ekonomia hain kolpatua egoteak eta Alemaniako eskuin muturrak azkar eta irmo aurrera egiteak ez dizkiote nolanahiko zailtasunak ekartzen Washingtoni etorkizun hurbilari begira. AfDren demagogia nazionalistaren ardatzetako bat –eta Europako eskuin muturreko beste alderdi batzuena ere bai– amerikarren aurkako erretolika bat da, hain zuzen ere gero eta nabariagoa den erretolika. Horrek arrazoi bikaina ematen dio Putini pozarren egoteko eta poz hori lau haizeetara zabaltzeko, atzerakoi, inperialista eta antikomunista hutsa izanik.
Baina mintza gaitezen garbi. Bidenek eta Trumpen administrazioak politika berdintsua aplikatu dute Txinarekiko. Aitzitik, alderdi demokrataren gobernuak merkataritza zigorren txanda berriak jarri ditu abian, eta behin eta berriz ahalegindu da boikot egiten Txinak funtsezko sektore teknologikoetan egindako aurrerapenei. Ahalegin horien emaitza ustela izan da zeharo. The Economist aldizkariak –neoliberalen biblia ekonomikoak– urtarrilean onartu zuenez, Txina askozaz ere abiadura biziagoan ari da inbertitzen egiten berrikuntza estrategikoan (adimen artifiziala, auto elektrikoa, energia berriztagarriak, etab.) AEB baino.
Porrot horren aurrean, honela jokatu du Bidenek: batetik, bere gainbeheraren faktura Europari pasatu dio, eta, bestetik, segida eman dio herrialdearen barruan langileen aurka egiten ari den klase gerrari. Lehenengo arloari dagokionez, Inflazioa Murrizteko Legearen muina EBko lurraldean dauden industriak Estatu Batuetara erakartzeko saiakera da. Eta arrakasta izaten ari da, Alemania izanik kaltedun nagusia.
2023aren amaieran, Alemaniako ekonomiaren balantzea penagarria zen. Herrialdeko BPGd % 0,3 jaistea edo esportazioen beherakada horren erakusgarri dira, baina ez dira datu txarrenak. Denetan larriena inbertsioaren jaitsiera da: Alemaniako ekonomiaren funtsezko sektorean (makineriaren eta ekipo-ondasunen fabrikazioa) -% 3,5 izan da.
Orain dela urtebete Alemaniako Merkataritza eta Industria Ganberak kaleratutako inkesta baten arabera, herrialdeko hamar enpresatik bat bere ekoizpena beste herrialde batzuetara eramatea pentsatzen ari zen, nagusiki Estatu Batuetara. Inbertsioen ihes hori hastapenetan dago oraingoz, baina ez dago zalantzarik aurrerantzean gizarte astinaldi handiak ekarriko dituela Alemanian eta Europa osoan.
Faktore horiek Alemaniako eskuin muturreko demagogia chauvinista pizten ari dira; gainera, urtarrilaren amaieran argitaratutako artikulu batean azaldu genuen moduan, ultraeskuinaren mesederako dira SPDk gorpuzten duen kapitalistaren aldeko ezker kolaborazionistak behea jotzea, Berdeen militarismoa eta Die Linke alderdiaren desagerpena.
Prozesu hori Europan zehar hedatzen ari da; horri so, sistemako ezkerrak behin eta berriz errepikatzen du, tematurik, badagoela halako kapitalismo gizatiar bat eratzea, sozialki arduratsua eta ingurumenarekiko adiskidetsua izango dena; gure begiek, ordea, zeharo bestelako errealitatea dute ikusgai.
Ezker erreformistak gobernuaren gidaritza duen Europako herrialdeetan (Alemania, Portugal, Espainiako Estatua), geldiezinak dira zerbitzu publikoen hondamena, langile-klasearen sektore zabalen pobretzea eta ingurumenaren narriadura, eta era berean indartzen ari dira Estatuaren aparatuaren jokabide zapaltzaile, autoritario eta bonapartistak. Gero eta nabariagoa da 30eko hamarkadarekiko antza.
