Catalunyako arazo nazionalaz eta sozialismoaren aldeko borrokaz atera dugun dokumentuaren azken atala.

Batasuna bai, baina ezkerrarena PP eta CiUren aurka


Zerk izan behar du ezkerraren lehentasuna Catalunyan aldaketa sakona lortzeko? CiUren maniobrak, traizioa eta ustelkeria agerian utzi Generalitatetik botatzeko. Eskuina garaitu, bai kataluniarra bai espainiarra, honen makulua den sozialdemokraziarekin batera, hauteskundeetan eta kalean. Benetako programa ezkertiarra defendatuko duen ezkerreko Generalitatearen alde egin behar da borroka.

CiUk ERC eta CUPen babesa eta kolaborazioa nahi du bere politika erreakzionarioa mozorrotzeko. Horregatik, akats larria izan zen CUPeko David Fernandezek azaroaren 9an Artur Masi emandako besarkada. Mota honetako keinuak CiUk erabiltzen ditu bere buruari itxura aurrerakoia emateko. Eta berriz gogora dezagun: CiU ez dago autodeterminazio eskubidearen alde, sistema kapitalista eta estatu aparatuaren makinaria errepresiboa mantentzearen alde dago. Zorionez, CUPek ezezkoa eman dio Artur Masen hauteskunde plebiszitarioetan zerrenda bateratuan joateko proposamenari.

Noski beharrezkoa dela batasuna, baina ez CiUrekin, borroka egiten duen ezkerraren batasuna baizik; ez enpresarien eta langile kataluniarren batasuna, Catalunyako langile, zapaldu eta gazte guztien batasuna baizik. Eta Catalunyako langileen batasunari Euskal Herriko, Galizako eta Estatuko beste herrietako langileen batasuna gehitu behar zaio. Autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena ahultzetik urrun, eskubide hau benetako programa antikapitalista batekin lotuta eta langile klasearen mobilizazioan oinarrituta, eskubide demokratiko nazionalek indar handiagoa hartuko lukete borroka honetan milioika langile eta gazte inplikatuz. 

Aukera historikoa

Inflexio puntu historikoa ikusten ari gara Catalunyan eta Estatu espainiarrean. CUPek oso emaitza onak lortu zituen 2012ko Catalunyako hauteskundeetan, PP eta PSOEk muturreko galanta jaso zuten 2014ko hauteskunde europarretan, Ada Colauren Guanyem Barcelona eta Podemos gora egiten ari dira... Trantsizio garaitik kapitalista handiek erabili duten makinaria politikoaren krisia areagotzen ari da, eta garrantzitsuena dena, zabaltzen ari da aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoa beharrezkoa denaren ideia. Honen ondorioz, borroka politiko antolatuko parte hartzea zabaltzen ari da gazteen eta langileen artean.

Eskuina instituzioetatik botatzeaz gain, sozialdemokraziaren ezkerrera dauden erakundeek gehiengoa lortzeko aukera dago. Kolpe oso gogorra litzateke bankak eta enpresari handiek bultzatutako murrizketa politikentzat. Kolpe gogorra eskubide demokratikoen murrizketa politikarentzat eta nazionalismo espainiar atzerakoiarentzat. Gizartearen eraldaketa sozial sakon eta erradikala martxan jartzeko aukera irekiko litzateke krisi kapitalistaren, murrizketen eta zapalkuntza nazionalaren benetako zergatia erasotuz: bankaren eta enpresari handien diktadura. "Demokrazia" deitzen dioten arren, ekonomiako palanka garrantzitsuenen jabe direnen aginduek baldintzatzen dute gizarte osoaren bizimodua.

Sektore batzuk bestelakorik bultzatu arren, argi eta garbi esan behar da gizarte espainiarra ez dela bloke atzerakoi bat. Ikaragarrizko hanka sartzea da bereizketarik ez egitea Estatu espainiarrean ere badauden klase ezberdinetan. Azkeneko bost urteetan masa mobilizazio erraldoiak izan dira Estatu osoan, Trantsizio garaitik ikusten ez zen klase arteko borrokaren gorakada. Eta hasieran bakarrik gaude. Ezkerreko erakundeetako zuzendaritzek (Catalunyako, Euskal Herriko eta Galizako ezker independentistako erakundeak barne) egin dezaketen gauzarik onena autodeterminazio eskubidea gizartearen eraldaketa sozialistari lotzea da. Autodeterminazio eskubideak babes handiagoa izango du, bai Catalunyan bai Estatu espainiarrean, bankuen diktaduraren borrokari eta Estatu osoko langile klasearen borrokari lotuta badago. Ada Colauk erabakitze eskubidea, auzi nazionalean bezala gai sozialetara ere zabaltzea planteatu du eta ideia honek babes handia lortu du Catalunyako langileen eta gazteen artean. Hau da bidea! Eta ez ustelduta dagoen CiUrekin akordioak eta aliantzak bilatzea! CiUren eskutik ez da ezer aurrerakoirik etorriko langile klase kataluniarrarentzat!

CUP eta Podemosek (Sortuk ere Euskal Herrian) aukera bikaina dute programa sozialista defendatzeko eta datozen hauteskundeetan arrakasta izateko. Hori bai, ez dugu mekanismo instituzionaletan disolbatuko den ezkerra behar, langileen eta gazteen antolakuntza bultzatuko duena baizik. Murrizketa sozialen aurka borrokatzen dutenen ahotsa entzungo duen ezkerra behar dugu.

Programa sozialista

Marxistok nazio guztietako langile klasearen, gazteriaren eta herri zapalduaren batasuna defendatzen ditugu. Eta honekin batera Catalunyako, Euskal Herriko eta Galizako eskubide demokratikoak, autodeterminazio eskubidea barne, sozialismoaren aldeko borrokarekin uztartzearen beharra defendatzen dugu. Honela bakarrik izango da posible justizia soziala eta berdintasuna lortzea, mota guztietako zapalkuntzekin amaitzea, klase zapalkuntza eta nazio zapalkuntza barne. Gure alternatiba hau da: Catalunyako, Euskal Herriko, Galizako eta Iberiar penintsulako beste herrien Federazio Sozialista, Europako Herrien Federazio Sozialistaren markoan. 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.