Catalunyako arazo nazionalaz eta sozialismoaren aldeko borrokaz atera dugun dokumentuaren VII. atala:

 

Protesta soziala eta instituzioen deslegitimizazioa handitzen ari zirenean, CiUk "independentziaren" bandera ateratzea erabaki zuen gatazka soziala estaltzeko helburuarekin. Helburu honek arrakasta izateko, CiUko agintariek bi osagai zituzten: batetik, Catalunyako eskubide demokratiko nazionalen aurka antolatzen ari ziren erasoaldi españolistaren kontrako jarrera masiboa herri kataluniarrean; eta, bestetik, aurrerago ikusiko dugun ezker politiko eta sindikaleko agintari erreformisten eta sozialdemokraten kolaborazioa.

2012ko martxoko CDCren kongresuak, urte hartako Diada masiboa baino lehenago, Catalunyarentzat "estatu propioa" eraikitzea onartu zuen. Jordi Pujol, askoren harridurarako, "independentismora" pasa zen, eta "Espainiarekin norgehiagoka handia" iragarri zuen. Herri kataluniarra "horrenbeste maite" duen "abertzale" honek ez zuen izan arazorik, ordea, hainbat hamarkadetan ehunka milioi euro Suitzara eta beste paradisu fiskal batzuetara eramateko. Dirutza hori Generalitatetik bere lagun enpresariei esleitutako kontratuetako komisioetatik atera zen. Horrela, 2012ko udaberrian bi helburu nagusi zituen mugimendu politikoa jarri zen martxan: CiUk Generalitatetik onartutako murrizketa sozialen politika basatiaren atentzioa desbideratzea eta burgesia espainiarrari erabaki politikoen boterean zati handiagoa eskatzea, batik bat aurrekontuetan eta eremu ekonomikoan.

Ordutik, CiUk egindako bidea mota guztietako azpijokoez beteta egon da. Hasieran, kontsulta legala izango zela edo gutxienez PPren Gobernuaren onespenarekin egingo zela esan zuen Artur Masek. Ondoren, kontsultaren deialdia ERCk 2014ko aurrekontuak onartzera baldintzatu zuen. Aurrekontu hauek murrizketa sozialez eta pribatizazioez beteta zeuden. CiU Generalitatera iritsi denetik, biztanleko %22 jaitsi da gastu soziala, hamarkada bat atzeratuz. 2014ko aurrekontuak azken hiru urteetako murrizketa basatien kontsolidazioa ziren.

Murrizketen, langabeziaren eta soldata baxuen ondorioak ikaragarriak dira Catalunyan: 50.000 umek elikadura gabeziak dituzte eta osasun kataluniarrak 750 umeren malnutrizio kasu erregistratu ditu. Bartzelona probintzian, biztanleriaren %57ak zailtasunak ditu hilabetearen amaierara iristeko, eta %29,5 behartsuak dira. 16 urtetik beherako kataluniarren %26,4 pobrezia arriskuan dago, 2008an erregistratu zena baino 8,8 puntu gehiago.

2015erako ere CiUk, ERCren babesarekin, egoera honetan aurrekontu posible bakarrak hauek direla defendatzen jarraitu du. Batzuetan "Madrilgo inposizioez" kexatzen diren arren, gogoratu behar da beste behin CiU izan dela PPren aliatu nagusia pobreziaren areagotzea eragin duten murrizketa politiketan eta eskubideen galeran. Gogo biziz defendatu zituen CiUk PPren lan erreforma eta Aurrekontuen Egonkortasun Legea, gastu publikoaren gainetik bankari egin beharreko interes ordainketa lehenesten duena. Ez dugu CiUko agintaririk entzungo urtero 16.000 milioi eurotara iristen den Catalunyako iruzur fiskalaren aurka. Dirutza hau osasunean, hezkuntzan eta ongizate sozialean gastatzen dena baino askoz gehiago da.

 

ERCren babesarekin CiUren politika soziala eta ekonomikoa aplikatzen diren bitartean, Artur Masen proiektu "independistaren" etorkizuna burgesia espainiarrarekin ezkutuan egiten dituen akordioen araberakoa izango da, komeni denean haizea emanez eta komeni denean berriro ere desagerraraziz. 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.