Hara zer den demokrazia Frantziako Estatuan. Herri Fronte Berriaren hauteskunde garaipenak arriskuan jar baditzake klase agintariaren interesak eta kontrarreformak, horiek herriaren borondatearen aurka onartu ziren arren… Lasai, ez dago arazorik! Bozkatutakoa mespretxatzen da ozarki, eta modu zesaristan kapitalista handien gurarien araberako lehen ministro bat izendatzen da. Hori da irailaren 5ean Macron presidenteak egin zuena ezkerrari hauteskundeak lapurtzeko eta gobernua eskuin muturrari emateko; benetako Estatu kolpe instituzionala.
Michel Barnier Errepublikarren buruzagia gobernuburu izendatzeak erakusten du zein den Frantziako Estatuko erregimenaren aurpegia, izan ere, eskubide demokratikoak larriki ezbaian jartzen ditu, bere legea urratzen du eta joera bonapartista argia agertzen baitu. Begi bistan geratu da Macronek hauteskundeetan Le Penen aurka demagogikoki defendatu zuen "Fronte Errepublikanoa" pantomima hutsa zela.
Maniobra horren berri izan bezain laster, ehunka mila gazte eta langilek Frantziako Estatuko kaleak bete zituzten, ukabila erakusteko Macroni eta bere gobernu bazkide berria den Marie Le Peni.
Lehen ministro ultra bat patronalaren eta eskuin muturraren neurrira
Lehen ministro honen historia ultra kontserbadoreak ez du dudarik uzten. Homosexualitatea zigorgabetzearen aurka bozkatu zuen (Vichyren erregimenaren lege bati esker zigortuta zegoen eta 1981era arte indarrean egon zen), baita abortatzeko eskubidearen aurka ere.
Lehen ministro berria patronalaren nominan dagoen ultraliberal bat da, erretiroa hartzeko adina 65 urtera igotzearen alde bozkatzen duena, eta bere jarrera ultraeskuindarretan mozten ez dena, mugen kontrol are zorrotzagoa eskatuz. Horrek baieztatzen du dagoeneko argi baino argiago zegoena: Macronek askoz nahiago du Rassemblement Nationalarekin batera gobernu bat adostu, ezkerreko gobernu bat onartu baino.
Bankariek eta enpresaburu handiek murrizketen eta kontrarreformen agendarekin jarraituko duen gobernu bat behar dute, poliziaren errepresioa eta eskubide demokratikoen aurkako erasoak areagotuko dituena, eta bere horretan mantenduko duena gure anai-arreba etorkinak kapitalismo frantsesaren krisiaren errudun bihurtzen dituen arrazismo instituzionala; eta baita ere, jakina, militarismoa eta gerrazalekeria mantenduko duena, Frantziaren aintza ohia gurtzeko.
Herri Fronte Berriaren gobernu batek, masen presioak bultzatuta, lan eta erretreten kontrarreformak indargabetzea edo immigrazioaren aurkako lege berriak geldiaraztea plantea lezake. Horrelako egoera bat oso apustu arriskutsua litzateke eta klase menderatzaileak ezin du hori onartu. Horregatik, demokraziaren oinarriak gero eta gehiago kontraesanean daude burgesiaren interes estrategikoekin, ez bakarrik Frantziako Estatuan, baita mundu osoan ere.
Marine Le Penek publikoki agurtu du jada Lehen Ministro berria bere jarreretara hurbildu izana, eta Marion Le Penek (Zemmourren Errekonkista alderdi are ultraeskuindarragoaren buruzagia dena) bere programa arrazista eta xenofobo guztia betetzera animatu du.
Barnierren gobernuak klase borroka hauspotuko du
Inperialismo frantsesaren krisiaren ondorioz, gobernu berriak are gehiago erasotu beharko ditu lan eskubideak eta eskubide sozialak, kapitalista handien irabaziak loditzeko. Frantziako Estatuan eragingo duen klase borroka ikaragarria izango da.
