Joan den maiatzaren 15, 16 eta 17an Euskal Herrian Leninen heriotzaren mendeurreneko omenaldi ekitaldiak ospatu genituen. Asteartean, hilak 15, Gasteizen elkartu ginen, 16an Tolosan eta 17an Bilbon. Bi astez, Ezker Iraultzaileko kideok milaka panfleto eta kartelekin bete genituen Euskal Herriko kaleak, langile klaseari eta gazteriari dei eginez Leninen eta boltxebikeen ideiak ezagutu, aztertu eta eztabaidatzeko.
Hiru ekitaldi hauetan errusiar iraultzailearen ibilbidea, 1917ko Errusiako Iraultzan izan zuen parte hartzea, gai erabakigarriei buruz izan zuen jarrera (auzi nazionala edo ezkerkeria) eta alderdi boltxebikearen eraikuntza jorratu genituen.
Gaurkotasun politikoko gai askotan ere sakondu genuen, Euskal Herriko nahiz nazioarteko egoeraren inguruan, besteak beste: EAEko eta Kataluniako azken hauteskundeak eta ezker erreformistaren egoera, Gazako genozidio sionista, Ukrainako gerra, eskuin muturraren gorakada…
Eztabaiden zati handi bat nazio-auziari eskaini genion. Leninek behin eta berriz azaldu zuen auzi hori ezinbestean loturik zegoela auzi sozialarekin eta autodeterminazio eskubidea sistema kapitalista eraisteko borrokari lotuz bakarrik defenda dezakegula; gaur egun Euskal Herrian, Leninek eta alderdi boltxebikeak Errusia tsaristaren “herrien kartzela” hartan defendatu zuten bezalaxe.
Ezkerkeriaz eta alderdi komunistek izan zituzten jokabide ezkertiarrek ekarri zituzten akatsez eztabaidatzeko aukera ere izan genuen. Leninek eta Trotskyk borroka tinkoa egin zuten desbideratze horien aurka, iraultzen berehalako garaipenak ez lortzearen ezinegonak sortuak. XX. mendeko 20. hamarkadan sortutako Alderdi Komunista askok, alemaniarra edo britainiarra kasu, ezinegon hori izan zuten eta “umekeriazko” hutsegite horietan erori ziren, Leninek esaten zuen bezala.
Izan ere, Leninek berak lan bikaina eskaini zion ideologikoki jarrera horiei aurre egiteari: "Ezkerkeriaren" haur-gaixotasuna komunismoan. Gaur egun, Internazional Komunistako eztabaida haietatik 100 urtera, zenbaitzuk sindikatuetan, mugimendu feministan eta masak dauden lekuetan politikoki parte hartzearen eta lan egitearen aurka daude oraindik. Ideia horiek, mugimendu hauetako zuzendaritza erreformisten eragina murriztu beharrean, kontrako efektua lortzen dute, indartzea alegia.
Azken batean, eztabaida inspiratzaile eta oso beharrezko baten hiru ekitaldi. Hiru ekitaldi, non Lenin aldarrikatu dugun, ez kanonizatzeko, baizik eta bere ikasgai guztiak ateratzeko egungo egoerarako. Ekintzetan adierazten dugun bezala, beste iraultza bat behar dugu.