Catalunyako arazo nazionalaz eta sozialismoaren aldeko borrokaz atera dugun dokumentuaren VIII. atala.
Noski, CiUren maniobrek, herri kataluniarraren sentimendu demokratikoekin egiten duen erabilera demagogikoak eta bere interesak defendatzen jarraitzeko egin duen bira "independentistak" ez dute zerikusirik azken urte hauetan Catalunyan autodeterminazio eskubidearen alde masiboki mobilizatu direnen jarrera zintzoarekin. Catalunyako auzi nazionalak oinarri solido objektiboa eta lehen mailako garrantzia politikoa ditu.
"Aurrerakoi" batzuen ustez, CiU kritikatzea herri kataluniarraren sentimenduak gutxiestea da. Hauentzat, CiUren maniobrak salatzea, autodeterminazio eskubidearen aldeko mobilizazioak ukatzea da. Argudio hauek ez dute logikarik eta arriskutsuak dira politikoki, ezkerra salduta uzten dutelako eskuin nazionalistaren aurrean. Nazionalismo españolistaren aurkako posizioa eskubide demokratiko nazionalen aldeko jarrerarekin islatzen da, eta burgesia kataluniarrak egoera hau baliatu nahi du, ez herri kataluniarraren interesen alde, bazik eta bere klaseko interesen alde.
Kapitalista kataluniarren interesak ordezkatzen dituen CiU "prozesu subiranistaren" buruan egoteak ez du garrantzirik? CiU ez da saiatzen prozesu honen faseak zehazten? Nork erabaki zuen kontsultan galdera bikoitza egotea, independentziari buruzko galdera garbi bat jarri beharrean? Nork defendatu du autodeterminazio eskubideari buruzko galdera legearen barruan eta PPren babesarekin egin behar dela? Nork erabaki zuen azaroaren 9an "kontsulta" bat egitea eta ez erreferendum lotesle bat? Nor ari da PPren gobernuarekin negoziatzen (kasu askotan isilpean)? Hau dena ez al du CiUk inposatu? Garbi dago baietz!