Egizu bat Ezker Iraultzailearekin!
Azken hilabeteotako gertaerek bete-betean berresten dute 2008ko finantza krisiaz geroztik komunista iraultzaileok defendatzen dugun ikuspegia. Gaur egungo bi potentzia inperialista handien heriotza-borrokaldiak argi erakusten du sistema kapitalistaren gainbehera, eta sistemaren endekapen horrek iragartzen du are azkarrago hedatuko dela basakeria, gauzak horrela jarraituz gero.
Berriki Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez, «baliteke gerra mehatxua berehalakoa ez izatea, baina ezin da baztertu horretarako arriskua dagoenik». Etorkizunera begira ikusmolde hori darabilte Europa zibilizatuko kapitalistek herritarrak izutzeko, bilioika euroren armamentu gastuak justifikatzeko eta gizartea militarizatzeko.
Besoak antxumaturik geratuko al gara goi-finantzen eta monopolioen zerbitzura dauden politikari horiek milioika pertsonaren bizitza doilorki mespretxatzen dutenean? Ez horixe!
Itzelezko mobilizazioen, greben eta matxinada sozialen lekuko izan gara azken urteotan. Amorru handia dago pilatuta, gero eta atsekabe eta ezinegon handiagoa, eta azaleratu egiten da modu egokian bideratuz gero: hezkuntza publikoa edo osasun-sistema suntsitzearen aurka, bizitzaren kostuaren, soldata baxuen eta lan esplotazioaren aurka, ingurumen hondamendiaren aurka, etengabe hiltzen eta bortxatzen gaituen indarkeria matxistaren aurka, transfobiaren aurka, aurrez ezarritako ordenaren kontra matxinatzen direnei aurre egiteko Estatuak eragindako errepresioaren aurka, gure neba-arreba etorkinei ematen zaien tratu anker eta kriminalaren aurka... eta, batik bat, Gazako genozidio sionista salatu eta munduan milioika lagun mobilizatzen ari den mugimendu internazionalistaren alde.
Erresistentziarako eta borrokatzeko arrazoi horietako bakoitzaren atzean sorburu bera dago, hots, galbidean dagoen sistema bat, biziraungo badu honelako basakeriak egin behar dituena: soldatapekoak gero eta gehiago esplotatu, naturaren baliabideak atzera bueltarik gabe suntsitu neurririk gabeko onura onartezina eskuratzearren, gerrak sustatu, gizartearen zatiketa sakabanatu ordena irrazional baten iraupena bermatzeko, eta Estatuaren boterea indartu zapalduen borrokak errukirik gabe zapaltzearren.
Bada garaia gertaera horien guztien ondorioak ateratzeko. Lehen aipatutako borrokaldiek frogatzen dute matxinada-eztanda etengabeak nahikoa indartsuak eta jendetsuak direla. Eraginkorrak izango badira, ordea, batu egin behar dira, guztien etsai komunari aurre egiteko. Jadanik ez da nahikoa krisi kapitalistaren ondorio bakoitzaren aurka banan-banan borrokatzea. Gure indar guztiak bateratu behar ditugu gizateriari etorkizuna bermatu diezaiokeen programa bakarraren inguruan, hau da, iraultza sozialistaren programaren ildoan.
Ezin da inola ere gerorako utzi eginkizun hori, hots, borrokarako alderdi komunista bat eraikitzea, langileen eta gazteen artean benetako eragina izango duena. Hain zuzen ere, horren alde egiten dugu borroka Ezker Iraultzaileko komunistok egunero, klase borrokaren fronte guzti-guztietan. Eta horrexegatik egiten dizugu gurekin bat egiteko deia.
Oraintxe da garaia. Egin zaitez Ezker Iraultzaileko kide!