Catalunyako arazo nazionalaz eta sozialismoaren aldeko borrokaz atera dugun dokumentuaren XIV. atala.
Bi baldintza jarri zituen hasieratik Artur Masek "kontsulta" deitzeko: PPk kontsultari babesa ematea eta ERCk Generalitatearen murrizketen politika onartzea. Autodeterminazio eskubideari buruzko erreferendumaz hitz egin arren, CiUk bere benetako aurpegia erakutsi du auzi honetan ere. Ez zuen arazorik izan Estatu espainiarraren debekua onartzeko, eta honen ordez balio loteslerik gabeko kontsulta bat deitzeko. Bere maniobretan beste kasu batzuetan baino urrutiago joanagatik ere, eskema betikoa izan da: inolako lotsarik gabe, herri kataluniarraren sentimendu demokratikoekin jokatu burgesia kataluniarraren klaseko interesak defendatzeko.
CiUren fartsa honek agerian uzten du bankari eta enpresari handi kataluniarrek ez dutela independentzia nahi. Akordio fiskala eta kontrol politikorako palanka gehiago bakarrik nahi dituzte, "Estatu mekanismoak" deiturikoak. Ez dute nahi Estatu espainiarrarekin hausturarik merkatu espainiarrean eta europarrean dituzten negozioak galtzekoa arriskuagatik. Logikoki, oligarkia finantzarioak eta enpresarialak CiUri bere jokoa egiten utzi diote.
Azaroaren 9ko kontsultak balio loteslerik ez izan arren, bi milioi pertsona baino gehiago beren bozka ematera joan ziren Estatu aparatuari eta PPri muturreko bat emateko eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. 2.305.290 pertsonek hartu zuten parte kontsultan. Estatutaren erreformaren bozketan 2.570.478 pertsonek eman zuten botoa eta azkeneko hauteskunde europarretan adibidez 2.532.629 izan ziren. Datu hauek erakusten dute azaroaren 9ko kontsultako parte hartzea oso garrantzitsua izan zela. Eta garrantzia gehiago du jakinda, Artur Masen gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren lehen debekua onartu ondoren, kontsulta hau balio loteslerik gabekoa zela.
Boto emaileen %80,67ak Bai-Bai bozkatu zuen, %10,67ak Bai-Ez eta %4,54ak Ez (Kontsultako galerak: "Catalunya estatu izatea nahi duzu?". Galdera honi baiezkoa ematekotan, bigarren galdera bati erantzun behar zitzaion: "Catalunya estatu independente izatea nahi duzu?"). Eskuin espainiarrak, modu demagogiko batean, beren alde omen dagoen "gehiengo isilaz" hitz egin du, kontsultan parte hartu ez zutenak beren alde daudela argudiatzeko. Interpretazio hau erabat faltsua da. Catalunyako azken hauteskunde europarretan PP ez zen iritsi %10era ere eta Ciutadansek %6,8 soilik eskuratu zuen. Oso gutxi da "gehiengo isila" izateko.
CiUren eskema bozketa honen eta bere emaitzen arrakasta erabiltzea izan da bere bidai orriarekin jarraitzeko. Aurrekontu antisozialak onartzen jarraitzea da plan honen oinarria. Orain, egingo liratekeen hauteskunde plebiszitarioetan gehiengoa lortu ezkero "18 hilabetetan independentzia" lortzeko plana iragarri du. Artur Mas eta CiUren beste fartsa bat gehiago besterik ez da.