"Mexikon egunero 10 feminizidio egiten dira. Hildakoak langile klaseak jartzen ditu eta horregatik esaten dugu matxismoak ez diela guztiei berdin eragiten"
Mexiko emakumeen aurkako erasoen eta feminizidioen markak hausten dituen herrialdea da. Aldi berean, nazioartean bezala, Mexikon ere emakumeen mugimendua oso boteretsua izan da eta gogor borrokatu du gaitz honen aurka. Paty Cruz elkarrizketatu dugu, Libres y Combativasen bozeramailea eta Mexikoko Izquierda Revolucionariako militantea. Mexiko Hiriko M8ko Koordinazio taldeko kide ere bada, eta #NoEstasSola kanpainako zuzendaritzan dago.
Apirilean, Ezker Iraultzaileak Gasteizen eta Bilbon antolatu dituen ekitaldi publikoetan izango dugu hizlari gisa. Horien data, lekua eta ordua ezkeriraultzailea.net webgunean zehaztuko dugu.
EHS – LyC-etik beti defendatu duzue mugimendu feministaren barruan kapitalismoaren aurka borrokatzeko beharra, hori baita emakumeek jasaten duten zapalkuntzaren oinarria, ez bakarrik ageriko indarkeriaren aurrean, baita prekarietatearen, pobreziaren eta abarren aurrean ere. Baina sistema hori eraisteko borroka ez da egun batetik besterakoa. Nola egin aurre sistema honetan milioika emakumek egunez egun bizi dituzten erasoei?
P.C - Gizarte kapitalista indibidualtasuna eta segregazioa barnera dezagun ahalegintzen da. LyC-etik ideia horiekin hausten dugu: gure armarik indartsuena kolektiboki dugun indarra da, zapalduen arteko elkartasuna, modu antolatuan, ideia eta helburu argiekin. Adibidez, ondo dakigu gure herrian ez dela inoiz justiziarik egiten, ez bada presio politikoaren bidez eta kalean mobilizatuz, agerian utziz Estatuak, epaileek, auzitegiek eta fiskaltzak duten izaera ustela. Horretarako, kanpaina eta ekintza bakoitza ditugun esku, buru eta gorputz bakoitza mobilizatuz altxatzen dugu, ez bakarrik emakumeenak, baita gizonezkoenak ere.
Brigadak egiten ditugu, indarkeria horren jatorria azalduz, eta horri aurre egiteko ez zaudela bakarrik erakutsiz; hortik dator gure kanpainarik arrakastatsuenetako baten izena (#NoEstasSola). Langile klasearen eta gazteen belarriei dei egiten diegu beti. Mitinak egiten ditugu plaza publikoetan, eskoletan, metroetan eta ahal den toki guztietan, erreparorik gabe gure borroka edo bistaratu nahi dugun kasua zabaltzera jotzen dugu. Gertatzen dena azaltzen dugu eta gurekin batera borrokatzeko deia zabaltzen dugu. Gure jarrera eta lanarekin erakusten dugu feminismoa ez dela gazte batzuen kontua, baizik eta langile klasearen parte izan daitekeela, dela eta izan behar duela. Horrela lortu genuen desagertutako lankide bat bizirik aurkitzea markatik aparteko azkartasunarekin, eta baita Iztapalapako Alkatetzan serieko bortxatzaile bat atxilotzea ere, Mexiko Hiri-gunean segurtasun gutxien duen eremuetako bat. Hori oso ezohikoa da, eta borrokari esker lortu dugu.
EHS – Mugimendu feministaren barruan, batzuek klasearen edukia ezkutatu eta "emakume guztiak" zaku berean sartzen saiatzen dira, guztiek arazo eta interes berberak izango balituzte bezala. Baina Mexiko hori horrela ez dela erakusten duen froga ona da. Langile borroka garrantzitsuak izan dira, non emakumeek lehen mailako papera jokatu duten, gizonezko kideekin batera. Hori azalduko zeniguke?