Agertoki honetan apusturik seguruena Makronismoaren eta eskuin tradizionalaren ministroek osatutako gobernua izango da. Fronte Nazionalak babestuko du, eta biharko egunean ministroak ere sar ditzakete. Akaso ez al dago dagoeneko eskuin muturra EBko hainbat herrialdeetako Ministroen Kontseiluetan?
Hilabete eskasean, gobernu berriak zeregin nagusi bati egin beharko dio aurre: 2025eko aurrekontuak diseinatzea eta Batzar Nazionalean aurkeztea. Defizit publikoaren aurreikuspenak oso ezkorrak dira: 2024. urtea BPGren gaineko % 5,6ko defizitarekin amaituko da, eta kopuru hori % 6,4ra igo daiteke datorren urtean. Testuinguru horretan, zerbitzu publikoen aurkako erasoak eta murrizketak sakondu egingo dira.
Gabriel Attal buru zuen aurreko exekutiboak ildo horretako hainbat proiektu aurkeztu zituen, hala nola eskola publikoan 1.600 ikasgela ixtea eta 1.800 irakasle kaleratzea. Aurreikusten den beste eraso handietako bat langabezia sorospenena da.
Kaleetan Macron botatzeko mugimendu borrokalaria bultzatzea
Irailaren 7an, larunbata, 300.000 pertsona baino gehiago izan ziren Barnierren eta bere gobernu berriaren aurkako lehen mobilizazioetan. Frantziako Estatuko langile eta gazteek argi erakutsi dute ez daudela prest haien bizi baldintzak are gehiago hondoratzeko. Ondo asko dakite zer den ultraeskuina. Baina ezker erreformista ere bertatik bertara ezagutzen dute. “Ezker” horrek hauteskunde kanpainan aho betez aipatzen du "antifaxismoa", gero, ordea, prest egoten da atzetik maniobrak egiteko eta Macroni eta sistemari arnasa emateko. PSko, PCFko eta Berdeetako buruzagiez ari gara.
Erretreten erreformaren aurkako mugimenduak, uztaileko mobilizazio antifaxistek eta estatu-kolpe instituzional honen aurkako manifestazio handiak jarraitu beharreko bidea markatu dute. FIk, sindikatu borrokalarienek eta ikasleen erakundeek plan bat egin behar dute gobernu hau lehenbailehen eraisteko, oso ahula baita. Auzi politiko garrantzitsuak ez dira auzitegietan edo diskurtsoekin konpontzen, baizik eta masen mobilizazioarekin eta borroka antolatuarekin.
Frantziako demokrazia burgesak krisi organikoa bizi du kapitalismoaren krisi materialaren ondorioz. Ezinezkoa da eskubide demokratikoak berreskuratzea, argi eta garbi borrokatu gabe horiek degradatzen eta ezabatzen dituen kausa, erregimen burgesaren gainbehera. Eta horrek sozialismoaren aldeko estrategia eskatzen du. Hori da bidea V. Errepublikaren altzoan bizi den monarkia presidentzialistari amaiera emateko, izan ere, Macronek egin duena bezalako estatu kolpeak ahalbidetzen baititu. Horrela bakarrik lor daiteke kontrarreforma eta murrizketa guztiekin amaitzea, erretiro adina eta lanaldia murriztea, hezkuntza eta osasun % 100 publiko eta doakoak ezartzea, etxebizitza duin publiko eskuragarria izatea, lege errepresibo eta arrazista guztiak indargabetzea, lurralde kolonialei independentzia ematea, eta politika gerrazaleak deuseztatzea; hain zuzen, burgesia frantsesak Zelenskiren erregimen ultraeskuindarrari eta Gazako genozidio sionistari ematen dion babesean oinarritzen den orgia militarista desegitea.
Frantziako Estatuko langile klaseak datozen hilabeteetan erakutsiko du gobernu berri hau, Macron eta eskuin muturra eraisteko indarra duela, eta kapitalismoarekin hausteko programa batekin lortuko du.