P.C - Mexikon egunero 10 feminizidio egiten dira: erailak emakume langileen alaba gazteak dira, eta bakar bat ere ez dator familia dirudunetatik. Hildakoak langile klasea jartzen ari da eta horregatik esaten dugu matxismoak ez diela guztiei berdin eragiten eta ez ditugula baldintza berdinak horri aurre egiteko. Emakume asko hil dituzte ezin izan zutelako etxetik ihes egin, ez zutelako nora joan edo bizirauteko baliabide propiorik ez zutelako. Gure herrialdean feminizidioen aurkako borroka aitzindarietako bat Ciudad Juarezeko (Chihuahua) biktimen familiak dira; han hil eta desagertu ziren gehienak iparraldeko mugako makilatze sektoreko langileak ziren.
Ez da izan emakume langileak mobilizatzen diren kasu bakarra. Duela urtebete eskas, 2019ko urtarrilean, langileen benetako altxamendua izan zen Matamorosen, Tamaulipasen, beste bastioi batean, non 90 enpresa baino gehiago grebara joan ziren patronalak erretiratutako urteko bonu bat eta soldata igoera bat itzultzeko eskatuz. Greba horietan, batez ere, emakumezko langileak izan ziren protagonista; izan ere, emakumeak izateagatik gutxiago ordaintzen digute, eta Estatu Batuekin muga egiten duten enpresa transnazionalentzat oso erakargarria da hori. Esplotazio izugarrizko baldintza horiekin etekin eta lehiakortasun handiagoak lortzen dituzte merkatuan, eta, gainera, beti etortzen zaizkigu gure lurraldeetan lanpostuak sortzeko mesedea egiten digutelako diskurtsoarekin. Borroka horrek berriro erakutsi zuen batasunaren indarra eta grebaren bideragarritasuna gure eskubideak konkistatzeko tresna gisa. Emakume langileek –emakume eta langile izateagatik bi aldiz zapalduak– ekintzen bidetik frogatu zuten hori.
EHS – Euskal Herrian eta Estatu espainiar mailan azken bi urteetako martxoaren 8an greba orokor feministarako deia egin da, eta egun horiek egun historiko bihurtu dira, manifestazio jendetsuekin. Zer eragin izan du Mexikon? Zer deritzozu aurten grebarik ez egoteari?
P.C – EH eta espainiar Estatuko grebak inspirazio iturri izan dira. Eredu bizia dira, eta erakusten dute, ausardiaz eta lanaren bitartez, samin eta amorru guztiari kohesioa eman dakiokela. Baina, era berean, erakusten du borroka serio eta irmo batekin bakarrik lor daitezkeela benetako aldaketak, bizi garen zapalkuntza baldintzetan. Gure etsaia handia da baina ez garaiezina, eta, horrela egin behar zaio aurre. Ezin gara jolasean ibili. Emakume kideen bizitza dago jokoan eta horregatik borrokatu behar dugu modu serio eta kontsekuentean.
Horregatik ulertzen dugu aurten grebara ez deitzea akats bat dela. Mugimenduak borrokarako indar eta prestutasun handia erakutsi du eta greba orokorra da gure tresnarik onena. Burgesia eta Estatua pozik daude egiten ditugun ekintzek, balio sinbolikoa izan dezaketen arren, erroari ez badiote erasotzen: ekonomia geldiarazten badugu, mahai gainean jartzen dugu gure boterea. Greba orokor feministarekin mezu oso argia bidaltzen diegu esplotatzen gaituzten enpresaburuei, gure eskubideak mehatxatzen dituen eskuin muturrari, justizia matxistari edo lapurtzen eta kaleratzen gaituen bankuari: ezerk ez du funtzionatzen langile klasearen baimenik gabe, gehiago gara, indartsuagoak gara eta badakigu zuen sistema dela arazoa.
Ofentsibara pasatu behar dugu. Mexikon ezkerrak agintzen du lehen aldiz. Hala ere, gure eskubideak ez dira lortuko batzuen borondate onagatik, ezta aritmetika parlamentarioagatik ere; kaleak betetzen jarraituz eta herri antolaketarekin, parte-hartzea eta kontzientzia zabaltzen jarraituz eskuratuko ditugu. Asko falta da oraindik lortzeko, eta akatsa litzateke arreta jaistea. Lezio hori bera baliagarria da espainiar Estaturako eta PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernu berriarekin irekitako egoerarentzat.